Irakurle mota bat da liburuan sartzea kostatzen zaiona, hariaren bila ari den irakurlea. Beste bat da bukaera gustatzen ez zaion irakurlea, change.org-en firmak biltzen dituena liburuaren berredizioan aldatu diezaiozun bukaera; nahiko rekurrentea izaten da nire liburuekin eta asumitu dut halako resignazio kristau batekin. Badago baita ere liburura linterna batekin sartzen dena eta basoan irakurtzen duena ezkutuan, isil-isilik. Badago irakurtzen duena soinu-banda bat entzuten, eta entzuten duen soinu-banda gehiago gustatzen zaiona irakurtzen ari den liburua baino; hori ere erabat zilegia da. Badago lerro-artean irakurtzen duena, eta lerroetan dagoena hainbeste interesatzen ez zaiona. Badago delegaziozko irakurlea, esaten duena ‘nik ezin zaitut irakurri ze ez nago alfabetatua baina nire seme-alabek egunen batean irakurriko zaituzte’. Gero dago iritzi-emaile diferitua, eta irakurle oso inkietantea da pixka bat mehatxugarria delako, esaten baitizu ‘irakurri diat hire liburua. Hitz egingo diagu’. Uf. Eta hori Durangon gertatu zitzaidan eta ez dut berarekin gehiago hitz egin. Badago irakurle sindikalista, esaten duena ‘a ze lana egin duan, zenbat ordu, ezta? Eta zenbat esaten duk jasotzen duala? Egile eskubideen %10a? A ze injustizia. Hau aldatu beharra dago’. Badago baita ere bere burua pertsonaiarekin gehiegi identifikatuta ikusten duena, eta badago bere burua ez duena aski identifikatuta sentitzen pertsonaiarekin. Badago irakurlea pentsatzen duena ez duela topatu berak nahi zuena, eta berak nahi zuena ez topatzea gehiago gustatzen zaiona espero zuena topatu izana baino. Eta badago kontrakoa: berak espero zuen gauza bat, oso zehatza, topatu ez eta zakur amorratua hezur batekin bezala hor geratzen dena, eta ez duena aurrera egiten. Gero badago irakurlea, irakurtzen ari denean haizeak liburua hartu eta eraman egiten diona. Eta badago beste irakurle bat, gourmeta deitzen diodana, eta hau ere oso ugaria izan da Fakirrarekin: esaten duena irakurketa gazi-gozoa egin zaiola. Horregatik gourmeta, irakurle gozo-gozorako bai baitaude Arreseneko mantekilla bolloak Bilbon. Eta gero, badaude beste hainbat eta hainbat irakurle, hemen ikusten ditudanak, eta denei ematen dizkiet eskerrak ni ere irakurle guzti horietako bat izan naizelako momenturen batean. Beraz, mila esker bihotzez.
Harkaitz Cano
Fakirraren ahotsa nobelarekin 111 Akademia saria irabazitakoan egindako esker on hitzaldia
