Dibisio Urdina Errusiarantza doa Hitler laguntzera Madrilgo Iparraldeko estaziotik. Martín Santos Yuberoren argazkia, Madrilgo Lurralde Artxiboa. 

Begiratu bat Francoren Espainiari

Begiratu bat Francoren Espainiari

Harrigarria da pertsona batzuek, egiazko nazionalsozialistak hala ere, nola begiratzen dioten Espainiari elkarrekiko estimuaz; halako espainiarzaletasun batez, ulertzen ahal dena eskuin frantziar klasikoko kontserbadoreen edo erreakzionarioen aldetik, esaterako Rivarol edo Aspects de la France aldizkari frantziarretan agertzen direnen aldetik. Ulergaitza egiten da, ordea, nola sustraitu daitekeen espiritu nazionalsozialistetan, Europa etniko berreraiki nahi duen L’Europe Réelle aldizkari europar baten kolaboratzaileetan.

Zer da gaur egungo Espainia? Europako herrialde bat, zeinean guk defendatzen dugun begiratu etniko eta arrazazkoa gutxien ezagutzen baita. Horretan bat dator, uste izatekoa zen bezala, Frantziako Errepublikarekin, kontuan hartuta Frantzia muinoraino jakobinoa dela, errepublikazaleak ez direla erreibindikatzen duten frantziarrak ere barne. Europako herrialde bat non agintariek gehien mutilatzen baitute begiratu hori, eta ez bakarrik «estratega handiaren» agintari ofizialek, baizik eta baita Primo De Riveraren jarraitzaile benetakoenek ere, Primo bera baitzen, lehenik eta behin, nazionalista espainiar zentralista bat, hari edo haren kontzeptuei diegun atxikimendua edozein delarik ere.

Baina, baldin eta etnia ikusten bada herrialde baten oinarri gisa,  Frantzia bakar bati buruz ezin mintza daitekeen gisa berean, Espainiarik ere ez dago. Lehen Espainiak baziren, okupazioen eta salerospen-tratuen ondorengo aginte-makila batek uztarturik, baina bakoitzak gordetzen zituelarik bere bakantasun etnikoa, bere nazionalitatea eta bere eskubideak, ezberdinak baitziren euren artean, Frantzian erabat ezberdinak diren bezala bretoien, okzitaniarren, normandiarren, alsaziarren, flandriarren eta frantziarren artean, edo Europan germaniarren, txekiarren, magyarren eta italiarren artean. Espainiako estatuaren mendeko etniak ere, XIX. mendearen bukaeraz geroztik berreskuratzen saiatu ziren, era berean, beren askatasuna edo beren autonomia, kulturala gutxienez. Erreakzio guztiz berezkoa zen Espainiaren zentralizazio berriaren aurrean (frantziarrek eragindakoa), lehen edo berandu biak galtzera eraman behar zituena. Borroka hura irlandarrena edo sami herriarena bezalakoa zen, zeinak antzekoak baitira bretoien borrokarekin, Frantziako nazionalistek nahi dutena esaten dutelarik ere. Azken erreginari, Primo de Riveraren diktadurari eta Errepublikari aurka egin zieten, eta orain Francori egiten diote aurka. Francok garaitu zituen, ordea, eta gero jazarri eta mutilatu zituen Ingalaterrak irlandarrak edo Frantziak «Liberasionaren» unean bretoiak jazarri eta mutilatu dituen ankerkeria berdinarekin. Errepara diezaiogun berehala Espainiako estatuak zanpatzen dituen herriak hango europarrenak direla: Euskadi, mendebaldeko etnia lehena, Galizia zeltikoa eta Katalunia latino eta «gotte»a [?]. Europartasunean gutxiago direnek bakarrik irabazten dute batasun honekin, hau da, Al Andaluseko mozarabiarraren ondorengoek eta hegoaldekoek. Iparralde atlantikoak edo mediterraneoak uko egin behar diete beren irabaziei eta beren ondasun materialei, beren industriari eta beren merkataritzari esker irabaziak, estatu zanpatzaileak presondegian sartzen dituen bitartean beren ondasun kulturalak, hizkuntza, [?] (culture), legeak, ohiturak eta eskubide indibiduala.

Ni euskalduna naiz. Beharbada aurpegiratuko didate Espainiarekiko leialtasun falta eta haren handitasunarekiko hastioa. Egia da, ez dut gogo berezirik onbera izateko estratega frankista bezalako jendearekin, zeinak agindu baitzuen, frankisten «gurutzada» bitartean, Eliza ama santuaren, gure Salbatzaile Jesukristoren, haren ama santuaren eta zalantzarik gabe santu guztien izenean, bere gerlari mairu bakoitzari neska euskaldun bat eskainiko ziola, esklabu bezala erabiltzeko; edo nire hizkuntza zanpatzen duen estatu batekin, eta zanpatu, ez ezkutuka, erreginarekin edo Errepublikarekin bezala, baizik eta denen bistan, egia baita, esaterako, euskaraz hitz egiteko ausardia probokatzailea edukiko zuen gaizkileak zurra bat eta isun bat merezi zuela. Hala ere, ni liluratu naiteke, edozein bezala, On Pelaio edo Fernando Gonzalez* jaiotzen ikusi zituen Espainia baten aurrean; liluratu naiteke aintzinako Espainiaren aurrean, Gott [?]**, latinoen, gaskoien edo zeltiberiarren Espainiaren aurrean, zeinak jaidura europar bat baitzeukan, gudu-zelai tradizionaletan erakutsi zuena, Afrikaren aurka borroka eginez, zeina saiatu baitzen deserrotzen bere lurraren gainetik arabiarrek eta juduek sarturiko semitismo bat.

Espaina hori, ordea, hilda dago, galoen eta frankoen Frantzia zaharra hilda dagoen gisa berean; horren ondoren etorri dena estatu zentralista bat da, sasi abertzalea, Europako etniak mutilatzen eta suntsitzen dituena. Espero dut egunen batean egiazko espainiarrak –egiazko frantziarrak lez–, eta ez mestizo arabiar eta berberetarrak, etortzen ahalko direla etnien gure Europarekin bat egitera. Baina beren asmoen leialtasuna sinetsi baino lehen, lehenik eta behin, ikusi beharko nuke nola ematen dieten askatasuna gaur egun zanpatzen dituzten beste etnia europarrei, alegia, euskaldunei, galiziarrei eta katalanei, frantziarrek askatasuna eman beharko dieten bezala bretoiei eta beren mendeko beste etnia guztiei.

Egun sakratu hori iritsi artean, nola arraio liluratuko gara herrialde sasi faszista horren aurrean, paellaren eta cante jondoaren aurrean ez bada? Klerikalismo –eta zuzendaritza klerikal– hertsienak kutsatzen du ez bakarrik estatuaren zuzendaritzaren arloa, baizik eta kulturaren arloa ere (hau ez da gertatzen –jainkoei eskerrak– eta ez da sekula gertatu Frantzian, ez eta oso kristaua zen erreginaren boterearen mendean ere); Europan den kapitalismorik berekoiena eta injustuena: horra hor zein den Mugimendu Nazionalaren balantzea, hogeita sei urte geroago!

Nahigabetzen nau ikusi izanak nola nire aberkideak bihurtu diren, arrazoi estrategikoak mediante, gorrien laguntzaile, hauek agindu zietelako autonomia miserable bat gerra zibila piztu zenean. Askoz hobe zatekeen edozein espainiarren aurka borroka egin izan balute Euskadiren askatasunaren alde. Guztiarekin ere, ulertzen dut ezkerraren alde borroka, borroka odoltsua, egin zuten horien hautua, eta aitortzen dut inguruabar aringarriak eduki zituztela, jakitun baitziren frankisten gurutzadatik jaioko zela apezpikuen, koronelen eta burges harraparien garaipena, zeinen ozarkeria orain ikusten baitugu.

