Biba Xaho! Biba Eskual Herria!

2020-08-29

Agosti Xaho Lagarde Atharratzen sortu zen 1811ko urriaren 10ean. Hamar urterekin Oloroeko apezgaitegira joan zen bigarren mailako ikasketak burutzera. Handik Parisa joan zen 1831an legeen ikasle. Dena dela, eta legeak ezezik, Frantziako hiriburuan ekialdeko hizkuntzak ere ikasi egin zituen Xahok Charles Nodier irakaslearen eskutik. Ikasketetan zein giro literarioetan behin trebaturik, Tolosara aldatu zen. Okzitaniako hiriburuan bere asmo literarioak Revue des voyants aldizkaria sortuz gauzatu zituen. Aldizkari honetan ateratako zenbait informazioengatik, aldiz, Tolosatik hanka egin behar izan zuen, berriz ere Zuberora itzuliz. 1844ean duelu batean zauriturik, Lespès inprimatzaileak berekin eraman eta zaindu zuen. Lau urte beranduago, Baionan jada, L’Ariel aldizkari famatua argitaratzen hasi zenean, politikan sartu zen, alderdi errepublikanoaren ordezkari gisa. Horregatik, Luis Napoleonek 1851an estatu kolpea eman zuenean Pirinioak igaro eta Gasteizen ezarri behar izan zuen bizitoki berria. Gasteizen labur jo zuen, bi urte eskax besterik ez baitzen egon. Baionara 1853an itzuli zen, «acte de soumission» sinatu ondoren, eta berriz ere ekintza politikoetan debekaturik izanik, bere hiztegia ontzeko aprobetxatu zituen bere azken urteak, langintza horretan zegoela, eta hortaz, hiztegiaren lana bukatzeko dexente falta zitzaiola zendu baitzen Xaho 1858ko urriaren 24ean. Xahorena, bestalde ere eta ezagun denez, euskal historian agerian eginiko lehenbiziko hileta zibila izan zen. Herri suskripzioz ordainduta Roland eskultoreak eginiko oroitarria eraiki zitzaion eta hiletaren predikua Reclus anarkistak ogutzi zuen.

Aunitz idatzi zuen Xahok, eta ongi, gazte-gazte zenetik, erderaz zein euskaraz. Euskal izkiriakintzan trebatze aldera Preces Sancti Nersetis Cantabrice Nersesen otoitzak euskaratu zituen, zuberoeraz, 1830 inguruan. Alabaina, bere lehenbiziko lan argitaratuak 1834ean ageri ziren, frantsesez eginiko Paroles d’un Biskaïen aux libéraux de la Reina Christine eta Paroles d’un voyant en réponse aux paroles d’un croyant eta euskaraz tajuturiko Azti-begia ezaguna. Azti-Begia zein Ariel aldizkarian agertu zituen bestelako euskal lanak, zorionez, bilduta eta elkarrekin argitaraturik badaude, Patri Urkizuren eskutik, nonbait egunean erabat gelditurik dirudien Euskal Editoreen Elkartearen «Klasikoak» sailean, 64. zenbakiarekin. Bada non josta beraz mende akabera honetan!

Joxemiel Bidador

«Biba Xaho! Biba Eskual Herria!», Euskaldunon Egunkarian, 2000ko abenduaren 22an

Irudia: Agosti Xahoren erretratua, Baionako Mediateka