Cornuallesko Castle Doréren panoramika bat

Mirande inedito

Mirande inedito

Jon Miranderen heriotzaren 50. urtemugan, Deabruaren Eskolak argitara ematen ditu euskaraz sekula argitaratu gabeko 12 testu, artikulu, poema eta gutun eta Goulven Pennaodekin batera idatzitako poema bat. Horrez gain, aurretik itzulia zen «Nire sinestea» artikulua berriz euskaratzen da, itzulpenean bi akats esanguratsu daudelako, horietako bat izenburua, «Gure sinestea».

Guztiak ematen ditu argitara euskaraz, jatorrizko bretoierazko testuarekin (salbu frantsesez argitaratutako «Témoignage vascon»), eta zubi-gisa erabili den frantsesezko itzulpenarekin, eta denak argitaratzen ditu Mikel Sotok Deabruaren Eskolarentzako egin duen azterketa batekin.

Testuen argitalpena hainbat irudi eta argazki berrirekin egiten da, batzuk testu eta argitalpenenak eta bestelako batzuk, esate baterako, 1954ko irailaren 9an, Cornuallesko Castle Doren Jon Mirande bardo izendatzeko zeremonia Gorshedekoak (Mirande bera agertu ez arren).

Bi urteko prozesua izan da horien bilaketa, itzulpena, azterketa eta argitalpena eta bederatzi pertsonek parte hartu dute: Mikel Soto, Irati Jimenez, Esteban Montorio, Deabruaren eskolakideak; Padrig an Habask, bretoierazko itzultzailea eta proiektu honen laguntzailea; Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileak eta Urko Aiartza Olaso Dorrea Fundazioaren izenean.

Euskaraz argitaragabeko Miranderen testuen zerrenda

«Eusko testigantza» («Témoignage vascon», frantsesez).
Morvan Marchal; Chants du porhoet: Poèmes Gallos, La Bretagne Réelle, 1965. Aldizkari berezia.
Artikulua, Joxe Austin Arrietak frantsesetik itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa frantsesez.
  • «Euskal literaturgintzarako motibo berriak hidro-ezti godaletetatik», Mikel Sotoren analisia.

«Er devobis anmarvolobis…»
Ar Stourmer aldizkaria, 1962. urtea, urtarrila-otsaila, 1. zka. 8-9 orr.
Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Bego Montoriok frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.
  • «Psikearen arkhetypen bila», Mikel Sotoren analisia.

«Dogma berriak» («Dogmennoù nevez», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1962. urtea, martxoa-apirila, 2. zenbakia. 19. or.
Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Bego Montoriok frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.
  • «Moraltasun erradikal bat exijitzen duen immoral bat», Mikel Sotoren analisia.

«SS haiek noiz itzuliko» («Pa zeuio an SS endro», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1962 urtea, martxoa-apirila, 2. zka.. 22 or.
Poema, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Edorta Jimenezek frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.
  • «Guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?)», Mikel Sotoren analisia.

«Begiratu bat Francoren Espainiari» («Ur sell ouch bro-Spagn Franco», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1962 urtea, iraila-urria, 4-5. zka. 51-52 orr.
Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Jon Alonsok frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.
  • «Gure beldurren fantasma bat», Mikel Sotoren analisia.

«Gure sinestea» («Hor c’hedrenn», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1962 urtea, azaroa-abendua, 6. zka. 70 or.
Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Jose Austin Arrietak frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta Padrig an Habaskek egindako frantsesezko itzulpena, Rennes II ikerketa laborategiko kideek egindako frantsesezko itzulpena eta Goulven Pennaoden frantsesezko itzulpenetik Txomin Peillenek Mirande-ren idazlan hautatuak obrarako (Gero, Bilbo, 1976) egindako euskarazko itzulpena
  • «Munduaz haraindizaleen sinistea», Mikel Sotoren analisia.

«Iudaica: Saul Tchernikhovskiren olerki bat dela eta» («A-zivout ur varzhoneg gant Ch’aul Chernikhovski», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1964. urtea, urtarrila, 7. zka. 13. or. 

Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Edorta Jimenezek frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.

«Ben Gurion jauna nazional-sozialista da, ala?» («Ha kenelwerinleour eo an ao Ben Gurion?», bretoieraz)
Ar Stourmer aldizkaria, 1964. urtea, martxoa, 9. zka. 41 or.
Artikulua, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Edorta Jimenezek frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.

«Gure printzesa ttipi beltzari» («D’hor brientinezig du», bretoieraz). Goulven Pennaod-ekin batera
Ar Stourmer aldizkaria, 1964. urtea, matxoa, 9. zka. 42. or.
Poema, Padrig an Habaskek bretoieratik frantsesera itzulia eta Edorta Jimenezek frantsesetik euskarara itzulia.

  • Jatorrizko bertsioa bretoieraz eta frantsesezko itzulpena.
  • «Ironiaz etsaia kontraesanean ala lotsan erorarazi», Mikel Sotoren analisia eta Edorta jimenezen analisia

Jon Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako bost gutun (1948 eta 1957 urte bitartean)
Olaso Dorrea Fundazioaren artxibotik.

  • 1948/01/30
  • 1948/02/18
  • 1948/04/12
  • 1948/12/17
  • 1957/04/02
Mikel Soto

Mirande inedito

Has gaitezen hasieratik

Zerbait nondik kontatzen hasi ez dakigunean ohiko aholkua izan ohi da «hasieratik hastea». Kasu honetan, hasierara jotzea hiru hamarkada atzera egitea litzateke, Joseba Sarrionandia irakurtzen hasi eta bere idatzietan behin eta berriz agertzen zen Jon Mirande izeneko euskal idazlea ezagutu eta, aurretik hainbeste euskal irakurleri gertatu bezala, gatibatuta geratu nintzenekoa kontatu beharko nuke. Baina horrek luze joko luke eta ez daukat argi esperientzia pertsonal horretatik kontakizun kolektibora pasatzeko moduko kontaketa interesgarririk idatzi ahalko nukeenik. Beraz, onena hasieratik hastea izango da.

2021eko martxo-apirilean, pandemiaren murrizpenak oraindik indarrean eta hark irakurtzeko, pentsatzeko eta mundu digitalean kuxkuxeatzen ibiltzeko sortutako abagadunearen bueltan, egun batean, Irati Jimenezekin hizketan, euskal literaturaren ikerketan eta ezagutzan egiteko zenbat falta zaigun komentatzen ari ginenean, hitzetik hortzera ideia bat izan nuen: Jon Mirandek bretoieraz idatzi zuela irakurria nuen askotan, ez neukan, ordea, berak idatzitako testu horiek irakurri izanaren akordua.