Eta non geratu da gaur erregina katolikoaren antisemitismo antzinakoa, ergelen ondorengoetako bat bihurtu delarik erresumaren lider laguntzailea? Ez da kasualitatea Juduen Munduko Biltzarrak egin dion aitormena, gerrak iraun bitartean eman zien babesarengatik (Juduen Munduko Biltzarraren aparteko Konferentziaren Ebazpenak, 1944ko azaroa, Atlantic City, 9. orria). Nik uste dut hemen dagoela gakoa azaldu ahal izateko estratega handiak Alemaniarekiko erakutsi zuen leialtasun falta, Alemaniarentzako hain kaltegarria izan zena, eta azaltzeko, halaber, irabazle judu-demokratek haren diktadurarekiko erakutsi zuten oniritzi ulerbera, Hitlerren eta Mussoliniren obra birrintzeko gogor bai gogor borrokatu ziren bitartean.

Esaten da Francoren Espainiak lortu zuela komunismo sobietarra herrialdean deboilatzea, eta beraz jo behar da Espainia aliatu bat eta arreba bat dela. Niri dagokidanez, ez nago ados, inondik ere ez, gure begirada nazional-sozialista europarra antikomunismoarekin berdintzearekin. Hartara, Estatu Vatikanoa hartuko nuke eredutzat! Beste alde batetik, zer da Francoren eta bere krimen-kideen antikomunismoa, ez bada noble espainiarrek pribilegioak galtzeari dioten ikara alimalea? Eta zein da haien doktrinaren oinarria, katolikotasun espiritu-estu eta zaharkitu baten defentsa ez bada?

Eta gainera ez da zintzoa, gurutzada nazionalaren buruek oihukatzen dutelako: Antes España roja que España rota! Eta are gehiago, eraginkorra ere ez da, zeren gurutzada nazkagarri hura hasi zenean, nolabait esan, ez baitzegoen Espainiako herritarren artean komunista bat bera ere, eta orain aldiz, asko dira, bai atzerriratuen artean, baita Espainian bizi direnen artean ere, komunismoa noiz etorriko baitaude, askatasuna eta zorion betea ekarriko dizkielakoan.

Guk badakigu ez duela arrazoirik. Aitzakia ederrak ditu, ordea…

Jon Mirande
«Ur sell ouch bro-Spagn Franco», 
Ar Stourmer, 1962. urtea, iraila-urria, 4-5. zka. 51-52 orr.
Jon Alonsok frantsesetik egindako itzulpena

 

Jon Alonso euskarazko itzultzailearen oharra:
Kontuan hartu ditut bretoieraren itzultzaileen oharrak.
*Uste izatekoa da Fernando Gonzalez edo Fernan Gonzalez (910-970) Gaztelako Kondeari buruz ari dela. «Errekonkistaren» garaian nabarmendu zen.
**Nire aldetik, ez dakit zer esan nahi duen «gott» hitzak. Godoak? Baina «katalandar godoak»?

Padrig an Habask bretoierazko itzultzailearen oharra:
Autoreak, nahita, Liberasion hitza erabiltzen du, bretoieraz makillaturiko frantsesezko hitza (egileak ezagutzen duen bretoierazko dieubidigezh hitza existitzen den bitartean), Libération (… Frantziarena, aliatuek egina) hitza gutxiesteko.
Ez dut ulertu, eta beraz, ez dut hirugarren paragrafoaren bukaerako itzulpenik egin: «Diveotiad (kultur)». Hitz hori ez dago nik ezagutzen dudan ezein hiztegitan, paperean edo online. Pribatua + beotiad, béotien?

Mikel Soto

Gure beldurren fantasma bat

Jeltzaleak kristauak diren bezala

Jon Miranderen eta bere lanen aurrean galdera berriak egitea galdera zaharrak berriro eta behin egitea baino emankorragoa dela esan dut aurretik eta, beraz, ez nuke Mirande nazia ote zen edo ez eztabaida ergelean kateatu nahi. Gauza askotan ez nator bat gure artean Miranderen nazismoa erradikalki salatu duen Emilio Lopez Adanekin, baina harekin bat nator esaten duenean «Abertzale zela sinesten badiogu, eman diezaiogun tratu bera bestean ere [nazismoaz ari da]» (Emilio Lopez Adan, «Jon Mirande, eskuin muturreko idazlea», Jakin, 106. zenbakia, 1998. urtea, maiatza-ekaina, 48 or.).

Baina ze nazi mota klase zen Jon Mirande? Lopez Adanek berak argi uzten du ebidentea dena: «Nazia zela esaterakoan, inork ez dezan Mirande borrero nazia zenik pentsa. Inoiz ez zen egitatera pasa». Idazki honetarako materiala biltzen eta apunteak hartzen hasi nintzenean hauxe izan zen mugikorreko ohar batean apuntatu nuen ideia: «Mirande nazia zen jeltzaleak kristauak diren bezala, inofentsiboki». Eztabaidagarria izan daiteke eta, hala ere, pozik nago idatzi izanaz, izan ere, aurkitu eta euskaratu ditugun idazki hauen berri emateko Joxe Azurmendiri idatzi ostean, larunbat goiz batez deitu egin zidan, Mirandez aritzeko eta, ohi duen goxotasunaz, baita «Iratiri [Jimenez] egiten didan publizitatea eskertzeko ere» (Euskadi sariaren irabazleak iragartzeko prentsaurrekoan Iratik Azurmendiren hitz batzuekin amaitu zuen bere hizketaldia eta »herri honi egin dion ekarpen sobrenaturalarekin esker onez»).

Ez dakit inoiz Azurmendi barre egiten entzun duzuen; barre hari mehe eta erritmiko bat dauka, arina eta atsegina. Hala, bada, Miranderen nazismoaz hitz egiten hasi eta «Mirande nazia zen jeltzaleak kristauak diren bezala, inofentsiboki» bota nionean entzun nuen aurrenekoz Joxe irri karkailaka eta, sikiera horregatik, benetako kariñoa diot boutadea dirudien arren, irmo sinisten dudan ideia horri.

Horrez gain, uste dut Miranderen ideia politikoez euskaldun guztiok haiekiko sentitzen dugun benetako pentsamendu eta sentimenduetatik hitz eginbeharko genukeela eta esango nuke guztion kasuan sentimendua distantziarena dela. Azurmendiren hitzetan esatearren: «Mirande ez dugu maisutzat politikan… Baina ez da izan inoiz! Inor ez du politikan jarraitun izan! Inork ez du sekula goraipatu! Aipatu ere! Zer problema klase da hori orduan? (Fantasma batena: gure beldurren fantasma batena)» (Joxe Azurmendi, «Mirande, berriro [bere heriotzaren 25. urteurrenean]», Jakin, 106. zenbakia, 1998. urtea, maiatza-ekaina, 40 or.). Neuk ere ez dut inoiz aurkitu Miranderen ideia politikoekin bat egiten duen euskaldunik, asko jota, aipatzen nuen distantzia hori bakoitzak intimoki Miranderen alderdi horrekiko duen sentierara hurbiltzen da, eta espektro zabal baino mugatu baten baitan egon ohi da; kuriositatea, harridura, dibertsioa, gaitzespena, indiferentzia, eskandalua, ulertezintasuna eta askoz gehiagorik ez, esango nuke. 

Baina ez daukat argi zer gertatzen zaigun Miranderi buruz idazten jartzen garenean, izan ere, edozein euskaldunarekin normala den ideia-trukaketa, ageriko deserosotasuna bihurtu ohi da idazle zuberotarrari buruzko idazkietan, izan ere, hauetan sarriegi bere nazismoaz eta bere politikako ideiez aritzen gara nazionalismo espainiar setatsuenak nahiko lukeen moduan, Azurmendik aipatzen duen beldur fantasmagoriko horretatik datorkigun erruduntasun konplexu batekin, nire ustez inolaz ere ez dagokiguna.

