Poesia eta filosofia: hilobiz hilobi

Errigoroski historiaren filosofiarik ez da posible. Are gutxiago zientziarik. Gehienez ere poesia, aparatu zientifiko gehiago edo gutxiagorekin. Historiak, erreala izateko, edo erakundea (Estatua, esaterako) edo mitoa behar du, eta jeneralean biak. Geuk ere, gure memoria txikiari, ez al diogu euskarri material bat ematen: haurren edo bizilagunaren argazkia karteran, ahaide zenduaren hilarria…? Denboran jarioan, gogamenak memoria zerbait materiali, iraungigaitzi lotu gura izaten du, nolabait oroipena fisikotu.

Bidaia liteke beste edozein ziorengatik ere kanpo-antuetara, memoria ezberdinen biltegi horiek, eta hainbat poesia eta filosofia aurkituko duzu beti. Ez dut esan nahi Kerameikosera izan behar duela derrigor, edo Appia Anticara (jende askok bisitatzen ditu hor katakonbak). Edozein herritako hilerriak dira kuriosoak, merezi dute, Gaztelako herriska bateko kanposantutik (Unamunoren «corral de muertos, entre pobres tapias, / hechas también de barro”) British Museumen ikusten diren Mausoleoaren pusketaraino. Hamaika historia familiarren lekuko isilak, birproduzitu ohi dituzten estereotipoen azpitik, inon ez baitira ageriago aurkitzen gizarte baten topikoak. Kanposantua bidearen azkena da. Ezerk ez dauka bere baitan zentzu gutxiago, zentzu guztiaren bidaia bukatzen den honetan baino, kanposantuak eta hango hobi bakoitzak beraietan ezkutatzen da, ordea, zentzu posible oro, eta horletan laburbildu nahi izaten dugu. Bidaia horien historia posibleak entzutera —ikustera, imajinatzera— etortzen gara alegia barne historia esentziala, nola-halako egintzak, anekdotak utzita. Interesantea da konparatzea, hilarrietako testuak nolakoak diren Euskal Herrian, Frantzian, Italian, Alemanian. Konparatzeagatik bakarrik, konklusiorik ateratzeko asmo gabe. Diferentziak ohartzea Normandia eta Mediterranio artean. Katolikoak, protestanteak, juduak. Denek ez dute berdin sentitzen heriotza bizitza, hobesan. Bizitzaren azkena baita, testu horietan islatzen dena, nola sentitzen duen jende bakoitzak. Soldadu erorien Normandiako kanposantu ingeles txukun-txukun zaindu batean, iragan udan oraindik ahaide eta lagun bisitariek, oporretara hemen gaindi pasatzean beharbada, idatzi dituzten lerroak, orrizka ditzakezu, euri eta haizetik babestuta horretarako egoten diren kaieretan. Zu bezala iragaitzeko andre eta gizon ingeles ezezagun horiek, zeure hurbil-hurbilak sentitzen dituzu momentu batez. Bizkaiko Muruetako hilerri txikian ikusi nituen nik estreinako aldiz atzerrian lurperatu soldaduak. Bizkaiko frontean eroritako italiarrak, bazter batean hobiratuak, zeinek zaindu gabekoak, ordurako denek ahaztuak. Faxistak, ala faxista obligatuak? Deitura politak zituztela, iruditzen zitzaidan niri. Hamahiru/hamalau urte nuen. Nik badakit mutilok non dauden -pentsatzen nuen-, eta ez dakit nortzuk diren; eta urrungo beren familiek agian ez dute jakingo non dautzan. Haiek besteak baino bakarrago zeudela kanposantuan, begitantzen zitzaidan. Gernikako kanposantua handi samarra bezala daukat oroipenean. Lehen euskaraz egondako idatziak hilarrietan ezabaturik eta gainean espainolez idatziak ikusten ziren berton 50. urteetan oraindík. Soldadu italiarrek monumentutxo egoki bat zuten han, frankismoan ohiko hiten zerrendarekin letra beltzez marmol lauza txurian. Italiar horiengatik zerbait berezia sentitzen nuen, gerran eta etxetik urrun hilak zirelako. Gero, Werleko kanposantuan Westfalian, soldadu sobietar presoen hobi lerroek inpresionatu baninduten —Weimar-ko hilerri sobietarra, Normandia, Somme, Champagneko gurutzetxo soro azkengabeak oraindik ez nituen ezagutzen—, gutxiago ez ninduen inpresionatu, metro batzuk harago naziek hildako frantziskotarren hilobiak eta gerran eroritako fraideenak ikusteak. Orduan jakin nuen, Hitlerrek ez zituela juduak bakarrik hil, frantziskotarrak eta jesuitak ere bai, eta eliz jendea, katolikoa nahiz protestantea. Hilobiak zaintzeko hemen baino ohitura handiagoa dute alemanek, eta fraideak maiz-sarri joan ohi ziren lanciare eta lorez hilobiok apaintzera eta argiak jartzera, eta ni beraiekin, gerrako kontuak eta nazismokoak entzuten. Alemaniara joan berritan ezagutu nituen fraideak, denak frontean egonak ziren, eta askok zituzten bonben edo metrailen orbainak.

