Kontzientziako betebehar izateaz gain euskal kontrabandistetan arriskuaren lehia bat ere badago. Eta lehia hori hain bizitzazko behar izatera ailegatzen da, non hori izan ez balitza, araberazko da pentsatzea ez zirela sekula Ameriketara helduko, hain zuzen, hutsean, itsasoaren bestaldean amiltzeko arriskurik egon ez balitza.
Langintza ergelik ez dela, esana izan da, eta egia da; franko-espainol estatuetan funtzionamenduan dauden itxuraz alferrikako eta anker ageri diren pertsonaiak, funtsean hor daude, euskalduna, zerga, politika, hizkuntzalaritza edo legegintza alorretan kontrabandista bilakarazteko; molde horretan, bere pertsonalitatearen baitezpadakoena bilakaraztera behartzen dute: hain zuzen, arriskurako eta menturetarako lehia. Hala ere, gobernadoreak, prefektoak, karabineroak, jendarmeak edo zerga biltzaileak piperradan piperra bezain beharrezkoak izan dira. Euskal bizitzako arraultz omeletari ahokera ematen diote. Hain neurri handian da bere ahokera nabarmena non behin hori frogatuz gero munduko janari gozatuena baino gogokoago bihurtzen baita.
Erraietatik ari den euskaldun batek, mendez mende kontrabandista denak, separatista joera besterik ezin dezake ukan. Indarrez ezarri izan zaizkion bi ereduak, bata espainola eta bestea frantsesa, zeintzuk Historia guzian zehar karabineroak, inperialistak, flicak, poliziak, kartzeleroak, borreroak, eta abar luze bat sortu baitituzte, ezin onartuko ditu.
Estatuko aparailuen aurkako mendez mendeko borroka horretan sortuko da makurrezin eta zapalezin den euskal anarkismoa. Erakunde estatalak oro isekatu, iruzurtu eta kontraerasotu egitearen indarrez, euskalduna benetako akrata, hots, agintarientzat, boterearentzat, inolako errespeto gabeko «arke», «kratos» bihurtuko da. Eta erakundetutako eta inposatutako Nazio eta Gizartearen aurka, bihurrikeriaren olde berean, separatismoa sortuko da. Zeren erraietatik ari den euskaldun batek, mendez mende kontrabandista denak, separatista joera besterik ezin dezake ukan. Indarrez ezarri izan zaizkion bi ereduak, bata espainola eta bestea frantsesa, zeintzuk Historia guzian zehar karabineroak, inperialistak, flicak, poliziak, kartzeleroak, borreroak, eta abar luze bat sortu baitituzte, ezin onartuko ditu.
Molde honetan KAS formularen mugaketa karakterologiko berri batetara heltzen gara. Historiazko eta soziologiazko ikuspuntu batetatik so, KASen esanahia hau litzateke: Kontrabandoa, Anarkia, Separatismoa.
Kontrabandoa euskal etniazko beste bi joeren ama izanik, beste biekin batzean Columbia Universityko Philip Silver irakasle amerikarrak «troika sakratua» bezala bataiatu duena jaiotzen da.
Horregatik, zentzugabekeria izugarria litzateke hain kontrabandista tradizio zaharreko herri bat, franko-espainol ereduko erregionalismo estatal batean hondoratzea. Gure iraganak —latino auzokide militarista eta kolonialistetatik separaturik— benetako anarkista eta euskaldun tankera hartuko lukeen komunitate baten sorrera eskatzen du. Bestela, iragan mendeetako kontrabandistek, mende batetik bestera gune baitezpadakoena igaroarazteko (karabinero franko-espainolen bizarpetik) ixuritako odol, negar malko eta izerdiek ezertarako baliorik ez dute izango.
Bai! KAS ala hil!
Mark Legasse
«KAS ala hil», Eginen, 1985eko abenduaren 26an
