Begiratu, hemen daukazun milizia, beretzat ez dago ez izotzik ez berorik. Munduko errepubliketan garaiena da eta politikoena, ez du inor hobesten oinordetzagatik, edo berari propio ez dagokion nobleziagatik. Hemen odolak ez du ematen lekurik, gizonak irabazten ez duenik. Ahaztu non jaio garen, hemen nor garen begiratzen dugu. Beharra duena hemen ez da doilorra; soldadua ondradua bada, pobrea eta biluzia, ez dago hoberik, ez galaiagorik, ez garaiagorik. Hemen jantziak ez du gizona egiten, gizonak egiten du jantzia. Zaharrenak dira gure artean apalenak, daukaten guztia ematen dute, ezeren itxurarik eman gabe. Guk agindua betetzeari deitzen diogu ausardia, ezer galdetu gabe, ezeri uko egin gabe. Gizalegea, tratu ona, egia, zintzotasuna, leialtasuna, ohorea, adorea, izena, esana, irmotasuna eta pazientzia, apaltasuna eta obedientzia, ospea, ohorea eta bizitza, horra soldadu pobreon ondasun guzia, zorionean eta zorigaitzean, ez gara besterik ez bada milizia bat, gizon zintzoen erlijio bat.
Pedro Calderon de la Barca
«Para vencer a amor, querer vencerle», Irati Jimenezen itzulpena
