Haurrak TBOak irakurtzen Barcelonetan 1958. urtean, Oriol Masponsen argazkia
Iudaica: Saul Tchernikhovskiren olerki bat dela eta
Iudaica: Saul Tchernikhovskiren olerki bat dela eta
Diotenez Adolf Eichmannek bazekien hebreera. Hala bada zer dela eta ez nuke nik neuk ere hura ikasteko eskubidea ukan behar? Hala egiteak ez ninduke egunen batean hor nonbait eskegia izatetik babestuko… Horrek niri, ordea, ezta bost ere: Erabatekotasunez sinesten dut ez dela ezjakintasunetik letorkeen egiazko ondasunik eta, noren aurka dihardugun ere, horren ezagutza ezinbestekoa dela. Beste alde batetik, semitak, gure diferenteak badira ere, ez dira higuingarrien artean gailenak. Ezta semitok Europaren jaun eta jabe egin dituzten haien zerbitzariak ere. Juduek, zenbait europarren ergeltasunaren abantaila hartu baizik ez dute egin, guztiz naturala dena bestalde. Horra zer dela eta proposatu nahi diedan, batere zalantza izpirik gabe proposatu ere, egile israeldarraren itzulpen bat Ar Stourmer honen irakurleei. Umorez urri dabiltzalako-edo nire artikulu honek harritzen ez dituenei, umilki, absoluzionea galdatzen diet. Edonola ere, azaldu nahi dizuedan idazlea ez da, berehala jabetuko zaretenez, beste edozein judu bezalako judua.
Saul Tchernikhovski bardoa, hebreeradun berria bera, Ukrainan jaio zen, 1873a eta 1875a artean hor nonbait. Medikuntzaz gain hizkuntza klasikoak ikasi zituen, baita egungoen kopuru polit bat ere. Lehen Mundu Gerla bukaturik Alemanian bizi izan zen, harik eta, 1931an hain zuzen, Israelera «igo» arte. Tel Aviven hil zen, 1943an.
Tchernikhovskik bere etniako besteek zeukaten portaera intelektualaren erabat bestelakoa zen beste bat zeukan. Beste horiek ez bezala, ez da Israelen jainko bakarra den Yahveh bortitzaren sinestuna, Natura eta Bizitza izanik beste ororen gainetik maite dituenak. Bazterrean utziz beste mundu baten ametsak (die Hinterweltler) muntatu ohi dituztenenak, Talmud-a ikasten diharduten gazte zurbil horiek alegia; «fidel egon nahi zaio –Nietzsche bezala– Lurrari», esan nahi baita bere estatu propioan biziz. Juduen ohiko baloreetatik hain urrundurik ematen du ezen irudi bailezakeen, zenbaitetan bederen, politeismora lerratua zela, bidean Israeleko monoteismo hertsia bazterrean utzirik. «Harendako gizonaren eredua ez da Elias profeta, horrek berorrek hil dituen apaizsak baizik» (Die neue hebräische Literatur; Pnina Nave). Halaxe, haren bilduma baten izena, egiazki iradokorra, Sonetot akum da (Soneto paganoak). «Kanaandarrak» zein «Hebrear gazteak», hala esaten zaien horiexek dira Tchernikhovskiren dizipuluak egungo Israelen. Idazle eta artista eskola basamortuko semitak ukatzen ditu eta, halaber, Palestinako hastapenetako biztanleen Baal eta Astarte haiek nahi ditu ohoratu eta kantatu. Horrela begiratuz, Hebrear gazteok, harrigarria eman balezake ere, ez dira Europako neopaganoengandik urrun, hori bai, azkenok «semita kontrako» ospea dute (zuzenagoa litzateke judu-kontrako esatea), zeren eta egia baita muturrekoek maiz elkar erakartzen dutelakoa. Horrez gain, bere egiazko izateari fidel zaion herri orok, etnia orok, gizaki orok, etsaiaren begirunea lor lezake.
Bestalde, Hebrear Gazteek beren burua semitatzat jotzen dute, ezen ez Judutzat, zeren eta argiro baitiote ez direla Europarrak, Ekialde Hurbileko beste etnia batekoak baizik (juduak maite dituztenek sinetsarazi nahi digutenaren erabat bestelakoa dena), eta halaxe, judaismoa guztiz gaitzesten dute, eta, Europako ghettoetan jaioak eta haziak izanik, aberkideei Europako kultur balioak ezagutarazteko ahalegin handiena egiten dutenak haiexek dira. Arlo honetan ere bidea erakusten die Tchernikhovskik, ez baitu soilik Kanaango Jainko-jainkosak gogoan hartzen; besterik ere badakarkie hebreerazko irakurleei. Kelevala, Iliada, Odisea eta Gilgamexen epopeia, besteak beste. Haatik, Antzinako Alexandriako juduei nola, halaxe ekartzen dio Grezia zaharreko espirituak inspirazioa Tchernikhovskiri ere. Horiek horrela, Filon baino haratago doa, adibidez, zeren ez baitu beste horrek bezala Israelgo erlijio eta moral ideiak Jentilen filosofian xerkatzen. Harendako Greziako jainkoak dira egiazko Jainkoak, Apolo da izatez Jainkoetan lehena eta Israelgo Jainkoa ez da besterik haren kopia baizik, hori bai, juduek berehala itxuragabetu eta desnaturalizaturiko kopia. Diodan hau guzti hau bretoi hizkuntzari ekartzeko hautatu dudan olerki honexetan antzemango duzue.
