Bi hitz bukatzeko etorkin-seme eta alabei bereziki eskainia.
Neronen deiturak ongi azaltzen duenez, ni neu ere etorkin-semea naiz, hein batez. Francisco Alvarez Gonzalez Madrileko nire birraitona, bigarren karlistada hasi baino lehenago etorri zen Tolosara, Federico Alvarez Gonzalez nire aitona (berriz, bai) Tolosara etorri zen umetan, urte pare bat besterik ez zuelarik. Eta Bittori Iraola Eizmendi tolosarrarekin ezkondu zen; gero, alargundutakoan, Antiguara aldatuz.
Horra hor, nire lau leinu nagusietako bat, lehenengo deitura eman didana, espainiar jatorrikoa.
Nik hautua egin nuen; euskalduna eta abertzalea izatea. Ez dut inoiz, ezta behin ere, nire etorkiari buruzko ohar gaixtorik bat ere (ongi esan dut; ezta behin ere) entzun «arrazakoi amorratuak» omen diren abertzaleengandik. Ipuinak dira horiek!
Baina nik, hautua egin nuen gaztetan herri zafratu eta iraindu honen alde.
Eta liburu honetan ematen dudan lekukotasun mozorrogabea, hautu horren froga berria da.
Euskal Herrian, 1994eko irailean.
Txillardegi
Euskal Herria helburu, Txalaparta, 1994
