Meza katoliko-foruzalea Iruñeako zezen-plazan 1931ko ekainaren 31n. Jose Joaquin Arazuriren Artxiboa

Dogma berriak

Dogma berriak

Hona zer irakur zitekeen La Terre Retrouvée Frantziako sionisten egunkariko 1. zenbakian (545), ‘Eliza bere Hogeigarren Mendearen bila’ izenburupean, aurten bilduko den Eliza Katolikoaren Kontzilioaren harira:

«Lehen urrats zeharo garrantzitsua Prestaketa batzordeak egin du orain gutxi. Poligenesiaren guztiz kontra agertu da; hau da, elkarrengandik aldenduriko eta amankomuneko jatorririk gabeko zenbait giza arraza sortu zirela baieztatzen duen doktrinaren kontra».

Pio XII aita santuak esana zuen, jada, ezin zela halako doktrinarik onartu, baina lehen aldiz aurkeztu da orain monogenesia dogma nagusi gisa. Elizak, 1962an, dogma maila ematen badio orain arte platonikoa zen baieztapenari hots, gizaki guztiak Adam eta Evarengandik sortuak zirela eta ondorioz guztiak zirela elkarren neba-arrebak, arrazakeria gaitzetsi egingo da sinesmen okerra den aldetik.

Dogma berri horren arabera, kristau arrazista kristau aizuna izango da. Argi uzten du horrek zer nolako ondorio garrantzitsu eta benetakoak izan ditzakeen dogma berriak ezartzeak edo garai batean aldarrikatutakoak aldatzeak (eta haietako batzuk hilgarriak dira).

Elizaren Kontzilioak halako gehiago iragartzea espero dugu, juduei dagokienez. Horrelakorik egingo ez balu, zeharo dezepzionatuko gintuzke.

Baina seguru nago gure Aita Santuak, dogma berriekin edo gabe, ez dituela judu gaixoak dezepzionatu nahi izango…». 

 

Nolanahi dela ere, oso irakasgarria zaigu aldizkari judu batean argitaratu den Eliza Katolikoaren Kontzilioaren helburuen gaineko (ustezkoak edo benetakoak) artikulu hau, argi uzten baitu Israel fede handiz itxaroten duela Eliza kristauen laguntza eraginkorra, Mendebaldeko Europa mendean hartzeko duen xedea burura eramateko. Tempora mutantur… eta, dudarik gabe, ez gaude jada Agobard donearen edo Inozentzio IIIaren garaian!

Galdera bakarra planteatuko dut: zer lotura du mono- edo poligenesiaren arazoak, zinez auzi antropologikoa baita, edozein elizak dogmak aldarrikatzearekin? Gainera, monogenesiaren hipotesia egiazkoa balitz ere, ez dut inola ere ikusten zergatik izango litzatekeen arrazakeriaren kontrako argudioa: antropologo judu, kristau, sinesgabe zein ateoek haietako gehienek, bederen Eraldaketaren doktrina onartu dute, zeinaren arabera gizakiak eta gizakiaren antzeko tximinoak senide gertukoak baitira. Alabaina, inork ez du sinesten hortik ondorioztatzen denik gorilak edo orangutanak bere neba-arrebak edo bere antzekoak direnik!

Jon Mirande

«Dogmennoù nevez»,
Ar Stourmer, 1962. urtea, martxoa-apirila, 2. zenbakia, 19. or.
Bego Montoriok frantsesetik egindako itzulpena

Mikel Soto

Moraltasun erradikal bat exijitzen duen immoral bat

Kanpora begira egoteko eta kanpotik barrualdea ikusteko

Angelo Giuseppe Roncallik Juan XXIII.a izenarekin aita santu izendatu eta hiru hilabetera, 1959ko urtarrilaren 25ean, «Eliza unibertsalerako kontzilio ekumeniko bat» deitu zuen. Kontzilioaren helburu nagusia argia zen, Eliza katolikoa modernizatzea, mendeak baitzeramatzan modernikotasun orotik urrun. «Elizaren leihoak ireki nahi ditut, kanpora begira egoteko eta kanpotik barrualdea ikusteko», honela laburbildu zuen Juan XXIII.ak kontzilioaren helburua.

