1Soldadu alemanak Bretainiako Brest hirian, putetxe bihurtutako sinagoga batean 1940 urtean. Alemaniako Bundesarchiv

SS haiek noiz itzuliko

SS haiek noiz itzuliko

Mailu bedeinkatua

Gure ikuskapenak serioak dira. Ahazturik dugu barrea. Egia da bai gure oraingo mundu honen norabide aldakorrean inon atsegina erdiestea. Bada, dagoeneko ez baldin badugu irri egiterik, lor dezagun etsaiak amorruz eroaraztea: haien espantuek kontsola gaitzaten bederen. Hortaz oraingoan Horila Aragudja bardo gotikoak konposaturiko kantu baten itzulpena eskaintzen diegu; ume gaiztoek kantatzea ukanen dute, harako Juluan [sic] Kadoudal hark ohi zuen aire berean hain segur.

SS haiek noiz itzuliko

SSak itzul daitezenean
Frantziara guda ankerra gidatzera,
Inguruan oro aurrikin dadinean
Huraxe guretzat atseginaren gorena.

Oihu-orroka eginez: «Horra munduan direnetan
soldadurik agian hoberenak,
burges harroak hiltzerat etorriak;
jagoitik ez du inork bizirik iraunen».

Bandera gorri beltza hedaturik
batailoi zailduak karriketan,
judu ustelak ke bihurturik
Yahwehren xerka zerurat hegan.

Irriz alai gure endako neskutsek
Gerlari garaileei ofrituko
Besatarak, lili ederrez gainez,
eta bihotza… eta beren soin zuria…  

Ailitez SSak armetan berriz
frantsesen lurraldean barna etor,
orduan berpizturik liteke aberria
eta hilik litezke gure etsai zikinok oro.

SSak armetan berriz martxatuz
Frantsesen lurraldean barna izan daitezenean
Berpizturik izanen da gure aberria
Eta hilik gure etsai zikinok oro.

Horila ARSGUDJA
(Gotikotik RIGOVIXek itzulia)

 

Jon Mirande
«Pa zeuio an SS endro», Ar Stourmer,
1962 urtea, martxoa-apirila, 2. zenbakia. 22 or.
Edorta Jimenezek frantsesetik egindako itzulpena

 

Padrig an Habask itzultzaile bretoiaren oharra:
Sarrerako tituluak –«Ar mell benniget»– (ikus mell hitzaren itzulpena bretoierazko devri hiztegian) katearen begia edo maila esan nahi du, baita ere mailua, hots, beste mundura igarotzeko tenorean luzatzen zirenei burezurra krakatzeko balio zuen harritzarra. Mailu edo harri hau, elizak bedeinkatua dena, Roparz Hemon idazle bretoiaren eleberri bateko gaia dugu. Litekeena da, bada, titulua hortik etorri izana.
«dan o arvoù». Haien armen azpian. Bretainieraz ez da arv hitza, arm-où erabiltzen da; haatik, galeseraz bada arf-au hitza (arv ahoskatu behar da), arma esangurarekin. Jakinda zenbait garbizalek zer joera bizia duten breizera galeserazko hitzez plakatzeko / estaltzeko…
«ton-bale Kadoudal». Sarrerako azken zatiak Kadoudal, harako chouan buruzagi haren martxa-aire biziki ezagunari egiten dio erreferentzia. 

Mikel Soto

Guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?)

