Euskaltzaindiak Euskaltzain Urgazle izendatu ninduen 1957ko Irailaren 26an. Geroztikako 47 urte horretan, honegatik edo hargatik, ez nau Euskaltzain Oso izendatu. Eta horrela jokatzeko eskubidea ez diot inondik inora ukatuko.
Baina urte horietan hartutako erabakietan ez dut ezertan neure botoa emateko aukerarik izan; boto eskumena, betidaniko barne-araudiak finkatuta, 24 Euskaltzain Osoei dagokielako, eta ez beste inori.
Oraingoan, gaur prentsa bidez ikasi dudanez, nire irizpideaz kontsultatu gabe, Ohorezko Euskaltzain izendatzea erabaki du.
Askotan esan eta idatzia dut, ordea (Hemeroteka lekuko) ez nagoela prest orain neure euskaltzain mailan aldaketarik batere onartzeko. Areago Euskaltzaindiak alor desberdin batzutan hartua duen bidea gaitzesten dudalarik.
Ez dut ikamikarik nahi; eta gai honetaz ez dut besterik deus ere erantsiko.
Beude gauzak beren horretan.
Euskal Herriak eta euskarak berak badaukate ohorezko izendapen hauek baino kezka iturri larriagorik.
Anitz esker, beraz.
Baina ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik.
Txillardegi
«Ez daukat Euskaltzaindiaren izendapena onartzerik», 2004ko azaroaren 30ean
