Kartzelatik ateratzea beste jaiotza berri bat da

Hamalau urtean mundua zeharo aldatu delako. Denboraren perspektiban ikusiko dugu jauzia zenbaterainokoa izan den, baina uste dut oso handia izan dela. Gu kartzelan sartu gintuztenean Facebook ez zegoen. Gaur egun mundu digital horretan gauzak nola egiten diren ezin zaio azaldu espetxean dagoenari, nahiz eta guk gauza batzuk izateko aukera izan genuen Espainiaren kartzeletan ez daukatena.

Eta jaiotza berri bat da beste zentzu batean. Ostiralean topo egin nuen Raul Zelikekin, «lagun desarmatua»-rekin, eta galdetu zidan ea haserre nengoen, berak idatzi zuen Lagun armatua horretan trasunto bezala ni erabili ninduelako eta bazekielako ez nengoela oso pozik. Kartzelara sartu aurretik haserre nengoen jende batekin eta kartzelara sartzean hori ahaztu egin nuen, jaiotza berri bat delako, zerotik hastea bezala. Kartzelaldian haserretu izan naiz jende askorekin baina kartzelatik ateratzea beste jaiotza berri bat da eta beraz, ez nago haserre. Kartzela oso ingurune gogorra da eta haserrerako aukera asko ematen ditu. Munduarekin haserretzen zara espetxean zaudelako. Injustizia bat da, askatasuna kentzen dizute. Jaiotza berri honetan norekin haserretuko naizen eta nola konponduko dudan, hori beste kontu bat izango da.

Mikel Antza

Ariane Kamioren elkarrizketa, Zazpikan, 2019ko urriaren 27an

Irudia: Mikel Antza eta Raul Zelik idazle eta militanteak elkar ezagutu berri Iruñea kafetegian 2019ko udan. Mikel Sotoren argazkia