Horila Arsgudja bardo gotiko ospetsuaren kanta

Jon Mirandek bretoiez idatzitako lanen bila hasitakoan, bere «SS haiek noiz itzuliko» («Pa zeuio an SS endro» [Hvan aftraqimand pai SS-wairos] bretoieraz) poema ez nuen berehalakoan aurkitu, izan ere, Institut de Documentation Bretonne et Europèenne erakundeko Breton and European Digital Libraryk digitalizatuta daukan Ar Stourmer aldizkariko 1 eta 6 arteko aleen artean badago ere, ezizenez sinatua dago. Beraz, idatzi honen berri –beste kasu batzuetan bezala–, Francis Favereauk, Renneseko unibertsitateko irakasleak, 2000. urtean Lapurdum aldizkariaren 5. zenbakirako «Goulven Pennaod, Jon Mirande et la Bretagne», idatzitako artikuluaren bidez izan nuen. Artikuluan, Goulven Pennaoden 1998ko otsailaren 10eko gutun bat dago, unibertsitateko Rennes II ikerketa laborategiko kideek egindako bretoieratik itzulia eta, bertan, Pennaodek Jon Mirandek Ar Stourmer aldizkarian egindako kolaborazioak aletzen eta azaltzen zuen eta, haren esanetan, 1962ko martxo-apirileko Ar Stourmer aldizkariko 2. alean, «Dogma berriak artikuluarekin batera, «“Horila Arsgudja bardo gotiko ospetsuak” (ikus 6. oharra; esanahia “Apaiz putazale alferra” edo “apaiz ipurdizakila” zentzuan) izkiriatutako kantu bat dago, horren izenburua gotikoz Hvan aftraqimand thai SS-wairos (“SS haiek noiz itzuliko”) izango zen, eta gaineratzen zuen “ume gaiztoek kantatzea ukanen dute, harako Julien Kadoudal hark ohi zuen aire berean”. Ez nuke esango maisulan bat denik!».

Pennaoden kontakizuna zehatzago egiteko bi gauza gaineratuko nituzke, poemak «Ar mell benniget» izenburudun sarrera zeukala eta, ustez, gotikotik Rigovix delako batek itzulia zela, izan ere, Mirandek jolasa mugaraino eraman nahi izan zuen.

Hala, bada, Padrig an Habaski testua bidalita, berak egin zuen bretoieratik itzulpena frantsesera eta Edorta Jimenezek frantsesetik euskarara itzuli zuen Jon Mirandek Horila Arsgudja bardo gotiko zein Rigovix goitizenekin sinatutako SS edo  Schutzstaffel eskuadroi nazien omenez idatzitako kanta hau. 

Guduka guztietara gerthu 

«Zergatik idatzi izan ditut? Gogoak hala eman zerautalakotz nabaski. Behin euskaldun –eta– Fededun batek hauxe egotzi deraut –erderaz jakina; egoki denetik, euskaraz ez baitzekien. “Uste al duzu Euskara ta Euskadi gaizkatuko dituzula, olerki pantheistak idatziz?”. Ez jauna, ez dut hori uste. Daukat Euskara ta Euskadi gaizkatzea lehen jo-muga ukhan behar lukeela Euskal-herritar jathor orok; ene aldetik, jo-muga horren irixteko, guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?) bainan, neurthizketan dihardudalarik, bertzerik dut gogoan: oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak –hots– “for the happy fews”. Aithorr dut poeta on batek, den pantheista ala papista, ez dakharrkeola herriari… pelotari on batek baino onura gehiagorik. Hain zuzen ere, ene neurrthitz ok ez ditut onurarako eginak, solhazerako baino; zilhegi baitzaiku noizik behin jo-muga gurenak aldebat utzita, zolhazik nolaerebait bilhatzea.

Nire poema hauk irakurri ondoren, bildur naiz zenbaitzuen bizar veneragarriok asarrearen asarreaz zutituko zaizkidala dena lizunkeria eta blasphema merkhe naizelakoan. Zer nahi duzue? Ene asmoak ene ametsak, ene oharrtikasiak hartu ditut idatzgaitzat, idazle guzien areriora. Balaiteke zuenak bezain argi ta garbiak ez izaitea. Txit negar-egingarri zait bainan… neureak dira eta atxikia natzaie.

Neholaz ere ez nuke nahi, haatik, zuen bihotz aratzak ni naizela zio urdint litezen. Hori itzur-ehi da, ordea: aski duzue ez irakurtea; ez natzaizue batere aiherr izanen?» (Jon Mirande, «Hitzaurre antzo (Lapurtar klasikoz)”, in Txomin Peillen, Jon Mirande, olerkaria. Jon Mirande poète parisien, Euskaltzaindia, Bilbo, 2012. 41. or.).