Idazlea hil eta urte gutxira Txomin Peillen lagunak egindako alimaleko lanari esker argitaratutako Miranderen idazlan hautatuak obra eta beste hainbat ikerlariren lanak kontsultatu eta hala zela egiaztatu nuen. Peillenen hitzetan bi lan besterik ez zeuden itzuliak. Horiek horrela, Miranderen zenbat lan falta zitzaizkigun ezagutzeko eta zer egongo zen horietan? 

Egitate horrek bi motatako sentimenduak sortu zituen nigan, alde batetik, emozioa, urduritasuna eta ekiteko gogoa eta, bestaldetik, inorengana zehazki zuzenduta ez zegoen haserre bat, orokorra, euskara eta euskal kultura beti ahotan izan eta gure kulturarekiko dugun utzikeriarenganakoa. Gure literatura modernoan funtsezko leku bat baino, haren sortzean bertan dagoen egile fundamentaletako bati buruz hamarkadak daramatzagu eztabaidatzen –zentzuzko gauza askorekin batera– nazia ote zen, pedofiloa ote zen, putetan joaten ote zen, bere idatziak misoginoak ote diren, arrazista ote zen… oraindik ere bere obra guztia eskuartean ere izan gabe eta, antza denez, izateko inolako interesik gabe. Horrelakoak etengabe gertatzen zaizkigu, egun batean Elkanorekin eta hurrengoan Xahorekin, baina hori gertatzearen arrazoietako bat da –ez beharbada inportanteena– gehiegi hitz egiten dugula eta egin gutxiegi egiten dugula.

Gutxiegi egiten dugu gutxiegi egiteko aitzakia guztiak amaitu direnean. Esan nahi dut, militantziari esker euskal kultura frankismoaren gauean nola bizirik mantendu zen ez da sinestekoa. Orduko borrokei esker lortu ditugu gauza batzuk eta, bakoitzak lortutakoez egiten duen balantzea egiten duela, eztabaidaezina da baditugula erakunde batzuk, diru-laguntza batzuk, komunikabide batzuk… Baina, nire ustez ez diegu behar aski etekin ateratzen eta, frankismo garaiko militante horien ereduari erreparatuta, ez da baldintza politiko edo materialengatik, sakonagoa dugu arazoa.

Arazo bakarra ez da gainera gure herrian baldintza horiek hobetu direla, baizik eta, XXI. mende honetan, ikerketa zein zabalpenerako baliabideak era sinesgaitzean demokratizatu direla. Joxe Azurmendik 1980ko hamarkadan hauxe galdetzen zuen Miranderen lan bati buruz: «Noizkoa da Nere Sinestea? Lanen iturburuen berri ematen den lekuan ez da esaten Ar Stourmer aldizkari bretoinean agertu omen zela besterik, 6. zenb., asma zazu zein urtetan» (Joxe Azurmendi, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan, Susa, Zarautz, 1989. 66. or.). Hori guztia gaur egun eskura dago, ez dugu aitzakiarik, hitza ematen dizuet. Euskaraz sekula argitaratu gabeko testu guzti hauek etxetik atera gabe, frantsesez jakin gabe (mea maxima culpa!) eta apenas dirurik gastatu gabe eskuratu eta euskaratu ditugu. Gure herrian beti funtzionatu du ereduak diskurtsoak baino hobe eta, beraz, kontatuko dizuet nola.

Altxorraren bila

Mirandek bretoieraz idatzitakoak sarean bilatzen hasi nintzen eta Institut de Documentation Bretonne et Europèenne erakundeko Breton and European Digital Libraryra heldu nintzen, erakunde hark digitalizatuta dauzkan funtsetara eta, bereziki Ar Stourmer aldizkariko 1 eta 6 zenbakiak biltzen dituen fitxategira. Hor Miranderen izena agertzen hasi zen ezjakinarentzat benetan hurbilgaitza den hizkuntza batean, bretoiera. Baina «Ur sell ouch bro-Spagn Franco» izenburua zekarren idazle zuberotar-paristarraren testu bat interesgarria izan behar zuen halabeharrez.

Denbora asko galdu nuen Al Liamm, An Tribamm, La Bretagne Réelle eta bestelako aldizkarietan, baina handik eta hemendik apurka-apurka zerrenda bat osatzen joan nintzen. Testu batzuk ez zeuden sarean, esate baterako, La Bretagne Réellek 1965ean argitaratu zuen Morvan Marchal; Chants du porhoet: Poèmes Gallos aldizkaria, baina Mirande ale horren editore izandakoa zen eta berton zegoen bere «Témoignage vascon». Zorionez, Bretainiako Alain Cano delako liburu saltzaile batek ale bat zeukan eta ale hori erosi nion 60 euroren truke, 2021eko maiatzean. 

Sarean aurkitutako gauzen artean oso inportantea izan zen Francis Favereauk, Renneseko unibertsitateko irakasleak, 2000. urtean Lapurdum aldizkariaren 5. zenbakirako «Goulven Pennaod, Jon Mirande et la Bretagne», idatzitako artikulua. Berton, Miranderen lagun min izandako Goulven Pennaoden gutun bat dago, 1998ko otsailaren 10ekoa, unibertsitateko Rennes II ikerketa laborategiko kideek bretoieratik frantsesera itzulia eta, bertan, Pennaodek Mirandek Ar Stourmer aldizkarian egindako kolaborazioak aletzen eta azaltzen ditu. Informazio inportantea ematen zuen, besteak beste, «Pa zeuio an SS endro» poema, ustez Horila Arsgudja bardo gotiko ospetsuak idatzia eta Rigovix delako batek itzulia gure Jon Mirandek idatzia zela. Horrekin batera, harridura eta kuriositatea sortzen zuten informazioak zeuden artikuluan, hala nola, «Ar Stourmer haien aldizkari konfidentzialaren orrialdeetan gustu gaitzezgarri bateko testuak daude, beste zerbait ez esatearren, esate baterako Pennaodek eta Mirandek oso gaztea den neska beltz baten bortxaketa kontatzen duena», ezinbestean «D’hor brientinezig du» izan behar zuena, baina digitalizatuta ez zegoen Ar Stourmer aldizkariko 1964. urteko 9. zenbakian zegoena. Pennaodek emandako informazioen arabera, digitalizatu gabeko beste aldizkari batean, 1964. urteko Ar Stourmeren 7. zenbakian, aspaldi bila nenbilen idazki bat zegoen: «Iudaica». 