Jon Mirande
«A-zivout ur varzhoneg gant Ch’aul Chernikhovski»,
Ar Stourmer, 1964. urtea, urtarrila, 7. zka. 13. or.
Edorta Jimenezek frantsesetik egindako itzulpena
Edorta Jimenez euskarazko itzultzailearen oharra:
«Euskaldun berri» terminoaren ildotik «hebreeradun berri» deritzot Saul Tchernikhovski bardoari.
Padrig an Habask bretoierazko itzultzailearen oharra:
Ez dakit nik yuzevgarourien horri legokiokeen termino edo hitz zehatza zein izan litekeen (judu+maite dutenak, hots, -filo bukaeradun hitzen bat, beharbada?). «Juduak maite dituzten horiek» jarri dut.
Mikel Soto
«Iudaica», euskaltzaleengandik azken umiliazioa eta galtze aundia
,«Iudaica»: Testuaren historia
Aspaldi genuen artikulu honen berri nahiz eta, oker handi bat egin ez badugu, ez da inoiz argitaratua izan euskaraz. Historia ezaguna da, baina saiatuko gara hemen artikuluaren ibilbidearen historia atzera kontatzen. Lehenik eta behin, testuarena: Jon Mirandek 1963ko ekaina-uztailean Koldo Mitxelenari bidali zion Eganen argitaratzeko baina aldizkariko kideek ez argitaratzea erabaki zuten. Jon Mirandek ez zuen «kopia osorik gorde» eta Koldo Mitxelenari eskatu zion, baina 1964ko otsailean jatorrizkoa jasotzen duenerako, artikulua 1964ko urtarrileko Ar Stourmer aldizkariaren 7. alean argitaratu zen bretoieraz. Hona Miranderen azalpena Andima Ibiñagabeitia lagunari:
«Eskerrik asko zure eskutitza gatik eta barkatu ez ba dizut goizago erantzun; bainan ene artikuluaren aldaki bat nai zenduen ezkero, nik kopia osorik gorde ez nuen, eta Mitxelenari idatzi bear izan diot, Egan-en publikatzeko igorri niona atzera bidaltzeko. Egun auetan eldu zait delako kopia eta onekin batean igortzen dizut. Ikusiko duzun bezala ez nuen deus gogorrik esaten Juduen kontra –aitzitik. Baina Euskaldun progresisten zentsura Francorena bera baino bortitzago dela dirudi. Dena dela, ene artikulu ori euskeraz ez ba da ere agertu, bretoinez publikatu berri didate aldizkari roneotypatu batean» (Andima Ibiñagabeitiari gutuna, 1964/02/20, Jon Miranderen gutunak: 1948-1972, Patri Urkizuren edizioa, Susa, Zarautz, 1995. 223 or.).
Hala, bada, badirudi Mirandek artikulua bretoieraz berridatzi zuela beharbada behin betiko artikuluaren aurreko kopia batetik edo idazteko zeuzkan apunte edo aurreko kopiaren batetik. Ordenagailu, fotokopia eta abarren aurreko garaietan normala zen artikuluen lehen bertsioak, artikuluen kopiak edota eskuizkribuak barreiatuta egotea. Zehazki Miranderen kasuan asko Andima Ibiñagabeitiaren paperen artean zeuden. Aiora Jakak ongi azaltzen du hori «Miranderen itzulpen argitaragabe batzuk» bere artikulu apartan:
«Hemen argitaratu edo berrargitaratuko ditudanak Andima Ibinagabeitiaren paperen bilduman bilduak dira, eta Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren artxiboan daude egun, Josune Olabarria anderearen lanari esker arras ongi sailkaturik eta katalogaturik. Jon Miranderen lanak Ibinagabeitiaren paperen artean izatea ez da harritzekoa, gauza ezaguna baita Mirandek eskuz idatzitakoak Ibinagabeitiari bidali ohi zizkiola mekanografiatzeko, eta gero zuberotarrak berriz bolalumaz zuzendu ohi zituela» (Aiora Jaka, «Miranderen itzulpen argitaragabe batzuk», Senez, 2010. urtea, 39. zenbakian. 262 or.).
Hala, bada, Koldo Mitxelenak kopiarik egin ez bazuen eta Andima Ibiñagabeitiaren paperen artean «Iudaica» agertu ez bada, ezingo dugu jakin zehazki orain euskaraz argitaratzen dugu Miranderen artikulu hau eta Eganera bidali zuena berdinak ote diren edo ze alde dagoen bata eta bestearen artean.