Mirande berari utzi diogu bere poemei buruzko aurkezpena egitea, 1953an idatzitako «Hitzaurre antzo (Lapurtar klasikoz)» testuaren bidez, izan ere, liburu bakar bat argitaratu gabe joan bazitzaigun ere, 1953an poema bilduma baterako hitzaurre hau idatzi zuen, Peillenek argitzen duenez, «berak 1953. urtean aurkeztu olerki bilduma ez zen, bera hil ondoren baizik, 1976. urtean argitaratu» (Peillen, ibid., hitzaurrea, XXIII. or).

Kontatu dut Mirandek erdaretan idatzitako lan guzti hauek itzuli eta argitaratzeko egitasmo honen berri Txomin Peilleni garaiz ez emateak ageriko arrazoiengatik sortutako minak, baina baita, praktikoak diruditen arren, sakonagoak diren arrazoiengatik. Eztabaidaezina da Peillen izan dela Miranderen «albazea» eta beldurrik gabe esan dezakegu nekez aurkituko zuela idazleak hoberik, bere obra bildu, zaindu eta zabaldu baitu, zientifikoki, baina baita laguntasun eta hurbiltasun irizpide eder batzuekin. Hala, bada, Mirandek ez zuen nahi izan kantak prestatu zuen bilduma horren parte izatea, Peillenek aspaldi argitu zuenez: «Ingeleratlk eta frantsesetik ere kantuak itzuli zituen, euskarak kantu berrien modernotasunean sartu behar zuelako. Préverten Les feuilles nortes, eta Sartren Dans la rue des Blancs Manteaux, 5tan Jonesen Unai zar bat eta beste batzu 1950 urte haietan idatzi zituen; ez zuen nahi izan bere poemen artean argitara zitezen. Berea da ingeles musika batekin egin zuen Ene Maite Kattalin. Miranderen ipuin eta poemak bizirik diraute kantarien eta Rock talde batzuen ahoetan» (Txomin Peillen, «Jon Mirande 1950-1960 urtetako hamarkadan», Egan, 2001, 3-4 zenbakiak. 78 or.). Hala ere, pentsatu nahi dut ongi irudituko litzaiokeela asmo hau.

Amaiera. Berlin, 1945eko maiatza. Mark Redkinen argazkia
Hugo Sperrle eta Wolfram Freiherr v. Richthofen Espainiako Gerra Zibilean, 1936. urtean. Alemaniako Bundesarchiv
Jon Miranderen Fatum marrazkia. Lapitzez eginda, datarik gabe. Bilduma pribatua. Aurelia Arkotxaren “Euskaldun gorputz sendo ta bihotz ezti versus Euskaldun guduzale” artikulutik hartua

Musikari lotua

«Maiz entzun izan dugu euskal poesia, oraintsu arte eta are orain bertan, musikari lotua ibili dela. Hori, gehiegizko baldin bada ere erabat harturik, egia da bai Ziburuko Etxeberri teologo jakintsuari dagokionez eta bai, orobat, latinez ikasten abiatu berria zenean hil zitzaigun Txirrita ezjakinari bagagozkio» (Koldo Mitxelena, “Euskal hizkera eta euskal neurkera», Euskera XXII, 1977. urtea. 723 or.). Euskal poesiari musikari guztiz lotua egona zela eta bazegoela zioen Miranderen lagun Koldo Mitxelenak eta Miranderenak musikari erabat harturik ez bazeuden ere, bazuen harentzat musikak garrantzia poesian, hots kidegoak eta erritmoak bereziki eta horiei buruz hitz egin zien Mirandek berak 1953an Andima Ibiñagabeitia lagunari honek Radio Euskadin egindako elkarrizketan:

«Ondo dakizu hots kidegoaz gainera badela beste zerbait neurtitzak ozen eta durrunditsu bihurtzen dituena, ritmua alegia. Ritmua hitzen gaindi dabil eta hitzen aukerak olerki osoari ritmu hori erantsi diezaioke. Batzutan agiria da, besteetan ez hain nabaria.

