Gogotik joana

2020-08-30

Aitonaz galdetu dizu semeak
eta gogotik joana zitzaizun
aitaren begirada zurrun hura.
Gogotik joana zitzaizun
entenditzen ez zuen hizkuntzan
gorroto zenuela esan zenionekoa.
Gaur ez diozu zure semeari
bere aitonak euskaraz zergatik
ez zekien mintzatzen esplikatu nahi.
Gaur uko egingo diozu
egunaren fusilamendu pelotoiari
gomazko balen ordez loreak eskaintzeari.
Gaur Santutxu auzora
eramango duzu semea,
Zumalakarregi etorbideko semaforoa seinalatu
eta bere aitona
gizontxo berde hori dela esango diozu.
Gaur bakea egin nahi duzu
zebrabidea igarotzean
zurrun begiratzen zizun 
gizontxo gorri horrekin.

Asier Serrano

Linbotarrak. Pamiela, 2016

Irudia: Alemaniako Errepublika Demokratikoko edo Ekialdeko Alemaniako Berlingo semaforoen irudia