Zaila da esaten noiz hasten den zeozer
dena baitator lehenagotik nolabait hasita
zaila da beraz
argizakia noiz egin zen argizaki esatea
senari jarraika marraztutako bide batzuk izan ziren sorburuan
kanpoko aurreiritziak eranzteko bulkada bat
denbora eta errua bezalako oskolak desegitea
gauza denak estaltzen dituzten zaratak eta distantziak deuseztatzea
guztiaren aurka egon ez baina
guztiarekin bat egitera bultzatzen duen
barne haize bat izan zen
alimaleko erakarmena guztiarekiko
norbera eta ingurua banatuta ikusi ez baina
norbera inguruan islatuta ikustea
eta klik egiten du asuntoak bat-batean
gizakia argitu egiten da
piztu edo argiztatu nahi bada
bizitzaren olatua nabaritzen du zainetan
aldeko indar geldiezin bat
txundiduratik ospakizunera etengabean daraman bidaia
kexa posible oro alboratu eta
bestaldetik hemengaldera igarotzen zaizkio
maisu edo profetarik behar ez duten argiak
errealitateak jasotzetik
errealitateak sortzera
egiten du salto
barnetik ulertzen du montaignek esandakoa
uneoroko poza dela
erabateko jakinduriaren frogarik argiena
eta errealitategile lez itzarturik
bizitza oparituko dela sentitzen du
hic et nunc orotan ospakizun eter hau elkarbanatuz
egia esan
noiz hasi zen bezain zaila izango da
argizko olatu hau noiz amaituko den esatea
batek daki
zugan ernaltzen diren infinituetan
jarraituko du agian
lagun irakurle
zabal ditzagun argitegiaren ataskak
egin diezaiogun bidea gugan lirurari
Peru Magdalena
argia, Elkar, 2016