Valéryren hilobian solas delizios bat izan genuen andre frantses batekin, poetaren bezain Gipuzkoako Getariaren ezagutzaile ona. Euskal Herria, ez zuen ulertzen, baina maite zuen. 

Beste behin, orduan Maite Gabrielerekin, Pére-La-chaisen Parisen —nik orduan asko irakurtzen nuen Erdi Aroaz—, biok Abelardoren hilobian geundela, bi neska hurbildu zitzaizkigun galdezka. Frantsesa gutxi, ingelesa ez asko, azkenean argentinarrak zirela, eta euskal jatorrikoak hain zuzen (nafarrekoak, zehazkiago baina etorki «baskoa» esaten zuten beraiek). Jim Morrisonen hilobia bilatzen zutela. Esplikatu digute zein den. Lehentxeago gazte batzuk ikusi baititugu erretzen eta edaten eta dibertitzen hilobi batean, hura izan behar duela, ondoriotu dugu. Biziki harritu dira, Jim Morrison ez genuelako ezagutzen. Abelardo eta Heloisa inoiz entzun gabe zeuzkaten beraiek. Bakoitzak bere heroien memoria daukagu. Egun osoa libre, guk Moliére, Balzac, Oscar Wilde…, geure oroipenak eta sinpatiak bisitatu ditugu, eta begien aurrean suertatzen zena. Bizet, Chopin. Idazleak, musikariak, zientzialariak, eta euren epitafioak. Pare baten nota hartu dugu. Laster galtzeko, seguru asko. Gehien-gehien-gehienak, ordea, guri deus esaten ez diguten izenak, Parisko herria. «Ene herri frantses maitearen erdian» hobiratua egon gura omen zuen Napoleon, ez dago herri maite oinezko honen erdian. Hura Frantziak nolanahiko arma eta jeneral eta hiltzaile nazional hilezkorrenentzat aparte daukan parabisuan dago, jade eta urre inperialezko kupulak koroaturiko Les Invalides panteoi handiosoan. Ez diot inori bisita gomendatzen (bidaiatuz nazionalismotik sendatzen omen delakoa gezurtatzeko ez bada). Estatu modernoek beren hilondoa, memoria dute, hiritarrei inposatzen zaiena; euren «bizitzaren zentzua», ez dakit zergatik ez dena erlijioa (zibila) kontsideratzen. Kerameikosen Polisak ez du sentitzen ezkutatu beharrik aberriaren alde erorien memoria erlijiosoa dela. Atenasko hilerri modernoan, herriaren erdi-erdian daude Askapen gerrako heroi nazional grekoak, beren mandil itxurarekin, bibotetzar handiak eta sastagaiak gerrian, harro, bisitariei begira posturan jarrita, guretzat komiko samarrak. Denak ez dira jatorriz grekoak. Arbola handi artean, Independentzia Gerrako buruzagi ingelesaren pilare garaia dago, haren bustoaren erliebe oso ingelesaz eta testu ohargarri honekintxe:

