Lubakietan gudari, poesiaren langile

2020-08-27

Aspaldi batean hitzaurreak inolaz ere maite ez zituen idazle baten liburua irakurri nuen. Oso alferra zelako batetik eta, poemak ez badute inolako zentzurik edo zeresanik, hitzaurreak ez duela inoiz ere hutsune hori beteko uste zuelako bestetik. Honelako beste poeta baten aurrean aurki gintezke oraingoan. Eta poetak esan nahi ez dituenak besteok esan beharko ditugu.

Garai haietan usoen plusbalia zuen izenburua hiriaren kale eta abenidetan arazotzat zabaldu zuten pankartek, eta «poeta izateko ez da nahiko poemak idaztea. Poema onak idaztea ere ez. Beste zeozer behar da» esan zuen bazterrak desloratzen zebilen norbaitek. Eta beste zerbait hori aurkitu artean hainbat telefono zintzilikatu zituen literaturaren sabaitik, zeresanik bazuela erakutsiz errautsetatik bizi ziren kritiko jurasikoei: zauritu artean saritu, balizko krisiaren erdian benetako idazle, insomnioaren lubakietan gudari, poesiaren langile, hitzak zizelkatuz bakardadearen arroketan.

Gari Berasaluze
«Ke bafada bat baino gehiago», Harkaitz Canoren Kea behelainopean bezala liburuari kritika (Susa, 1994), Euskaldunon Egunkarian, 1994ko maiatzaren 15ean

Irudia: Kale showa Parisen, 1963. urtean. Alfred Eisenstaedten argazkia