Hitzen arimari eta itsatsita baitabil. Beraz ritmu nabaria eta ritmu izkutua bereziko nituzke nere olerkietan. Erbesteko poesi eskolak ageri zaizkigu azken aldi hauetan. Eta nik ere horrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskaraz. Ez dut bazterreratu, egia, hots-kidegoa zeharo nere poemetatik, eta poesia zenbait kontsonante bidetik adelatu ditut. Baina nerez maiteago dut hitzen barne-ritmuan eraiki poesia»  (Peillen, Jon Mirande…, op. cit., 36. or).

Garrantzia dute, ezbairik gabe erritmoa eta soinuen kidetasuna funtsezkoak dira Miranderen poesian, horregatik, Edorta Jimenezek poema hau frantsesetik itzuli bazuen ere, jatorrizkoa eskatu zidan errimak eta erritmoak aztertzeko (gauza bera egin zuen ere «Gure printzesa ttipi beltzari» poemaren kasuan).

We few, we happy few, we band of brothers

Erritmo eta hots-kidegotik harago, poemon sorreran ere, kanten arrastoari adi egon behar dugula gaztigatu digu Aurelia Arkotxak Miranderi buruz egin duen azterketa ugarietako azkenengoetariko batean. Bertan, «Gudariaren hiru ilustrazio Miranderengan» atalean, «Eresi» poemaren azterketa egiterakoan, nire ustez «SS haiek noiz itzuliko» honek berrestera datorren ohar hau uzten digu: «Baliteke testua abesti gerrazale baten itzulpen bat edo egokitzapen bat izatea. Zuhur jokatu beharra dago, beraz, Miranderen zenbait lanen inguruko sormen-prozesua lausoa baita»  (Aurelia Arkotxa, «Euskaldun gorputz sendo eta bihotz ezti versus Euskaldun guduzale: Jon Miranderen pentsaera poetiko-politikoari buruzko gogoetarako elementuak», Egan, 2021. urtea, 3-4 zenbakia. 102. or.). 

Arkotxak sakon eta taxuz aztertzen ditu «Eresi», «Oroituz» eta «Iru buruak» poemak eta, jorratzen ari garen germaniar gudu kanten gaiari dagokionez, «Oroituz» poemari buruz hainbat xehetasun interesgarri egiten ditu:

«Poemaren azpititulua (edizio batzuetan, baita izenburu nagusia ere) Godu abestia da, eta, hori dela eta, Txomin Peillenek, oin-ohar batean, galdea egiten du poema horren iturria ez ote den “german iturriko eresi baten oroitzapena ezen Godu abesti (sic) izenarekin ere ezaguna da.” (Mirande in Peillen, 52. or.). Peillenek, oin-ohar berdinean, baina frantsesezko bertsioan, informazio gehiago ematen du: “Un sous-titre Godu abes- tia (sic) laisse à penser que ce poème fut inspiré par un «Chant Gothique» pour ne pas dire plus, par le Wessel lied allemand” (Peillen in Mirande, 2012, 52. or.). Bestalde, zehazten du: “Un de ses poèmes de 1950 Oroituz […], semble être inspiré du Horst-Wessel Lied”.

Jirabira ugariren ostean, Horst-Wessel Lied hori beren ereserki ofizial bihurtu zuten SA erakundeko kideek, eta, gero, 1933an Hitler boterera iritsitakoan, baita ereserki nazional ere. 

Peillenek dio, bestalde, haren iritziz Miranderen produkzioan alemaniar armadatik iristen den “poema gudulari”, edo “gerlari”, bakarra Oroituz dela (“Le seul poème guerrier de l’armée allemande me semble le Oroituz ‘In memoriam’, sous-titré Godu abestia, “Le chant des Goths”) (Peillen in Gherardi, 2020, 319. or.)» (Aurelia Arkotxa, 2021, op. cit. 102-103. orr.).

