Zer ete da betikotasuna, samiñetan egon ezkero?

2020-10-04

«Egundo alango negargarririk iñok eztau ikusi. Gure urrean etzan iñor, da antxe egon bearko genduan ur gañean, goizerarte. Goizerarte! Ta oraindiño, geienez be, etziran seirak izango!… Otzak eta bildurrak dardaraka geunkazan, ta amabi, amairu edo amalau orduan egon bear alantxe! Ta, gañera, goizean iñor etorriko jakun ez jakin!… «Ia, mutillak, —esan euskun atzekoak, gu pitin bat azkortuteagaitik— eskeñi daiogun Antiguako Amari, danok orpozik eta erramoak lepoan ditugula bere elizatxora joatea, emendik onean urteten badogu, ta asi gaitean orain errosarioa esaten»… Ipiñi neban neuk Ikomes (Nikomedes) neure amabi urteko seme ederra, killa gañean auspez, da asi giñan arrenetan… Jaungoikoak badaki guk zenbat arren egin genduan. Errosarioaz ostean, zeruko done guztiai Aitagurea ta Agur Maria ta milla biotzeko eskari luze ta labur egin geuntsezan, alde batera ta bestera geure gorputz minberatua biratuteko utsunetxu batzuk artuaz… Onetan gengozala, amarrak aldean, aizeak ekarren indarrean da txalopearen zabunetan igarri genduan itxasoak irakin bear ebala ta gure urrean ebillela eriotzea. Illun egoan; belarrietara etorkigun aizearen txistuari destañazkoa neritxon; Getariako ta Zumayako itxas-argiak agiri ziran lurrean, da niri, illen argiak iruditu jatazan. Geu gengozan ilten osasun guztiagaz!… «Ze ordu ete da?» —itandu euskun Matxin zarrak, eriotzondoko soñuagaz! —«Amarretatik amaiketara» —esan geuntsan. Da berak, oraindiño belarrietan daukatan esateko erarik illunenagaz —«Zein luzea dan gaba! —jarraitu eban— zein luzea! Nik ezin neike iraun, laster amaitu bear dot, eta zuek ikusten badozue gurekorik»… Ezeban geiago esateko astirik izan, bada olatuaren bultzada batek kendu euskun albotik. Orratiño ekarri genduan atzera ta esondu geuntsan oratu eiola gogor karelari; baña ezertarako ezeukan adorerik eta aotik bitsa eriola, damu dot Jauna, damu dot Jauna esanaz, an joan zan ondora… Itxasoa geroago ta andiagoa etorren, olatuak geroago ta indartsuagoak, geroago ta mekotuagoak gengozan gu. Neke gitxiagoko egoera bat billatu naian, ain laster ipinten genduan gorputzaren astuntasuna esku baten gañean, ain laster bestearenean, orain igoten genduan killa gañera, orain karelera jatsi, gañean ezin egonda. . . Gau luzia zala esan eban Matxiñek. Bai ondo luzea! Ta zer ete da betikotasuna, samiñetan egon ezkero?… Neure semetxua, neure Ikomestxu, otzikara andiak artu eban, da negar muxinga, inkesaka ta zotiñez, aita bai aita asi jatan deiezka ta deiezka… Axe zan errukigarritasuna! Aitak ezin ezer egin bere seme kutunaren alde, biotzeko negar goria baño besterik; aitak ezin goiza ta laguntasuna erakarri, bere bizitzea emonda be… Etsi genduan, ezkiñan luzarorako. Jo genduzan beste baga batek burutik bera, kendu euskun txalopea esku artetik, eta aldebanatu giñan irurok barriro. Urpetik azalera urten nebanean, asi nintzan igarian semearen billa. Ez neukan neuk orduantxe indar askorik eta arrokeri andirik bez! Idoro neban semea, ta txaloparaño eruan be bai, ta esan neutsan txalopeari gogotik eutsi eiola; baña alperrik. «Ezin, aita —ziñoan— ezin!» Artu neban orduan neure bularraren ondora, potiñaren da neure gorputzaren bitartean ipiñi neban, da bere soñari ta potiñari alegiñakaz elduten gelditu nintzan… Ixillik gengozan danok, bildurgarrizko ixiltasunean. Ikomestxu —deitu neutsan andik apur batera— Ikomestxu, ondo zagoz? Ezeustan ezer erantzun. Zelan ba, ilda egoan da!»

Negar malko lodia erion Kitolisi bere arrigarrizko jazoerea malla onetaraño eldu jakonean, da entzuten egozanak be ezeben urriñean negarra.

«Nik eztakit ze ordu inguru izango zan —jarraitu eban— beste olatu batek txalopea ta semea besartetik kendu eustazanean, eztakit zelan oratu neutsan ostera be txalopeari, eztakit zelan egon nintzan goizeko zazpi ta erdietan Getariako potin batek artu genduzan arteraño. Azkenerako, sena ta konorta galdu jakuzan, taket batzuk giñan atzekoa ta ni, zoraturik gengozan, zer egiten genduan ezgenkiala eutsiten geuntsan txalopeari, lapeak atxari baño gogorrago, atzamarretatik odola eriogula… Gaixorik egon nintzan gero ia illabetean, da sendatu nintzanerako… itxasora barriro. Baña ez geiago Agur edo Salbea esan barik».

Isil aldi bat egin ondorean, Kitolisi biotzeko naigabea kentzearren, asi ziran aterpeko gazteak eresian, da etziran geiago isildu euren lan guztia amaitu arte.

Txomin Agirre

«Kitolis», Kresala, Euskal Erria aldizkaria, 1901-1904

Irudia: Medusaren baltsa, Jean Louis Theodore Gericault, 1818-1819 inguruan