Batek ezin du ondo pentsatu, ondo maitatu eta ondo lo egin ondo afaldu ez badu

Hantxe nuen zopa. Afaria zerbitzatzen ari ziren jangela handian. Ez zen udaberria, inondik ere, urriko-ilunabar bat baizik. Denok geunden bilduta jangela handian. Prest zegoen afaria. Hantxe nuen zopa. Salda triste bat zen. Ez zuen irudimena pizteko ezertxo ere. Batek errez ikusiko zuen likido garden hartan zehar edozein marra, platerak berak irarrita eduki zezakeena. Platerak ez zuen, baina, halakorik. Leuna zen platera. Txahala ekarri ziguten hurrena, bere barazki eta patata osagarriekin; hirutasun etxetiar bat, zera iradokitzen zuena: azoka lokaztu bateko ganaduaren atzealdea, bruselaza kizkurtu eta ertzetan horitzen hasiak, eta etxekoandreak, beren sokadun poltsekin, tratuan astelehen goizeko azokan. Ez zen arrazoirik gizakion eguneroko janariaz kexatzeko, nahikoa baitziren jakiak, eta meatzariek gutxiagorekin konformatu beharra baitzeukaten, inondik ere. Aranpasak eta arrautza-esnea iritsi ziren segidan. Eta inor kexatzen bada aranpasak, arrautza-esnetan arinduta ere, barazki zikoitz bat direla eta (fruta behintzat ez dira), zikoitz baten bihotza bezain zaintsuak eta zikoitz baten zainetatik doan bezalako likido bat dariela —laurogei urtean ardoa eta berotasuna ukatu ondoren halakoak behartsuei eman gabe— orduan horretaz kexatzen denak gogoan izan behar Iuke badela jenderik aranpasak ere onartzeko errukia duena. Gailetak eta gazta atera zituzten jarraian, eta ur-pitxarra hantxe ibili zen eskutik eskura, berez baitira lehor samarrak gailetak, eta gaileta peto-petoak baitziren haiek. Horixe izan zen guztia. Amaitua zen otordua. Atzerantz bultzatu zituzten denek aulkiak; ate birakariak atzera-aurrera jiratu ziren bortizki; laster, ez zen han gehiago janari-arrastorik, eta prest utzia zuten berriro jangela biharamuneko gosaritarako. Korridoreetan behera eta eskaileratan gora zebilen Ingalaterrako gazteria, kolpeka eta kantuka. Gonbidatu bati al zegokion, arrotz bati (nik ez bainuen eskubide gehiago han, Ferhnamen, egoteko, Trinityn, Somervillen, Girtonen, Newnhamen edo Christchurchen egoteko baino), esatea «Ez zegoen ona afaria», edota (Mary Seton eta biok haren egongelan ginen jada) «Ezin al genuen hemetxe afaldu, guk biok bakarrik?». Izan ere, halakorik esan izall banu, kuxkuxean eta miaka ibiliko nintzen arrotzaren begietara alaitasun eta adorez betea ageri zen etxe baten kudeaketa sekretuan. Ez batek ezin zuen halakorik esan. Solasa gain behera etorri zen pixka batean. Giza egitura den bezalakoa izanik, nahasturik dituelarik bihotza, gorputza eta garuna, eta ez edukiontzi bereizietan banatuta, nahiz eta halaxe egongo diren noski milioi bat  urte barru, bapo afaltzea funtsezko baita solasaldi on bat izateko. Batek ezin du ondo pentsatu, ondo maitatu eta ondo lo egin ondo afaldu ez badu. 

Virginia Woolf

Gela bat norberarena, Consonni, 2013, Maria Colera Intxaustik euskaratua

Virginia Woolf, George Charles Beresfordek egindako erretratua 1902ko uztailean. Londresko National Portrait Gallery