Etzanda zegoen zerbaiten gainean; kanpaina-ohea ematen zuen, baina, hura ez bezala, gorago zegoen lurretik eta bera ezin mugitzeko moduan lotuta zeukaten. Argia aurpegira iristen zitzaion, eta ohikoa baino biziagoa ematen zuen. O’Brien alboan zegoen zutik, berari tinko begira. Beste alboan, beste gizon bat zegoen, mantal zuri batekin jantzita, eskuan xiringa hipodermiko bati eusten ziola.
Begiak irekita gero ere, apurka-apurka jabetu zen inguruaz. Une horretan zegoen gelara guztiz bestelako mundu batetik igerian zetorrelako irudipena zuen, halako ur azpiko mundu batetik, gela haren azpian urrutitik. Han behean zenbat denbora egon zen ez zekien. Atxilotu zutenez geroztik ez zuen ikusi ez iluntasunik ez egun-argirik. Gainera, bere oroitzapenetan ez zegoen jarraitasunik. Batzuetan oharmena, are lotan egonik izan ohi dena ere, eten egin izan zitzaion bat-batean, eta berriro hasi tarte huts baten ostean. Baina tarte haiek egunetakoak, asteetakoak edo segundoetakoak soilik izan ote ziren jakiteko modurik ez zen.
Lehenengo aldiz ukondoan jo zutenez geroztik hasi zen amesgaiztoa. Aurki konturatuko zen orduan agitutako guztia atarikoa baizik ez zela izan, ia-ia preso guztiek igaro behar izaten zuten ohiko galdeketa bat. Krimen zerrenda luze bat –espioitza, sabotajea eta horrelakoak– aitortu behar izaten zuten guzti-guztiek, arau gisa. Aitorpena tramitea zen, nahiz eta tortura benetakoa izan. Zenbat aldiz jo ote zuten, jipoiek zenbat iraun ote zuten, ez zen oroitzen. Beti izaten zituen uniforme beltzez jantzitako bost edo sei gizon aurrean. Batzuetan ukabilez, besteetan borraz, zenbaitetan altzairuzko hagaz, beste zenbaitetan botaz. Batzuetan, lurrean iraulka ibiltzen zen, animalia bezain lotsagabe, gorputza alde batera eta bestera bihurtuz ostikoak saihesteko ahalegin etsi eta amaigabean, ostiko gehiago eta are eta gehiago emateko zirikatzea besterik lortu gabe, ostikoak saihetsetan, sabelean, ukondoan, bernazakietan, zango artean, barrabiletan, bizkarrezurraren oineko hezurrean. Batzuetan, jipoiak amaigabe irauten zuen, hain amaigabe non berari gauza krudel, gaizto eta barkaezinena iruditzen baitzitzaion ez guardek jotzen jarraitzea, baizik eta ezin bere burua konortea galtzera behartzea. Batzuetan, burua galtzen zuen, hainbesteraino non oihuz erruki eske hasten baitzen jipoia hasi baino lehenago ere; batzuetan, beso bat ukabilkada emateko atzera bilduta ikuste hutsa aski izaten zen benetako edo gezurrezko krimenak aitortzeko. Beste batzuetan, ezer ez aitortzeko erabakia hartzen zuen, eta minezko auhenen artean atera behar izaten zizkioten hitzak, eta, beste batzuetan, konpromiso txikiak hartzen zituen bere buruarekin, bere artean esaten zuelarik: «Aitortu egingo dut, baina oraindik ez. Eutsi egin behar diot mina jasanezina izan arte. Beste hiru ostiko, beste bi ostiko, eta orduan nahi duten guztia esango diet». Batzuetan, ia zutik ezin egon arte jipoitzen zuten, eta, ondoren, patata-zakua balitz bezala ziegako harrizko zorura bota, ordu batzuez bere onera etortzen utzi eta berriro atera eta jipoitzen zuten. Izaten ziren bere onera etortzeko tarte luzeagoak ere. Lausoki oroitzen zituen, batez ere lotan edo sorgorturik ematen baitzituen. Oroitzen zuen gela bat ohetzat ohol bat zeukana, hormatik ateratzen zen apal gisako bat, eta letoizko konketa bat, eta zopa beroarekin, ogiarekin eta batzuetan kafearekin egindako jatorduak. Oroitzen zen nola etorri zen behin bizargin zakar bat, kokotseko zikina marruskatuz kentzera eta ilea larru arras moztera, eta gizon metodiko eta idorrak mantal zuriekin jantziak, berari pultsua hartzen, erreflexuak probatzeko kolpetxoak jotzen, betazalak gorantz itzularazten, hezur hautsirik ote zeukan ikusteko gorputza zakarki haztatzen, eta xiringaz besotik lo eragiteko gaiak sartzen.
Jipoiak urritzen hasi ziren, eta, batez ere, mehatxu bihurtu ziren; ematen zituen erantzunak egokiak izan ezean, noiznahi bidal zezaketen leku izugarri hartara. Galdeketa egiten ziotenak ez ziren jada uniforme beltzez jantzitako gizatxar batzuk, baizik eta Alderdiko intelektualak; gizon txiki eta gotorrak ziren, eta bizkor higitzen ziren; distira biziko betaurrekoak zeuzkaten jantzita. Txandaka egiten zuten lan, aldiko hamar edo hamabi ordu irauten zuten saioak eginez –hala uste zuen, ezin zuen zuzen jakin–. Min arin etengabe bat eduki zezan saiatzen ziren beste hauek, baina gehienetan ez ziren min horretaz baliatzen. Aurpegian zaplaztekoak ematen zizkioten, belarriak bihurritzen, ileetatik tira egiten, hanka bakarraren gainean zutik egonarazten, txiza egitera joaten uzten ez, aurpegira argi itsugarria zuzentzen begiei malkoak aterarazi arte. Baina bera umiliatzea, eta arrazoiak emateko eta argudiatzeko bere ahalmena suntsitzea zen horren guztiaren helburua, ez besterik. Gupidarik gabe galdekatzea zen haien benetako arma, orduak eta orduak galdekatzen, huts eginaraziz, segadak jarriz, berak esaten zuen guztia aldatuz, zernahi esaten zuela gezurrak eta kontraesanak leporatuz, negarrez hasten zen arte, lotsagatik bezainbeste nerbioen akiduragatik. Batzuetan bospasei aldiz egiten zuen negar saio bakar batean. Gehienetan irainak esaten zizkioten uluka, eta, zerbait zela-eta zalantzan ibiltzen zen bakoitzean, berriro ere guardengana igorriko zutela egiten zioten mehatxu. Baina, batzuetan, bat-batean aldatu egingo zuten hizketa-doinua, kamarada deituko zioten, Ingsocen eta Anaia Nagusiaren izenean erregu egingo zioten, eta atsekabeturik galdetuko zioten ia une hartan ere ez ote zitzaion geratzen Alderdiaren alderako aski leialtasun, egindako kaltea konpondu nahi izatera bultzatzeko beste, bederen. Galdeketan orduak eta orduak eman ondoren nerbioak zarrastaturik izaten zituenean, aski zen horrelako erregu bat bera zinkurinez jarrarazteko. Azkenean, ahots nardagarri haiek erabat eraisten zuten, guarden botek eta ukabilek baino areago. Aho bat baizik ez zen bihurtu, eskatzen zioten guztia esaten zuena; esku bat, eskatzen zioten guztia sinatzen zuena. Zer nahi ote zuten berak aitortzea, horixe antzematea zuen kezka bakarra, eta, ondoren, laster aitortzea, haiek bera kikilarazteko saioei berriro ekin baino lehen. Goi mailako alderdikideak hil izana aitortu zuen, matxinadarako deia egiten zuten panfletoak banatu izana, herri-diruak bidegabe erabili izana, sekretu militarrak saldu izana, era guztietako sabotajeak egin izana. Ekialdeko Asiaren gobernuaren ordainpeko espia izan zela aitortu zuen, aspaldi-aspalditik, 1968. urteaz geroztik. Erlijio-sinesteduna zela aitortu zuen, kapitalismoaren miresle zela, eta perbertitu sexuala zela. Emaztea hil zuela aitortu zuen, nahiz eta bazekien, eta galdeketa egiten ari zitzaizkionek ere jakin behar zuten, hura bizirik zela artean. Urteetan Goldsteinekin harreman zuzena izan zuela aitortu zuen, eta ezkutuko erakunde bateko kide izan zela, eta ezagutzen zituen ia pertsona guztiak izan zirela hartan kide. Errazagoa zen guztia aitortzea eta aitortutako krimenetan ezagutzen zituen guztiak nahastea. Gainera, egia zen, alde batera. Egia zen Alderdiaren etsaia izan zela, eta Alderdiarentzat berdin ziren pentsamenduak nahiz egitateak.