Granada konkistatu eta segituan ediktu bidez juduak kanporatu zituen Isabel eta Fernandoren ondorengo eta jarraitzailea den Espainia horrek euskaldunoi bada, zer esango digu? Hain zaila zen pirueta ze euskaldun batek prestatu behar izan die horretarako diskurtsoa, Jon Juaristi izan baitzen El bucle melancólicon lan hori bere gain hartu zuena, horretarako itzulipurdirik lotsagarrienak egiteko inolako erreparorik gabe, jakin baitzekien hori erosteko desiatzen zegoen publiko bati zuzentzen zitzaiola (esango nuke publiko hispano horren entusiasmoa ikusita erabaki zuela Juaristik bere burua judu bezala agertzen hastea baina, beti harritzen nauen bere zinismoan sartu gabe, uste dut bere kasuan Miranderenean baino arrazoi handiagoz esan daitekeela Jon Juaristi jeltzaleak kristauak diren bezala dela judua, espiritualki inofentsiboki, baina politikoki ofentsiboki). 

Nire asmoa ohar hauek idazterakoan Padrig an Habaski eta Jon Alonsori esker euskaratua izan den «Begiratu bat Francoren Espainiari» artikulua ulertzen saiatzea da, zorte pixka batekin idaztean batzuetan gertatzen den mirarietako bat gertatuko delako itxaropenarekin: aurretik neuzkan ideiak ordenatzeko edo berriak izateko balioko didala, beharbada testua aurrenekoz irakurriko duten lagunei baliogarri izango zaizkienak. Hala, lerrook idazten ari naizen bitartean lasai nago, ez dut asmorik ideiarik bortxatzeko zein justifikatzeko, baina ezta ere eskandalizatzeko edo larritzeko; duela 60 urte «aldizkari roneotypatu batean» bretoieraz idatzitako testu batek ez nau biziki kezkatzen, gaur egungo hainbat gauzek kezkatzen naute ni eta, espainol baten hitzekin esatearren, Santiago Carrillori bezala «A mí el que me preocupa es el nacionalismo español. Es el peor». 

Lagun bretoien gogo libertate preziatua

Jon Miranderen ideologiaz asko eta gaizki idatzi den bezala, asko eta ongi ere idatzi da eta aurretik sakon eta egoki eman diren azalpenak baztertu gabe, uste dut Bretainiak eragin nabaria izan zuela bere ideologian. Bretainiar abertzaletasunaren historiaz ezer gutxi dakigu eta dakigun hiru-lau orokorkeriekin ideia bat finkatu dugu, baina nire ustez asko dugu sakontzeko Mirande ulertu nahi badugu.

Zentzu horretan, Txomin Peillenengandik hasi eta gaiari buruz idatzi duten guztiek argi utzi dute zer-nolako pisua zeukan Miranderengan bretoien laguntasunak eta, azken urteotan gai hau oso hurbildik begiratzen eta aztertzen egon naizen aldetik, uste dut laguntasuna funtsezkoa izan zela bere ideologiaren garapenean. Haren lagun mina izan zen Peillen hauxe idatzi zuen Mirandek bizitzaren une batean aurrean zeuzkan bide posibleen artean egin zuen hautaketaz: «Pariseko karriketan gerra horretako aztarnak ikus eta irakur daitezke. Adibidez Capri karrikako 2.an Mirande familia hurbil bizi zen lekuan Gestapoak 1944. urteko abuztuaren 16.an Jean-Pierre Dudrasail hogeita bat urtekoa Gazte Giristino Erresistentziako Gudaria, fusilatu zuten. Dudrasail eta Mirande haurrak ber eskolan ibiliz eta jostatuz, auzune berdinekoak eta gizarte giro berdinekoak izan ziren. Zerk bultzatu zuen gure idazlea ideologia jarrera horretara bi gerla handiek ukitu familia batean eta arreba Gazte Giristinoa izan zelarik demo-kristau familia batean, nahiz frantses guztien gisa denbora batez, Pétain mariskalaren aldeko lokarria izan, lehen Gerlako irabazleen artean izan zelako. Eskuin muturreko jarrera horrek Parisen familian, lanean eta Eskual Etxean harremanak pozoindatu zizkion eta hola baztertua ez zuen jendarte maitagarririk aurkitzen Ker Vreizh izeneko bretoi kultur elkartean baizik» (Txomin Peillen, Jon Mirande, olerkaria. Jon Mirande poète parisien, Euskaltzaindia, Bilbo, 2012. 23. or.).

Ez dugu ahaztu behar, Peillenek dioen bezala, Jon Mirande kristau eta demokrata izan zela, sarri –ez beti– aipatzen den bezala, baina gazte garaiko xehetasun edo anekdota gisa aipatzen da, hortik gerora izango zen nazira salto eginez, hain ebidentea den eboluzio ideologiko eta politikoa ulertzeko esfortzurik –edo ahalmenik– gabe. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta hiru urtera, 1948an, Jon Loustauri gutun bat idazten dionean oraindik bere burua abertzale, demokrata eta kristautzat aurkezten du, baina oso argi planteatzen ditu hitz horiek eta errealitatearen zein historiaren artean aurkitzen duen distantzia mingarria:

«Jadanik erran nauzun bezala, Xuberotarra naiz ethorkiz, bainan Paris’en sortu ta hazia. Aitaren sor-lekua, Garindaiñe, Maule’tik Baxe-Nabarrerako bidean dagon herrixka txipi bat. Ama, Sohütarra dut. Ezagutzen dukezu Sohüta; lehengo koblari ta dantzari askoren kabia izan da. Orain aldiz, kaskointzen hasi da.

Ba dut arreba bat, bi urthez ni baino zaharragoa. Ezkontzekotan da, bainan, damurik, ez Euskotar batekin!

Burhasoak eskualduna ditut erran gabe doa –bainan ez dezaket erran abertzale direla funtsean–. Xuberozale, ba, zuk zinion bezala.

Hortan bai gare, bortxatu naiz aithortzera guti direla muga hunaindiko eukualdunetan ezagutzen ditudan egiazko abertzaleak. Eusko gaiez axola poxi bat dutenetan ere, gehienek ikusten dute Euzkadi folk-lore museum bat bezala. Heientzat gure gizonik haundienak André Dassary, Luis Mariano, Rudy Hirigoyen dira!

Nik maite-dut neure herria Angles-edo Frantses batek berea maite duen bezala. Euskal-Herri’ko dantza ta abesti herkoiak laket zaizkit naski; eusko edestia ikasten ari naiz, bainari geroari beba bizi beharko ginukela deritzait. Nere ametxa hauxe da: egun batez; Euzkadi izan dadien ludiko herrialde argituenetarik bat –Iphar-Europa’ko erresuma ttipi zenbait diren bezala. (gogoan ditut Holanda, Dinamarka, Finlandia…)

Ni ere kristotarra naiz –bai eta demokrata ere. Bainan izena baino nahiago dut izana (erraiten ohi den bezala) eta ezin ahantz dezaket gehiegi aldiz arrotzek atzipetuak izan garela iragan denboran, Eliza edo Demokratagoa zaintzeko aitzakian– 1789’ko erkaldarrak demokratak othe ziren geure lege-zaharra kendu zaukutenean? “demokratak” ordutik hunat, ikusi ditugun frantses jaurlaritzak, nahiz beren buruan hola deitzen? 

Bertzalde, orhoit naiz Nabarra’ko bakalderri eskualdunarekin nola jokatu ziren lehenago Erroma eta Kastilla’ko errege katolikoak –eta naiz Girixtinoa izan, bihotza samintzen zait. Egiari zor bai zaion ezin ukha oraiko egunetan (eta bereziki Hego-Euzkadi’n) aphez hainitz direla abertzaletasunaren adixkideak, bai eta geure mintzaien zaintzallerik sutsuenak.

