Mila bederatzi ehun eta hirur hogoi ta hamabortzeko martxoan, Zeruko Argiak ekarri zituen Isabel delako baten arrangurak, bi pertsularik Donostiako Astoria-n emaztearen urtea zela eta, horietaz kantatu behar izan zituzten pertsuengatik.
Nahiz frango arruntki mintzatu ziren, ez dut uste Isabel arranguratu zela horiek erran zituztenentzat, baizik erran ez zituztenen gatik. Gizon hok ez ditugu denek eginbide berak munduan; batzu gaizki eginik bezanbat, kondenatzen gaituzte bertze batzu ongi ez eginik. Nik, Isabelen arrangurak irakurri orduko, ezarri nituen ondotik datozen pertsu hauk.
Bi pertsulari horiek ongi ezagutzen ditut; badakit biek estimu haunditan daukatela emaztea. Bainan pertsularigoa hoin lan zaila izanik, errexenerat lerratu ziren. Batek bide hori hartu zuen eta bertzea jarraiki zitzaion. Hori emaztearen kaltetan egin zuten, eta hain segur beren gogoaren aurka.
Gizon hok badugu emaztetaz trufatzeko ohidura lotsagarria; bainan pertsulari batek ez luke nehoiz egin behar holakorik. Ez da harritzeko Isabel eta bertze asko arranguraturik ere, min hartzen dute eta. Emaztea gizona bezanbat segurik sakratua da eta errespeturik haundiena zor diogu. Bertzalde, ez ginuke ahantzi behar gizona baino minberaiagoa ere dela.

1
Ostatu baten barnean entzun dut ahapaldi zoroa,
beren ustean oro dazkiten gazte batzuen leloa:
«Zaharrendako salda ona ta gaztentzat amodioa».
Gezurra dela jakin dezaten kantatzen hasterat noa.
2
Berrogoi eta hamar bat urte badu ene emazteak,
berrogoi eta hamahiru nik iragan udan beteak;
maitasunezko sendimendutan oraino gaude gazteak,
amodioa zintzoa bada ez dira konda urteak.
3
Laster laguna hartzekoa du gure haurretan gaztenak,
lehendik ere bi baditugu ezkondurikan daudenak;
bakotxa bere lagunarekin etxerat biltzean denak,
ohartzen gira guhaur girela denetan loriosenak.
4
Maite mindurik emaztearen inguruan nabilala,
galdetzen diot maite nauenetz otoi segurta nezala;
arrosa bezain gorri eginik, begiak apal apala:
baietz segurki, ihardesten daut, hogoi urtetan bezala.
5
Sartzerat noa berrogoi eta hamabortzgarren urtean,
eta gaztetan bezain lorios ni zure beso artean;
bizitzen denak amodioa gaztentzat dela ustean,
zer erran liro gure arteko zoriona ikustean?
6
Maitasunezko iguzki batek gaduzka bere gerizan,
o mement baten epearentzat Jainko banindaike izan!
Mana nezoke iguzki horri nehoiz ez dadila etzan,
zorionezko bizitza hunek azkenik izan ez dezan.
7
Zu zira ene zorionaren iturri ta nagusia,
mundu hunetan jarraikitzeko dutan arrozoin guzia;
zure dohainen gozoz ez banu ene gogoa hazia,
lore gabeko udaberri bat laiteke ene bizia.
8
Gaztek diote: «Amodiorik ez da zahartzearekin!».
Gu zahartzeak ez gaitu, aldiz, geiago baizik bat egin;
Jaunari diot biak batean har gaitzan noizbait berekin,
zoragarrizko loretegi hau bi zati egin ez dadin
******
1
Emazte baten bihotz samurra agertu zerauku goibel,
bi bertsolarik andrez erranik zonbat ahapaldi ergel.
Adimendua ez daike beti gogo bihotzetarat hel,
etzakiten zer ari ziren ta barka zeiezu, Isabel.
2
Ez daudelakotz andren fagore legearen aginduak,
Isabel aunitz daudela dakit gauza hortaz suminduak.
Ez ditut egun miatu nahi obra horren zimenduak,
baizik agertu nik emazteaz ditudan sendimenduak.
3
Ene lagunak, otoizten zauztet, maite zaituztedan ainbat,
gizonagoak ager gaitezen emaztearen alderat.
Errespetua ekarri behar giniokela deraukat,
andrea ere norbait da eta ez gizonaren gauza bat.
4
0, baginaki bihotza zonbat minbera duen andreak,
gizon hok izan behar ginuke garenak baino hobeak.
Ikusten zaizko gure gostuen aurka dituen moldeak,
ez, ordea, guk naigabeturik, hark egin nigar gordeak
5
Indarra eta oldar geiena guk dugularik ekartzen,
emaztearen feirostasunaz girea beti ohartzen?
Sortzetik duen mendretasunaz duenik ere min hartzen?
Hargatik zonbat sakrifizio duken guretzat onartzen?
6
Nik maite ditut andre gehienak, eta dauzkat ene lagun,
errespetuzko maitasun batez, elgar konpreni dezagun;
ama, alaba, amon, izeba, mutxurdin eta alargun,
bat gostukoa ez bazaut ere, ez daukat Eba hobendun.
7
Jaunak Adami ezarri zion Eba laguntzat aldean:
lagun munduko ibil aldian, lagun zeruko bidean.
Eba bietan ahulena da indarrak duen legean,
bainan lehena kreatzea den kargu parerik gabean
8
Dutan bezala fede ukanik gizonen Salbatzailean,
zertan sartu naiz emaztearen gor’aipatzeko sailean?
Jesusek berak ezarri zuen goi goieneko mailean,
kontzebitua izan zenean Mariaren sabelean.
9
Aurteng’urtea deitu daukute andren urte berezia,
iduri eta aurten artean etzutela merezia.
Nik eskatzen dut geldi dadila behin betikotz hautsia
emaztekia gizonetarik berexten duen hesia.
10
Bai, emaztea, zure onetan jin bedi aurrerapena,
gizartean ez dezazun jasan orai arte hainbat pena.
Bainan zuk ere eduki zazu bertutean iraupena,
gure gogoan hits ez dakigun amaren orroitzapena.
Fernando Aire Xalbador
Odolaren mintzoa, Auspoa, 1976