Aurpegian zaplaztekoak ematen zizkioten, belarriak bihurritzen, ileetatik tira egiten, hanka bakarraren gainean zutik egonarazten, txiza egitera joaten uzten ez, aurpegira argi itsugarria zuzentzen begiei malkoak aterarazi arte. Baina bera umiliatzea, eta arrazoiak emateko eta argudiatzeko bere ahalmena suntsitzea zen horren guztiaren helburua, ez besterik.
Bazituen beste era bateko oroitzapenak ere. Orotarik bereizita bezala agertzen zitzaizkion gogora, argazkiak oro beltzez inguratuta bezala.
Espetxe-gela batean zegoen; ez zekien iluna edo argia ote zen, begi pare bat baizik ez baitzuen ikusten. Berarengandik hurbil tresna batek tik-tak egiten zuen, geldiro baina etengabe. Begiak handiago eta argitsuago bihurtu ziren. Bat-batean, eserlekutik berez bezala altxatu zen, airean kulunkan, eta begi haietan murgildu zen, eta irentsi egin zuten.
Eserleku batean zeukaten lotuta, argi itsugarrien pean, eta inguru guztian neurketa-diskoak ageri ziren. Bota astunen oinkadak entzuten ziren kanpoan. Atea ireki egin zen klanka batez. Argizarizko aurpegia zeukan ofiziala sartu zen, bi guarda atzetik zerraizkiola.
—101 gelara –esan zuen ofizialak.
Mantal zuriz jantzitako gizona ez zen itzuli. Winstoni ere ez zion begiratzen; neurketa-diskoei bakarrik begiratzen zien.
Biraka zihoan korridore itzel batean behera; kilometro bat zabal zen, urrezko argi ikaragarriz betea. Barre-algaraz zihoan, ahots betean uluka aitorpenak eginez. Guzti-guztia ari zen aitortzen, baita torturatzen zuten artean gorde izan zituenak ere. Bere bizitzaren historia osoa kontatzen ari zitzaien lehendik ere bazekiten entzule batzuei. Berarekin zihoazen guardiak, galdekatzaileak, mantal zuriz jantzitako gizonak, O’Brien, Julia, Charrington jauna, guztiak elkarrekin korridorean behera barreka eta uluka. Gertatzekoa zen izugarrikeriaren bat bertan behera utzi zuten nolabait, ez zen gertatu. Ondo zen dena, ez zen minik gehiago, bere bizitzako xehetasun guztiak agerian ziren, ulertuak, barkatuak.
Ohe gisako oholetik jaikitzen hasi zen, O’Brienen ahotsa entzun zuela ziur antzean. Galdeketek iraun zuten denbora guztian, nahiz eta tarte horretan ez zuen egundo ikusi izan, O’Brien alboan zuela sentitu izan zuen, doi-doia ikusmenetik kanpo. O’Brien zen guztia zuzentzen zuena. Hark igorri zituen guardak Winstonengana, eta hark gerarazi zituen hil ez zezaten. Hark erabakitzen zuen noiz Winstonek minez garrasi egin behar zuen, noiz atsedenaldi bat eduki behar zuen, noiz eman behar zitzaion jaten, noiz lo egin behar zuen, noiz besotik drogak sartu behar zitzaizkion. Hark egiten zituen galderak eta iradokitzen erantzunak. Hark ematen zuen oinaze, hark ematen zuen babes, hura zen ikerlaria, hura zen laguna. Eta behin –Winston ez zen gogoratzen drogek eragindako loaren erdian izan ote zen, edo lo arruntean, edo are erabat itzarrik zegoen batean– ahots batek belarrira xuxurlatu zion: «Ez kezkatu, Winston: neure zaintzapean zaude. Zazpi egunez zaindu zaitut. Iritsi da jada itzulerako puntua. Salbatu egingo zaitut, akasgabe bihurtuko zaitut». Ez zegoen ziur O’Brienen ahotsa izan ote zen; baina harako amets hartan, zazpi urte lehenago, beste hura esan zion ahots bera zen: «Iluntasunik ez dagoen lekuan ikusiko dugu elkar».
Ez zen oroitzen galdeketen amaieraz. Hutsune bat izan zen, eta, ondoren, une hartan bera zegoen gela edo gelaxka hura hasi zen bere inguruan apurka-apurka agertzen eta gauzatzen. Ia zuzen zegoen bizkarraren gainean etzanda, eta ezin zen mugitu. Gorputza loturik zeukan funtsezko puntu bakoitzean. Buruaren atzealdea bera ere estekatua zegoen nolabait. O’Brienek begiratu egiten zion goitik, serio eta nahiko goibel. Haren aurpegiak, behetik begiratuta, zakarra eta higatua ematen zuen, betazpiak zeuzkan, bai eta zimur nekatuak sudurretik kokotseraino ere. Winstonek uste izan zuen baino zaharragoa zen; berrogeita zortzi edo berrogeita hamar urte izango zituen. Haren eskuaren azpian, disko bat ageri zen; gaineko aldean eragiteko esku-haga zeukan, eta zenbakiak aurrealdearen inguru guztian.