1959ko ekainean, Vatikanoak urriaren 30a baino lehen kontziliazio-gaiak proposatzera gonbidatu zituen gotzainak (2.594 ziren), ordena eta kongregazio erlijioso nagusiak (156) eta unibertsitate katolikoak. 1962 eta 1965 bitartean lau saio egin ziren, beti udazkenean eta bakoitza bi edo hiru hilabete inguruko iraupenarekin. Bertaratu ziren 2.540 apezpikuetatik, 1.000 europarrak ziren, beste hainbeste amerikarrak, 300 Afrikakoak eta 300 Asiakoak. Horiei katolikoak ez ziren 93 behatzaile eta 480 aditu gaineratu beharko litzaizkieke, horietatik 42 laikoak.

1961eko abenduaren 25eko Humanae salutis buldaren bidez ofizialki kontzilioa deitu zuen, eta lehen saioa 1962ko urriaren 11tik abenduaren 8ra bitartean izan zen. Juan XXIII.aren inaugurazio hitzaldiak anatemen bidez hutsak ez kondenatzeko asmoa eta kristauen arteko batasunaren bilaketa azpimarratu zituen.

«Uste dut»

Monogenismoa, era oso sinplean azalduta, zera da; giza arraza guztiak gizaki primitibo eta bakar batetik datozela dioen doktrina. Eliza katolikoak gutxienez Goi Erdi Arotik defendatu du giza arraza osoa gizaki bakar batengandik datorrela: Bibliako Adan. 

XVIII. mendean zehar hainbat ikerlarik egindako aurkikuntza zientifiko ezberdinak geologian, biologian, Historiaurreko eta Antzin Aroko ikerketan…, Eliza katolikoak mendeetan defendatutako hainbat dogma zalantzan jarri zituen, besteak beste monogenismoa. Besteak beste, garai hartako aurkikuntza geologikoek Lurraren adina Genesiaren interpretazio zorrotzarekin bateragarria zena baino askoz ere zaharragoa zela frogatu zuten.

Horrez gain, Eboluzioaren teoriari «Uste dut» apal batekin eman zion hasiera Charles Darwinek Espezieen jatorria argitaratzen du 1859. urtean, komunitate zientifikoa inarrosiz eta Eliza ezberdinen erantzun bortitza sortuz. Baina Bibliaren Genesiaren kontakizuna ezinezkoa zela frogatzen zuten ebidentzia zientifikoen pilaketaren aurrean, zenbait pentsalarik poligenismoa proposatu zuten, egitate zientifikoak beren fedearekin adiskidetzeko asmotan. Zientzialari askok uste dute gizadiaren historiaren hasieran ez zela bikote bakarra izan (monogenismoa), aitzitik, eboluzioaren prozesuan giza bizitza gutxi gorabehera aldi berean sortu zela hainbat lekutan (poligenismoa). Bistan dago, Mirandek dioen bezala, eztabaida hau, izatekotan, zientifikoa dela, ez dogmatikoa. Hala ere, poligenesiak kristautasunaren eta, bereziki, Eliza katolikoaren aurkakotasun sutsua izan zuen eta orduz geroztiko Leon XIII.a, Pio X.a, PIo XII.a, aita santuek zirrikiturik gabe monogenismoaren alde azaldu ziren. 

Luzea eta anitza da erlijioaz haratago, monogenismoak zein poligenismoak arrazismoarekin duten harremana. AEBetan, kristautasunaren adar ezberdinetako kideetako batzuk, esklabotza justifikatzeko zientzia enpirikora jo zuten, Europan beste batzuk arraza tipologiak egiten hasi baino lehenxeago eta, XIX. mendetik XX. menderako aldaketan eta mende berriaren hasieran, arrazari lotutako teoria ezberdinek indarra hartzen dute, mendearen erdian Bigarren Mundu Gerra eta Holokaustoa gertatzen diren arte.

 

Berezkoa dugun bekatu originala protoparente beretik datorkigu

Bigarren Mundu Gerra ostean, 1950 urtean, Pio XII.a aita santuak indarrean jarritako Humani Generis entziklikak «doktrina katolikoaren oinarriak azpijatea mehatxatzen duten iritzi oker batzuk» gaitzetsi nahi zituen horien artean, materialismo historiko eta dialektikoaz gain, existentzialismoa gaitzetsi zuen, Joxe Azurmendik gogoratzen duen bezala eta, poligenismoari dagokionez ez du dogma zahar horretan inolako zirrikiturik irekitzeko asmorik.

