Dinosauruaren egiak

2020-08-28

Oso oker ez banago, Augusto Monterroso eta beste hiru lagun, egun batzuk pasatzera joan ziren mendiko txabola batera. Lagunetako bat oso berritsu zebilen, gainerakoak nazkatzeko lain bai behintzat. Gainera, zurruteroa izaki, denak nekatzen zituen bere kontu gehiegizkoekin. Horregatik jarri zioten Dinosaurua ezizena. Eta halaxe ibili ziren Dinosauruak hau egin du, Dinosauruak hau esan du… pare bat egunetan. Azkenerako, iluntze batean, Dinosaurua haserretu egin zen, eta lagunetako bati esan zion bihar goizalban alde egingo zuela txabola hartatik, denak bakean lagata. Alegia, esnatzen zenean, bera ez zela han egongo. Biharamunean, ordea, nobedaderik ez, Dinosauruak hantxe jarraitzen zuen. Hori da dena.

Baten batek galdetuko zion Monterrosori: «¿Has visto a Miguel?». Eta honek erantzun: «Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí».

(Ez galdetu nondik eta nola dakidan. Hala izan ote zen zehazki ere ez dakit eta. Baten bati entzungo nion, oso oker ez banaiz, txabola hartan egon baina Monterroso edo Dinosaurua ez zirenetako bati. Auskalo).

Hasier Etxeberria
«Dinosauruaren egiak», Alua Munduan, 2007ko otsailak 15ean

Augusto Monterrosoren irudia, Antton Olariagak Aiztoa eta arkatza libururako marraztua