—Esan nizun –esan zuen O’Brienek–, berriro elkar ikustekotan, hemen izango zela.
—Bai –esan zuen Winstonek.
Aldez aurreko ohartarazpenik gabe –O’Brienen eskuaren mugimendu arin bat izan ezik– minezko uhin batek zeharkatu zuen bere gorputz osoa. Min beldurgarria zen, ezin baitzuen ikusi zer ari zen gertatzen, eta irudipena zuen kalte hilgarriren bat ari zitzaizkiola eragiten. Ez zekien gertatzen ari zen hura benetan gertatzen ari ote zen, edo sentipen hura elektrikoki eragina ote zen; baina gorputza hondatzen ari zen desitxuratu arte, hezurren arteko giltzadurak urratzen eta bereizten ari zitzaizkion astiro-astiro. Minarengatik bekokia ere izerditzen hasi zitzaion arren, mina baino txarragoa zen bizkarrezurra hautsiko zitzaiolako beldurra. Hortzak estutu zituen, eta indarrez hartu zuen arnasa sudurretik, isilik irauteko ahal bezain luzaroen.
—Beldurrez zaude –esan zion O’Brienek, aurpegira begiratzen ziola–, halakoren batean zer edo zer hautsiko ote zaizun. Zehazki, bizkarrezurra hautsiko ote zaizun zara beldur. Bizkarrezurra hausten eta muineko likidoa bi zatietatik tantaka isurtzen ikusten duzu zeure buruan, irudi garbia duzu buruan. Horixe ari zara pentsatzen, ezta, Winston?
Winstonek ez zuen erantzun. O’Brienek diskoaren gaineko esku-hagari eragin zion. Minezko uhina ia etorri bezain laster joan zen.
—Hori berrogei zen –esan zuen O’Brienek–. Ikusten duzunez, diskoan ehun arte iristen dira zenbakiak. Gogora ezazu, arren, gure elkarrizketa honek irauten duen artean, nire esku dudala zuri edozein unetan min eragitea neuk nahi dudan neurriraino. Gezurren bat esaten badidazu, edo era batera edo bestera itzulinguruka hasten bazatzaizkit, edo ohikoa duzun adimen-mailatik behera jarduten bazara, garrasi egingo duzula minez, berehala. Ulertzen duzu?
—Bai –esan zuen Winstonek.
O’Brienen jokamoldea bigundu egin zen. Betaurrekoak egokitu zituen pentsakor, eta urrats bat edo bi egin zituen alde batera eta bestera. Hitz egiten zuenean, haren ahotsa leuna zen, pertsona egonarritsu batena. Mediku baten airea zuen, irakasle batena, are apaiz batena ere, zigortzeko baino gehiago azaldu eta ikusarazteko irrikatan.
—Beharlekua hartu dut zurekin, Winston, beharlekua hartzea merezi duzulako –esan zuen hark–. Badakizu ongi zer arazo duzun. Urteetan jakin izan duzu, nahiz eta zu horren kontra borrokatu izan. Ez zaude burutik ondo. Zure oroimena ez dabil ondo. Ez zara gauza benetan gertatu izandako gauzak oroitzeko, eta zeure buruari sinetsarazi nahi izaten diozu gertatu ez ziren gauzak oroitzen dituzula. Zorionez, badu sendagarria eritasun horrek. Ez duzu inoiz zeure burua sendatu izan, zeuk halaxe nahi izan duzulako. Ahalegin txiki bat egin beharra zegoen borondatearekin, eta zu ez zeunden horretarako prest. Oraintxe ere, ondotxo jabetzen nahiz, zeure eritasun horri atxikitzen zatzaizkio bertutea delakoan.Adibide bat jarriko dizut. Une honetan, zein potentziarekin dago Ozeania gerran?
—Atxilotu nindutenean, Ozeania Ekialdeko Asiarekin zegoen gerran.
—Ekialdeko Asiarekin. Ederto. Eta Ozeania beti egon izan da gerran Ekialdeko Asiarekin, ez da hala?
Winstonek arnasa hartu zuen. Ahoa ireki zuen hitz egiteko, eta, ondoren, ez zuen hitz egin. Ezin zuen begirik kendu disko hartatik.
—Egia, mesedez, Winston. Zure egia. Esan iezadazu oroitu uste duzuna.
—Oroitzen dut atxilotu aurreko astebete lehenago arte, astebete bakarrik, ez geundela gerran Ekialdeko Asiarekin, inondik ere. Elkarren aliatuak ginen. Eurasiarekin geunden gerran. Lau urtez iraun zuen horrek, eta lehenago…
O’Brienek geratzeko agindu zion, eskuarekin keinu bat eginda.
—Eta beste adibide bat –esan zuen–. Duela zenbait urte, okerreko irudipen bat eduki zenuen, oso larria. Hiru gizon, garai batean Alderdiko kide izandakoak –Jones, Aaronson eta Rutherford zeritzen–, exekutatu egin zituzten traizioagatik eta sabotajeagatik, aitorpen ezin osoagoa egin ondoren. Bada, zuk uste zenuen ez zirela leporatu zitzaizkien krimenen errudun. Uste zenuen agiri bat ikusi zenuela, eta agiri hark frogatzen zuela haien aitorpenak faltsuak izan zirela, hutsik ezin egiteko eran frogatu ere. Haluzinazio bat izan zenuen argazki bat zela eta. Benetan eskuetan eduki zenuela uste zenuen. Honelakoa-edo zen.
Egunkari zati luzexka bat zeukan O’Brienek eskuko hatzen artean. Agian bost segundoz, Winstonen ikusmenean egon zen. Argazki bat zen, eta ez zen zalantzarik zein argazki zen. Argazki hura zen. Jones, Aaronson eta Rutherford Alderdiak New Yorken egindako ekitaldian agertzen zireneko argazki haren beste kopia bat zen, hamaika urte lehenago halabeharrez aurkitu eta berehala suntsitu zuen harena. Une labur batez baizik ez zuen begien aurrean izan, eta bere ikusmenetik kanpo zegoen berriro. Baina ikusi egin zuen O’Brienen hatzen artean, ikusi egin zuen, inolako zalantzarik gabe! Ahalegin etsi eta larria egin zuen gorputzaren goiko aldea askatzeko. Baina ezinezkoa zen zentimetro bakar bat ere mugitzea inorantz. Une batez neurketa-diskoa ere ahaztu egin zitzaion. Nahi zuen gauza bakarra zen argazki hura berriro ere eskuetan edukitzea, edo, gutxienez, ikustea.
—Existitzen da! –esan zuen oihuz.
—Ez –esan zuen O’Brienek.
