Ez ziren gutxi Loiolako Iñazioren santutasuna apaintzen zuten bertuteak, ez. Baina gainera, hain ezaguna ez zen datu bat atera dugu Frantzizko Laphitzen Bi saindu heskualdunen bizia liburutik, nondik ondorioztatzen baita, saindu ez ezik, billar jokalari trebea zela; eta nondik ondorioztatzen baita, halaber, inolako dudarik gabe, Lapitz arizkundarra izan zela euskal literaturan billar jokoa aipatu zuen lehena:
«Egun batez, Elizako kargudun baten etxerat behartzen da. Kargudun hau bere eginbidetan lazoskoa, billarrean ari dela khausitzen du. Partida akhabatu denean, kargudunak makhila bat eskaintzen dio Iñaziori, jokha dadin haren kontra.
—Jauna, ez dut joko hori ezagutzen, phondu bat egiten ez nakike.
—Has zaite, has, nik erakutsiko dautzut; gero erranen duket saindua ere jokoan aritzen dela.
Garaitiko phentsamendu batez argitua, Iñaziok erraiten dio:
—Ariko naiz, jauna, ez hatik zerbait hirriskatu gabe. Galtzen badut, ilhabete batez zure muthil jarriko naiz. Irabazten badut, gauza bat manatuko dautzut on handia eginen dautzuna.
Ixpixo hori irriz hartzen du kargudunak eta hasten dire, edo hobeki erraiteko hasten da gure saindua. Begia, eskua, makhila hain dabiltza xuxen, non partida guzia aralde batez baiterama.
Karguduna, Iñaziori so, harritua:
—Lehenbiziko jokhaldian nola egin ahal du joko hori…? Ah! Jainkoa dabila, Jainkoa, ene ondotik, ni bizitzez khanbia nadin.
Iñaziori galdetzen dio zer den haren irabazia. Iñaziok manatzen diotza etserzizio izpiritualak».
Jon Alonso
Idatzi argitaragabea, 2025eko abenduaren 17an
Erabilitako Frantzizko Laphitzen Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolakoarena eta San Franzizco Zabierekoarena liburuaren edizioa Josu Pikabeak 1986an apailatutakoa da
