Rulforena kasu bakarra da mexikar literaturan. Behin eta betiko gertatu bait zen. Ez dauka prezedenterik ez jarraitzailerik. Halako goimaila erakutsi duenik ez behinik behin. Estilo aldaketa txiki batzuk kenduta, ez da eboluziorik nabarmentzen haren obran. 1938an hasi zen idazten, 20 urterekin beraz. Lana amaitu ondoren, bulegoan bertan idazten omen zuen. Ekin eta ekin, Etsipenaren semea titulatu behar zuen nobela bat burutu zuen. Alabaina, berak zioenez, «oso txarra zen. Oraindik ere oso txarra iruditzen zait. Erretorikoa, alanbikatua» eta editore bila hasi beherrean, apurtu egin zuen. Hortik salbatu den txatal bakarra Gau zati bat izenekoa da, Revista Mexicana de Literaturan 1959an argitaratua, eta gerora, bere Antologia Pertsonalean sartuko zuena.
1945era bitartean aldizkarietan agertu ziren ipuin bakan batzuk salbu (Bizitza ez da oso serioa bere gauzetan, Lurra eman digute eta Macario), ia beste guztia 1953tik (Lautada sutan) 1955ra (Pedro Páramo) bitartean argitaratu zen liburu banatan. 25 urteko isilaldi hori hautsiko zuen gero zinerako errelato batekin, Urrezko oilarra izenekoarekin, 1980an argitaratua. Hemen argitu beharra dago ordea, Rulforen isilaldiak ez direla idazten jarraitzen ez duelako, idatzitakoa argitara ematen ez zuelako baizik. Aipatutako zine-gidoi hori adibidez, 1959-1964 inguruan landu zuen Manuel Barbachano Ponce produktorearentzat, eta 1964an Roberto Gavaldón-ek horren bertsio filmikoa egin zuen arren, emaitzak ez dauka zerikusirik batere jatorrizko gidoiarekin. Oraindik egiteke dago, beraz, merezi duen fideltasuna eta duintasuna gordeko duen bertsio filmikoa. Lehen ere esan dugunez, Rulfok idazten jarraitu zuen bere bizitzako azken 20 urteetan (1966-1986). La Cordillera izenburua jarri nahi zion nobela batekin ari omen zen. Argumentua, pertsonaien ezaugarriak eta guzti kontatu zuen, baina antza denez behin eta berriro egin eta desegin ondoren, bertan behera utzi zuen proiektua. «Beno, egia esan, material guzti horretatik zertxobait berreskuratu nuen eta nobela labur bat osatuko dut eta ipuin batzurekin bildu…, beharbada, aurten emango diot azkena» adierazi zuen 1977an egindako elkarrizketa baten. Ipuin-proiektu horiek 20 bat izango ziratekeen eta behin betikoz idatzi nahi zituen Institutu Indigenistako lanetik jubilatutakoan. 1986an hil zen, isiltasun narratibo horren zirkulua behin eta betiko itxiz.
Joserra Utretx
«Juan Rulfo: Behin eta betiko idatzi zuen umezurtzaren berbaro isila», Susa aldizkaria, 27. zenbakia (Amerika), 1991ko maiatzean