Gela zeharkatu zuen. Bazen oroimenaren zulo bat aurreko paretan. O’Brienek ireki egin zuen burdinsarezko estalkia. Ikusi ezin zen arren, paper zati ziztrin hura haize epelezko zurrunbiloarekin joan zen; suntsitzen ari zen su- gar mihi batek irentsita. O’Brien itzuli egin zen paretatik.
—Errautsak –esan zuen–. Eta zein errauts diren ere ezin jakin. Hautsa. Ez da existitzen. Ez da inoiz existitu izan.
—Baina existitu da! Existitzen da! Oroimenean existitzen da. Nik oroitzen dut. Zuk oroitzen duzu.
—Nik ez dut oroitzen –esan zuen O’Brienek. Winstonen bihotza abaildu egin zen. Hori bikoizpentsatzea zen. Ezintasun erabatekoa sentitzen zuen. Baldin eta ziur egoterik baleuka O’Brien gezurretan ari zela, ez zion axola izango. Baina oso zitekeena zen O’Brienek benetan ahaztu izana argazkia. Eta, hala bazen, oroitzen ez zuela esan izana ere ahaztua zukeen, eta ahaztua zukeen ahaztu zuela ere. Nola jakin ziur amarru hutsa zela guztia? Beharbada, benetan gertatu zen bera erotzea: pentsamendu horrexek garaitu zuen.
Errealitatea ez da kanpoan existitzen. Errealitate gizakien gogoan existitzen da, ez beste inon. Ez gizabanakoen gogoan, zeren eta akatsak egin baititzakete, eta, nolanahi ere, hondatu eta hil egiten da denbora laburraren buruan; Alderdiaren gogoan bakarrik existitzen da, kolektiboa eta hilezkorra baita.
O’Brienek goitik begiratzen zion, pentsakor. Inoiz baino gehiago, ume bihurri baina etorkizun handikoarekin lanak eta nekeak hartzen dituen irakaslearen itxura zeukan.
—Badu Alderdiak eslogan bat iraganaren kontrolaren gainean –esan zuen–. Esan ezazu, mesedez.
—Iragana kontrolatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du; oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du –esan zuen Winstonek otzanki.
—Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du –esan zuen O’Brienek, buruarekin onespen keinua eginez, geldiro–. Zein da zure iritzia,Winston: iragana benetan existitzen al da?
Berriro ere ezintasun-sentimenduak hondoratu zuen Winston. Begiak neurketa-diskorantz bihurtu zitzaizkion arin. Ez zekien minetik zein erantzunek salbatuko ote zuen, «bai» edo «ez» esateak; ezta ere zein iruditzen zitzaion berari egiazko erantzuna.
O’Brienek irribarre txiki bat egin zuen. «Ez zara metafisikoa, Winston», esan zuen. «Oraintxe arte ez duzu inoiz pentsatu ere egin zer esan nahi ote duen existentziak. Zehatzago esango dizut. Existitzen al da iragana zehazki, espazioan? Ba dago inon lekuren bat, objektu solidoen munduren bat, non iragana oraindik gertatzen ari den?».
—Ez.
—Hortaz, non existitzen da iragana, inon existitzen bada?
—Artxiboetan. Idatzita dago.
—Artxiboetan. Eta…?
—Gogoan. Gizakion oroimenetan.
—Oroimenean. Oso ondo, beraz. Guk, Alderdiak, artxibo guztiak kontrolatzen ditugu, eta oroimen guztiak kontrolatzen ditugu. Hortaz, iragana ere kontrolatzen dugu, ez da hala?
—Baina nola eragotz dezakezue jendeak gauzak oroit ditzan? –esan zuen garrasika Winstonek, berriro ere, une batez, neurketa-diskoa ahazturik–. Nahi gabekoa da. Ez dago norberaren esku. Nola kontrola dezakezue memoria? Ez duzue nirea kontrolatu!
O’Brienen moldeak zorrotzago bihurtu ziren berriro. Neurketa-diskoaren gainean ezarri zuen eskua.
—Guztiz bestera –esan zuen–, zuk ez duzu zeurea kontrolatu. Horrexegatik ekarri zaituzte hona. Apaltasunean, norberaren diziplinan huts egin duzulako zaude hemen. Ez zenuen buru-osasunaren prezioa ordaindu nahi izan. Nahiago zenuen eroa izan, bakar batek osatutako gutxiengoa izan. Adimen diziplinatuak bakarrik hauteman dezake errealitatea, Winston. Uste zenuen errealitatea gauza objektiboa zela, kanpokoa, berez existitzen zela. Eta uste zenuen, orobat, errealitatea agerikoa zela berez. Eta zeure burua engainatu eta sinetsarazten zenionean zerbait ikusi zenuela, jakintzat ematen zenuen beste guztiek zuk ikusten zenuen huraxe ikusten zutela. Baina, egia esango dizut, Winston, errealitatea ez da kanpoan existitzen. Errealitate gizakien gogoan existitzen da, ez beste inon. Ez gizabanakoen gogoan, zeren eta akatsak egin baititzakete, eta, nolanahi ere, hondatu eta hil egiten da denbora laburraren buruan; Alderdiaren gogoan bakarrik existitzen da, kolektiboa eta hilezkorra baita. Zer-nahi ere Alderdiak egiatzat daukan, egia da. Ezinezkoa da errealitatea ikustea Alderdiaren begien bitartez ez bada. Hori da berrikasi behar duzun gauza, Winston. Auto-suntsitzeko ahalegin bat eskatzen du, borondatearen ahalegin bat. Apaldu egin behar duzu, buru osasuna eskuratu aurretik.
Isildu egin zen une batez, esandako guztia barnera zezan nahi balu bezala.
—Gogoratzen zara –jarraitu zuen–, nola idatzi zenuen zeure egunkarian, «Askatasuna da bi eta bi lau direla esateko askatasuna»?
—Bai –esan zuen Winstonek.
O’Brienek ezker eskua altxatu zuen, eskuaren ifrentzua Winstoni erakutsiz, hatz lodia ezkutatuta eta gainerako lau hatzak luzaturik.
—Zenbat hatz dauzkat luzaturik, Winston?
—Lau.
—Eta Alderdiak esaten badu ez direla lau baizik eta bost… orduan, zenbat?
—Lau.
Mundua suntsitu egin zen minezko auhen batez. Neurketa-diskoaren orratzak berrogeita hamabosteraino egin zuen jauzi. Izerditan hasi zen Winstonen gorputz osoa. Airea birikak urratuz sartzen zitzaion eta auhen zorrotzez ateratzen zen, hortzak estututa ere eragotzi ezin zituen auhenez. O’Brienek begiratu egin zion, artean ere lau hatzak luzaturik. Esku-hagari atzera eragin zion. Oraingoan mina apur bat baino ez zen arindu.
—Zenbat hatz, Winston?
—Lau.