  Hain da organikoa Miranderen poesiagintzan gudu kanta, ezen, lehen aipatu dugun hitzaurrean, Mirandek bere poesiari egindakoan, poesia zergatik edo zertarako idazten duen azaltzeko hitz hauek erabiltzen dituela: «oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak –hots– “for the happy fews”».

Lagunentzat eta gogaide bakan batzuentzat idazten duela uler daiteke, baina ez du hori esan, «for the happy fews» idazten duela dio, erreferentzia literario argian. Mirandek aipatzen dituen zorioneko urri horiek William Shakespeareren pasarte ezagunenetariko batetik aterata daude, Henry V antzerki lanean erregeak batailan sartu aurretik ematen duen hitzalditik:

«From this day to the ending of the world,
But we in it shall be remember’d;
We few, we happy few, we band of brothers;
For he to-day that sheds his blood with me
Shall be my brother; be he ne’er so vile,
This day shall gentle his condition:
And gentlemen in England now a-bed
Shall think themselves accursed they were not here,
And hold their manhoods cheap whiles any speaks
That fought with us upon Saint Crispin’s day».

Enrike V.a erregeak, San Crispin eguneko batailaren bezperan, egoera desesperatuan mintzaldi hau botatzen die harekin dauden ingeles armadako 5.000 arkulari eta 1.000 soldaduei, hurrengo goizean Azincourten 25.000 frantsesek osatutako armadaren kontra borrokatu behar dutenak. Horregatik, ordutik munduaren amaierara arte, bataila horretan borrokatu dutenek, duten jatorria dutela, gogoratuko dute anaia-arrebak direla, elkarrekin borrokatu dutelako.

 Hala, bada, Mirandek esaten digu berak ere badakiela aurrean duen armadaren aurrean soldadu urri batzuk besterik ez daudela harekin, baina berarekin gudukatu behar diren gutxi horientzat idazten du, anaia-arreba zorioneko horientzat. Poesiaren aldeko gudu zalduntza batera deitzen gaitu, bataila hori emandako euskaldun urriok, ordutik munduaren akaberara arte anaia-arrebak izango garelako.

Urte joan, urtea etorri, Jon Mirandek ez du sekula galtzen ni harritzeko eta, batez ere, hunkitzeko gaitasuna.

Mailu bedeinkatuak

«Gure ikuskapenak serioak dira. Ahazturik dugu barrea. Egia da bai gure oraingo mundu honen norabide aldakorrean inon atsegina erdiestea. Bada, dagoeneko ez baldin badugu irri egiterik, lor dezagun etsaiak amorruz eroaraztea: haien espantuek kontsola gaitzaten bederen», horixe dio «SS haiek noiz itzuliko» poema honen sarreran dauden hitzak.

Horiek irakurrita, «Gure printzesa ttipi beltzari» poemaren azterketan erabilitako Luis Mari Mujikaren hitzak datozkigu gogora, honek Miranderen poesiagintzari eskainitako monografiaren lehen alean idatzitakoak: 

«Ironiarako joera edozein euskaldunengan oso bizia da. Gure arrazaren jarrera nagusienetakoa ironia da; Euskal Herrian kaiso-artean (eta   gizartean) ia etengabeko makurrera da. Psikologi aldetik begiratuta, egia da herri txiki, zapaldu, minorietarioek eu­ren agresibitatea ironiaren bitartez jariatzen dutela, maiz. Logikoa denez, norberaren “ezina” ezin daiteke azal zeharbide, zirikaketa, zirto, txantxa etabarren bidez baino. Ironia, oso maiz, “ezinaren” estalketa da. Ironiaz etsaia kontraesanean ala lotsan erorarazi dai­teke. Gure etsaia, gehienean, bloke handitan babesten den horie­takoa da, hots, Espainiako eta Frantziako kultura “handian” ba­besten den tipoa. Gu euskaldunok, berriz, “ezinahalean”, gure “nolahala” hertsian defenditzen ari gara. Desproportzioak handiak di­ra… Hau egoera sozio politikoari badagokio, beste harremanetan ere euskaldunak ironiarako joera berezia du. Ironia irtenbide mal­tzur bat da» (Luis Mari Mujika, Mirande-ren poesigintza: Bizitza, ideologia, eraginak, alde tematikoak I. alea, Haramburu, Donostia, 1984. 158. or).

