Barrendik ba zeuzkeat artesiak… edo horrela, barrendik oso hautsia negok, horrekin zerikusia ba duela pentsatzen diat. Gauza batekin hasi eta beste bat egin behar diat. Hortik agian estiloen haustura. Azkenengo obran ere horrela duk asko.
Zer duk barrendik hautsia izate hori?
Nahiko natural ateratzen zeidak. Nire bizitzari buruz mila ikuspuntu bizi dizkiat, hori ere izan zitekek. Zentzu literario batean…, ni literatura letzen oso berandu hasi ninduan. 18, 20 edo 22 urteak arte futbolean aritu nauk, paseatzen eta barrena begira. Irakurri gutxi. Gero Benezuelara joan eta han hasi ninduan. 25 urterekin edo. Orduan konturatu ninduan, irakurtzean, oso estilo diferenteak zeudela. Ez zirela berdin Rulfo bat edo Onetti bat. Orduan, ene barnean sentitzen diat, ez diat esango Rulfo bat, bainan bai haren itzala. Hark idazten duenaren itzal bat. Eta handik niak. Beste momentu batzutan beste norbaiten estiloa duk, eta handik. Ez duk kopia bat, bainan handik niak. Beti gauza diferenteak ateratzen dituk, ez dituk kopiak, bainan gauza orijinalik ere… ba dakik…?

… (zintan ez dago)… (Heriotzaz)…
Alde batetik, nahasketa erlijioso batetik, pekatua, inpernua, heriotza, eta bestetik nire aita gaiso ezagutu nian beti. Horregatik tendentzia negatiboak datozenean, hamarretik bederatzi ilun dakusadanean, beste BAT horri heltzen saiatzen natzeiok. Nerea borroka bat duk, barne borroka bat bainan esperantzaren aldekoa. Batzutan esperantza lurtar bat izan zeitekek, mutiko bat ikusi eta haren irrifarraz aski izatea. Eta beste batzutan izaten dituk residuo batzuk, ez zekiat erlijiosoak edo zer, bainan bultzada batzuk, eternitate sentimendu batzuk. Oso iheskorrak eta erlatiboak izaten dituk, edota ametsezkoak, bainan hortxe zeudek. Erakutsi ziguaten eternoak ginela. Gero deskubritzen duk ezetz, eta erortza bat zetorrek, desbarajuste handi bat. Halaz eta guztiz ere noizean behin hor agertzen duk sentimendu hori, azpitik bezala. Egia ote? Gezurra ote? Hurrengoan galdetuko zioagu Capitan Truenori.
Edertasun ttipi horiei heltzea beraz…
Bai, bueno, ez zeudek esplikazioak gauza guztientzat. Bizitza ezinezkoa duk esplikatzea.
Zer da hitza hiretzat?
Niretzat hitza, bizitzari forma ematen dion zerbait duk. Idatziko ez banu esango nikek bizi nauk bainan ez zeukeat etxerik, formarik ez duelako. Bainan idazten dudanean neure etxean ikusten diat. Edo iruditzen zaidak hala dela, igual ametsezkoa izango duk eta. Ilusio hori bizi diat. Ilusio horren aterpean bizi nauk.
Beste elkarrizketa batean, hire abertzaletasuna euskararenganako militantzian kokatzen huen. Zer suposatzen dik 1000 irakurle dituen herri batean idazteak?
Hori hala duk. Ez zekiat, guztiok gabiltzak proiektu baten atzetik, batzuk era batera, besteak beste era batera. Euskara salbatuko den ala ez?, ez zekiat. Ni ahaleginduko nauk ahal dudan neurrian laguntzen. Eta inork ez ziak ukatuko ni hiltzeko momentuan nik bizi izan dudan mundua euskarazkoa eta neria izan denik… orain arteko konbentzimendu berberekin jarraitzen badiat behintzat, inork ezin uka…
Joan Mari Irigoien
Iñaki Uriaren elkarrizketa, Susa, 6. zenbakia, 1982ko azaroan