Orratzak hirurogeiraino egin zuen jauzi.
—Zenbat hatz, Winston?
—Lau! Lau! Zer esan nezake besterik? Lau!
Orratzak jauzi egin behar izan zukeen berriro, baina ez zion begiratu.Aurpegi zorrotz eta gogorrak eta luzatutako lau hatzek betetzen zuten bere ikuspegia. Hatzak luzaturik zeuden bere begien aurrean, zutabe itzel eta lausoak balira bezala, eta dardaraka ari zirela zirudien, baina lau ziren, ez zegoen nahasterik.
—Zenbat hatz, Winston?
—Lau! Nahikoa da, nahikoa da! Nola jarrai dezakezu horrekin! Lau! Lau!
—Zenbat hatz, Winston?
—Bost! Bost! Bost!
—Ez, Winston, horrek ez du balio. Gezurretan ari zara.
Oraindik ere uste duzu lau direla. Zenbat hatz, mesedez?
—Lau! Bost! Lau! Zeuk nahi duzuna. Geratu, besterik ez dizut eskatzen, geratu oinaze hau!
Bat-batean, eserita zegoen, O’Brienen besoak sorbalda inguratzen ziola. Beharbada konortea galdu zuen segundo batzuez. Gorputza lotzen zioten uhalak laxaturik zeuden. Hotzak zegoen, dardaraka ari zen eta ezin zion eutsi, hortzak karraska ari zitzaizkion, malkoak zerizkion masailetan behera. Une batez, ume batek bezala heldu zion besoekin O’Brieni, sorbaldaren inguruan zeukan beso astunak, bitxiki, kontsolatu egiten baitzuen. O’Brien bere babeslea zela sentitzen zuen, mina kanpotik etorritako zerbait zela, beste norbaitek eragina zela, eta O’Brienek salbatu zuela min horretatik.
—Ikasle motela zara, Winston –esan zion O’Brienek eztiki.
—Eta nola eragotz dezaket bada nik? –esan zuen zotinka–. Nola eragotz dezaket begien aurrean daukadana ikustea? Bi eta bi lau dira.
—Batzuetan, Winston. Batzuetan bost dira. Batzuetan hiru. Batzuetan aukera horiek guztiak, aldi berean. Gogorrago saiatu behar duzu. Ez da erraza buruko osasuna eskuratzea.
Ohean etzanarazi zuen Winston. Beso-zangoetako uhalak estutu egin ziren berriro, baina mina gutxiturik zen eta dardara geratu egin zen; hotza eta ahultasuna soilik sentitzen zituen. O’Brienek keinu egin zion buruarekin mantal zuriz jantzitako gizonari; denbora hartan guztian, mugitu gabe egona zen. Gizon hura makurtu egin zen, eta gertu-gertutik begiratu zuen Winstonen begietara; pultsua hartu zion, belarria jarri zuen bere bularraren gainean, han eta hemen kolpetxoak eman zizkion; eta, orduan, baietz egin zion buruarekin O’Brieni.
—Berriro –esan zuen O’Brienek.
Mina Winstonen gorputz osoan barrena hedatu zen. Orratzak hirurogeita hamarreraino iritsia behar zuen, hirurogeita hamabosteraino. Itxi egin zituen begiak oraingoan. Bazekien hatzak han zirela artean, eta lau zirela artean ere. Min-uholdea baretu artean bizirik irautea zen axola zuen gauza bakarra. Ez zen jada ohartzen oihuka ari ote zen edo ez. Mina gutxitu egin zen ostera ere. Begiak ireki zituen. O’Brienek atzera eragin zion esku-hagari.
—Zenbat hatz, Winston?
—Lau. Lau direla uste dut. Ahal izango banu bost ikusiko nituzke. Ahaleginetan ari naiz bost ikusteko.
—Zer duzu nahiago: bost ikusten dituzula niri sinetsaraztea, ala benetan bost ikustea?
—Benetan bost ikustea.
—Berriro –esan zuen O’Brienek.
Hemen egiten diren aitorpen guztiak egiazkoak dira. Egiazko bihurtzen ditugu. Eta, batez ere, ez dugu uzten hildakoak gure kontra altxa daitezen. Utzi egin behar duzu etorkizunak zuzen eta errugabe agerraraziko zaituelako pentsamendu hori. Etorkizunak ez du zure berri izango, inoiz ere ez. Historiaren joanetik inor ohartu gabe aterako zaitugu.
Orratza laurogeiraino iritsi zen agian, laurogeita hamarreraino, agian. Winstonek tarteka baino ezin zuen oroitu zergatik ari zen min hura sentitzen. Estu itxitako betazalen azpian, bazirudien hatz-oihan bat dantza antzeko batean ari zela mugitzen, hatzak sigi-saga, elkarren atzean ezkutatuz eta berriro agertuz. Hatzak zenbatzeko ahaleginak egiten zituen, ez zen gogoratzen zergatik. Ezinezkoa zela haiek kontatzea, besterik ez zekien, eta, nolabait, bosten eta lauren arteko berdintasun misteriozkoagatik gertatzen zela hura. Mina joan egin zen berriro. Begiak ireki zituenean, artean ere gauza bera ikusten ari zela jabetu zen. Ezin konta ahala hatz, zuhaitz ibiltariak bezala, artean ere alde batera eta bestera jario etengabean, elkarrekin behin eta berriro gurutzatzen zirela. Begiak itxi zituen berriro.
—Zenbat hatz dauzkat luzatuta, Winston?
—Ez dakit. Ez dakit. Hil egingo nauzu berriro hori egiten baduzu. Lau, bost, sei… zintzotasun osoz, ez dakit.
—Hobeto oraingoan –esan zuen O’Brienek.
Orratz bat sartu zen Winstonen besoan. Ia une berean, zoriontasunezko epeltasun sendagarri bat hedatu zitzaion gorputz osoan barrena. Mina ahaztua zegoen ia. Begiak ireki zituen eta esker onez begiratu zion O’Brieni. Aurpegi astun eta zimur hura ikustearekin, hain itsusia eta hain adimentsua, bihotza iraultzen zitzaiola iruditu zitzaion. Mugitu ahal izango balitz, beso bat luzatu eta O’Brienen beso gainean ezarriko luke. Ez zuen hura inoiz ere une horretan bezain barrenetik maite izan, eta ez bakarrik mina gerarazi zuelako. Aspaldiko sentimendu hura, barren-barrenean O’Brien laguna edo etsaia zen axola ez ziolakoa, itzuli egin zitzaion. Bazegoen O’Brienekin hitz egitea. Beharbada, ez zen hainbeste maitatua izatea, baizik eta ulertua izatea batek nahi zuena. O’Brienek eromenaren mugaraino torturatu zuen, eta tarte txiki batez, egia zen, ia hil ere egin zuen. Berdin zion. Era batera adiskidetasuna baino gehiago zen, lagun minak ziren; han edo hemen, nahiz eta egiazko hitzak, beharbada, ezin izango ziren inoiz esan, bazen nonbait elkartu eta hitz egin ahal zuten leku bat. O’Brienek goitik begiratzen zion, eta haren keinuak adierazten zuen agian pentsamendu huraxe bera zeukala gogoan. Hitz egin zionean, patxadazko solas-doinu batekin hitz egin zion.