Ezin aproposagoak dira Mujikaren hitzak «SS haiek noiz itzuliko» poema azaltzeko, Mirandek poemaren «Ar mell benniget» izenburudun sarreran idatzi dituen hitzak kontutan hartuta. Euskal irakurleontzat guztiz bitxia dena zera da, bere literaturak irria sekula galdu ez zuen arren, Arestik sina zezakeen baieztapen bat dela «lor dezagun etsaiak amorruz eroaraztea: haien espantuek kontsola gaitzaten bederen». Ez alferrik sarrerako testuaren izenburua, «Ar mell benniget», Mailu bedeinkatua esan nahi du, oraindik 1962a denez, Arestiren mailu poetikoa argitaratzeko bi urte falta diren arren. 

Honela azaltzen du Padrig an Habask bretoierazko itzultzaileak izenburu hori: «Sarrerako tituluak –“Ar mell benniget”– katearen begia edo maila, baita ere mailua, hots, beste mundura igarotzeko tenorean luzatzen zirenei burezurra krakatzeko balio zuen harritzarra. Mailu edo harri hau, elizak bedeinkatua dena, Roparz Hemon idazle bretoiaren eleberri bateko gaia dugu. Litekeena da, bada, titulua hortik etorri izana».

Mitologia askotan daude izaki mailudunak, zeltikoan ezagunena: Thor, Odinen semea. Victor Hugoren ustez literatura modernoaren hastapenetan beti daude mailudun izakiak, errementariak. Eta euskaldunok hain ongi ezagutzen gintuen gizonak arrazoi zuen, euskaldunoi dagokigunean. Joan den mendearen erdialdean horrenbeste atzeratutako modernidadeak mailudun errementari bi eman zizkigun, Aresti eta Mirande. Biek ala biek modernitatearen erlojuan begiratu eta modernidadearen ordua zela iragarri ziguten, euskaldunok gure berezko antimodernotasun partikularraren erloju atzeratuan horretaz ohartu ez baginen ere, Miranderi dagokionez Amaia Elizaldek bere  Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970), modernitate ukatua tesi iraultzailean frogatu bezala. 

«Mailu bedeinkatua» bataiaturiko sarrera horretako hitzak bere-berezkoak ditu Mirandek: «Gure ikuskapenak serioak dira. Ahazturik dugu barrea. Egia da bai gure oraingo mundu honen norabide aldakorrean inon atsegina erdiestea».

Mirandek hauxe diotso Ibiñagabeitia lagunari bere poemei buruz: «Ondo dakit nire poemak gogorxko eta gordinxko ere aurkituko dituztela euskaldun gehienek. Askorentzat eskandalu gorri ere izango dira. Baina beste esamesak direla eta, ezin niezaiokeen neure barneari ukorik egin. Nere poemak nik sentitu bezala idatzi ditut eta momentu bakoitzean nere arimaren erreinu bizi dituzu. Poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeria, sinismen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nereak oro iaulki ditut, neuk entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut neure atsegin eta etsipenak ere. Etsipenak ugariago, gure bizitzaldi hau etsipenez oretua dela esan bait-daiteke. Ezkorregi irudituko zaizkizue nire olerki gehienak. Ezin litezke bestela izan ere baikortasunak ene bihotzean oraindik ez bait du igo. Inoiz hots egiten badu nire barne hortan, hori ere nire olerkietan gatzatuko dut. Ene barne egia izan ditezen ahalegindu naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere»  (Peillen, 2012, op. cit., 38. or).

