Guziok dakizutenez, Marten emakumeak badira. Begibakarrak berak, sudurgabeak

2020-11-08

Orain egun gutxi igaro da Donostian barrena Miss España, Españiako erregiña; obeto esan, Españiako eder-batzaldian erregin aukeratua. Dana dala, ainbeste txotxolokume lerdea zeriela euki ditu begira, neskatxa polit bat amar urtez bein baño ikusiko ezpalute bezela.

Eder-batzaldiok oso ditugu gure gizaldi onen gogarako. Orregatik gaur dan egunean, bear-bearrezko deritzogu Eder-Batzaldi bat zer dan jakiteari. Gizon berriak, gure aldiko gizonak gera, bai ala ez?

Iñor, ba, Eder-Batzaldi bati dagozkion zer-nolak zeatz eta garbi eztakitzianik, Euskal-Erriako bazterren batean balego, ez-jakite negargarri ortaz jare daragike bere burua, guk orain emango diogun berri labur onen bidez.

Esate baterako, badezu erri bat: Ibaibeltz, egintzagun. Ba, ezer baño leenago, Ibaibeltzeko neskarik ederrena aukera bear dezu. Garbiago: eder-batzaldi-zaleen artean ederrena. Gerta baiditake egitazko ederrenak orrelako kopletan sartu nai-eza.

Aukeratu dezute ongi, ibaibeltzarrok?… Nor?… «Ipurterre»-neko Melitona?… Bejon deizutela. Ba, Melitona dezute, aurtengoz, Miss Ibaibeltz. Ea zer dan Miss?… Katu-kontua dirudian arren, Miss da, ingeleraz (ingelesez) gaztelerazko señorita: euskeraz andereño.

Or dezute, bada, Andereño Ibaibeltz. Zorionekoak zerate. Ez geiegi estutu zuen Melitona ori zazkel, tximaluze, galtzerdi-jario bat bada. Oiek guziak akats larriak lituzke, oraindik ere «Ipurterre»-neko Melitona balitz. Baña, orain, enetxoak, Miss Ibaibeltz da; ta dijoaken tokietan guziek eder ta egoki iritziko diote. Arrisku-arriskuan da, egon ere, berebiziko ezkontza aukeraren batek ez ote dion bidera ertengo.

Ibaibeltzen bezela, beste erri aurrera-zale, beren buruak ezertzat dituzten zenbaitetan, berdin jokaturik dira. Baditugu bereala Miss Zerain, Miss Gabiria, Miss Aizarnazabal, Miss Astigarreta, ta abar.

Oien artetik autuko da, urrena, Andereño Gipuzkoa. Jo mail bat gorago, ta Miss España. Beste bat: Miss Europa…

Bitartean, esan bearrik eztago, neskatx oiek guziak —beren buruei indar aundia egiñez, egia— baña… bearkunak eta urrutiago obe!

Baña arazoa ezta orrenbestez agortu.

Ibaibeltzen bezela, beste erri aurrera-zale, beren buruak ezertzat dituzten zenbaitetan, berdin jokaturik dira. Baditugu bereala Miss Zerain, Miss Gabiria, Miss Aizarnazabal, Miss Astigarreta, ta abar.

Orain artean, tira, tajuz-antxean dijoaz gauzak. Geroago dator, nere iritziz, joan-etorri oien guzien beaztoparik larriena.

Nonnaiko erbesteetan, alegia, bai-baitira alaba bikañak; orra, Miss Europaren mallean non ditugun. sortuak Miss Asia, Miss Amerika, ta gañontzekoak.

Ta orain dator beltza.

Oien artetik bereizten dute, ta zuzenki bereiz, munduko ederrenetarik ederrena. Baña, eztiote izena ipintzen: Miss Ludi, edo Miss Mundu. Ez, jauna. —Ona zer deritzaten: Miss Universo!

Universo zer dan diozu?… Ba, mundu edo izar guzien batza. Beraz, Miss Universo euskeraz esanenean, oneratsu dator: Andereño Izardi.

Zer?… Txarki al dago?… Eztet uste iñor ori esateko ainbe ausarta izango danik. Gañera, guk gure alderditxoak baditugu izen orreri ezin obea irizteko. Askoek esaten baitute: «izardi patsetan natxegok», «izardi ederrak eragin nizkitxioan zerri ez bestelako ari»: «izerdi» esan bearrean… Oiei, naita-naiez iruditu bear zaiote andereño orrek besapeko kirats miñetik dakarrela izena. Ta guk, berriz, agiñak ere salduko, eder-batzaldiak parregarri uztearren!

Baña, leengora gatozela. Bidegabekeri aundia da ori. Beste zenbait izar omengarri bada zeru zabalean: ango jendeek zer esan bear dute?… Izar-arteko elkarbideak asmatutakoan —ta ori ere badator aurki— ez al gera amaika eraso gorri ikusi-bearrak gure arroxkeriok bide dirala?…

Esate baterako: guziok dakizutenez, Marten emakumeak badira. Begibakarrak berak, sudurgabeak eta are geixeago ere: zankoetako mamiak, emengoen eraz atzeko aldera bilduta euki bearrean, askoz ere tajuzago, belaunetan dizkizute itsatsiak. Nabari da nolaka orrek lekartzien alderdi onak, batez ere belauniko luzaroan egon bear dutenei.

Aiek ere emakumezko bai-baitira, naiz gorago aitatutako eder-alderdiak gure iritzirako oso bikañak ez izan, berdin gertatzen zaie aiei gerenai buruz, ta uste dute berak bezin ederrik Artizar (Venus)-en ere eztirala. Zoazkie, bana, orrako oiei gure Miss Izarditxoekin!

Ala gertatu ere egin bear zun —adiskide espiritista baten bidez dakit— gertatu dana: Martetar guziek guri iseka ta parra egitea… Ludiko neskarik ederrenari, gure Andereño Izardiri, badakizu, irakurle, nola esaten dioten an, are umezai xoxokumeenak ere?…

Miss Artobero!!

Olakoak gertatzen zaizkigu mundutarrei, gauzei neurria artzen eztakigulako!…

(Jarraituko da, gogorik bada).

Xabier Lizardi

Andereño «Izardi», Euzkadi, 1930eko martxoaren 15ean

Mosku, Emakumezkoen Lehen Edertasun Lehiaketa SESBn, 1988an

Beste eduki hauek ere zure gustukoak izan daitezke…