Lehen aldiz irakurri nuenetik hogeita bost urte baino gehiago pasatu dira, ez dut Rayuela denbora horretan guztian ukitu; Cortazarren ipuin eta testu laburrak ordea bai, maiz. Esan nahi al du horrek nik Cortazar ipuingilea hobesten dudala Cortazar nobelagilearen aurrean, egunotan zenbait jakintsuk proposatu duen bezala? (kontrakoa proposatzen duen beste makina bat jakintsuk proposatzen duenaren aurka) Ez, teorikoki. Bai, agian praktikoki. Aitor dut niri, Cortazarren ipuin askotako pertsonaiek eta egoerek jauzi egiten didatela lepoko zainetara, oraindik ere, mamu sukartuek bezala, usain eta kolore ezagutzen ditudala. Baina ez dut dikotomia hori maite. Nik Cortazar irakurtzea dut maite, bere forma anitzetan. Rayuela berrirakurtzea ariketa kuriosoa izan da, nahiz ez dudan nahi izan ariketa malenkonia eta iraganmineraino luzatu, beldurrez beharbada. Ez nuen ezer ere gogoratzen Rayuelaz, izen lauso eta gutxi batzuk ez baziren, esango nuke ez nuela liburua «ulertu», irakurri nuen aspaldi hartan. Gaur, ordea, zenbait pasarte «ulertu ez nituen eta gogoratzen ez nituen zenbait pasarte» irakurririk nire biografiaren alderdi batzuk ulertu ditut, han daudelako idatzirik. Bitxia da. Ez zen, jakina, Rayuelaren eragina izango, bakarrik; liburu batek, denik eta onena izanik ere, ez dezake deus testuinguru emankor batean loratzen ez bada, haziarena eta lurrarena bezalakoa da euren arteko harremana. Testuinguru batek markatu dizkit izaeraren alderdi jakin batzuk, markatu dit, onerako eta txarrerako, biografia. Hamar urteko atzerapenarekin jasandako eragin batek. Toki guztietara iritsi naiz hamar urteko atzerapenarekin, gutxienez, horixe da berrirakurketaren lehen ondorioa, apur bat mingotsa. Ez erabat: ahal duenak egiten duenak ez du zertan damuturik. Berriz irakurri ditut sexuari buruzko pasarte gordinetako batzuk, eta gogora etorri zaizkit lehen gaztaroko eztabaida sutsuak, detaileei buruzkoak, noski. Orain, ordea, detaileak ez zaizkigu axola, edo ez hainbeste eta batez ere, ez modu berean. Detaileen gaineko bi pertzepzio hain desberdin hauen artean nire biografia afektiboaren paisajea luzatzen da, bere argi-ilun, porrot eta arrakasta (biak erlatiboak, jakina) guztiekin, eremu malkarrean eta harrikaden artean burutu zen heziketa sentimental bukatugabe eta heroiko «animikoki heroikoa» baten lekuko; orduan interesatzen zitzaigun aurretik edo atzetik, eta interesatzen ere Magak Oliveirari adarrak jartzen zizkion edo ez, eta Magaren eta Oliveiraren arteko liskar gogoangarri haien maneran interpretatzen genituen gure adarrekoak, baita «eta hauxe da handiena» Rayuela izenez ere sekula ezagutu gabekoak izanik ere, batzuk, eta Cortazarrek idatzirikoaren distira sekula ezin iritsiz, esan beharrik ere ez zegoen. Orain ere askorik ez, baina orduan hain gutxi genekien. Baina orduan literatura bizitzakoa zen, literatura bizirik zegoen, Cortazarrek beti nahi izan zuen bezala. Zer froga handiagorik nahi duzue. Eta detaileen gaineko bi pertzepzio hain desberdin horien artean egia literario bat ere zabaldu da, Cortazarrek erakusten duena, sexuaz hain gordin, hain zirraragarri, hain fisiko, hain usainezko idatzi zuela ikusirik, baina aldi berean hain ezkutu, hain herabe, hain iradokor eta piztaile, probokazioan edo are gutxiago pornografian sekula erori gabe. Pasarte horiek, horrenbestez, bizirik daude.
