Haur ttiki bat

Mirandegan haur ttiki bat zegoen, pagantasun ametsez beteriko haur ttiki zorionzale eta erotikoa; baiña, era berean, Nazismo ondorengo ankerkeria eta lohikeria guztiek zikindutako hogeigarren mendeko Mendebaltar ilun biurria ere bazegoen. Itxaropenik gabeko Herri ttiki baten seme ttiki bat, haunditasun ametsez beterik beti bizitu zena, ezintasunetik sortzen diren neurosisetan murgildua. Batetik buru-argi eta oharle zorrotz, bestetik erromantiko izpirituzale. Batetik bere Herriaren madarikatzaile, konformismo eta hestukerietaz iguindurik, bestetik Aberria aska zezaketen gudu-enda berri bateko zaldunak eraikizale eta kantatzaile.

Mirandek bere burua euskaldunduz gero, Parisen, Peillentarrekin batera, Andima Ibiñagabeitia irakasle eta adiskide zutelarik, euskeraz idazteari ekin zion. Oso prosista ona zen, estilista txit fin eta trebea, Gero argitaldariak laister argitaratuko dituen bere prosa lanetan ikusiko denez. Ipuin idazle bezela ez dut uste gaurko euskal literaturan hobeagarik badenik.

Irudimen bero eta askedun gizona zen Mirande, horregatik egiten zuen ziur aski literatura. Horregatik asmatzen zituen magiadun mundu bitxi eta apartak, maitasun ohi-ezkoak, pagan-festa loriosoak

Eta horrekin batera poeta ere izan zen. Poesian, bere kezka eta kera nagusiak adierazi zituen. Bere antikonbenzialtasuna ere poemetan nabarmentzen da bortitzen, gehiegitxo behar bada, bai baitirudi zenbait aldiz zenbait gairi buruz bere egiazko joera eta kezken bidetik baiño bazterrak inarrosteko desiotik abiatzen dela. Nola nahi dela, ezin uka Miranderen poemak benetan bitxi eta bakanak direnik euskal poesigintzan.

Irudimen bero eta askedun gizona zen Mirande, horregatik egiten zuen ziur aski literatura. Horregatik asmatzen zituen magiadun mundu bitxi eta apartak, maitasun ohi-ezkoak, pagan-festa loriosoak, biraorik fiñ eta bortitzenak.

Bere poemetako tematika zabal eta aberatsa da. Behar bada poesia gutixko idatzi zuen; ederrago eta interesgarriago zitekeen guretzat bere obsesio eta bere gaiak gehiago landu izan balitu, bakoitzaren inguruan poema sorta bat osatuz. Ez dakigu horrela egin ote zuen ala ez, baiña, nola nahi dela, guganaiño poema hoietatik batzuk besterik ez dira heldu.

Baditu euskal pagan izpirituaz (Ortziren ttunttuna, Akelarre) egiñak; baditu abertzale kantak ere (Eresi, Jeiki jeiki); baditu pedofiliaz (Amsterdameko orhoitzapen bat, Larrazken gau batez); baditu Lesbos maitasunaz; baditu nekrofiliaz…

Anti-Kristau poema izugarri bortitz bat ere badu (Ohiko Jainkoari); badu euskaldun-fededun konformisten aurkako ikaragarri bat ere (Euskaldun zintzoen balada), nun esaten baituen beste gauza batzuren artean:

Leitzen dakite Misala (Leitzetik heiek bezala

Ortzi Jaunak zaint’nazala).

Etabar. Mirande beroaldietatik etsialdietara eroriz eta alderantziz igoz bizitu zen, Txomin Peillenek ongi esan duen bezala. Mirandek bazuen barruan eziñegon kezkagarri baten Deabru beltz bat, poeta hoberenek edukitzen duten hura, eta bere loreak benetan «fleurs du mal» izan zitezela nahi zuen, beren pozoin desiragarri lilluragarriaz mundua usantzeko. Mirande bekatuaren mezulari izan zen, bekatu eder eta deigarrienen mezulari: sexoa, pagantasuna, ohizko sinistapen eta moral-pauten transgresioa.

Miranderen bizitzan zegoen tensio harek, eta etsipenak ziur aski, bultzatuko zuen maiz

chaque jour, dans la fumée et dans l’alcool

bere deabru lazgarriak ito nahi izatera.

Eta horrela, urteen buruan eta Eguberri hotz batean azken pirueta eman zuen arte. Azkenaren azkena izan zen arte, kantikak dioen bezala…

un beau jour, dans la fumée et dans l’alcool on noie ses rêves… nour toujours.

Miranderen poemak hizkuntza aldetik ere interesgarri eta batzutan zail dira, Lizardik poetik hizkuntza egoki bat bezala, egoki eta berria, osatu baizuen Mirandek ere berea. Premien arabera, espresibitatea bilatuz eta bilatuz, azkenerarte.

Xabier Lete

«Jon Miranderen poemak», Orhoituz (Kriselu, 1976) liburuari kritika, Zeruko Argian, 1976ko maiatzaren 23an

Sorginak Sabbathera hegan, Bernard Zuberren irudia, 1926. urte ingurukoa