Bakoitzak jakingo du nola bizi duen hizkuntzaren senari «oi, sena, sena! Beste bat!» traiziorik eta bortxarik egin gabe idazteko tortura txiki hau. Bi modu nagusi daude, funtsean: bata, soinekoak urratuz, aldarri ozenak eta espantuak eginez, gure erderekiko morrontzaren deitorea are eta suizidioraino eramanez ere, beharrezkoa izatera; bestea Villasantek Euskararen Auzia famatuan «izenez famatuan, behintzat» proposatzen zuen bezala, «izan ere, bada prosa idazteko molde bat eta bakarra mendebalde osoan…». Hau da, fenomenoa berezkoa eta orokorra dela apaltasunez baina aparteko konplexurik gabe onartuz.
Baina mutur batekoa zein bestekoa izanik ere, lasai egon, Arauak ez zaitu sekula bakean utziko. Edo Arauak beharbada bai, baina Arauaren munduko haragiztatzea diren bere Ministroek ez, horiek sekula ez. Arras ongi armaturiko Lejionea osatzen dute, nekaezinak dira, orotarikoak. Haiengan «edo haietariko askorengan» eredu platonikoari eustea noraino den behar psikologikoa, noraino bizimodua «eta are negozioa ere», noraino bi ezaugarri hauen batasun sakratu eta hautsiezina, ikerketa-gaia izan liteke, baina gutxienekoa da, azken finean; benetan munta duena da jakitea beti iritsiko direla zu ibili zaren sorora «bost minutu, bost egun edo bost urte geroago, baina iritsi egingo dira, gaizkilearen atzetik bizitza ematen zuten marshall gupidagabe haiek bezala», eta soro horretan lore bat edo mokordo bat landatu duzun askorik begiratu gabe, den-dena fumigatuko dutela «h» bakoitza bere tokian jarri arte. Jakina, Arauaren Armada iritsi eta bere zaldiak, kanpadendak, gerra-tramankuluak, eta tresna sofistikatu eta garestiak egokitu dituenerako, zu jada ez zaude, ihesean hanka egin baituzu, beste soro bat zikintzera. Ez al da zoragarria?
Jon Alonso
«Harauaren harmada», Argian, 2004ko ekainaren 6an