Nik Cortazar irakurtzea dut maite, bere forma anitzetan. Rayuela berrirakurtzea ariketa kuriosoa izan da, nahiz ez dudan nahi izan ariketa malenkonia eta iraganmineraino luzatu, beldurrez beharbada.
Eta bizirik daude metafisika eta bizitza bera gai hartutako pasarte batzuk ere, nola zen hura, «dena epi-der-mi-koa da, dena laburbiltzen da esanez, ‘ikusten ez duten begiak’…», eta hau irakurririk bati Irakeko bonbardaketak etortzen zaizkio gogora, eta etsiak hartzen du, apur bat. Hain ondo esanda, eta zertarako. Gure ilusioak, literaturak kontzientziak eraldatzeko zeukan indarrari buruzkoak, hain ziren ilaun eta ezdeus…

Egunotako akademiko gehienek apur bat gehiago hilobiratu dute Cortazar, omenaren estakuruan, Rayuela disekzionatuz, nobelaren hilotza forentsearen mahai gaineko haragi odoltsu puskatu utzirik. Rayuela idazle handi baten tour de force ikaragarria da, batzuetan gehiegizkoak eta are hutsalak diren makina bat artifizio gordetzen dituena, askotan erudituegia da… Erudizioaren gainean erortzen dira forentse-kritiko-akademiko guztien bisturi gosetiak, funtsezkoa alde batera utzirik. Irakurketa berriek baizik ez lukete Rayuela salbatuko, baina hain da inprobablea hori gertatzea, hain dago honez gero literatura gure gizarteetan bizitzatik kanpo, non… Rayuela nobela irekia da, eta hortaz, ez da biribila, ez delako biribila izateko ez bokazio eta ez tentaziorik; Rayuelak, neurri batean, nobelarako errerik dagoen lur eremu bat utzi digu, jeneroaren mugak ehun kilometro harantzago eraman dituen ber. Rayuelaren eraginez, dudarik gabe, eta ni artean kontzientea ez banintzen ere, proposatu nion editoreari nire lehen nobela komuneko paperaren atzeko aldean argitaratzea. Txoropitotzat hartu ninduen. Egun, gazteek telebistan, zineman edo auskalo non banpirizatzen dituztelarik beren harremanetarako diseinuak, heziketa sentimentalerako jada balio ez duelarik, Rayuela, baikor izanez, dosi txikietan emandako testu laburretan bizi liteke, esaterako Morelliren apunte batzuetan, are, beharbada, harribitxi txikiak bezalakoak diren bi lerroko deskarga elektriko boteretsuetan, han eta hemen barreiatuak, biltzaile eraman handiko batek uzta biltzeko lana hartuko balu. Rayuelak du, azkenik, hitzaren mailako ikasbidea, guretzat guztiz indarrean dagoena, euskarak beharko lukeelako, badaramatzalako lau mende behar izaten, Cortazar bezalako hizkuntzaren sumendi, lurrikara, sute bat. Baina hau ez dakit noraino den nobelaren balio unibertsala, ez bada gure atzerapen endemikoaren ikuspegitik begiratu beharreko tasuna, edo keria.
Lisardo Santorini hurbildu zait zerbeza batekin, adarra jotzeko asmoz: zer euskalduna, berriz egin behar al didazu milioiko galdera? Berriz galdetu behar didazu zergatik ez zegoen Kubako idazlerik Cortazarren omenaldi batean? Ez, erantzun diot, dagoeneko milioiko galdera milioi bat galdera bihurtu zaizkit. Esaterako, zer pentsatuko luke Cortazarrek baldin eta… Eta isildu egin naiz, galdera egiteko tentazioari uko eginez. Agian aski nuke jakinik zer ari naizen hemen galderari erantzunez jakinez gero.
Hegazkinean bueltan, D.F.n lurreratu gara eskala egiteko, gauez. Behe aldeko argi horixka infinituaren zelaiak, San Juan su erraldoi bateko txingar itsasoaren antzo, planeta urrun batean erreplikanteen ehizan nabilen miserablea naizelako sentipenaz beretu nau. Beharbada nire bizitzaren etapa bat ixtera baizik ez naiz etorri hona.
Jon Alonso
«Jazz eta Mariatxi (Cortazarren gorazarrean)», Argian, 2004ko martxoaren 7an