Ororen gaiñetik maite dut azkatasuna. Sekulan emaitze eder hori jin ba lekio geure aberriari, oi nere poza! Bañan gogoa ilhun ta aphal daukat dakuskidanean gure herritarren zabarkeri ta nagikeriak.

Hemen Paris’en bretoin abertzale gazteekin ibiltzen naiz. Ezagutzen ahal dituzu, izenez bederen, “Breizh atao” (Bretaña bethi) eta P-N-B’a (Bretoina abertzale alderdia)? Nahi nuke ikhus ba gineza gazte horien kharra! Askok ez zakiten haurretik beren abendako hizkuntza, berriz ikasi dute, eta beren artean, bretoineraz ari dira bethi. Guk, aldiz, ez ditugula maizegi ahanzten Arana-Goiri’tar Sabin’en hitz horiek: Euzkadi da Euzkotarren aberria eta EUSKERA EUZKOTARREN HIZKUNTZA?». (Jon Loustauri gutuna, 1948/03/09. Jon Miranderen gutunak: 1948-1972, Patri Urkizuren edizioa, Susa, Zarautz, 1995. 23-24 orr.). «Jainkoak zaiñt dezala Euzkadi» batekin ixten du Mirandek gutuna, urte berean Telesforo Monzoni zuzendutako gutunean «Artu itzazu neure euskal agurrik onenak, J.E.L. baitan» bergararra agurtzen duen gisan. 

Argi ikusten da, 1948. urtean, Miranderengan historian zehar kristautasunak zein demokraziak Euskal Herriarekin izandako jokabideek pizten dituzten sentimenduak eta, halaber, argi azaltzen ditu ere ezagutu zuen orduko euskal abertzaletasunak sortzen zizkioten nahigabea eta etsipena. Non aurkitzen ditu Mirandek aberriaren kharra zein laguntasunaren beroa? Badirudi nagusiki Bretainiako abertzaleen artean. Ordurako ezagutua zuen Goulven Pennaod (Georges Pinault) eta bere bidez ezagutuko ditu ere aurretik aipatu ditugun Morvan Marchal (Maurice Marchal) edota Roger Hervé bretoi abertzaleak. Lagunarte horretan aurkitzen du Mirandek berotasun bat Euskal Herrian, salbuespenak salbuespen, aurkitzen ez duena. 

Jon Loustauri gutuna idatzi eta bost urtera ideologikoki oso ezberdin agertzen du bere burua Mirandek, dagoeneko gerora ezagutuko dizkiogun ideiak tinko defendatzen ditu Andima Ibiñagabeitiaren aurrean: «Ez ditut nire maitarzunak eta gorrotoak nehori bortxatu nahi, jakina. Bainan hobe da gai batzuen ez aiphatzea, adiskide hoberenen artean ere. Neure asmoak eta aburuak ba ditut, eta ez ditut orain utziko, irudi guztien araura, ia hamar urthe huntan begiratu baititut aldatu gabe. Demokraten, juduen eta framazonen herra, aburu heietarik sendoena dut; zuek aldiz, bertzaldeko Euskaldunak, nahiz abertzaleak, nahiz liberal ezkertarrak, nahiz erran-delako fascistak (!), hauxi hortan behintzat, nitarik oso hurrunak zaudete; eta ez gara behin ere erara gerthatuko, beldur naiz. Nor da zuzen, nor okher… ez naiz eztabaidan sarthu nahi: ondo dakit ez dudala jarraitzailerik eridenen ene aberkide-maiteen artean. Behintzat ez nuke nahi bethi irriegingarritzat har nazatela, asmo eta aburu batzu ditudalakotz, gehienetan gerthatzen den bezala: Euskaldunetan, ez da hain maiz izaiten, norbaitek bere egizko (?) aburuak ukhaitea, eta ez dakhusat horrek ez duen parregingarririk…» (Andima Ibiñagabeitiari gutuna, 1953 [?], ibid., 85. or.).

1948tik 1953ra doazen bost urte horietan gertatu da Jonengan kristautasunetik zein demokraziatik guztiz urrundu duen eboluzioa, urte horiek izan dira erabakigarriak eta horietan sakondu beharko genuke bere ideia politikoak hobeto ulertzeko. Horrez gain, Ibiñagabeitiari bidalitako gutunean argi ikusten da ere Euskal Herrian bere ideiek eragiten dituzten erreakzioen aurrean haserre handi bat. Urte horietan bretoi lagunen artean eta Peillen bezalako euskaldun batzuen artean aurkitu zuen Jonek harentzat funtsezkoa zen zerbait: libertatea. Horrela azalduko dio bere tokaio eta lagun handiari, Jon Etxaideri, «Barkatu, otoi, ageriki esaten ba dizut, bainan askotan iduri zait bestaldeko Euskaldunak (bait eta hemengo BeNafarrak ere) pixka bat fanatiko zaretela fede eta politika-kontuetan. Hots, Espainolen influentza hor nabari dela uste dut. Eta guk, Frantzia, Alemania eta Bretaini Handiko kultura-atmosferan bizi garenok halako aide afrikano bat arkitzen diegu askotan zuen kontzepzinoei. Lapurdiko, eta batez ere Zuberoako euskaldunak oso bestelako dira ikusgune hortatik; eta Peillenek eta nik, bai gure etxekoen artean, bai Parisen ezagutzen ditugun Frantzes, Bretoi, Ingles etc.en artean gogoaren libertatea preziatzen ikasi dugu, eta hori gauza premiazkoa zaigu, euskaltzaletasuna bezinbeste. Espaina afrikano egon nahi bada, horrek ez gaitu ikutzen, bainan uste dugu ba dela ordu Euskalerria europartu dadin, fede-, pilosopi- eta ederti-kontuetan libertatea ezagutuz, eta horrengatik gure aldizkaria ateratzen jarraituko dugu, iñoren lagungoa gabe ere» (Jon Etxaideri gutuna, 1962/03/?, ibid., 191. or.).

Guardia zibila eta soldadu nazia  mugan

Heinrich Himmler Donostiako Gipuzkoa plazan 1940ko urrian. Argazkia Pascual Marin, Marin Funtsa. Kutxa Fototeka

Koldo Mitxelenaren Milicias Vascas-era afilizazio txartela

Jose Antonio Primo de Rivera 1935. urtean. Manuel Portilloren argazkia

Euskal literaturaren faszista seguru bakarra

Iritzi- eta gogo-askatasuna funtsezkoak dira Jonentzat eta, bere ustez, baita Euskal Herriarentzat ere; libertatea «gauza premiazkoa zaigu, euskaltzaletasuna bezinbeste». Zentzu horretan, euskal kulturaren jarduna Jon Miranderekin ez da izan bere nazismoa bezain inofentsiboa: Mirandek Euskal Herrian jasan zituen zentsura, irain eta erasoen zerrenda labur bezain zabalak beti inpresionatzen eta haserretzen nau: «Aita Mokoroa Bilboko apezpikuaren ikustera ibili zen J. Miranderen obra Espainian debekarazteko, gazteria ustel ez zezan. Aita Chabagno aldudar misiolariak frantsesez, naski, Euzko Deya-ri mehatxua igorri zion, berriz, Miranderen liburua aipatzen bazuten Indexean sartzea eskatuko ziola Vaticanoari» (Txomin Peillen, «Jon Miranderen ordeinua bere lekuan», Jakin, 106. zenbakia, 1998ko maiatza-ekaina. 18 or.). Ezagunak dira Pierre Laffitek egindakoak Jon Mirande Euskaltzaindiako kide izenda ez zezaten. Koldo Mitxelenak Miranderen «Iudaica» Eganen ez argitaratzeko erabakiaren berri dagokion artikuluan azaltzen dut. Amaia Elizaldek bere Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970), modernitate ukatua tesi inspiragarrian “(H)Aur besoetakoaren harreraren bilakaera” ataletik aurrera zentsura ezberdinak eta hauen elkararremanak eta esangurak aztertu ditu. Gogora ekarri behar dugu berriro ere Mirandek jasan izan zituen erasoak eta zentsurak ez zirela lau apaiz erok egindakoak. Txomin Peillenek kontatzen du Xabier Letek Geroren izenean jakinarazi ziola –a posteriori– Miranderen idazlan hautatuetatik hiru artikulu zentsuratzeko erabakia: «Franco hil eta bi urteren buruan Miranderen prosazko lanen biltzea Gero-k eskatu zidanean, gure idazle horren hiru artikulu kritiko kendu zizkidaten. (…) Gero argitaletxeko Xabier Letek tinta gorriz idatzi lau orrialde trinko bidali zizkidan zentsuraren justifikatzeko eta hori Franco hil eta gero» (Txomin Peillen, «Jon Mirande 1950-1960 urtetako hamarkadan», Egan, 2001, 3-4 zenbakiak. 91 or.). Ramon Saizarbitoriak ere azaldu du Gero argitaletxean berak jaso zuela Jon Miranderen gutun bat argitaletxeari bere obra aurkeztuz eta inorekin komentatu gabe gutuna apurtzea erabaki zuela, argitaletxean lan egiten zuten lagun gazteagoek euskal abertzaleen artean Mirande bezalako norbait zegoelako jakin ez zezaten.

