Gauza handi bat, ederra, mundiala

2024-10-05

36 urte bete ziren atzo Martuteneko espetxetik ihes egin zenuenetik Joseba Sarrionandia Sarrirekin batera. Nola oroitzen duzu egun hura?

Gauza handi bat bezala, ederra, mundiala. Lastima ez diren izan halako gehiago. Oroitzapen ona dut. Pixka bat ahaztuta ere badut jada. Atzo lagun nafar batekin nengoela bazkaritan galdetu zidan «zein egun da gaur?», eta orduan ohartu nintzen ihesaldiaren urteurrena zela, nahigabean, deskuiduan. Telefonoa hartu eta Sarriri –Joseba Sarrionandia– deitu nion, ez zuen hartu lehenik eta ondoren itzuli zidan deia. Hark ere ahaztuta zeukan zein eguna zen.

Deserrian hiru hamarkada luze emanda, aurten itzuli da Euskal Herrira Sarrionandia. Izan duzu berekin egoteko aukera?

Ihesaren berria El Correo Españolen 1985ko uztailaren 8ko alea

Duela bi edo hiru urte izan nintzen Kuban eta han ikusi nuen azkenekoz fisikoki. Gerora telefonoz aritu gara etorri denetik. Halako batean egin beharko dugu bazkari bat edo. Etorri berria da eta oraindik ere denbora beharko du, imajinatzen dut edozein izkinetara begiratu eta herria berriz ezagutzen ariko direla.

Tokatu egin zitzaizula esan duzu behin baino gehiagotan, zozketa egin eta zuri egokitu zitzaizula. Zer suposatu zuen esan zizutenean «zu zoaz kanpora»?

Hori momentukoa izan zen, eta harrituta gelditu nintzen hasieran.

Beldurrik sentitu zenuen?

Kezka handia, ez genekien nola izango zen. Bi bafletan aterako ginela bagenekien, baina ez nolakoak izango ziren, tamaina, nola sartu beharko genuen bertan, ikusi arte kezka. Behin ikusita pentsatu nuen, «hor sartu behar dugu?». Hortik aurrera hasten zara pentsatzen nola aterako da, nola izango da… Noski, behin sartuta bafleetan, hortik aurrera ez genuen ezertxo ere ikusten, entzumena zorroztu eta adi. Urduritasun eta ezjakintasun hori, entzumena genuen soilik. Gogoan dut kontzerturako furgoneta iritsi zenean bi bafle eta gitarra bat zihoazela, eta suposatzen dut berdin atera gintuztela, baina guk ez genuen ezertxo ere ikusten. Atea irekitzen ere sumatu genuen begiratzeko furgoneta barruan; horrela hainbat ate pasa arte, eta azkenean martxen aldaketarekin eta abiadura bizkortzearekin ohartu ginen kanpoan ginela jada, espetxetik atera ginela.

Zer izan zen zailena behin ateratzea lortuta?

Zailena zen ez jakin noiz arte egongo ginen, ez ginen oso estu, baina ezta erabat lasai ere. Ahalik eta modu lasaienean eramaten genuen, hitz egiten, irakurtzen, telebista ikusten, ezkutuan ginen etxeko haurtxoari oinez irakasten… Kezka zen noiz arte, ohituta ginen itxita egoten espetxean, baina ezberdina da, han errutina batzuk daude.

Beste anekdota bat badu ihesaldiak. Zure anaia Martuteneko espetxera joan zen zuk ihesi eginda, zure gauzen bila. Hala da, ezta?

Bai ausardia behar da egiteko, eta anaiak egin zuen. Joan zen, joan zen…

Zure eta Sarrionandiaren ihesaldiak kantu bat inspiratu zenuten. Sarri sarri belaunaldi ezberdinek dantzatu dute, eta egun ere dantzatzen jarraitzen dute. Zer sentitzen duzu entzuterakoan?

Kanta martxosoa da eta jendeak saltoka dantzatzen du. Fermin Muguruzak dagoeneko existitzen zen doinu bat hartu, eta ondoren letra egokitu zuen gurea kontatzen. Polita da. Modu umoretsuan kontatzen du ihesaldia.

Euskal Herrian ospatu zen zuen ihesaldia.

Imajinatu, jendearentzat kristorena izango zela pentsatu nahi dut.

Imanol Lartzabalen kontzertua entzuteko aukera izan zenuten ihesaldiaren aurretik edo bestelako lanetan ari zineten?

Entzun genuen, bai. Gogoan dut, Errenteriako preso sozial bat zegoela eta guregana hurbildu eta guk bakarrik gelditu behar genuen ihesaldia egiteko. Nola edo hala lortu genuen aldentzea.

Bafleetan sartzeko unean zer pentsatu zenuen?

Nik uste dut ez nuela gehiegi pentsatu. Programatuta dago ateratzen bada, baina eta ez bada ateratzen? Hori ere pentsatu nuen. Ateratzekotan nola izango zen ere pentsatu nuen. Bestaldera helduta –Ipar Euskal Herrira– geunden kontu handiarekin, ez ginen mugitzen etxeetatik, behar zena bakarrik mugitzen ginen, inoren aurrean ezin genuen azaldu.

Iñaki Pikabea

Ikerne Zarateren elkarrizketa Oarsoaldeako Hitzan 2021eko uztailaren 7an

Irudia: Martuteneko kartzelaren eraikuntza, 1948. urtea. Paco Mariren argazkia, Marin funtsa, Kutxateka