Poesia ezagutu dot

2023-06-29

Berandu bada ere, 
Poesia ezagutu dot. 
Ez dau egunik, ez urterik; 
ez gorputzik ez neurririk. 

     Bera bage, 
lurgane hau negargarri.
     Bera bage, 
gizonak hutsunea dau 
     izpirituan.

Ordutsu izan ez naizen arren,
poz handia dot noizbait ere. 

     Poesia
inoiz ez da zahar, 
gazte da betiro; 
biloizik edo jantzita 
hor dabil etxean
gizartean, 
auzoan, kale gorrian 
baina askoren inorantzian. 

     Sendoa dalako 
     ta halaber emea 
ez da edonor haren zale; 
pertsona zirtzila, barriz, 
     arerio;
ta holakoari, onaren ordez
kutsua datorkio.

     Harako Musak,
     Poesia baino
gerokoagoak dira;
haran uraz ta lehorraz
    lehentarrago laino.

     Poesia... 
  unadetan matxino, 
  unadetan hare, 
arimetako ekatxeri garaile. 
  Gaur behazun, 
  bihar gozotasun, 
biziminak hasarreari 
  agur eta agur. 

   Gizonaren osoa
   ta zatia dala
olertiak bere umeak 
   euren jardueran 
mota bereziko ditu: 
barru-kanta soinuzko erretena,
ta jazoaren azalpena
ta gizakume guztien 
eztabada lerdena. 

Ezagutu dot ezagutu 
     Poesia, 
aspaldietan haren 
bila ibili ondoren. 
     Eta lotsatuta nago, 
ez dakit umeak 
baino areago. 

   Ez da poesia 
   esate soila;
arimearen dardarea da, 
putz eta haize ikusiezina; 
batzuetan hizkeraz agertua, 
baina ez beti neurtua.

    Bizitzaldiko sua 
giroan dan oldar
eta izterbegia; 
amore emote guragarria,
ta alkartasun eztia: 
gizadiaren errotarria. 

Aufa!

Amaitzen ez dan arnasearen 
   kemena 
   ta agerpena, 
menturaz ezagutu dodan 
   bizikaria, 
       Poesia.

Eusebio Erkiaga

«Poesia ezagutu dot», Neurtitzak (Labayru ikastegia, 2007), Igone Etxeberriaren sarrera eta testu hautaketa

Irudia: Eusebio Erkiaga Kulixka sortan argitaratutako bere poema liburu batekin 1960 urte inguruan