—Badakizu non zauden, Winston? –esan zuen.
—Ez dakit. Baina antzeman dezaket. Maitasunaren Ministerioan.
—Badakizu zenbat denbora igaro duzun hemen?
—Ez dakit. Egunak, asteak, hilabeteak… hilabeteak uste dut.
—Eta zergatik uste duzu ekartzen dugula jendea leku honetara?
—Aitor dezan.
—Ez, hori ez da arrazoia. Saiatu berriro.
—Zigortzeko.
—Ez! –oihukatu zuen hark. Ahotsa zeharo aldatu zitzaion, eta, bat-batean, aurpegia zorroztu eta piztu egin zitzaion aldi berean–. Ez! Aitorrarazteko bakarrik ez, zigortzeko ere ez. Esango dizut zergatik ekarri zaitugun hona? Zu sendatzeko ekarri zaitugu! Zure burua sendatzeko! Sinetsiko duzu, Winston, hona ekartzen dugun inor ez dela inoiz hemendik sendatu gabe ateratzen? Egin dituzun krimen ergel horiek bost axola guri! Alderdiari ez zaizkio axola ageriko egintzak; gogoa, pentsamendua da guri axola zaigun gauza bakarra. Ez ditugu etsaiak suntsitu bakarrik egiten; aldatu egiten ditugu. Ulertzen duzu zer esan nahi dizudan?
Winstonenganantz makurturik zegoen. Haren aurpegiak itzela ematen zuen, gertuaren gertuz, eta ezin itsusiagoa, azpitik begiratuta. Gainera, halako asaldura batez beterik zegoen, halako eromen bizi-bizi batez. Winstonen bihotza uzkurtu egin zen berriro. Ahal izan balu, areago bilduko zatekeen ohean. Ziur zegoen O’Brien neurketa-diskoaren esku-hagari eragitekotan zela, apeta hutsez. Une horretantxe, ordea, O’Brien itzuli egin zen. Urrats bat edo bi egin zituen hara eta hona. Gero, jarraitu egin zuen, ez hain suharki:
—Hau da ulertu behar duzun lehenbiziko gauza: leku honetan ez dago martiriorik. Irakurri izan duzu erlijioa zela-eta iraganean izan ziren jazarpenen berri. Erdi Aroan, Inkisizioa izan zen. Porrot egin zuen. Heresia ezabatzeko sortu zen, eta betiereko bihurtu zuen azkenean. Sutan erretzen zuen heretiko bakoitzeko milaka altxatzen ziren. Zergatik gertatzen zen hori? Inkisizioak agerian hiltzen zituelako aurkariak, eta artean damutu gabe zeudela hiltzen zituelako; egiaz, damutzen ez zirelako hiltzen zituen. Beren egiazko sinesmenak albo batera uzten ez zituztelako hiltzen ziren gizakiak. Jakina, horrela, ohore guztia biktimarentzat izaten zen, eta, desohore guztia, hura errarazi zuen inkisidorearentzat. Geroago, hogeigarren mendean, totalitarioak agertu ziren, hala deitzen zitzaien. Alemaniar naziak eta errusiar komunistak. Errusiarrek Inkisizioak berak baino are krudeltasun handiagoarekin jazarri zuten heresia. Eta uste izan zuten ikasi egin zutela iraganeko huts egite haietatik; bazekiten, nolanahi ere, ez direla martiriak sorrarazi behar. Biktimak jendaurreko epaiketan erakutsi aurretik, haien duintasuna deuseztatzeari ekiten zioten berariaz. Akiturik uzten zituzten torturatuz eta bakartuz, harik eta arbuiagarri bihurtzen ziren arte, dohakabe kikilduak, esanarazten zitzaien zernahi aitortzeko prest, beren buruei irainka, elkar salatuz eta elkarren atzean babes hartuz, erruki eske auhenez. Eta handik zenbait urtetara, hara non gauza bera gertatu berriro. Hildakoak martiri bihurtu ziren, eta ahaztu egin zen nola umiliatu izan ziren. Berriro ere; zergatik, baina? Lehenbizi, nabarmena zelako egin zituzten aitorpenak indarrez erauzi zizkietela eta ez zirela egiazkoak. Guk ez dugu horrelako hutsik egiten. Hemen egiten diren aitorpen guztiak egiazkoak dira. Egiazko bihurtzen ditugu. Eta, batez ere, ez dugu uzten hildakoak gure kontra altxa daitezen. Utzi egin behar duzu etorkizunak zuzen eta errugabe agerraraziko zaituelako pentsamendu hori. Etorkizunak ez du zure berri izango, inoiz ere ez. Historiaren joanetik inor ohartu gabe aterako zaitugu. Gas bihurtuko zaitugu, eta estratosferara isuriko. Zugandik ez da ezer geratuko: izenik ere ez inongo erregistrotan, ez oroitzapenik ezein bizidunen gogoan. Ezabaturik egongo zara, hala iraganetik nola etorkizunetik. Inoiz existitu gabea izango zara.
Hortaz, zergatik horrenbeste lan hartu ni torturatzeko?, pentsatu zuen Winstonek, une bateko mingostasunez. O’Brienek eten egin zuen bere urratsa Winstonek pentsamendu hura ozenki esan izan balu bezala. Haren aurpegi handi eta itsusia hurbilagotu egin zen, begiak apur bat zorroztuta.
—Pentsatzen ari zara –esan zuen hark– zu erabat suntsitu nahian gabiltzanez gero, zuk zernahi esan edo eginik ere, ez diola batere axola… horrela bada, zergatik hartu dugu lehenengo zuri galdeketa egiteko lana? Horixe ari zinen pentsatzen, ezta?
—Bai –esan zuen Winstonek.