Entziklika horretan, Pio XII.ak zera zioen: «Batzuek, de facto, diskreziorik eta zuhurtziarik gabe onartzen dute sistema eboluzionista, nahiz eta natur zientzien eremu berean ere ez den frogatu eztabaidaezina dela» (Humani Generis entziklika, 3. Gazteleratik itzulpena nirea). Gezur borobila dio Iruñean, Lizarrara eramateaz gain, Opuseko Unibertsitatera daraman etorbidea duen Pio XII.ak Eboluzioaren teoria eztabaidaezina izan dela dioenean. Izatez, bere teoriaren hainbat alderditan Darwin oker zegoela frogatu du komunitate zientifikoak, baina funtsean ez.

«Beste hipotesiari buruz ari garenean, poligenismoarenari buruz alegia, Elizaren seme-alabek ez dute askatasun bera; izan ere, fededun kristauek ezin dute onartu Adanen ondoren lurrean sortze naturalaren bidez protoparente beretik ez zetozen benetako gizakiak izan zirela dioen teoria, edo Adan lehen aita askoren multzoa dela dioen teoria; izan ere, ez da argi ikusten epai hori nola konbina daitekeen errebelatutako egiaren iturriek eta Elizaren Magisteritzako agiriek jatorrizko bekatuari buruz irakasten dutenarekin, Adan bakar batek egin zuena –indibidualki eta moralki–, eta sortzez gizaki guztiei transmititzen zaienez, bakoitzari berezkoa zaio bekatu hori» (Humani Generis entziklika, 30. Gazteleratik itzulpena nirea).

Larriagoa eta nazkagarriagoa iruditzen zait monogenismoa defendatzea teoria horretan munduko gizaki guztiok aitarengandik jasotzen dugulako sortzezko bekatua, dogmatismo antizientifikoagatik egitea baino. Hala ere, Eliza katolikoa ezagututa tripek ezetz esaten didate, baina ez dakit aurrerapen feminista gisa ikusi behar ote dugun sortzezko bekatuaren ardura eta transmisio hori ez zaiola Evari egozten, Elizaren narrazio honetatik guztiz at dagoena –tripak sekula ez dira okertzen–. Edonola ere, misoginia judeokristauaren testu fundazionala den Genesian dauden gezur eta kontraesanak hobetu aztertu ditu Irati Jimenezek; «Jainko gezurti baten historia da, eta bere aitaren gezurrak estaltzen dituen semearen historia, bere libertatea endekatuz, bere emaztea salduz, bere begiekin ikusi duena ukatuz. Emazte horri buruz ez dakigu asko, baina nahikoa da: dena ikusi du» (Irati Jimenez, Begiak zabalduko zaizkizue, Elkar, 2021. 229-231. orr).

Jainko gezurti horren seme-alaba gezurtiak gorroto zituen Jon Mirandek era oso extensiboan, berez, harekin ados bainago Yahve jainko gorrotagarri bat dela dioenean –eta gorrotadorea, gaineratuko nuke, «Dios de las venganzas»–. Harekin konpartitzen ez dudana da hortik sortutako guztiarenganako gorrotoa, adibidez, marxismoarenganakoa, baina baita ere Jesusen mezu humanistarenganakoa ere.

XXI. mendearen atarian eboluzioaren teorian hipotesi bat baino gehiago aintzatesten hasita

Mirandek «Dogma berriak» artikulua idatzi zuen unean baita gerora ere–, monogenismoa zegoen indarrean Eliza katolikoan eta berak salatzen duen Kontzilio ekumenikoaren ondotik aldaketak ez dira handiegiak izan. Juan XXIII.aren ondotik Eliza katolikoak isiltasun harrigarri bat izan zuen hamarkadetan zehar, harik eta, 1996ko urriaren 23an, Joan Paulo II.a Aita Santuak Zientzia Akademiaren aurrean egindako hitzaldi batean, honako hau esan zuen zuen: «[Humani Generis] Entziklika argitaratu eta ia mende erdira, ezagutza berriek eboluzioaren teorian hipotesi bat baino gehiago aintzatestera garamatzate», eta zehaztu zuen eboluzioaren teorien aldaketa horiengatik gehiago hitz egin behar dela (Benedikto XVI.ak eta Frantziako aita santuek gaiari buruz gehiegi hitz egin nahi izan ez duten arren).