«Iudaica». Jon Mirande eta Eganen arteko apurketa ekarri zuen artikuluaren berri aspaldi neukan, Deabruaren Eskolan bertan argitaratuak baikeneuzkan ez publikatzeko erabakiaren berri emateko Koldo Mitxelenak Miranderi idatzitako bi gutun latz bezain xamurrak: «Beste mezu bat ere badut zuretzako, eta ez astegiña batere. Uztaillean jaso nuen zure Judaica, baiña ezta Egan-en sartzerik izan. Batek baiño geiagok esan digu eztutela eztabaida orren berririk geiago nai eta eskatu digute dagoen dagoenean eten dezagun. Orretara makurtu gera, ongi ala gaizki» (Koldo Mitxelenaren euskal gutunak [1951-1984], Patri Urkizuren edizioa, 2004. 138. or.).

Baina Koldo Mitxelenaren erantzunaz gain, Mirandek Andima Ibiñagabeitiari idatzitakoa ere bagenuen eta, haren esanetan, artikulua «bretoinez publikatu berri didate aldizkari roneotypatu batean»: «ene artikuluaren aldaki bat nai zenduen ezkero, nik kopia osorik gorde ez nuen, eta Mitxelenari idatzi bear izan diot, Egan-en publikatzeko igorri niona atzera bidaltzeko. Egun auetan eldu zait delako kopia eta onekin batean igortzen dizut. Ikusiko duzun bezala ez nuen deus gogorrik esaten Juduen kontra aitzitik. Baina Euskaldun progresisten zentsura Francorena bera baino bortitzago dela dirudi» (Andima Ibiñagabeitiari gutuna, 1964/02/20. Jon Miranderen gutunak: 1948-1972, Patri Urkizuren edizioa, Susa, Zarautz, 1995. 223 or.). 

Ordurako Miranderen artikuluen bila hasteko ideia bururatu zitzaidanean piztutako sentimenduen anbibalentzia zeharo atzean utzia nuen, urduritasunari eta irrikari lekua utziz. Non lor nintzakeen Ar Stourmeren 7. eta 9. aleak? Renneseko Bibliothèque des Champs Libresek bi ale horiek zeuzkan bere funtsen artean eta itzultzaile neuronalak lagundutako frantses makarroniko batean «Demande de renseignements sur les fonds de la bibliothèque» izenburudun emaila idatzi nion liburutegiko Ondare saileko Françoise Vallet arduradunari, nor nintzen, Jon Mirande nor zen eta zer nahi nuen kontatuz.

Bere erantzunean, aldizkari horiek liburutegian zeudela baieztatu zidan, baina horrelako funtsak ez zituztela digitalizatzen. Berriz idatzi nion testuei buruz nekien guztia aletzen eta, berriro ere frantses makarroniko batean, Txomin Peillenen hitzak lagunduta, euskal literaturarentzat Miranderen eta testu horien garrantzia azaltzen saiatu nintzen; horretarako esteka bat bidaltzen nion, «le professeur et grand ami de Mirande, Txomin Peillen» agertzen zena, «En le texte dit de lui “cet écrivain dont il fait le créateur de la littérature basque moderne”».

Erantzunean, digitalizatutako testuak bidaltzen zizkidan eta pozten zen «Ar Stourmeren artikulu hauen digitalizazioek zuen gogoetak elikatzen dituztelako», Peillenen testua eskertzen zidan eta testuok argitaratutakoan horien berri emateko eskatzen zidan amultsuki agurtuz.

Horrela, bila genbiltzan Mirandek bretoieraz idatzitako testuak lortu genituen eta, azken gestio bat egin nahi izan nuen. Idatzita laburra dirudien prozesu honetan denborak aurrera egin zuen, eta Miranderen heriotzaren 50. urteurrena hurbiltzen ari zela ikusita, Olaso Dorrea Fundazioko Urko Aiartzari deitu nion, Monzonen artxiboan Miranderen hainbat gutun zeudela jakinik, Fundazioak bere esku zeuden gutunak bildutako beste materialekin argitaratu nahi ote zituen galdetzeko. Aiartzak baiezko ezin eskuzabalagoa eman zidan, eta telefonoz hitz egin eta ordu erdira bidali zizkidan Mirandek Monzoni 1948 eta 1957 urte bitartean idatzitako bost gutun. Aurreko testu guztiak biltzea kostatu zitzaidanaren ondorioz, hain garrantzizko testuak era horretan lortzea ia prestidigitazio trukoa iruditu zitzaidan.

Errefusatu ezingo duzun eskaintza bat egingo dizut

Hala, Mirandek bretoieraz idatzitako testuak biltzen joan ahala ekimenak zuen ageriko zailtasunari heltzeko unea heldu zen: nola itzuli testu horiek euskarara? Sasian zegoela Bretainian atxilotu zuten Asier Ormazabal lagunari idatzi nion bretoieraz zekien eta testu horiek itzul zitzakeen norbait ezagutzen ote zuen galdetzeko eta berak Xabi Larralderekin jarri ninduen harremanetan. Larraldek bretoiera eta euskara zekien lagun baten izena eta kontaktua pasa zidan: Padrig an Habask. Hala, bada, Vito Corleoneren antzera idatzi egin nion, «errefusatu ezingo zuen eskaintza bat» egiteko; ezagutzen ez zuen euskal idazle baten testu batzuk itzuli, ezagutzen ez zuen webgune batean argitaratzeko. Proposamenaren ordaina zein izango zen azaltzeko, Padrigek euskaraz badakiela profitatuta, euskaldunok horrelakoetarako dugun hitz ederra bota nion: musutruk.

Zorionez, zinikoek uste dutenaren kontra, mundu hau pertsona zoragarriz beteta dago eta Habaskek euskara perfekto batean baiezkoa eman zidan une hartan nituen lehen hiru testuak itzultzeko, euskaraz jakin arren, testuak frantsesera itzultzeko baldintzarekin. Hala egin zuen, baina testuak biltzen joan ahala, Vito Corleone eta eskaintza musutruk egitearen txantxa gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta hari egokia iruditzen zitzaion tarifarekin, neure poltsikotik ordaintzeko eskaintza egin nion ordurako bretoieraz hasi eta amaitzen nuen email batean. Hauxe erantzun zidan: 

Kaixo, Mikel,
Eskerrik asko idazteagatik eta gauzak azaltzeagatik. Ni erretiratua naiz, aitona bederatzi ilobarekin. Bretoiaren alde ahal dudan egiten dut… eta batzuetan euskararen alde ere bai. Argitaratzailea naiz, aldizkaria eta liburu batzuk urtero, dena bretoieraz, noski. Gure lanak ikus ditzakezu : http://www.brezhoneg.org/fr
Beraz, ez dut dirua irabazi nahi.
Beste zerbait, trukea, nahiago nuke. Nire bigarren bretoiera-euskara hiztegia antolatzen ari naiz. Euskara-Bretoiera bakarrik aldiz honetan. Oraingoz 8 500 hitz esaldi adibideekin.
Euskaldun batek edo gehiagok lana berriz irakurri beharko dut zuzentzeko. Bestetik, euskara ondo ikasi lagundu ahal badadizue…
Ahal dudanean itzuliko dizkizut eskatutako testuak.
Besarkada bat eta eskerrik asko bretoiera erabiltzeagatik…
Padrig

