Nork bere burua objektibo izendatzea, aldekoa dela dakienean, desonesta da

2021-12-25

1950eko hamarkadan, historialariaren subjektibotasunaren eta historiaren objektibotasunaren arteko joko sotila argiago ikusten nuela iruditzen zitzaidan –esango dut zergatik–. Egun batez, aldi horretarako soilik, ezezaguna zen aldizkari batean, argitaratu berriak ziren bi lan elkarren aurka jarriz batera aztertzera gonbidatu ninduten.

Haietako bat, argi eta garbi, partisanoa zen –komunista, nolanahi ere–, eta 1938-1939 urte bitarteko aldi gogorra, Munich eta Alemaniar-Sobietar Ituna zituen hizpide. Besteak Alemaniako pertsona ospetsuen memoria batzuen berri ematen zuen, gerraostearen berehalako giroan argitaratuak.

Adolf Hitler eta Hermann Goering artelanak ikusten. Alemaniako Artxibo Federala

Lehenengoan, posizio argi batetik abiatuta, lanaren eraikuntza egoki bat aurkitu nuen: 1930eko hamarkadako krisi ekonomikoaren azterketa, ondorengo drama sozialak hainbat herrialdetan, klase herrikoien psikologia eta masen psikologia (ez dira nahastu behar), buruzagi-klaseen psikologia, «hedabide» desberdinek modu desberdinean adierazia (kasu honetan ere «xehetasunez» deskribatu behar dira); maila guztietan egindako oharpen horietatik abiatuta, «gertaerek» eta «erabakiek» beren lekua hartzen zuten logika baten baitan. Ezerk ez zuen eragozten iruzkin bati erantzutea, ondorio bat ateratzea. Baina gauzak argi zeuden. Beste lana, abentura hitleriarraren baitan koartadak bilatzeagatik argiki kezkaturik zeuden memorialistengan baino oinarritzen ez zena, arazo handi bat aztertzen zuen planteatu ere egin gabe; arazo hori Hirugarren Reicharen zuzendaritzan, agintari klase tradizionalen –sarritan jatorri plebeiokoak– eta erregimenaren pentsamoldearen arteko harremanen anbiguotasuna zen. Anbiguotasun horrek segur asko drama intimoak sortu zituen; drama horiek ulertaraztea historia-gai ederra zen; baina testu batzuk zerrendatzea horiek iruzkindu gabe, objektibotasuna aitzakiatzat hartuta, arrazoiak klase-kontzientzia txarrarekin estaltzea zen: 1) Arazoa bere ezaugarri orokorretan ez planteratzerakoan, 2) Haren sinpatiak disimulatutakoan (edo horietan itsutserakoan) itxuraz objektiboagoa zen historialariak gehiago engainatzen zuen irakurlea «alderdikaria» zen historialaria baino .

Alderatze hau probestu nuen historialarien artean hiru jarrera posible bereizteko:

1) Nork bere burua objektibo izendatzea, aldekoa dela dakienean, desonesta da.

2) Nork bere burua objektiboa sinestea, aldekoa denean, tontoa edo inozoa da, hainbat inozotasun-maila ezberdinekin.

3) Nork bere burua aldekotzat hartzea (mundu guztia delako, maila handiagoan edo txikiagoan) eta horrek analisiak nola orientatu dituen argi eta garbi azaltzea, irakurleari horiek baloratzen utzita.

Pierre Vilar

Pensar històricament: reflexions i records, Mikel Sotok euskaratua

Irudia: Pierre Vilar mahai-inguru batean Kataluñan