«Miranderen nazismoa ez da marginal edo folklorikoa», dio Emilio Lopez Adanek eta, hala bada, egin dezagun kontrara berak proposatzen zuen ariketa: Mirande nazia dela sinisten badugu, «eman dezagun tratu bera bestean ere». Zentzu horretan, ni neu Arestirekin nago, 1971n Anaitasunan idatzi zuenean «Gure artean faszista seguru bakar bat dago. Hori, Jon Mirande», baina gure literaturan dagoen faxista agerikoenari buruz gehiegi hitz egin dugu, goazen hitz egitera beharbada hain agerikoak ez dinerei buruz: «Hala gertatzen da euskaldun faszistekin. Hortik dabiltza kamuflaturik, demokrata eta sozialista maskararen pean desgisaturik. Milaka daude gure alorrean; eta maltzurrek, azeri madarikatuek, Herriaren desalienazioari traba eta oztopo handiak jartzen dizkiote, produzio bideak sozializa daitezen debekatzen duten sozialista hoiek, jabetza pribatuaren kontsekrazioa benedikatzen duten sozialista hoiek, herrien autodeterminazioa ukatzen duten demokrata hoiek, oligarkiaren botereak eternaldu nahi dituzten demokrata hoiek… Bai… badaezpadako faszista hoiek» (​​Gabriel Aresti, «Badaezpadakoak eta seguruak», Anaitasuna, 219. zenbakia, 1971. urteko irailaren 30ean).

DBH 4. mailako nire ikasleei faxismoaren eta nazismoaren oinarrizko ezaugarrien artean nagusietako bat zentsura dela azaltzen badiet ere, lasai, inor ez dedila izutu Koldo Mitxelena, Xabier Lete edo Ramon Saizarbitoria faxistak direla iradokitzen dudala pentsatuz, ez baitut uste badirenik. Baina zehazki hiru egile hauek badituzte kaleak, katedrak, sariak, omenaldiak… eta hirurengan sarritan nabarmentzen da haien bizitzaren eta obraren konpromiso etiko eta demokratikoa. Ez dut nik esango nabarmentzekoa ez denik, baina bai esango dut gauzak gehienetan aurkezten ditugun baino konplexuagoak direla eta inori ez diotela mesederik egiten bakero pelikuletako «on» eta «gaiztoen» eskema sinplistak.

Euskaltzaletasuna preziatzen jarraitzen dugu, baina ez dugu oraindik Mirandek goratzen zuen «gogoaren libertatea preziatzen ikasi». Horregatik, ez dugu ulertzen eta, are, aztoratzen gaitu libertatea maite duen faxista bat, nahiz eta normaltzat jotzen ditugun zentsuran sinisten duten demokratak, baina, funtsean, ez bata ez besteak beren konplexutasunean ulertzeko ahaleginik ez dugu egiten, ez baitago hori egiterik «on» eta «gaiztoen» eskemetan.

Umore eskergarriarekin baina duen grabedadearekin fenomeno hau azaldu du Irati Jimenezek:

«Badago ohitura bat euskal literaturan guztiz normalizatuta daukaguna eta batere normala ez dena. Kontra egotearena eta ze kontra gauden esatearena, baita inork galdetu ez digunean ere. (…)

Liburu bakoitza zaku batean sartu eta zakuari muturrekoak ematen ibili beharrean, era guztietako liburuak errespetatzen ikasi beharko genuke, eta ahal den guztietatik zerbait ikasten.

Beste modu batera esanda, bukatuko dugu kontra egotearen aldeko mania honekin?

Idazleak idazleen kontra jartzeko ohitura konpultsiboarekin, adibidez.

Lauaxeta gustatzen zaizu? Ez, Lizardi! Lizardi orduan? Ez, Lauaxeta! Barkatu, Atxaga esan duzu ala Txillardegi? Esan Atxaga bai, baina ez esan Atxaga bai ez baduzu esango Txillardegi ez!» (Irati Jimenez, Begiak zabalduko zaizkizue, Elkar, 2021. 57. or). 

Gure literaturan halako round gratuitoak edonorekin egiten direla kontutan hartuta, Mirande ezin zen horretan salbuespena izan eta, harekin batera, oraintxe aipatzen ari ginen idazleetako batzuk kontrajarri nahi izan zituen Iñaki Aldekoak «Ramon Saizarbitoria eta Joxe Azurmendirekin solasean» artikuluan. Artikuluak baditu idazki hau gainditzen duen zentzugabekeria mordo bat eta benetan pentsatu nahi dut Aldekoa buruz ari zela Azurmendiren Demokratak eta biolentoak (Elkar, 1997) liburuari buruz idatzi zituen idazterakoan, bestela ez baitut ulertzen euskal literaturan aditua den inork halakoak esatea. Adibidez, Azurmendik liburuan espresuki ezeztatzen dituen hainbat gauza egozten dizkio, hala nola Mirande maisutzat hartzea demokraziaz aritzeko: «Libururako aukeratu dituen “Les maîtres penseurs” (Mirande, Spengler eta Nietzsche) ez ziren, inondik inora, maisurik egokienak hala moduzko demokrazia batean ezin asmatuz zebilen gizarte baterako». Horren aurrean, Aldekoak bere ereduak aipatzen ditu eta, Ramon Saizarbitoriarekin batera, «Aukeran, nahiago nukeen, Miranderen ordez, Koldo Mitxelena bat aukeratu izan balu, esan zuena: “Ni demokrata naiz lehendabizi, eta gero abertzale”» (Iñaki Aldekoa, «Ramon Saizarbitoria eta Joxe Azurmendirekin solasean», Egan, 2018. urtea. 3-4. zenbakia. 41. or.).

Horrelakoak irakurtzeak min ematen dit eta ez dut uste horretan bakarra naizenik, baina sentsazio desatsegin horretatik haratago, ezin diot pentsatzeari utzi Jon Mirandek ez zuela aipatutako inorekin zentsura bezalako ezer egin eta, guk dakigula, haien artean biolentzia praktikatu zuen bakarra Koldo Mitxelena izan zela, bere bataloiko kideek ematen duten irudi erromantikotik haratabo ere; beti fusila eskuetan eta Lizardiren poema liburua eta latinezko gramatika bat zorroan. Argi gera bedi nik ez dudala inolako arazorik Mitxelenak gerran faszistak erailtzearekin, uste dut zuzena, egin beharrekoa eta, are, heroikoa dela egin zuena. Baina ez nago prest bera edo bera bezalako beste idazle batzuk –edozein dela horretarako arrazoia: ezjakintasuna zein fede txarra– demokraziaren, giza eskubideen eta bakearen txapeldunak izan daitezen eta Jon Mirande eta parean egokitzen zaiona –oraingoan Joxe Azurmendi, baina beste batzuk ere izan zitezkeen–, faszista biolentoak edota, are, faszista biolento ofizial bakarrak izan daitezen.