Erdiragarriak dira Miranderen hitzak eta kostatzen zait horien ostean ezer gaineratzea. Jakinik, berriro ere poemaren sarrera behar duen honetan luzatu naizela oraindik testua bera aztertu gabe, nahiago dut nireak ez diren hitz batzuekin amaitzea, Miranderen poesiagintzan murgiltzeko gonbite ezin hobea direlakoan. Berriro, Aurelia Arkotxarenak dira hitzak: 

«Gure ustez, Miranderen “mundu ikuskera” poetikoa eta haren imajinarioa ongi ulertzeko, ezinbestekoa da haren pentsaeraren nondik norako guztiei erreparatzea, eta haren obra osoa sistematikoki aztertzea, haren bidaia ugariak eta intelektual europarrekin hainbat hizkuntzatan trukatu zituen gutunak aintzat hartzea, eta hango eta hemengo aldizkarietan hizkuntza ezberdinetan argitaratutako saiakerak, testuak eta itzulpenak aztertzea» (Arkotxa, 2021, op. cit., 105. or.).

2022ko abenduaren 25ean

Quand reviendront les SS

Ar mell benniget

Nos revues sont sérieuses. Nous avons oublié le rire. C’est vrai qu’il devient de plus en plus difficile de trouver du plaisir dans les évolutions de notre monde contemporain. Si nous ne pouvons plus rire donc, rendons nos ennemis fous de rage : leur gesticulation nous consolera au moins. Nous leur dédions donc aujourd’hui la traduction d’une chanson composée par le barde gothique célèbre Horila Aragudja ; les mauvais enfants pourront la chanter sur l’air de Juluan [sic] Kadoudal.

Quand reviendront les SS

(Hvan aftraqimand pai SS-wairos)

Quand les SS reviendront
Mener guerre cruelle en France,
Quand il y aura ruines tout autour,
Cela sera pour nous un délice.

Nous, nous hurlerons : «Les voilà, sans doute,
Les meilleurs soldats qui soient au monde,
Venus tuer les fiers bourgeois ;
Il ne restera personne de vivant !»

Quand défileront les durs bataillons,
Le drapeau rouge-et-noir déployé,
En fumée monteront dans le ciel
Les Juifs pourris vers Yahweh !

Riant, aux combattants vainqueurs
Les filles de notre race
Offriront de pleines brassées de belles fleurs,
Et leur cœur… et leur corps blanc…

Quand les SS marcheront à nouveau,
En armes, sur la terre des Français,
Notre patrie sera ressuscitée
Et morts nos sales ennemis.

Horila ARSGUDJA
(Traduit du gothique par RIGOVIX).

Jon Mirande
«Pa zeuio an SS endro», Ar Stourmer,
1962 urtea, martxoa-apirila, 2. zenbakia. 22 or.
Padrig an Habaskek bretoieratik egindako itzulpena

 

Note du Padrig an Habask traducteur en français:
Le titre de l’introduction –«Ar mell benniget»–. Mell, voir Devri, veut dire maillon d’une chaîne, c’est aussi le maillet, voire la grosse pierre, qui permettait de briser le crâne des mourants qui tardaient à passer vers l’autre monde. Ce maillet ou cette pierre, béni par l’église, a fait l’objet d’une nouvelle policière en breton de Roparz Hemon. C’est peut-être de là que vient ce titre.
«dan o arvoù». Sous leurs armes. Le mot arv n’existe pas en breton qui emploie arm-où, par contre il existe bien le mot arf-au (prononcer arv) en gallois qui signifie arme. Quand on connaît la propension de certains puristes à plaquer du gallois en breton…
«ton-bale Kadoudal». C’est au célèbre air de marche de Kadoudal (chef chouan illustre) que fait référence la fin de l’introduction.

Franco eta Hitler Hendaian 1939ko urriaren 23an