Padrigen mezu maitagarriak, bi gauza esan nahi zituen, etorkizun hurbil batean Euskera-Bretoiera hiztegi baten edizioa dudala zain eta, inportanteena, Miranderen testuak euskaratzetik hurbilago geundela. Beraz, nire Vito Corleone eskaintzarekin inguruko idazle eta itzultzaileengana jo nuen: lehena barkura igotzen gure literatura eta itzulpengintzan koloso bat den Joxe Austin Arrieta izan zen. 2021eko urrian Mirandek frantsesez idatzitako «Témoignage vascon» artikulua euskaratu zuen. Haren ondotik, Miranderen testuak euskaratzeko proiektura batu ziren, hurrenez hurren, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio, guztiak gogotsu eta esker onez. Haiei guztiei esker heldu gara honaino.

Miranderen bretoierazko testuak frantsesera itzuli dituen Padrig an Habask euskaltzalea
Cornuallesko Dama eta Robert Morton, Bardo handia, Jon Mirande bardo izendatu zuteneko Gorshed zeremonian Cornuallesko Castle Doren 19954ko irailean. Charles Woolf Slide Collection
Cornuallesko Castle Doren ,19954ko irailean, Jon Mirande bardo izendatu zuteneko Gorshed zeremoniaren argazkia. Charles Woolf Slide Collection
Jon Mirandek Charles Laurent Frantziar Armadako itsas ofizialari numismatika zalantza bat argitzeko gutuna. Bretainiako Service Historique de la Défenseko artxiboa, Laurent funtsa
Jon Mirandek Charles Laurent Frantziar Armadako itsas ofizialari numismatika zalantza bat argitzeko gutuna. Bretainiako Service Historique de la Défenseko artxiboa, Laurent funtsa
Eskuinean, Jon Mirande Jean Mari Le Penekin hitz egiten, ondoan, Goulven Pennaod, 1970eko “Prix de Resemblement Breton”eko ekitaldian
Jon Miranderen lagun Goulven Pennaod, linguista eta bretoi abertzale sutsua, gerraostean Indotxinako guda kolonialean paraxutista gisa jardundakoa.
Breiz Atao aldizkari bretoiaren 1919ko lehen alea. Jon Miranderen lagun Maurice Marchal zuzendari gisa agertzen da mantxetan.
Txomin Peillen Iruñeko Condestable jauregian. Mikel Sotoren argazkia

Numismata euskaldunak eta An Menedhor bardoaren izendapen zeremonia

Iruñetik eta frantsesez jakin gabe Jon Mirandek bretoieraz idatzitako testuen bilaketa gora-beheratsua izan da, kaotiko xamarra hasieran, kirurgikoagoa amaieran. Baina, hasierako bilaketa kaotiko horretan, sorpresak ere izan genituen eta aitortzen dut Internet aurreko mundu batean iritsi ezinak ziren lekuetara heldu naizela.

Bilaketaz-bilaketa, Frantziako armadak Bretainian duen Service Historique de la Défenseraino heldu nintzen, Charles Laurent medikuaren funtsan Jon Miranderen gutun bat zegoelako «Targe» hitzari buruz, hauxe:

17 S : Fonds du Médecin général Charles Laurent (1620-1987)
-17 S 193-199 Échange avec d’autres chercheurs et érudits
-199 Autres correspondances
-Mirande, Jon : 1 lettre sur le mot Targe (1962)

Hala, bada, Service Historique de la Défenseko Equipe de la salle de lectureko Brigitte Le Royrekin jarri nintzen harremanetan funts hori eskatzeko. Baina, bistan dago artxibo militarretako artxibozainak ez direla liburutegi publikoetakoak bezain jatorrak, Le Roy andereak 10 euro kobratu zizkidalako ia irakurrezinak diren argazki putapeniko batzuengatik. Hala ere, Frantziako Itsas Armadako ofizial medikua eta Bretainiako historiako apasionatua zen Charles Laurentek Jon Miranderi egindako kontsulta zein den jakitera heldu naiz. Ez, bistan denez, Frantziako Artxibo Militarrei esker, baizik eta azken bi urteetan benetan ordu asko eman ditudalako Miranderekin, eta hala aurkitu dut Laurenten galdera behar bezala erantzuteko, beti bezain adeitsua, Txomin Peilleni egindako laguntza eskaera:

«Numismata euskaldun bat ezagutzen duzua? Bretoin batek xehetarzun zenbait eskatzen derauzkit 1) Zuberoako diru-pheza baten gainen. 2) Espainiako targa diru-phezaren gainen. Nik ez dut batere argirik alhor hortan. (Haren eskhutitza bihar ekharriko derautzut)» (Txomin Peilleni gutuna, 1962/12/13, Jon Miranderen… op. cit., 204 or.). 

Esan dut lehen ere bilaketa pixka bat kaotikoa izan zela, baina intensiboa, benetan tematu nintzelako Miranderen argazkiren bat aurkitzen. Penaz aitortzen dut ez dudala lortu, baina ez naiz bilaketatik esku hutsik atera, bardo izendatu zuteneko zeremoniaren argazki eta irudiak aurkitu baititut, Miranderenak ez diren arren –momentuz, itxaropentsu jarraitzen baitut–.

1954an Euzko Gogoak berri hau zekarren: «Cornwall’eko Olerkari. —Gure irakurle askok ez dakite noski Cornwall nun dagoen. Orra ba; England’en, ego-sartaldean. Lurralde ortan orain eun urte il zan Cornwalleraz mintzatzen zen azken gizakumea. Cornwall-era kelta izkera bat da, irlandera ta bretoinera bezela. Lurralde artakoek orain ari dira jo ta ke izkera hil ori berpizten. Eta lan ortan aipatuenak ditugu Euzko-Gogoako lankide iakintsu bi: Mirande’tar Ion eta Mix-Garai’tar Ion, NewYork’en bizi dana. Ona emen Mirande iaunak idazten diguna: “Ez dakit erran nerauzunez Cornwall-eko bardo izendatu nindutela joan den Gorsedd-ean, edo hobeki erran, gorseth, korniaraz. Euskeratiko itzulpen bat aurkheztu nuen hortarako (Goizean goizik jeiki nündüzün’ena) eta bertze bat doitxera zaharretikoa. Bigarren euskal-idazlea naiz ohore hau ukhaiten duena; lehena Mix eta Garai’tar Jon izan da eta haren izen bardikoa ‘Car Tramor’ da (Itxasoz haindiko adiskidea). Nirea, berriz, ‘An Menedhor’ (Menditarra)”. Zorionak ar bitzate “Car Tramor” eta “An Menedhor”ek. “Car Tramor” gurekin aztu xamartuta dago; oroituko al da noizpait idazlantxoren bat igortzeko» (Euzko Gogoa, V. urtea. 1954’go Azilla-Lotazilla. 11-12′ grn zenbakia).

