Hilabete dexente joan dira harrezkeroztik. Zenbait idazle omendu nahi zituzten eta Bitorianori topa bat eskainiko al nion eskatu zidaten. Halako ohore handiari aurre egiteko merezimendu eskasak nituen nik, eta baliabide eskasagoak oraindik: abstemioa izan eta, jakina, urez egin behar topa. Eta halaxe egin nuen. Eta, harritzekoa! inork ez zidan ziporik bota halakorik egin nuelako. Uraz topa, alegia. Badaezpada ere poltsikoan neraman nik erantzuna, baina ez nuen arma hilgarri hura atera beharrik izan. Arma hilgarria poema bat zen, behin eta berriz irakurtzen asetzen ez naizen Bitorianoren poema bat: «T’euria, t’euria, t’hozkirri, t’argia…», eurijasaren eurijasaz sorturiko itoginaren erritmoan egindako poema zoragarria. Asmoa nuen esateko ezen itogin hartatik bete nuela neure kopa, eta itogin haren erritmoan opa nahi niola poema idatzi gabe bat, topa baten airean, neure kopa hitzaren itogin gardenez eta oihartzun kristaltsuez betez.
Banekien arma hori hilgarria zela, eta, poltsikotik ateraz gero, gutxi geldituko zirela zutik. Baina, bat edo bat geratuko zen, edo gorra zelako, edo gorrarena egin zuelako, edo poesiak irrist egiten ziolako belarrian. Eta badakit zer esango zidan: Nora hoa urez bataiatzera ardoz eta txakolinez blai eginik dagoen poesia? Eta orduan galdurik egongo nintzen, izan ere gorrari zer erantzun behar diozu, bada? Erantzungo nion itoginez bataiatua izan zela Bitoriano gurea, hala pontean nola Urbiako iturri gardenetan; erantzungo nion ura txakolin bihurtzera jaitsi zela Urbiatik hiri, fabrika eta kulturara, eta ura ardo bihurtzera igotzen zela aldarera; eta ura ur geratzen zela itoginaren erritmoan, ariman beti, garden beti; baina nola entzunarazi gorrari?
Tira, ordea. Gauzak ez ziren horrela joan. Jaso nuen edontzia, begiratu nuen zeharrera… eta inork txintik ere ez. Orduan, paper bildu bat askatu, plateraren atzean ezkutatu, eta, hiztotelka, bertso bat irakurri nuen. «Gandhi» eta «haga» hitzekin hizjokoren bat egin nuela gogoratzen dut, eta ezer ez gehiago. Eta, orain, han zer esan nuen idatziko al dudan eskatu didate. Eta nik, neure liburuak ere galtzen ditudan honek, papermuturrak artxibaturik izango ditudala pentsatzea…
Horregatixe asmatu dut goiko hori guztia, bestela zer esan ez nekielako. Eta, asmatua bada ere, Bitorianoren omenez hori eta arma gehiago poltsikoan eramateko prest nengoen, jakinik, dena den, nire armek belarri irristakorrak dituztenengan ez dutela inolako eraginik.
Juan Kruz Igerabide
«Bitoriano Gandiagari», Hegats, 15-16 zenbakia, 1997ko abenduan