Horrelakoak ez egia, ez bidezkoak ez izateaz gain, gure literatura eta gure mundua bera ulertzeko oztopo dira eta eginahalak egin beharko genituzke beste eskema zientifikoago, humanoago eta positiboago batzuetan aritzeko. 

Begiratu bat Francoren Espainiari

Goazen, bada, ahal bezain era eraikitzaileenean aztertzera «Begiratu bat Francoren Espainiari» artikulua. Nire ustez, artikuluaren sorburua, edukia eta muina ulertzeko giltzetako bat lehen paragrafoan argi azaltzen du Mirandek: «Harrigarria da pertsona batzuek, egiazko nazionalsozialistak hala ere, nola begiratzen dioten Espainiari elkarrekiko estimuaz; halako espainiarzaletasun batekin, ulertzen ahal dena eskuin frantziar klasikoko kontserbadoreen edo erreakzionarioen aldetik, esaterako Rivarol edo Aspects de la France aldizkari frantziarretan agertzen direnen aldetik. Ulergaitza egiten da, ordea, nola sustraitu daitekeen espiritu nazionalsozialistetan, Europa etniko baten alde dagoen L’Europe Réelle aldizkari europar baten kolaboratzaileetan».

Argi dago Mirandek norbait konkretua duela buruan, eta ez dirudi hipotesi inpertinentea artikuluaren sorburuan L’Europe Réelle aldizkarian Espainiako erregimen frankista goratzen zuen artikuluren bat idatzi zuen norbait egotea. Zentzu horretan, Miranderen argudioak eskuinetik eskuinera daude sortuak, aurrerago ikusiko ditugun ñabardurekin, baina Francoren aldeko «espiritu nazionalsozialista» horri kontraesanak azalerazi nahi dizkio mota honetako esaldiekin: «Primo De Riveraren jarraitzaile benetakoenek», edota «Primo bera baitzen, lehenik eta behin, nazionalista espainiar zentralista bat, hari edo haren kontzeptuei diegun atxikimendua edozein delarik ere».

Gauza bera egiten du Francok Bigarren Mundu Gerran Alemaniarekin izandako jarrera aipatzen duenean, izan ere, Francoren erregimena faxismora lerratu zen era nabarian Ardatzaren potentziek gerra irabazten zuten bitartean, baina neutraltasun zorrotz batera pasa zen 1942. urte amaieran tropa britainiar eta estatubatuarrak Italia inbaditu zutenetik eta era are nabarmenagoan 1943an Mussolini erori zenetik. Horregatik Mirandek aipatzen du «estratega handiak Alemaniarekiko erakutsi zuen leialtasun falta, Alemaniarentzako hain kaltegarria izan zena, eta azaltzeko, halaber, irabazle judu-demokratek bere diktadurarekiko erakutsi zuten oniritzi ulerbera, Hitlerren eta Mussoliniren obra birrintzeko gogor bai gogor borrokatu ziren bitartean».

Europan Francoren Espainiarekiko sinpatia zeukan eskuindar bati –eta gerraosteko antikomunismoaren abaroan ez ziren falta– erregimen horren kontraesanak aletzen dizkio, betiere bere ikuspegi berezitik ikusita. Joxe Azurmendik azaldu ditu ikuspegi berezi horren nondik norakoak inork baino hobeto eta, Espainia eta Euskal Herriari dagokionez, Azurmendik azaltzen dituen Spenglerren eragin kontraesankorrak azaltzen ditu artikulu honetan deigarri diren hainbat alderdi: «Spengler-ek giza historiaren morfologia famatu bat egin zuen eta han, ekialdea eta mendebalea kontrajartzen dituenean, Errusia ez da mendebalean sartzen (guk askotan entzun behar izan genuen bezala propaganda frankistan); baina Spengler-entzat Espainia ere ez da mendebalea. Eskema polita da Spengler-en hori abertzale ironiko batentzat: Euskal Herria mendebale bikainaren parte egiten duen herria da: bere muga historikoa hementxe Ebro ibaian duen mendebale horretako herri zahar jatorra; Espainia mendebaletik kanpo geratzen da, beste kontinente kultural bat da, beste espiritu bat (“Afrika Ebron hasten da”)… Beraz, Miranderen arrazismoak —asiatikoen eta afrikanoen mesprezuak— ez dauka zerikusirik jeneralean ulertu ohi dugun arrazismoarekin: h. d., odolaren edo euskal deitura edo abizen garbien kontu “bulgareekin”. (Miranderentzat euskal herri bat bai, badago; euskal arrazarik ez). Hain zuzen EAJ-PNVko demokratak iruditzen zitzaizkion benetan arrazistak Miranderi» (Azurmendi, «Mirande, berriro…», op. cit., 36 or.).

Zentzu horretan, artikuluaren parterik berezi eta zorrotzenak Mirande euskaldun abertzale gisa idazten dituenak dira. Min ematen diote Francoren pean errepresioa pairatzen duten beren herritarrak, esate baterako, terrore sexualekin mehatxatuak izan ziren aberkideak: «ez dut gogo berezirik onbera izateko estratega frankista bezalako jendearekin, zeinak agindu baitzuen, frankisten “gurutzada” bitartean, Eliza ama santuaren, gure Salbatzaile Jesukristoren, haren ama santuaren eta zalantzarik gabe santu guztien izenean, bere gerlari mairu bakoitzari neska euskaldun bat eskainiko ziola, esklabu bezala erabiltzeko». Min ematen dio Francoren euskararen kontrako jazarpenak («nire hizkuntza zanpatzen duen estatu batekin»), baita jazarpen horren ondorioz errepresioa jasaten duten aberkideak («euskaraz hitz egiteko ausardia probokatzailea edukiko zuen gaizkileak zurra bat eta isun bat merezi zuela»).

Euskaldun abertzaleak Errepublikaren alde jartzeko erabakia europear eskuindar bati arrotzak irudituko zaizkion argudioekin azaltzen du, lehenik eta behin, bere aberkideen jarrera ulertzen duelako: «Guztiarekin ere, ulertzen dut ezkerraren alde borroka, borroka odoltsua, egin zuten horien hautua, eta aitortzen dut inguruabar aringarriak eduki zituztela, jakitun baitziren frankisten gurutzadatik jaioko zela apezpikuen, koronelen eta burges harraparien garaipena, zeinen ozarkeria orain ikusten baitugu». Eta, horrez gain, Errepublikaren alde edo kontra baino, hobeto iruditzen zaiolako «edozein espainarren aurka borroka egin izan balute Euskadiren askatasunaren alde».

Horregatik, nire ustez, artikulua eskuineko publiko europear batentzat idatzita badago ere, Miranderen abertzaletasunak ideologia horren hainbat kontraesan ohi duen era pertsonalean erakusten ditu. Horretan, tarteka ez dakit testuan azaltzen den abertzaletasunak bere argudiaketari ematen dion itxuraz kontziente den ala ez, ez baitakit nahita ala nahigabe baldintzan idazten duen aditz hau; «ni liluratu naiteke, edozein bezala, on Pelayo edo Fernando Gonzalez jaiotzen ikusi zituen Espainia baten aurrean». Liluratu naiteke… baina ez naiz liluratzen, uler dezakegu.