O’Brienek irribarre txiki bat egin zuen. «Ereduaren akats bat zara, Winston. Orban bat zara, garbitu beharrekoa. Ez al dizut esan oraintxe bertan ez garela iraganeko jazarleak bezalakoak? Guretzat ez da aski obedientzia negatibo hutsa, ez eta mendekotasun doilorrena ere. Azkenean gure aurrean amore ematen duzunean, zeure gogoz eman behar duzu. Ez dugu heretikoa suntsitzen jarki egiten zaigulako; jarkitzen zaigun artean, ez dugu inoiz suntsitzen. Bihurtu egiten dugu, haren barruko gogoa atzitzen dugu, eraldatu egiten dugu. Hark daukan gaitz eta lilurakeria oro erretzen dugu; gure alderako biltzen dugu, ez itxuraz, baizik eta egiaz, bihotzez eta arimaz. Gutar bihurtzen dugu erail aurretik. Ezin jasanezkoa da guretzat pentsamendu okerrik egotea munduan, nonahi, denik eta ezkutuena eta indargeena ere. Are heriotzako unean ere, ezin dugu utzi okertzerik egon dadin. Iraganeko garaietan, heretikoa sutara zihoalarik ere, heretikoa zen artean, aldarrika erakusten zuen bere heresia, pozik eta harro. Errusiarren purgen biktimak ere, korridorean zehar balaren zain zihoazela, beren burmuinean, ezkutuan, jarki egin zitezkeen artean. Baina burmuina akatsik gabe uzten dugu leharrarazi aurretik. Despotismo zaharraren agindua zen “Ez duzu halakorik egingo…”. Totalitaristena zen “Hau eta hori egingo duzu”. Gurea da “Zu hau eta hori zara…”. Den-denak uzten ditugu garbi eta orbainik gabe. Are zuk errugabetzat zeneuzkan hiru gizagaixo haiek ere… Jones, Aaronson eta Rutherford… azkenean menderatu genituen haiek ere. Nik neuk hartu nuen parte galdeketan. Apurka-apurka higatzen ikusi nituen, zinkurinka, lurrean herrestaka, negarrez… eta, azkenerako, ez zebiltzan horrela minaren beldurrez, damuz baizik. Haiekikoa amaitu genuenerako, gizaki-oskol hutsak ziren. Ez zen deus haien baitan, egin zutenaren damua eta Anaia Nagusiarentzako maitasuna baizik ez. Hunkigarria zen nola maite zuten ikustea. Agudo tiro egiteko erregutzen zuten, gogoak garbi zeuzkaten artean hil ahal izateko».
Ahotsa ametsetakoa bezala zuen. Suhartasuna, bozkario eroa, haren aurpegian ziren artean. Ez dabil itxurak egiten, pentsatu zuen Winstonek; ez dabil zurikerietan; esaten duen hitz bakoitza sinisten du. Bere maila intelektual anitzez apalagoak estutzen zuen gehien Winston. Irudi astun eta hala eta ere fin hura ikusi zuen harantz eta honantz, ibili lasaian, bere ikusmenean sartu eta ateraz. O’Brien izaki handiagoa zen bera baino, alde guztietatik. Ez zen ideiarik Winstonek edukitakorik edo eduki ahal zuenik hark jada aspaldi jakin, aztertu eta baztertu ez zuenik. Haren gogoak bereganatua zuen jada Winstonena. Baina, orduan, nola izan zitekeen egia hura erotuta egotea? Bera izango zen, Winston, erotuta zegoena. O’Brien geratu egin zen, eta goitik begiratu zion berriro.Ahotsa gogortu egin zitzaion berriro.
—Ez gero pentsa zeure burua salbatuko duzunik, Winston, gure aurrean erabat amore emanda ere. Behin bidetik ateraz gero, inori ez zaio barkatzen, inoiz ez. Eta, are erabakiko bagenu ere zuri bizitzen uztea berez hiltzen zaren arte, hala ere, ezingo zeniguke sekula ere ihes egin. Hemen zer ere gertatzen zaizun, betiko izango da. Uler ezazu aldez aurretik. Zanpatuko zaitugu ezin lehengora itzultzeko moduan. Gertatuko zaizkizun gauza batzuetatik ez zara inoiz zeure onera itzuliko, mila urtean bizi izanda ere. Ezingo duzu berriro giza sentimendurik eduki, inoiz ez. Oro hilik egongo da zure baitan. Inoiz ere ezingo duzu berriro maitatu, edo adiskidetasunik edo bizipozik sentitu, edo barre egin, edo jakin-minik izan, edo adorerik izan, edo irmotasunik. Hutsik egongo zara. Bihur-bihur egingo zaitugu ha- rik eta hustu arte, eta ondoren geuronez beteko zaitugu.
Isildu eta keinu egin zion mantal zuriz jantzitako gizonari. Winston ohartzen zen tramankulu astunen bati bultzaka ari zitzaizkiola bere buru atzean kokatzeko. O’Brien ohearen ondoan eseri zen, eta ia Winstonen aurpegiaren maila berean geratu zen harena.
—Hiru mila –esan zuen O’Brienek, Winstonen buruaren gainetik mantal zuriko gizonari hitz eginez.
Bi kuxin bigun, doi bat hezeak, kokatu ziren berez Winstonen lokietan, estutuz. Dardaraka hasi zen. Mina zetorren, min mota berri bat. O’Brienek esku bat ezarri zuen berearen gainean, lasaitu nahirik, ia samurtasunez.
—Oraingoan ez dizu minik egingo –esan zion–. Eduki begiak nireetan tinko.
Une horretan, leherketa suntsigarri bat izan zen, edo leherketa ematen zuen zer edo zer, nahiz eta ez zen ziurra zaratarik izan ote zen. Argi-zurrusta itsugarri bat izan zen, zalantzarik ez. Winstonek ez zuen minik hartu, guztiz abaildurik geratu zen, ez besterik. Hori gertatu zenean jada bizkar gainean etzanda zegoen arren, irudipen bitxia izan zuen, jo eta jarrera horretan utzi zutelakoa, hain zuzen. Minik gabeko ukaldi izugarri batek luze etzanda utzi zuen. Beste zerbait ere gertatu zitzaion buruaren barnean. Begiak berriro gauzen eitea antzematen hasi zirelarik, bera nor zen eta non zegoen oroitzen zen, eta berari so zegokion aurpegia ere ezagutzen zuen; baina bazuen nonbaiten halako hutsune handi bat, burmuinetik zatiren bat kendu izan baliote bezala.
—Ez du luze iraungo –esan zuen O’Brienek–. Begiratu niri begietara. Zein herrirekin dago Ozeania gerran?
Winston pentsatzen jarri zen. Bazekien Ozeania hitzak zer esan nahi zuen, eta bera Ozeaniako herritarra zela. Eurasia eta Ekialdeko Asia ere oroitzen zituen; baina ez zekien zein zegoen gerran zeinekin. Egiaz, inon gerrarik zenik ere ez zekien.
—Ez naiz oroitzen.
—Ozeania Ekialdeko Asiarekin dago gerran. Oroitzen zara orain?
—Bai.
—Ozeania beti egon izan da gerran Ekialdeko Asiarekin. Jaio zinenez geroztik, Alderdia sortu zenez geroztik, historia hasi zenez geroztik, beti izan da gerra hori, etenik gabe, beti gerra bera. Oroitzen zara horretaz?
—Bai.
