Konturatzen zarenerako

2020-08-28

Konturatzen zarenerako uda amaituko da.

Orduan ugalduko dira
azaloreak eta oreinak.
Zurekin batera haziko dira.

Erantziak izango dituzu sandalia bihurriak,
eta ezingo zaitut labarretan besarkatu.

Berdin dio.

Hemen izan gabe maita zaitzaket,
zure izena jakin gabe.
Bizi naiteke zu biluzik ikusi gabe.

Uda amaitzen denean barrura egingo duzu
eta badakizu ezin naizela hiri batzuetara itzuli.

Hala ere, leihoan hartzen dut lo,
hego haizearekin gauez
bizikletan mezu bat ekartzera etorriko ote zaren.

Jon Benito

«Orbel zaku bat», Amukoak 11, Susa, 2003

Irudia: Élevage de poussière, Man Ray, 1922