Bitxia da ere Mirandek bere ideologian hain sakona duen antikomunismoa jorratzeko modua, erradikalki planteatzen baitu ez dela aski nazional-sozialista batentzat antikomunismoa Francorena bezalako erregimen batekin bat egiteko: «Francoren Espainiak lortu zuen komunismo sobietarra herrialdean deboilatzea, esaten da, eta beraz jo behar da Espainia aliatu bat eta arreba bat dela. Niri dagokidanez, ez nago ados, inondik ere ez, gure begirada nazional-sozialista europarra antikomunismoarekin berdintzearekin». Eta, bitxia da, komunismoa –kristautasuna eta judutasuna bezala– dekadentzia eta ahultze ikur gisa ikusten zituen Mirandek, hala ere, klase analisi zorrotza egiten diola espainiar nazionalismoari galdetzen duenean, «zer da Francoren eta bere krimen-kideen antikomunismoa, ez bada noble espainiarrek beren pribilegioak galtzeari dioten ikara alimalea? Eta zein da beren doktrinaren oinarria, katolikotasun espiritu-estu eta zaharkitu baten defentsa ez bada?».

Oriamendi, Eusko Gudariak, Cara al sol

Hau da, pentsamendu mailan testu nazional sozialista baten aurrean gaude, baina bitxi eta, tarteka, kontraesankor xamarra dirudi: abertzalea, antiespainola, arrazista, klase analisi baten zertzeladekin… Gehiegi? Ez dira ba kontraesanak amaitzen «Begiratu bat Francoren Espainiari» artikuluan bertan, Ar Stourmer aldizkariaren hurrengo alean, ETAk Zutik bere aldizkariaren 6. aleko azalean argitaratu zuen «Edo patriota edo abertzale» itzultzen baitu bretoierara Mirandek («Pe vroadelour pe dreitour», Ar Stourmer, 1962. urtea, azaro-abendua, 6. zenbakia. 72-73 orr. ).

Hau guztia beharbada hain harrigarri ere ez da, Goulven Pennaodek kontatutakoa baita aski ezaguna den pasadizoa; Aberri Egun batera Miranderekin joan zenekoa eta, biak edanda, Miranderi Iparraldeko abertzaleen izenean hitz egiteko eskatutakoan oihu egin zuela: «Su política me hace decir, España una, grande, libre! Arriba España, Viva Franco!».

Peillenek ohartarazi gaitu Miranderen ateraldi hauek harremana bazutela Mirande beraren animo egoerarekin, baina sakoneko izaera bati lotuak zeudela: «Egia da Mirandek ezezkor aldiak zituela eta depresioak hurbiltzearekin faxista sermoiak botatzen hasten zela, sendo aldietan baikorrago erregezale eta abertzaleekin ibiltzen. Behin bretoien literatura sariketa batean –“Le Prix du Rassemblement breton”– Le Pen ezagutu zuen; argazkietan ikusten da harekin koktel batean edaten. Hark gonbidatu zuen Mirande mitin batera, sartzean erosi zuen karta eta entzun zituenean hango astakeriak karta hartu eta urratu, bi ordutako lepenista hark, ezen euskalduntasuna bihotzean zeukan batek nekez onar zezakeen bere buruaren ukatzea Frantzia handiaren izenean. Gainera bazekien Le Pen bretoin abertzaleekin ibili ondoren jakobino negozioan sartu zela, Ipar Afrikatik itzulitako frantsesak lehen bezero izanki politikan benetan sartzeko» (Peillen, Jon Mirande…, op. cit., 14. or.).

Miranderen izaera zabal eta itxuraz behintzat kontraesankor honen isla, beharbada ezerk baino hobekien bere etxeko disko bilduman laburbilduta dago: «Mirandek etxean eduki eta familiak atxiki zituen pyral edo mikroildo diskoak eta 78 t. ko bilduma aipagarria da. Melomano amorratua zen: Beethoven, Bach, Schubert, Mahler, Mozart, Vivaldi eta Wagner (joaldi desberdinetan), Karl Orff eta beste; zelten eta euskaldunen musikak, Narciso Yepes gitarrista, gregoriano; Alemania, Israel eta Errusiakoak III. Reich delakoaren historiarekin lotuak; Histoire de France en musique bilduma osoa; Personnages et événements du XX°siècle, Jean Marie Le Penen hitzaurre batekin, «La guerre d’Espagne», Ignacio Balezterenaren Oriamendi, José María Garaten Eusko Gudariak, Juan Telleriaren Cara al Sol, baleta kantu eta doinuen artean ere Francoren eta José Antonio Primo de Riveraren hitzaldi zatiak. Frantses herri kantari hoberenak: Jacques Brel, Philippe Clay, Juliette Gréco, Germaine Montero,Colette Renard, Monique Tarbés eta Christophe Tisot, umoristak eta beste» (Peillen, Jon Mirande…, op. cit. 29 or.).

Beraz, hau guztiau kontutan hartuta, zer balio izan dezake guretzat Miranderen begirada honek Francoren Espainiari? Iragan garai bateko analisi bat da, «iraultza kontserbakorraren tresneria intelektual dudagarriaz» baliatuta eginda dagoena, publiko berezi batentzat eta interes batzuei jarraituz eta, ondorioz, ondorioztatu dezakegu egungo euskaldunontzat interes handiegirik ez duela. Beraz, ez dugu politikan maisutzat hartuko, ezta goraipatuko, baina bakoitzak berea duen distantzian, gure kultura garaikidean funtsezkoa den idazle bat eta bere obra gehiago eta hobeto ezagutzeaz haratago, Miranderen testu guztietan dauden txinpartetako batzuk aurki ditzakegu artikuluan; ororen gainetik Euskal Herriari dion maitasuna, batez ere, eta edozein ideia hankaz gora jartzeko trebezia aparteko bat, nire aurretik berriro ere Joxe Azurmendik hobeto azaldu zuen bezala: «Mirandek Euskal Herria jasan ezin izateraino maite izan du. Baina interesantea ez dira bere sentimentu pertsonalak, baizik horiekin egin duena: euskaldunen historia eta errealitatea osoki birpentsatzeko eta errotik eraldatzeko proiektua. Horretarako funtsean, bere inguruan besterik aurkitu ez eta, “iraultza kontserbakorraren” tresneria intelektual dudagarriaz baliatu bada ere» (Azurmendi, «Mirande, berriro…», op. cit., 41 or.).

Iruñean, 2022ko azaroan

Un regard sur l’Espagne de Franco

Il est etonnant de voir certaines personnes, de véritables national-socialistes pourtant, considérer l’Espagne avec amour mutuel : une espèce de spagnophilie qui peut être comprise de la part de conservateurs ou de réactionnaires de la droite française classique qui se montrent dans les journaux français Rivarol ou Aspect de la France, par exemple ; mais il est difficile de saisir comment elle peut germer dans les esprits nationalsocialistes collaborateurs d’un journal européen comme L’Europe Réelle qui veut reconstruire une Europe ethnique. 

Qu’est ce que l’Espagne actuelle ? Le seul pays en Europe avec la République des Français, comme de juste, étant donné qu’elle est jacobine jusqu’à la moëlle, même parmi ces Français-là qui se revendiquent non républicains ! où est le moins connu le regard ethnique et racial de la vie que nous défendons. Le pays même où il est le plus mutilé par les autorités, et ce n’est pas seulement par les autorités officielles du «grand stratège», mais aussi parmi les disciples véritables de Primo de Rivera, qui était, lui-même, d’abord, un nationaliste espagnol centraliste quel que soit l’amour que nous lui portons ainsi qu’à ses concepts.