Datu horiekin, zeremonia hori ikertzen hasi nintzen eta, hala, egiaztatu ahal izan nuen 1954ko irailaren 9an, Cornuallesko Castle Doren, Gorshed ospakizuna egin zela. Hortik tiraka, benetan ordu asko galdu nituen gure An Menedhor zuberotarraren bila eta, bera agertu ez arren, ospakizunaren hainbat argazki eta bideo lortu nituen. 

Txomin Peillen

Azaltzen saiatu naizen bezala, prozesu hunkigarri eta asebetegarria izan da Jon Miranderen testu ezezagun hauek bilatzearena, salbuespen mingarri batekin: Txomin Peillenen heriotza.

Esan beharrik ez dago azken bi urtetan Miranderekin ordu asko eman baditut, Peillenekin beste hainbeste eman ditudala eta, egiaz, uneoro izan dut bera gogoan eta esan ezinezko pena utzi dit bihotzean hau guztia harekin konpartitu ezin izanak. Abenduaren 5ean idatzi nion emailean aitortzen nion; «aspaldi nekien mezu hau idatzi behar nizula, baina orain arte ezin izan dut hainbat kontu direla eta (…), batez ere, emaila idatzi nahi nizula kontatu behar dizkizudan kontuak guztiz argi eta ordenatuak izanda».

Bildutako guztia kontatu nion, aurkikuntzak eta zalantzak, berak egindako alimaleko lan horren xehetasunak komentatu nizkion, Renneseko Liburutegiko liburuzainari bere hitzekin konbentzitu nuela kontatu nion, konpartitu nituen ere hasieran aipatu dudan gure ondarearekiko euskaldunok dugun axolagabekeriarekin nire haserrea baina, esan nion bezala, «ez zaitut zu nekatu nahi horrelako kontuekin, hain zuzen ere Jonen obraren zabalpen eta ulermenari alde handiz ekarpenik handiena egin duzun laguna. Bakoitza saiatu behar da berea egiten».

Guztia kontatu eta agurtu nintzen; «Bakean uzten zaitut, Txomin. Sentitzen dut hain email luzea eta beharbada astuna idaztea, baina guztia ongi kontatu nahi nizun, espero dut gogaitu ez izana… egiaz, gogaitu baino, espero dut kontatu dizudanak pittin bat poztu izana, etengabe izan zaitugu gogoan hau egindakoan, zuk egindako lan itzelaren maitasunezko jarraipena egin nahirik».

Ondorengo egunetan erantzuten ez zidala ikusirik, telefonoz deitzekotan egon nintzen, baina Durangoko Azokatik bueltan egitea deliberatu nuen. Azokan bertan, Joseba Sarrionandiak eman zidan Txomin azkenetan zegoelako berria lehenik, eta hila zelakoa, ondoren. 

Ez dut kemenik izan haren azken egunengatik galdetzeko. Alegia, oraindik nire baitan pizturik dago emaila irakurri eta erantzun ez zuelako itxaropena. Eta, hala ere, lasai nago, badakidalako berak egindako lana jarraitzeko prest dagoen jendea dagoela jakinik joan zitzaigula: «Gaur ere euskarazko euskal kultura batetan sinesten dut. Euskal Idazleen Elkartean, Hegoaldean giro ona aurkitzen dudalako, euskaltzale gazteak euskaraz ari direlako, idazten jarraitzen dut eta bizitu balitz Mirandek orain 73 urteak zitukeen eta beharbada horre­taz poztuko zen» (Txomin Peillen, «Jon Mirande 1950-1960 urtetako hamarkadan», Egan, 2001, 3-4 zenbakiak. 86. or.).

Poeta euskalduna, bardo bretoia, haur ttiki zorionzalea

Orain argitara ematen ditugun lan gehienak Monzoni idatzitako gutunak kenduta bretoieraz idatziak izan ziren, eta horiek lortzeko eta horietan sakontzeko lanetan atera dudan ondorio nagusietako bat da nekez lortuko dugula Miranderen ezagutza oso bat Bretainiari eta bretainiar abertzaletasunari buruz gehiago ez baldin badakigu. Bretainiak, bretoierak eta bretoiek idazlearengan izandako eragina beti izan da aipatua idazki ezberdinetan sakontasun maila ezberdinekin, eta hari buruzko lan guztietan izan du lekurik (Peillenek apailatutako idazlanetan «Jon Mirande keltikalari» edota «De viris Illustribus») eta, azken urteotan izan ditu nabarmentzeko moduko monografia batzuk egunkari edo aldizkarietan, adibidez, Anjel Lertxundiren Bretainia: hain hurbil, hain ezezagun; Aurelia Arkotxaren Euskaldun gorputz sendo eta bihotz ezti versus Euskaldun guduzale edo Miel Anjel Elustondoren De viris illustribus: Jon Mirande Bretainiarra

Izan ere, Mirande euskalduna zen eta Euskal Herria maitatu zuen itsuki, baina Bretainiarekin izan zuen harremana benetan sakona izan zen. Bi gerra artean sortu zen Mirande, Iparraldean funtsezkoa izango den Gerla Handia amaitu eta zazpi urtera, eta mundu osoa inarrosiko zuen Bigarren Mundu Gerrarako 14 urte falta zirenean. Gaztaro hartan, ikastetxeko lagun bretoi baten bidez jabetu zen gurasoak euskaldunak izanagatik ez ziotela beren hizkuntza irakatsi nahi izan, Txomin Peillenek kontatzen digun bezala, «horregatik Jon Mirandek lehenik bretoina ikasiko du, Gerla Orokorraren urteetan, eta geroago euskara». Hortik aurrera, munduko hamaika hizkuntza ikasi zituen: irlandera, okzitaniera, ingelera, alemana, espainola, latina, yidisha eta abar luze bat, baina euskal literatura astinduko zuen Mirandek bretoiera ikasi zuen eta bretoieraz alfabetatu zen euskara ikasi aurretik.

1940. urteko abuztuan, Pétainek Frantzia alemanen eskuetan utzi zuenean, familiako lau mirandetarrak Euskal Herrirako azken trena harturik Sohütara itzuli ziren, handik gutxira Parisera atzera joan baziren ere. Hor biziko ziren lau urtez, nazien gobernupean, 1944. urtean aliatuek Frantzia askatu arte.