Kontzilio ekumenikoak Euskal Herrian izandako islari buruz informazioa bilatzen, berriro ere honetan ere maisu dugun Joxe Azurmendi Karlos Santamariari buruz idatzitako lanarekin topo egin nuen ezinbestean, eta zegamarrak moral askatasunari buruz idatzitakoan, Mirandek askotan pentsatutako, sentitutako egia batera heltzen da, izan ere, zuberotarrak askotan pairatu zuen Azurmendiren egia: katolikoek –igoal zait jainkoan sinisten dutenak zein kristau ateoak– borondate ona ukatzen diete beste kredoetakoei: 

«Mugimendu ekumenikoa Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren bakarrik hasi da indar pixka bat hartzen katolizismoan (1964ko azarokoa da Ekumenismo dekretua). Santamaria, horretan ere, mugimendu ekumenikoan, sensu stricto, eraginkor jardun den arren, hemen espiritu ekumenikoaz arituko gara soilki, adiera zabal batean.

Ez dago espiritu katolikoaren gauza kontrakoagorik itxikeria eta sektarismoa baino, eta, halere, erraz eta erruz agertzen da katoliko fededun arruntengan zein buruzagiengan. Eliza egiaren altxor unibertsal agortezinaren, egia “katolikoaren”, jabe da; baina hala delako, hain zuzen, ezin izan daiteke alderdikoia. Katoliko askok, ordea, pagano balira bezala jokatzen dute, hau da,

“… como si la religión fuese el bien particular de una casta o de un pueblo, dando a estas palabras no la significación mística que la Iglesia les atribuye, sino un sentido terrenal y casi guerrero o nacionalista” [Karlos Santamariaren hitzak dira].

Bestela pentsatzen edo sinesten dutenei buruz jarrera asko gainditzeko, eta aurreiritzi sinplista asko zuzentzeko, teorikoki eta praktikoki sakondu beharko litzateke katolikoen hezkuntza espiritu katolikoan.

Maiz, katolikoek, buruengandik hasita, borondate ona ukatzen diete beste kredoetakoei» (Joxe Azurmendi, Karlos Santamariaren pentsamendua, Jakin, 2013. PDF fitxategia ez dago zenbakituta).

Moraltasun erradikaleko immorala

Eliza katolikoaren kontraesanak auzi honetan nabariak dira, eta horiek azalerazi nahi ditu Mirandek dogma berriez hitz egiteko orduan, beti bezala, eztabaida urrunago eramanez, zentzu guztietan, teorikoki zein politikoki. Politikoki eztabaidan bere uste eta tesi antisemitak gogor planteatuz, batzuetan ohi duen diskurtso zakarrarekin. Baina, horrekin batera, teorikoki eztabaida urrunago darama Mirandek: «Galdera bakarra planteatuko dut: zer lotura du mono- edo poligenesiaren arazoak, zinez auzi antropologikoa baita, edozein elizak dogmak aldarrikatzearekin?».

Izugarri trebea da Mirande horretan, baina ez soilik diskurtsiboki, sakonki erradikala da arazoak planteatzen, adibidez, «Gure sinestea» artikuluan galdetzen digunean, «Ariman sinesten dudanez gero, Jainkoarengan ere sinetsi beharko ote?». Edo Jon Etxaide lagun kristauari planteatzen dionean, «Niketz, esaterako, ez naiz erliginoen etsai, bainan aitzitik, erligino-auziak asko interesatzen eta kezkatzen nau. Bai, esan nezake kristauak baino erliginosoagoa naizela ere, hauiek Jainko bat bakarrik adoratzen baitute, eta nik berriz, neo-pagano eta polytheista naizen aldetik, bat baino askoz geiago…» (Jon Etxaideri gutuna, 1962/03/?. Jon Miranderen gutunak: 1948-1972, Patri Urkizuren edizioa, Susa, Zarautz, 1995. 191. or.).

Katoliko zenbaitentzat immorala da Jon Mirande, Jon Miranderentzat immoralak dira katoliko zenbait; Igelan argitaratutako «Igel klerikala: Kofesio ona» idazkiaren amaieran argi eta umoretsu azaltzen du: «Ba dakigu Igelari buruz uste zoroak zabaldu direla lurrean eta zeruan; besteen artean antiklerikal omen direla aldizkari eder ta sakon horren idazle jaun batzu. Bearbada baten batek pentsatuko du goiko ipui horrek ere antiklerikalismuaren kutsua daukala. Baina ez da hala! Hain zuzen ere, kontrarioa da: ipuiak argi erakusten du apaiz katolikoaren nagusitasuna pastorearen aldera, azkenengo honek ez bezala lenengoak humorearen zentzua gordetzen baitaki pekatu kontuetan ere. Pekatu ariñak direnean beintzat hala nola baita norberaren emazte zuzenekoa hiltzea» (Igela: Euskaldun heterodoxoen errebista, Hordago, Donostia, 1979. 65-66 orr.)