Mais, comme l’on ne peut pas parler d’une France, quand on regarde l’ethnie comme socle d’un pays, il n’y a pas d’Espagne non plus. Autrefois il y avait des Espagnes, unies sous l’union du sceptre à la suite d’occupations et de marchandages, mais où chacune gardait son individualité ethnique, sa nationalité et ses droits et si différentes les unes des autres que le sont en vérité entre eux en France, les Bretons, les Occitans, les Normands, les Alsaciens, les Flamands et les Français, ou en Europe, les Germains, les Tchèques, les Magyars ou les Italiens. Ces ethnies-là, soumises à l’Etat espagnol, cherchèrent également, depuis la fin du XIXème siècle à retrouver leur liberté ou leur autonomie, culturelle pour le moins. C’était tout naturel à cause de la centralisation nouvelle de l’Espagne (sous l’influence des Français) qui les conduisait à leur perte tôt ou tard. C’était semblable à la lutte des Irlandais et des Samis, semblable aussi, malgré ce que croient les nationalistes de France, à la lutte des Bretons. Ils s’opposèrent à la dernière reine, à la dictature de Primo de Rivera, à la République, et ils s’opposent maintenant à Franco. Elles furent vaincues par celui-ci et alors mutilées et persécutées par lui aussi férocement que les Irlandais par l’Angleterre ou les Bretons par la France au moment de la «Liberasion». Notons tout de suite que ce sont les peuples les plus européens de l’Etat espagnol qui sont opprimés par celui-ci maintenant : Euskadi, l’ethnie ainée du Monde occidental, la Galice celtique, la Catalogne latine et gotte. Il n’y a que ceux qui sont les moins européens, les descendants de Mozarabed alAndalous et le Sud qui gagnent quelque chose dans cette union : il faut que le Nord atlantique ou méditerranéen renonce à leur profit à leurs biens matériels, gagnés par son industrie et son commerce, pendant qu’elle emprisonne ses biens culturels, langue, ? (culture), lois, coutumes et droit individuel, et ceci de part la volonté de l’Etat oppresseur.

Je suis basque ; l’on me repprochera peut-être d’être déloyal par rapport à l’Espagne et indifférent à sa grandeur. C’est vrai, je ne suis pas porté à être bon à l’excès envers des gens comme le stratège franquiste qui promit, pendant «la croisade» des franquistes, et au nom de notre sainte mère l’Eglise, de notre Sauveur Jésus-Christ, de sa sainte mère et de tous les saints, sans doute, d’offrir à chacun de ses soldats maures une fille basque comme esclave ; envers un Etat qui opprime ma langue, et pas seulement de manière cachée comme sous la Reine ou sous la République, mais au vu de tous, tant il est vrai qu’il valut, par exemple, à un quelconque malfaiteur qui eut la hardiesse provocatrice de parler basque, une bastonnade et une amende. Je peux, tout de même, m’émerveiller, comme quiconque, devant une Espagne qui mit au monde don Pelayo, Fernando Gonzalez ; devant l’ancienne Espagne des Gotts, des Latins, des Gascons, des Celtibères, qui avait une vocation européenne qu’elle montra sur les champs de bataille traditionnels où elle combattit l’Afrique et chercha à déraciner sur son sol un sémitisme introduit en elle par les Arabes et les Juifs.

Cette Espagne-là est morte, exactement comme est morte l’ancienne France des Gaulois et des Francs ; ce qui lui a succédé est un Etat centralisateur, faux patriote, mutilateur, destructeur des ethnies européennes. J’espère qu’un jour les véritables Espagnols comme les véritables Français , et non pas les métis arabes et berbères, pourront venir se rattacher à notre Europe des ethnies. Mais, avant de croire à la loyauté de leur pensée je devrai tout d’abord, les voir donner leur liberté aux autres ethnies européennes, Basques, Galiciens, Catalans, qu’ils oppriment maintenant, comme les Français devront libérer les Bretons et les autres ethnies sous leur emprise.

Dans l’attente de ce jour sacré, devant quoi diable pourrions-nous nous émerveiller dans ce pays faux fasciste, si ce n’est devant la paella et le cante jondo ? Le cléricalisme et la direction cléricale la plus stricte et la plus accomodante, qui malagit, non seulement sur le terrain de la direction de l’état uniquement, mais surtout sur le terrain de la culture (ce que l’on ne trouve pas grâce aux dieux et ce qui ne fut jamais trouvé en France, même sous le pouvoir de la très chrétienne reine), le capitalisme le plus égoïste et le plus injuste qui soit en Europe : voilà le bilan du Mouvement National après vint-six ans !

Je regrette d’avoir vu mes compatriotes devenir, pour des motifs stratégiques, les auxiliaires des Rouges qui leur avaient promis une misérable autonomie quand éclata la guerre civile, alors qu’il aurait été préférable de se battre contre n’importe quelque Espagnol que ce soit pour la liberté d’Euskadi. Cependant, je comprends ceux qui se battirent du côté de ceux de gauche, aussi sanglant fut leur combat, et je leur reconnais des circonstances très atténuantes parce qu’ils prophétiaient que naitrait de la croisade des franquistes le victoire des évêques, des colonels et des bourgeois voraces dont nous voyons maintenant l’insolence. 

Et qu’est ce qu’il reste de l’ancien antisémitisme de la reine catholique au jour d’aujourd’hui où l’un des descendants des sots est devenu dirigeant auxiliaire du royaume ? Ce n’est pas pour moins que rien que le Congrès Mondial des Juifs lui montrait sa reconnaissance pour la protection qu’il leur donna pendant la guerre (Résolutions de la Conférence extraordinaire du Congrès Juif Mondial, du mois de novembre 1944, Atlantic City, p. 9). Je crois que l’on trouve ici la meilleure explication des motifs de la tromperie du grand stratège envers la Germanie qui fut si mauvaise pour celle-ci, et aussi de l’aimable patience dont font preuve les vainqueurs juifs-démocrates pour sa dictature, alors qu’ils luttèrent si aprement pour détruire l’oeuvre d’Hitler et de Mussolini.

L’Espagne de Franco parvint à détruire le communisme soviétique dans le pays, dit-on, et il faudrait donc la considérer comme une alliée et une soeur. Quant à moi je refuse net que soit réduit à l’anti-communisme notre regard national-socialiste européen. Ou alors je prendrais comme modèle l’Etat du Vatican ! Par ailleurs qu’est ce que l’anti-communisme de Franco et de ses co-criminels si ce n’est la terreur énorme des nobles espagnols devant la perte de leurs privilèges ? Et quel est le socle de leur doctrine si ce n’est la défense d’un catholicisme étroit d’esprit et obsolète ?

Ce n’est pas sincère en plus parce que les chefs de la croisade nationale criaient : «Antes España roja que España rota !» (plutôt une Espagne rouge qu’une Espagne rompue) ; ce n’est pas non plus efficace, car quand commença cette horrible croisade il n’y avait aucun communiste en Espagne parmi le peuple, pour ainsi dire, alors qu’ils sont maintenant si nombreux parmi les exilés et parmi le peuple qui demeure en Espagne et qui attend plein d’espoir libération et épanouissement de la part du marxisme.

Nous savons qu’elle n’a pas raison. Elle a de bonnes excuses, cependant…

 

Jon Mirande
«Ur sell ouch bro-Spagn Franco»,
Ar Stourmer, 1962. urtea, 4-5. zenbakia. 51-52 orr.
Padrig an Habaskek bretoieratik egindako itzulpena

 

Note du Padrig an Habask traducteur en français:
L’auteur emploie volontairement le mot «Liberasion», mot français maquillé en breton, (alors qu’il existe le mot breton dieubidigezh, que l’auteur connait) pour déprécier le terme «Libération» (… de la France par les alliés).
Je n’ai pas compris, ni traduit par conséquent, à la fin du troisième paragraphe : «diveotiad devant (kultur)». Ce mot n’est dans aucun dictionnaire, papier ou en ligne que je connaisse. Di privatif + beotiad, béotien ?

Euskal dantzariak bisitan etorritako Hitleriar Gazteriko kideen omenezko dantzak egin ostean Falangeak 1941eko maiatzean Donostiako Perlan antolatutako ekitaldian. Argazkia Pascual Marin, Marin Funtsa. Kutxa Fototeka.