RICHARD CHURCH General

Who having given himself

And all that he had

To rescue a Christian Race [!!] from oppression

And to make Greece a nation

etab. (Begira «arraza» eta «nazio» horiek XIX. mendean!). «And died amongst her people». Heroia eta bere herria beti. Egia da, heroiren baten herria garela denok, eta gure heroi poetiko eta artistikoak ere —Abelardo eta Heloisa, Victor Hugo hala Morrison— askatasunaren gudariak bihurtzeko joera edukitzen dugula. (Beste batzuek handitasunaren heroiak ederrestenago dituzte).

Jim Morrisonen irudia Pere-Lachaise hilerrian

Era bertsuan bidaiatu ohi dugu museoetara, masa turismo ere bilakatzen ari da hori (Guggenheim). Pintoreen atelierretara: Cézannerena Aix-en-Provencen, Monetena Givernyn, Dalírena Cadaquésen. Idazleen bizitetxeetara: Maison de Balzac, de Victor Hugo. Hamaika euskaldun gaztek egin du pelegrinazioa Londresen Highgate Cemeteryra, Marxen hilobira, profetaren lehoi-buru beltzarekin.

Bakanago izango ziren, nik uste, Bunhill Fieldsen William Blake bisitatu dutenak (esate bat da!). Zergatik? Gure oroitzapenen, irakurketen, ametsen, utopien aberrietara bidaiatzen ohi dugulako. Colliouren harrituta gelditu ginen,

Père-Lachaise hilerriaren mapa 1908 urte inguruan

Machadoren hilobian zenbat jendek utziak zituen loreak, txanponak, haren poesien kopia mekanografiatuak, eskerron eta oroipen hitzak papertxoetan. Sèten batzuk Georges Brassensen hilobira zihoazela, ikusi genuen, Paul Valéryrenera gutxi batzuk, eta oso bakanak bietara. Valéryren hilobian solas delizios bat izan genuen andre frantses batekin, poetaren bezain Gipuzkoako Getariaren ezagutzaile ona. Euskal Herria, ez zuen ulertzen, baina maite zuen. (Bortxaren arazo ez erraz ulertzeko hori!). Lehenago Arantzazura edo Urkiolara bezala, Stratford-upon-Avonera, Balzacen etxera rue Raynouard, Danteren hilobira Ravennan, pelegrinatzen dugu gaur (eta Lourdesera dihoazenez burlatzen gara). Nolabait geure buruaren bila izaten omen dira bidaiok: horien hilobian geure buruarekin egi ten dugula topo, zioen gutxi gorabehera Goethek. Gizatasunaren bila, edozein forma beti aldakorretan. Gure historiaren bila. Mentalitate itxia zuena, mentalitate itxiarekin itzuliko da; bere mentalitateak eskaintzen dion mundu itxia besterik ez dizu edirengo nonahi. Mentalitate irekiak, mundu zabal bat ekarriko digu barnean. Horrentzat egia da, bidaiatzeak aldatu egiten duela, hustu eta bete egiten duelako. Goethek maiz errepikatzen du ideia hori. (Goethek berak, Weimarko Printzeen sepulturan, norbaitek ezlekuan utzi eta ahazturiko izakina ematen du. Schillerren hilobiarena okerrago da: haren hobian gorpu faltsu bat ehortzi zuten, eta gero atera, eta hutsik laga dute).


Joxe Azurmendi

«Poesia eta filosofia: hilobiz hilobi», Poesia eta filosofia, Joxe Azurmendi apailatzailea, Jakin, 2011

Irudia: Oscar Wilde poeta irlandarraren hilobia Parisko Pere-Lachaise hilerrian