Robbe-Grillet (eskela bat)

2020-08-28

Alain Robbe-Grillet hil eta idazle handi bat joan zaigula esango du baten batek. Baliteke, ez dut nik esango ezetzik. Haren lanak ez nituen oso gogoko, nahiz eta aitortzen diedan berritasuna eta bazterrak nahasteko gogoa. Literaturaren Historian edukitako garrantzia ere bai. Esate baterako horixe ulertu behar da Berriak dakarrena irakurritakoan. Oso ondo oroitzen dut Robbe-Grilletek emandako gomendio bikain bat: «Nobela berri bakoitzak, forma berria ekarri behar du, bestenaz, zertarako ibili idazten?». Alabaina, idazle handiarena baino, pertsona eskaxaren akordua daukat nik harena, jakobino kabroiarena, alegia. «Zertarako habil hizkuntza txiki horretan idazten?» galdegin zidan. «Nazionalismo oro duk anker eta atzerakoi». Esan nion ni ez nintzela politikaz ari, euskaldun nintzela soilik eta horregatik idazten nuela neure hizkuntzan. Orduan algaraka gaineratu zidan bere gurasoak ere bretoiera zekiten inuzenteak izan zirela, baina, zorionez, ez zuela gorde hizkuntza txiki harekiko loturarik, hizkuntza handiak egonda, ez dela behar txikirik. Bera frantziarra zela, kultura handi bateko seme eta abar eta abar. Esan banion, esan nion:  Garcia Marquezek adierazia zuela frantsesa ere desagertzeko bidean dauden hizkuntzen artekoa dela. Sutan jarri zitzaidan nazionalismo ororen kontrakoa omen zen idazlea: «Frantzia handia duk, eta kultura frantziarra munduan handiena!». Uste dut Vive la France! bat trabatu zitzaiola eztarrian eta ondoren pikutara bidali nuen ahalik eta hitz leunenekin zentralista osti hura. Bilbon haren bisita antolatua zuen anfitrioiak esan zidan ea zertan nenbilen halako gizon handiarekin haserretzen, eta abar eta abar. Baina biharamunean telefonoz deitu zidan, eurek ere antzarak ferratzera bidali zutela azkenean idazle handia, jasanezina, harroputza eta despota hutsa zela putakume hura. Goian bego, beraz, edo berak nahien duen lekuan, baina gugandik urruti behintzat, sugegorrien antzera.

Hasier Etxeberria

«Alain Robbe-Grillet (Eskela bat)», Alua Munduan, 2008ko otsailaren 19an

Irudia: Eiffel dorrearen ikuspuntu bat, 1963. Alfred Eisenstaedten irudia