Jatetxeetan gure ezbaia da
ea gutako zeinek ordainduko duen zure hileta
nahiz eta egiazko gaia den
hilezkor egingo zaitudan ala ez.
Une honetan neuk bakarrik
egin dezaket hori, beraz
sardexka magikoa jaso dut
okeladun arrozaren plater gainean
eta zure bihotzean iltzatu dut.
Tarrata bat entzun da, sastada bat
eta zeure buru arrakalatutik
zuzi baten gisa jasotzen zara;
sabaia zabaldu egin da
ahots batek kantatzen du Maitasuna da
Hain Gauza Distiratsua
hiriaren gainean eskegita zaude
galtza estu eta kapa gorriarekin,
zure begiak batotsean kliskaka.
Gainerako afaltiarrek begiratzen zaituzte, batzuek
harrituta, besteek aspertuta:
ezin dute esan zu arma klase berri bat
edo soilik iragarki berri bat zaren.
Niri dagokidanez, jaten jarraitzen dut;
nahiago zintudan lehen zinen bezalakoa,
baina beti izan zara anbizio handikoa.
Margaret Atwood
«They eat out», Selected Poems 1965-1975 (Houghton Mifflin, 1976), Josu Goikoetxeak euskaratua
