Nik mamuok menderatu nahi baina haiek hartzen naute ni mendean beti

2020-08-27

Jakin seguru ez dakit, baina susmo sendoa behintzat badut, 1987az geroztik, Manu militariz geroztik zehazki, gutxi, arraro, eta errepikakor idatzi dudala. Beharbada 80-90 hamarkadetan gelditu naiz estekaturik, neure baitako eta betiko barne-mamuekin jirabiraka eta «auskan» –Mutrikun esaten dugun bezala–, nik mamuok menderatu nahi baina haiek hartzen nautelarik ni mendean beti ere. Chateaubriand-en esaldi famatu bat parodiatuz, zera esan nezake agian neuk ere: «Ondotxo dakit zer naizen, liburuak egiteko makina bat besterik ez». Nire kasuan, «liburuak» ez, «liburua», esan beharko nuke. Izan ere, zein da, bada, Manu militariko Fallini-Follini eta enparauek, Labur Arozeko Wilhelm Mugitz eta Kurt Zurenski-k, eta Terra Sigillatako Edorta Orozgoiti, Ander Elizalde, Mikel Zabalegi eta gainerako koadrila-kide hitzaz-menditar haiek guztiek elkarren artean duketen aldea?… Izenak aldatzen dira, bai, agertokiak ere bai gutxi-asko, batzuek eta besteek iruten eta harilkatzen dituzten istorioak ere ez dira beti berberak eta ezta berdinak ere. Baina ikuspuntua, fokoa, testugintzarako labea edo sorgunea, beti bat eta bera ez ote den nago: nire niaren barne-haustura, barne-ezpaldura. 

Joxe Austin Arrieta
«Estalien gradora: irakurketa gida bat», separata, Txalaparta, 2016