Jon Mirande eta Bretainiaren arteko harremana sakon aztertzen duen Francis Favereauren «Goulven Pennaod, Jon Mirande et la Bretagne» artikuluak dioenez, Pierre Le Bihan, ezizenez Per Dioler poetaren esanetan, 1942 urte inguruan Kêr-Vreizh delakora joaten hasi zen, Miranderen hitzetan «Breiztarren batzokia». Diolerrek esandakoaren arabera, Rennes kalean zegoen Parti Nationaliste Bretonen (PNB) egoitzatik hurbil zegoen Kêr-Vreizh elkartean zaharrak eta gazteak elkartzen ziren larunbat gauetan hitzaldiak entzuteko, eztabaidatzeko edo liburuak maileguan hartzeko. 

Jon sortzez bretoia izan ez arren, haiekin elkartzen zen: «Hemen Paris’en bretoin abertzale gazteekin ibiltzen naiz. Ezagutzen ahal dituzu, izenez bederen, “Breizh atao” (Bretaña bethi) eta P-N-B’a (Bretoina abertzale alderdia)? Nahi nuke ikhus ba gineza gazte horien kharra!» (Loustau’tar Jon Jaunari gutuna, 1948/03/09, Jon Miranderen… op. cit. 23-24 orr.). 

Etxean bezala sentitzen zen bertan eta ez zen oharkabean pasa. Goulven Pennaoden hitzetan; «Lehen aldiz Kêr-Vreizhera joan nintzelarik, harriturik gelditu nintzen: han, “bretoieraren etxean”, bretoieraz mintzatzen zuten bi gizon baizik ez nituen aurkitu: Mirande-Ayphassorho poeta euskalduna bata; Chalier jauna, arbaso guztiak frantsesak zituen paristarra bestea» (Al Liamm aldizkaria, 120-125 zenbakia, 1967. urtea, 161. or. Padrig an Habaskek eta biok itzulia).

Ezbairik gabe, Jon euskal abertzaleengandik bereiztuko zuen eta bretoi lagunen alde bultzatuko zuen arrazoietako bat hizkuntza izan zen. Arestian aipatu dugun Jon Loustau lagunari 1948an idatzitako gutunak horrela jarraitzen du: «Askok ez zakiten haurretik beren abendako hizkuntza, berriz ikasi dute, eta beren artean, bretoineraz ari dira bethi. Guk, aldiz, ez ditugula maizegi ahanzten Arana-Goiri’tar Sabin’en hitz horiek: Euzkadi da Euzkotarren aberria eta EUSKERA EUZKOTARREN HIZKUNTZA?» (ibid.). 

Baina ez da hori arrazoi bakarra eta nire sentsazioa da beharbada inportanteena ere ez zela izan, nik esango nuke, batez ere, inguru horretan aurkitu zuela Mirandek euskaldunen artean aurkitu ez zuen berotasun bat. Lagun bretoiek hitz egitera deitzen zuten, haren hitzaldiak antolatzen zituzten, bardo izendatu zuten, ama hil zitzaionean horren berri eman zuten beren aldizkarietan eta, ez dezagun ahaztu, Euskal Herrian argitaratzen ez zitzaizkion artikuluak argitaratzen zituzten, «Iudaica» kasu.

Hil eta berehala Xabier Letek ezinhobe deskribatuko du gutxitan aipatzen dugun Miranderen funtsezko alderdi bat: «Mirandegan haur ttiki bat zegoen, pagantasun ametsez beteriko haur ttiki zorionzale eta erotikoa; baiña, era berean, Nazismo ondorengo ankerkeria eta lohikeria guztiek zikindutako hogeigarren mendeko Mendebaltar ilun biurria ere bazegoen. Itxaropenik gabeko Herri ttiki baten seme ttiki bat, haunditasun ametsez beterik beti bizitu zena, ezintasunetik sortzen diren neurosisetan murgildua» (Xabier Lete, «Jon Miranderen poemak», Orhoituz (Kriselu, 1976) liburuari kritika, Zeruko Argia, 1976ko maiatzaren 23an). Jonek, humanitate egarri handi bat zuen eta humanitate hori lagun bretoien artean aurkitu zuen euskaldunen artean baino gehiago. Eta lagun horien eta beren aberriaren gora-beherek goitik behera markatuko dute Mirande.

Miranderen gutun eta idatzietan argi ikusten da 1948tik 1953ra doazen bost urteetan aldaketa handi bat gertatu zela harengan; argitaratzen ditugun Monzoni gutunetan ikusten den bezala, abertzaletasun jelkide, kristau eta demokrata batetik abertzaletasun pagano, antikristau, antidemokrata eta guduzale batera pasatzen da Mirande. Urte horiek dira erabakigarriak gerora ezagutuko dugun Miranderen eboluzio horretan, eta horietan sakondu beharko genuke bere ideia politikoak hobeto ulertzeko. 

Konpainia on batean, bretoirik baizen etzen lekuan

Jon Mirandek gerraostean egin zituen lagun bretoiak eskuin muturrekoak ziren, Breizh Atao talde bretoi abertzaleko kideak, okupazioan Alemania naziak Frantzia zatikatuko zuela eta, eskualde autonomoak federatuz, Europa berri bat sortuko zelako ustea zutenak. Bere lagun minak izango dira «Eusko testigantza» artikuluaren muinean dagoen Morvan Marchal, Goulven Pennaod eta Glémarec. Roger Hervéren ezizena da Glémarec, geografo ospetsua, Pariseko Biblioteka Nazionalean mapa kontserbatzailea eta hura ere bretoi abertzalea eta poeta. Maurice Marchalen ezizena da Morvan Marchal, abertzaletasun bretoiaren historian funtsezko pertsonaia, bere hainbat erakunde eta aldizkari sortu zituelako, hala nola «bretoi ikurriña». Georges Pinaulten ezizena da Goulven Pennaod, linguista eta bretoi abertzale sutsua, gerraostean Indotxinako guda kolonialean parte hartutakoa paraxutista gisa.

Gerraostean, Marchal eta Pennaod errepresaliatuak izan ziren, beste hainbeste abertzale bretoi bezala, Erresistentziaren mitoa ezerezetik sortzen ari zen frantziar demokrazia gaullistagatik. Biak ala biak epaituak eta zigortuak izan ziren indignité nationale delituaz akusatuta. 1944ko abenduaren 26an emandako aginduaren arabera, indignité delitua zen «1940ko ekainaren 16a baino geroago, Frantzian zein atzerrian Alemaniari edo haren aliatuei jakinaren gainean laguntza zuzena edo zeharkakoa ematea, edo nazioaren batasunaren edo herri frantsesaren askatasunaren edo arteko berdintasunaren aurka egitea».

