Zelan zaude, Robert Desnos,
zelan zaude, Javier Heraud.
Memoria karta-sorta arraroa
biak gaur gauean hain juntu
biak bizitzan hain urrun,
Robert Desnos, Javier Heraud,
mahai honetan gauerdian
nire begietatik elkarri begira
erretzen zigarro berbera
tragoa lez partekatzen duguna
eta Pariseko isiltasun hau
gauden laugarren pisu hau
hain bakarti gauerdian,
goian jendea dago eta telebista,
behean telebista dago eta jendea,
gaurko mundua, ez biharkoa,
Javier Heraud, Robert Desnos,
mahaia paperez betea
afari hotzaren arrastoak
Edith Piafen disko bat,
gizon bakartiaren etxe bakartiko
lohia, liburua zabalik, zeinahi orritan.
(«Abenduak 17. Moro eta Intik indioilar bat ehizatu dute.
Tuma, Rolando eta hirurok bihar prest egon daitekeen
bigarren zuloa egiten egon gara…»)
Euripean Paris, euripean Camiri,
zelan zaude, Regis Debray
euripean Habana, euripean Praga,
Elizabeth, eguna dator
kainadietatik kantari
harekin Tania eta Michele Firk,
elkarrekin joango gara
liberatutako izkinen dantzaldietara,
elkarrekin berriz, elkarrekin denak,
gaur gauean hain urrun daudenak
gizon bakartiaren etxe bakartiaren
zigarro berbera erretzen
eta zortea badugu baliteke
oihan sakonean goizalba jaiotzean
beti urrutira begiratzen duen
hori ere etortzea.
(«Ekainak 26. Eroritakoan erlojua eman ziezadatela eskatu zuen
eta —hura atenditzearren— egin ez zutenez, kendu eta Arturori eman zion.
Keinu horrek adierazten du ezagutu ez zuen semeari eman diezaiotela
nahi duela, nik aurretik eroritako burkideen erlojuekin egin nuen bezala…
Gerra guztian eramango dut»)
Julio Cortazar
«Sobremesa», El último round, Siglo XXI, 1969, Mikel Sotok euskaratua
Irati Jimenezen eta Harkaitz Canoren laguntzarekin
Irudia: Robert Desnos 1924an

