Zertan dira ezberdin liburu berriko askatasunaren aldarria eta egarria, aurrekoekin alderatuz gero?
Bizitzaren esperientziak jakituria ematen dizu, edo kontzientzia. Jakitea askatasuna eskubide bat dela, baina eskatzen dizula zure aldetik zerbait. Libertatea, neuria poeman, neure askatasunarekin egindako solasaldi moduko bat dago, hausnarketa bat, eta poeman esaten dut nahiz eta aske izan nahi, beti babesle bila ibiltzen garela, askatasuna bizitzea ez dela erraza, kosta egiten dela.
Emakume izateak eta feminismoak ere agerpen handia dute.

Nik neure burua feministatzat daukat feminismoa ezagutu nuenetik. Baina nik ez dut feminista naizelako erabakitzen horretaz idaztea, idazten hasi eta nire errealitatearen zati hori agertzen delako baizik. Giza talde baztertu baten parte naiz, eta hori agertu egiten da, inongo biktimismorik gabe. Bakar-bakarrik esaten dut bazterketa hori existitzen dela, eta 70eko hamarralditik aurrera bazterketa hori deuseztatzeko ahaleginetan ari naizela. Niretzat oso garrantzitsua da, poesia idaztean, poesia idaztea eta ez panfletoak egitea. Hori hasieratik eduki dut argi. Barrutik sentitzen dut emakumearen bazterketa, emakumea naizelako, eta horregatik agertzen da nire poesian.
Koldo Izagirrek dio zurekin sartu zela emakumea euskal literaturan, zure literatura, alde horretatik, «fundazionala» dela. Laudoriotzat jo daiteke, baina arriskurik ere izan dezake: zu gai jakin batekin edo etiketa jakin batekin lotuta geratzekoa.
Niretzat hori kontu zirkunstantziala dela pentsatzen dut. Ni aspaldi hasi nintzen idazten, eta une hartan ez zegoen emakume idazlerik. Gizon idazlerik ere ez zegoen asko. Gogoan dut euskal idazleen bilera bat egin genuela Baionan, eta ni nintzela emakume bakarra, eta idazle guztien artean gazteenetakoa, gainera. Baina inork ez zidan ezer txarrik esan. Ez dut inoiz kontrakotasunik jaso. Alderantziz. Nire lanari balio gutxiago eman ote dioten emakumea naizelako? Hori posible da. Baina zuzenean kontra ez zait inor agertu. Nik ez neukan batere kontzientziarik une hartan. Zu hor zaude, zuk hori egin nahi duzu, borroka handi bat egiten duzu hori egin ahal izateko, eta kito.
Zergatik borroka?
Ezin zen poesiatik bizi. Zerbait bilatu behar nuen, lanbide bat, eta lanbidea eta poesia txandakatu. Nire hasierako borroka izan zen. Ez da txantxa lana egin eta gero denbora hartzea idazteko. «Seiretatik aurrera poemak idazten dituen poeta bat naiz ni», dio nire poema batek. (…)
Itsasoko izaki izenburua du liburuak. Hala sentitzen zara, itsasoko izaki?
Itsasertzean jaioa naiz, itsasertzean bizi naiz eta itsasoaren parte sentitzen naiz. Gu itsasoaren elementu bat gehiago gara.
Amaia Lasa
Juan Luis Zabalaren elkarrizketa, Berrian, 2011ko otsailaren 24an