Miranderentzat funtsezkoak izango dira lagun hauek eta, ezbairik gabe, haien esperientziek ere markatuko dute. Txomin Peillenek, beti elegante, ez du gehiegi sakondu bere lagun Miranderengan lagun hauek izandako eraginaz, baina, aipatu gabe, iritzia eman zigun, behin sikiera, Roger Hervé Glemarecek Euskal Herriarekiko izandako influentziaz: «[Mirande] Gaixo handia zen eta maniako-depresibo etsialdietan ez zuen bakarrik bere barneko daimonei aholku eskatzen, adiskide batzuei baizik, hala nola bretoi geografoa bere eskandaluetara ongi bultzatzen zuena eta euskaldunen eskergabetasuna irakasten» (Txomin Peillenen hitzaurrea in Jon Mirande, olerkaria. Jon Mirande poète parisien, Euskaltzaindia, Bilbo, 2012. XXIII. or.).

Goulven Pennaodek Miranderekin izandako laguntasunaren eta elkar eragin horren berri eman zuen Txomin Peillenek 1976an apailatu zuen Jon Mirande: Idazlan hautatuak liburuan:

«Hogei urte genituen garaian, txintik ere gabe, bizia eder zitzaigun. Ikastean bezala, neskaketan lagun izan ginen. Bekatuaren zentzurik gabe genbiltzen. Jurdaneko profeta eta haren paulotar ikasleak antzara ferratzera bidaliak genituen aspaldian. Saint Germain des Prés eta Bretainako nere neska lagunak ezagutarazi nizkion; harek neri euskalduntsak, eta, gehienik, Alemantsak eta Nederlandeko neskak… 

Les Sociétés Savantes hotel zikin zaharra lurrera botatzen ari dira; laister up to date etxeek lekua hartuko dute. Denbora batean Druiden Eliza paganoak hor izan zuen bere egoitza; lehen burua Morvan Marchal zen, ni Bard-handi laguntzaile eta Jon Mirande Gutuatra zintzoa zen; Jef le Penven-ek, berriz, abertzale bezala presondegi frantsesetan egonik, gure harmoniuna jotzen zuen diru egiteko. Ostirale guzioz han biltzen ginen keltiku egiak sakonki sarrerazteko. Gure biltokia Pio V-garrenaren mezaren ihakina zen, asmatutako keltiku zahar, kymreg (“gales”), brezoneg (“bretoin”) hizkuntza zatiekin. Rober Mercier “Brennos” kazetaria zen gure ovata; harekin beti adiskidantza galernatsua izan dugu. Ez zitzaion druida soinekoa jaunztea gogoko; gure elizkizunen gibelean sakrilegiu bat bezala sentitzen zuen, eta ez zebilen guztiz erraturik, Marchal, Jon eta nik asmatu azken benedikzioneak keltiku zahar makarronikuan honela erraten baitzuen: “Forti estos etic forton suou matron, meion ueketen more”. Gure iniziatu adiskideei aitortzen genien esan nahia: “aluak zarete eta zuen amaren alua itsasoa baino sakonagoa da”.

Klerikal enpresa guztietan bezala ohi den diru-bilketaz kanpo, bigarren bilketa “hauzoko txiroentzat” egiten genuen, eta Marchal “Artonovios”-ek: “Anaiok, txindiari hots atera iozue” (“Mes frères, faites résonner le bronze”) ziola, denak druidesa pollit bati beren kadirak ordaintzera behartuak ziren. 1901-eko legearen arauera, zuzenki deklaraturiko taldea ginen eta talde joria, zeren Brennos-ek 450 liberatan Saint Oueneko merkatuan erosi ezti-ardo pittarra bat, liturgia sainduan sakratu hidromel bezala 900 liberatan saltzen genien gure sinesleei. Hala, burutzen genuen esanaz: “Zoazte Lugus-en irakastera erresuma guziei”; gero druida artzain guziak ikusten ziren auzoko ostatuan asetzen, sineskorren osasunean. Ez ote Voltaire horren idazlea: “Lehen artzaina, lehen zozoak lehen maltzurra topatu duenean sortu da”. Halere sinesle asko genuen, beti gehiago eskatzen» (Goulvenn Pennaod, «De Viris Illustribus: Mirande’tar Jon», La Bretagne Réelle aldizkaria, Txomin Peillenek apailatutako Jon Mirande-ren idazlan hautatuak liburuan jasoa. Mensajero, Bilbo, 1977. 275-276 orr.). 

Zaila da gauzak urrutitik eta datu gehiegirik eta bizipenik gabe epaitzea, baina boteprontoan Pennaodek kontakizun honetan azaltzen diguna apaizez inguratuta Euskaltzaindiako bilera bat egitea baino dibertigarriagoa dirudi, ezta? Den moduan dela, garai bertsuan Mirande ezagutuko zuen Peillen lagunak haren bizitza markatuko zuen hautu honen ondorioak argi kontatzen ditu: «Bestalde liluratzen zuen eta eragin handia izan, frantses armadako kapitan ohi batek, garaiko zeltilari bikainetarik, Breizh Atao alderdiko bretoi nazionalista izanak, alferrikako bere talde neonazietara eta mozkortzera eroaten zuenak. (…) Eskuin muturreko jarrera horrek Parisen familian, lanean eta Eskual Etxean harremanak pozoindatu zizkion eta hola baztertua ez zuen jendarte maitagarririk aurkitzen Ker Vreizh izeneko bretoi kultur elkartean baizik» (Jon Mirande olerkaria… op. cit., XXIII-23. or.).

Une batetik aurrera, bretoi lagunen artean eta Peillen bezalako euskaldun batzuen artean aurkitu zuen Jonek harentzat funtsezkoa zen zerbait: libertatea. Horrela azalduko dio Jon Etxaide lagunari, «Barkatu, otoi, ageriki esaten ba dizut, bainan askotan iduri zait bestaldeko Euskaldunak (bait eta hemengo BeNafarrak ere) pixka bat fanatiko zaretela fede eta politika-kontuetan. Hots, Espainolen influentza hor nabari dela uste dut. Eta guk, Frantzia, Alemania eta Bretaini Handiko kultura-atmosferan bizi garenok halako aide afrikano bat arkitzen diegu askotan zuen kontzepzinoei. Lapurdiko, eta batez ere Zuberoako euskaldunak oso bestelako dira ikusgune hortatik; eta Peillenek eta nik, bai gure etxekoen artean, bai Parisen ezagutzen ditugun Frantzes, Bretoi, Ingles etc.en artean gogoaren libertatea preziatzen ikasi dugu, eta hori gauza premiazkoa zaigu, euskaltzaletasuna bezinbeste. Espaina afrikano egon nahi bada, horrek ez gaitu ikutzen, bainan uste dugu ba dela ordu Euskalerria europartu dadin, fede-, pilosopi- eta ederti-kontuetan libertatea ezagutuz, eta horrengatik gure aldizkaria ateratzen jarraituko dugu, iñoren lagungoa gabe ere» (Jon Etxaideri gutuna, 1962/03/?, Jon Miranderen… op. cit., 191. or.).