—Orain dela hamaika urte ipuin bat asmatu zenuen, traizioagatik heriotza eman zitzaien hiru gizonen inguruan. Errugabe zirela frogatzen omen zuen paper zati bat ikusi zenuela sinetsarazi zenion zeure buruari. Ez da horrelako paperik sekula izan. Asmatu egin zenuen, eta gero sinetsi. Gogoratzen zara zehazki zer unetan asmatu zenuen lehenengoz ipuin hori?
—Bai.
—Lehentxeago eskuko hatzak neuzkan zure aurre-aurrean luzaturik. Bost hatz ikusi dituzu. Gogoratzen zara?
—Bai.
O’Brienek ezker eskuko hatzak luzatu zituen, hatz lodia ezkutuan utzita.
—Hemen bost hatz daude. Ikusten dituzu?
—Bai.
Eta egiaz ikusi zituen lipar batez, bere gogoan ikuspegia aldatzen hasi aurretik. Bost hatz ikusi zituen, eta ez zen han ezer itxuraldaturik. Gero, oro itzuli zen lehengora, eta lehengo izu, gorroto eta nahasmendu haiek hasi ziren berriro hazten. Baina, une batez –ez zekien zehatz zenbat denboraz, hogeita hamar segundoz, agian–, erabateko ziurtasun argitsua sentitu zuen barnean, eta O’Brienek adierazi zion gauza berri bakoitzak hutsune zati bat bete zuen bere barnean, eta hura erabateko egia bilakatzen zen, eta, une horretan, bi eta bi berdin izan zitezkeen hiru edo bost, hala behar izanez gero. Ziurtasun hori, ordea, O’Brienek eskua kendu aurretik aienatu zen, eta nahiz eta ezin berreskuratu, oroitu egiten zen, nola bat oroitzen den bizitzako aspaldiko garairen batean, norbera zinez beste pertsona bat zenean, izandako esperientzia bizi-bizi batez.
—Hara –esan zuen O’Brienek–, hara nola baden posible.
—Bai –esan zuen Winstonek.
O’Brien bere aurrean zen zutik, poz antzean. Winstonek, bere ezkerraldean, mantal zuriz jantzitako gizona ikusi zuen, anpulu bat hautsi eta xiringa baten enboloari tiraka. O’Brien Winstonengana itzuli zen irribarrez. Ia lehengo era ber hartan, betaurrekoak egokitu zituen sudur gainean.
—Gogoratzen zara nola idatzi zenuen egunkari hartan –esan zuen–, ez zuela axola adiskidea edo etsaia ote nintzen, banintzenez bederen zuri ulertzeko gauza eta nirekin hitz egin ahal zenez? Zuzen zinen. Atsegin dut zurekin hitz egitea. Gustatzen zait zure adimena. Nirearen antza du, gauza batean izan ezik, zurea gaixorik dagoela. Ekinaldi hau amaitu baino lehen, galderaren batzuk egin nahi badizkidazu, aurrera.
—Edozein galdera, neuk nahi dudana?
—Edozein galdera –Winstonen begiek neurketa-diskorantz begiratzen zutela ikusi zuen–. Itzalita dago. Zein da zure lehenbiziko galdera?
—Zer egin diozue Juliari? –galdetu zuen Winstonek.
O’Brienek irribarre egin zuen ostera. «Saldu egin zintuen, Winston. Berehala… ezer ezkutatu gabe. Ez dut inor ikusi, inoiz ere, hain laster amore ematen. Nekez ezagutuko zenukeen ikusi izan bazenu. Haren mutiritasun guztia, haren zurikeria, haren erokeria, haren gogo zikina… den- dena erauzi dugu haren baitatik. Bihurtze perfektua izan zen, ikasliburuko kasu bat».
—Torturatu egin zenuten.
O’Brienek ez zion horri erantzun. «Hurrengo galdera», esan zuen.
—Existitzen al da benetan Anaia Nagusia?
—Jakina existitzen dela. Alderdia existitzen da. Alderdia gorpuzturik, horixe da Anaia Nagusia.
—Ni existitzen naizen era beran existitzen al da bera?
—Zu ez zara existitzen –esan zuen O’Brienek.
Berriro ere ezintasun-sentimendu berak eraso zion. Bazekizkien, edo igar zitzakeen, zeintzuk ziren bera ez zela existitzen frogatzen zuten arrazoiak; bana arrazoi ergelak ziren, hitz-jokoa besterik ez ziren. Ez al zeraman esaldi hark berak, «zu ez zara existitzen», absurdo logiko bat barruan? Eta zertarako hori esan? Gogoa uzkurtu egin zitzaion, O’Brienek bera zanpatzeko erabiliko zituzkeen arrazoi erantzunik gabeko eta eroez pentsatzean.
—Uste dut existitzen naizela –esan zuen nekaturik–. Nik badakit banaizela nor. Jaio egin nintzen, eta hil egingo naiz. Baditut besoak eta zangoak. Espazioan leku jakin bat betetzen dut. Ez da beste objektu solidorik nik betetzen dudan leku ber hau aldi berean bete dezakeenik. Existitzen da Anaia Nagusia, zentzu horretan?
—Horrek ez dio axola. Existitzen da.
—Eta hilko al da inoiz?
—Jakina ezetz. Nola hilko da bada? Hurrengo galdera.
—Anaidia, benetan existitzen al da?
—Hori, Winston, ez duzu inoiz jakingo. Zurekikoa amaitu eta libre uztea erabakiko bagenu, eta laurogeita hamar urte izan arte biziko bazina ere, hala ere ez zenuke inoiz jakingo zein den galdera horren erantzuna, bai edo ez. Bizi zaren artean, erantzunik gabeko igarkizun bat izango da zure buruan.
Winstonek isilik jarraitu zuen. Bere bularra lasterxeago goratzen eta beheratzen zen. Artean ez zuen egin gogora lehenbizi etorri zitzaion galdera. Galdetu egin behar zion, eta hala eta ere bazirudien mihia ez zela gauza esateko. O’Brienen aurpegian halako aieru bat ageri zen, dibertitzen ari balitz bezala. Betaurrekoei eurei ere bazirudien ironiazko distira bat zeriela. Badaki, pentsatu zuen Winstonek bat-batean, badaki zer galdetu behar diodan! Eta, pentsamendu horrekin, ziplo ilki ziren hitzak bere ahotik:
—Zer dago 101 gelan?
O’Brienen aurpegiko keinu hura ez zen aldatu. Idorki erantzun zuen:
—Badakizu zer dagoen 101 gelan, Winston. Denek dakite zer dagoen 101 gelan.
Hatz bat jaso zuen mantal zuriko gizonari keinu egiteko. Bistan zen ekinaldi hura amaitzear zela. Orratz bat sartu zen zakar Winstonen besoan. Ia bat-batean, lo sakonean murgildu zen.
George Orwell
Nineteen Eighty-Four (Secker & Warburg, 1949), III. partearen 2. atala. Aitor Aranak euskaratua eta Txalapartak argitaratua