Txillardegi, Txillardegi, ez al haiz hi niretzat gehiegi?

2020-09-06

Nire inguruko jende guztiak daki nola gorrotatzen dudan telefonoa, baina goiz hartan, hala ere, hartzea erabaki nuen, gauez amets egin bait nuen Elisabetek telefonoz deituko zidala, nire bihotzeko Elisabetek, bai, bere begietan hondorik gabeko itsaso bi dituen nire bihotzeko Elisabetek, baina esaera zaharrak dioen bezala, «amets: zerria askan trabes» eta ni zerriarekin ez, baina Xabierren ahotsarekin topatu nintzen, euskal literaturaren munduan bultzaka datorren gazte horrekin eta hizketan hasi zitzaidan: «Hi, Joan Mari, Txillardegik egina dik azken nobela; protagonista altzatarra duk eta haren ustez hi izango hintzake aurkezpena egiteko pertsonarik egokiena» …eta orduan San Pablori Damaskorako bidean gertatutakoa gertatu zitzaidan niri ere, baina guztiz alderantziz, jakina, hari argia egin zitzaion artean niri gauegin bait zitzaidan eta errezatu egin nahi izan nuen, baina otoitz bakarra zetorkidan ezpainetara: «Tierra trágame, tierra traga-amén».

Erantzungo niola esan nion, ez nuela bera oraindik pertsonalki ezagutzen, pentsatzen hasteko. Eta pentsatzen eta pentsatzen, hiztegira begiratzea bururatu zitzaidan, Txillardegiren esentziaren berri ahalik eta azkarren jakin nahian edo, baina hain urduri nengoen euskarazko hiztegian begiratu beharrean, gaztelerazkoan begiratu nuela eta han, bai: «Chilla… Chillan… Chillar…» aurkitu nituen eta ondoren «Chillardegui» ere bai, eta «Chillardegui = lugar del grito» jartzen zuen eta nik hori sentitu nuen, oihu egiteko gogoa, eta oihuka hasi nintzen: «Txillardegi, Txillardegi, ez al haiz hi niretzat gehiegi?».

Eta niretzat gehiegi ote zen jakiteko Amasara joatea erabaki nuen. Joan nintzen, bada, harantza eta hantxe aurkitu nituen Txillardegi eta Jone, eta haien seme-alabak ere bai. Eta kafea atera ziezadaten baino lehenago nire kezkak azaldu nizkion / nizkien, eta Txillardegik nire argudioak hankaz gora jarri nahian «Hik ba al dakik zer den txilarra?» galdetu zidan, eta nik «Lugar del grito» delakoa aipatu nion eta berak irribarrez, erdi barrez, hauxe esan zidan: «Txilarra ni bezalako zuhamuxka txiki bat duk, motel: nola izango naiz, bada, hiretzat gehiegi?», eta une hartan altxa egin zen eta ni haren parean jarri nintzen, eta bera txikia ez, baina nik baino zentimetro bat gutxiago zuela konturatu nintzenean, apur bat animatu nintzen, baina ez gehiegi halarik ere. Eta hizketan eta hizketan segitu genuen, berak bereari eta nik neureari eutsi nahian, «Txilarra sendabelarra ere baduk» esan zidan arte, «hara zer dioen liburu honek: ‘es una excelente medicina para los cálculos renales y de la vejiga, el reúma y la gota’», eta hura entzunda lau urte atzerago pasatako zistitisaz gogoratu nintzen eta ustegabean, «Hala bada…» hasi nintzaion, baina nik esaldia amaitu baino lehen, berriro eraso ninduen Txillardegik:

        —Ba, hala bada, hala bedi.

        Ez, ez nuen ihesbiderik.

Joan Mari Irigoien

«Exkixu errealitate aurrean», Literatur Gazeta, 10. zenbakia, 1988ko iraila 

 

Irudia: Txillardegi Belgikan erbesteratua. Alvarez-Forkada sendia