Argi gera bedi: Mirandek lagun handiak eta defendatzaile sutsuak zein epelak izan zituen euskaldunen artean, ez dut euskaldunok berez soberan dugun erruduntasun sentimendu judeo-kristauaren sutara gasolina gehiago bota nahi (Mirandek juduei zien herra itsua diot nik kristauekin arragoan sortu zuten erru horri): «Esan dezaket garai haietan sekulako eta betirako adiskidantzak genituela politika ideien gainetik. Mirande borroka armatuaren eta nazismoaren alde zen, Etxaide eta Ibiñagabeitia, abertzale eta demo kristau, Aresti ezkertiar eta euskaltzale amorratua, Mitxelena errepublikatar abertzale agnostikoa, Krutwig garai haietan marxista eta ateo, ni aldiz ateo eta indarkeriaren kontrako gandizale abertzalea; euskarak eta elkarren arteko errespetuak lotu gintuen. Hamarkada hartako barneko giro goxoa eta kanpoko giro latza ez zaizkit ahaztuko» («Jon Mirande 1950-1960 urtetako…», op. cit., 85-86 orr.). Baina uste dut epelek men egin zietela ortodoxoei eta Miranderen inguruan giro arnastuezin bat sortu zela, min bereziki handia ematen ziona, hain zuzen ere gehien maite zuen horrengandik zetorrelako.

Pentsa dezagun une batez gure modernotasuna abiatu zuten bi poetak, Mirande eta Aresti, gorputzez eta osasunez, baina akaso baita bihotzez eta arimaz ere, literalki lehertu egin zirela biak ala biak 50 urtetara heldu gabe. Bistan dago beren barruko haur ttiki horrengandik sortzen zutenaren zaurgarritasunaren eta barruan sentitzen zuten mailu horren arteko oreka neurtzen ez zutela jakin,  eta asko sufritu zutela gehien maite zuten horrengatik (eta asko sufriarazi, Arestiren kasuan Azurmendik gogorarazten digun bezala). Horrek ez du esan nahi Europa osoko esperimentu faszistarik luzeena izan zuen Espainiatik, oraindik ere frankismotik atera ezinik dabilena, inor etor daitekeenik guri ez-dakit-ze-ortodoxia-mota aurpegiratzera, gainera horrengatik errudun senti gaitezelako itxaropenarekin (errudun edozeren aitzakian, antimodernoak, euskaldun fededunak, nazi abertzaleak…). Gerorrek izan behar dugu geure irakurketa eta ondorioen jabe.

Horregatik, idazle zuberotar-paristarraren bizitzan eta obran hain zentrala den fenomeno bati buruz dakiguna baino askoz gehiago jakin beharko genuke. Horretarako abagune ona dira gure ustez euskaraz aurrenekoz argitara ematen ditugun Miranderen lan hauek. Horien guztien euskarazko testua, jatorrizkoa eta zubi-lana egin duen frantsesezko bertsioak ematen ditugu, nik egin dudan horietako bakoitzaren analisi batekin (zorte pixka batekin norbaitek bihar guk orain egindakoak hobetuko dituelakoan).

Nire analisietan Miranderen idazkien testuingurua argitzen saiatu naiz, euskaldunontzat interesezkoak diren elementuak nabarmentzen eta bere pentsamendua eta obra ulertzeko baliogarriak diren gakoak azaltzen. Horretarako nik baino askoz hobeto egin duten hainbat egileren lanak erabili ditut –nagusiki oraindik gainditu gabe dauden Peillen eta Azurmendirenak–, nireak ez diren ideiak niretzat har ez daitezen saiatuz, baina tarteka, lortu dudanean, nik pentsatutakoak ere plazaratuz.

Galdera berrien garaia

Miranderi buruz asko eta ondo idatzi dugu, baita asko eta gaizki ere. Hasieran esaten nuen bezala, denbora gehiegi galdu dugu behin eta berriz eztabaidatzen nazia ote zen, pedofiloa ote zen, putetan joaten ote zen, bere idatziak misoginoak ote diren, arrazista ote zen… Galdera berriak egiteko garaia heldu da. Duela urte gutxi batzuk, Amaia Elizaldek galdera berriak egin zizkion Miranderen obrari eta erantzun berri eta berritzaileak jaso zituen guztion poz eta itxaropenerako.

Ez dakit zer pentsatuko luke Jonek Amaiaren tesia irakurriko balu. Askotan pentsatu izan dut nola sentituko litzateke Edorta Jimenez, Galder Perez, Ane Zabala, Rafa Rueda eta enparauen Mirande Kabareta ikusi izan balu; Karlos del Olmoren Jon gurea Parisen hatzanaren berri izan balu; Elena Setien, Grande Days eta Xabi Erkiziaren Mirande diskoa entzungo balu; Katixa Agirreren Berriz zentauro irakurriko balu; Oskorri eta Imanolek bere poemekin egindako kantak entzungo balitu; Miel Anjel Elustondok hari egindako elkarrizketak irakurriko balitu; Unai Iturriaga eta Alex Sanviren Haur besoetakoa komikia irakurriko balu; Deabruaren Eskola honetako hasierako orrialdean bere «Kanpoan ilhuna: / nehon ez argirik / ikhara, ilhuna, / zuziena baizik» bertsoak ikusiko balitu; Kuraiaren «Akerbeltz» kanta entzun eta letra irakurriko balu; Harkaitz Canoren «Jon Miranderen balada Jim Morrisonen omenez» ipuina irakurriko balu; Josu Martinezen Mirande: Film bat egiteko zirriborroa ikusiko balu…

Liburu bat bera ere argitaratu gabe hil zen laguna, bere poemak bilduko zituen libururako hitzaurrea eginda utzi zuen, eta poesia zertarako idazten zuen galdera erantzunda: «oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak –hots– “for the happy fews”». Utzi zuen Euskal Herri hartan lagun gutxi utzi zituen, uste dut poztuko litzatekeela jakingo balu zorionez egin dituela bere herrian zorioneko lagun batzuk, we few, we happy few, we band of brothers and sisters.

2022. urteko negua