Joxe Azurmendik duela jada 45 urte agerian utzi zuen Miranderengan immoraltasuna epaitu nahi dutenak, azalean geratu behar direla halabeharrez, moraltasun erradikal baten jabe delako, dogma zahar zein berrietan erraz sartzen ez dena: «Faxista hau ez da faxista. Inmoralista hau funtsean moraltasun radikal garbi bat esijitzen ari da. Pagano hau mistiku bat da. Izpiritualista hau, poeta sensual-sensuala. Sinesle hau, eskeptiko galdu bat azkenean.

Non dago bera, gizon hau? Moralaren arazoa, bizitzaren eta heriotzaren sentidua, gizona zer den, arima zer den, erlijioa eta jainkoak zer diren, zorrozki aztertu ditu, pietate gabe; “zihurtasun kolektibu” guziak profanatu eta birrindu ditu, soluzioa aldera apuntatu du, eta dena airean zintzilik bezala utzi digu azkenean. Ez dio errematea eman diskursuari.

Trebeagoa da Mirande problemak erazten, soluzioak jazten baino. Kritikua da eta bakana» (Joxe Azurmendi, Mirande eta kristautasuna, Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1978. 147. or).

 

2022ko abenduaren 28an

 

Noveaux dogmes

Voici ce que l’on pouvait lire dans le numéro 1° (545) de La Terre Retrouvée, le journal des sionistes de France, sous le titre L’Eglise cherche son Vingtième Siècle, à propos du Concile de l’Eglise catholique qui se réunira cette année :

«Un premier pas d’une importance capitale a été fait voilà peu par le Comité de préparation. Il s’est déclaré fermement opposé à la polygénèse, c’est à dire à la doctrine selon laquelle seraient nées ensemble plusieurs races humaines, mais séparées les unes des autres, et sans origine commune».

Le Pape Pie XII avait déjà déclaré que l’on ne peut pas accepter pareille doctrine ; mais c’est la première fois que l’on présente la monogénèse comme dogme principal. Si l’Eglise met au rang des dogmes, en 1962, l’affirmation, platonique jusqu’à présent, que tous les hommes sont issus d’Adam et Eve, et qu’ils sont tous, par conséquent, frères entre eux, le racisme sera condamné comme croyance erronée.

Un chrétien raciste sera, selon ce nouveau dogme, un faux chrétien. Cela montre quelles conséquences importantes et réelles peut amener l’annonce de nouveaux dogmes ou la mutation de dogmes proclamés autrefois (et certains d’entre eux sont mortels).

Nous espérons que le Concile de l’Eglise en annoncera de nouveaux en ce qui concerne les Juifs. S’il ne le faisait pas nous serions grandement déçus.

Mais je suis sur que notre Saint-Père ne voudra pas décevoir les pauvres Juifs, nouveaux dogmes ou pas…

Quoi qu’il en soit, il nous est bien instructif cet article sur les objectifs (supposés ou réels) du Concile de l’Eglise catholique, publié dans une revue juive, parce qu’il montre clairement qu’Israel attend avec foi, pour mener à bien son dessein de domination en Europe de l’Ouest, soutien et aide efficace de la part des Eglises chrétiennes. Tempora mutantur… et nous ne sommes plus, sans aucun doute, au temps de saint Agobard ou d’Innocent III !

Je ne poserai qu’une seule question : qu’est ce qu’a à voir le problème de la mono- ou de la polygénèse, alors qu’il s’agit d’un problème strictement anthropologique, avec les proclamations des dogmes d’une église quelconque ? De plus, même si l’hypothèse de la monogénèse était vraie, je ne vois d’aucune manière pouquoi elle serait un argument contre le racisme : les anthropologues juifs, chrétiens, païens ou athées la plus grande partie d’entre eux du moins ont accepté la doctrine de la Transformation, selon laquelle sont proches parents entre eux l’homme et les singes semblables à l’homme. Tout de même, personne ne croit qu’il en découlerait que le gorille ou l’orang-outang, serait son frère ou son semblable !

 Jon Mirande
«Dogmennoù nevez»,
Ar Stourmer, 1962. urtea, martxoa-apirila, 2. zenbakia, 19. or.
Padrig an Habaskek bretoieratik egindako itzulpena

Kontzilio Vatikanoaren hasiera 1962ko urriaren 11