Goazen, hala ere, Aiora Jakaren itxaropena mantentzera: «Baliteke aurrerago Miranderen itzulpen gehiago agertzea, gauza ziurra baita argitaratutakoak baino itzulpen gehiago egin zituela, Mirandek berak lagunei idatzitako gutunetan aitortzen duenez; baina asko eta asko galduak bide dira» (ibid., 262 or.).
«Iudaica»: Artikuluaren historia
Behin baino gehiagotan kontatua izan den arren, goazen «Iudaica» artikuluaren historia pixka bat berrosatzera, Jon Mirande eta Eganen apurketa ekarri baitzuen eta Euskal Herria eta euskal kulturarekiko bere urruntzean garrantzia berezia baitu. Horretarako protagonisten arteko gutunak erabiliko ditugu aski argigarriak direlakoan.
Jon Mirandek 1963ko ekaina-uztailean Eganeko editore zen Koldo Mitxelena lagunari gutun batekin bidali zion «Iudaica» artikulua aldizkariaren hurrengo alean argitaratzeko. Uda guztia erantzun gabe eman ondoren, Mitxelenak urriaren azkenetan erantzun zion, hilaren 28an, Donostitik:
«Adiskide maitea,
Barkatuko aal dizkidazu zure kontra egin ditudan ezin konta adina uts eta oker. Eztakit noiz ezkero nagoen zuri erantzun gabe. Ezta erraz azaltzea zer gertatzen zaidan, neronek ere ezpaitakit ongi, baiña guztiekin atzeratua nabil, eztut emanikako itzik betetzen eta abar. Azken-aldi onetan, gaiñera, urdailla asi zait lanak ematen berriz.
Azkenetik asiko natzaizu, beraz. Aurrean dut zure joan den illaren 9koa. Ura dela bide jakin dut, eta poztu naiz, artu zenduela Añibarro’ren iztegia. Zu emen ziñanean eskatu nuen, baiña eztakit zergatik, banatzailleak nagi dabiltzalako edo (Caja de Ahorros Vizcaína-ri gutxi ajola baitzaio saldu naiz ez saldu), berandu eskuratu zidaten.
Gero, krimi-sail ederra ere artu nuen, eta milla esker, ongi etorri baitzait egonean aalik luzaroen egon bear izan dudan egun oetan. Nai zenduke emendik orrelakorik?
Beste mezu bat ere badut zuretzako, eta ez astegiña batere. Uztaillean jaso nuen zure Judaica, baiña ezta Egan-en sartzerik izan. Batek baiño geiagok esan digu eztutela eztabaida orren berririk geiago nai eta eskatu digute dagoen dagoenean eten dezagun. Orretara makurtu gera, ongi ala gaizki.
Egan ia inprimatua dago eta bereala asiko naiz urrengo zenbakiarekin, ea aldi galdua berriz irabazten dugun.
Biotz-biotzez
Koldo Mitxelena».
(Koldo Mitxelenaren euskal gutunak [1951-1984], Patri Urkizuren edizioa, 2004. 138. or.).
Era horretan eman zion Mitxelenak erabakiaren berri Miranderi, uda guztia idatzi gabe eman ostean, bistan denez, urduri, arduraz eta kulpa ukitu batekin. Horrela atera zen, ba, 1964. urte hasierako Eganen alea, Mikel Lasaren Harri eta herriren kritika profetiko bat dakarrena, Miranderentzat ere balio duena:
«Arestik badu iada denok galdu dugun zerbait: egia esateko griña. Egia esateko amorrua galdu dugun ezkeroz, egia aulak, eguneroko egi-erdiak, aoz-ao uxaturikakoak soilik komeni zaizkigu. Gure estamu delikatuak bigarren edo irugarren maillako autore izpiritual iñozoak onartzen zituzten bakarrik. Eta euskal-idazleak ere bortxaturik zeuden euskaldun prestu ta zintzoen iduri serios eta demokratazalearen imitatzerat. Egia esateko, ez ginduzten diruz ortara bortxatu, baizikan moralaren prestijio utsez eta gure erriaren ohorea gordetzearren. Bitartean iñor etzan ausartzen gure badaezpadako kristautasunaren ambiguitatea, nobiziaduen aszetika dudakoa, euskaldunaren euskotasun beratua, euskeraren gizarte-egoera probetua, burgesen gutizia amorratua… argitara ematera. Hauek eta gaiñerako gaiak tabu izanik, metafisika utsa edo bertsoak egitera bearturik geunden» (Mikel Lasaren Harri eta herriri kritika, in Egan, 1964ko urtarrila-abenduan 1-6 zenbakiak. 161 or.).
Diodan bezala, igartzen zaio Mitxelenari hartutako erabakiaren pisua eta horrela erantzuten dio Eganen alea argitaratu ondoren Txomin Peilleni, 1964ko martxoaren 4an:
«Adiskide maitea,
Milla esker egin didazun eskutitzagatik. Eta enaiz txantxetan ari, ziñetan baizik. Egozten dizkidazun erruak zuzen egotziak daude batzuek, noski, eta beste zenbait ez ain zuzen, ene ustez.
Gauza bat azaldu nai nizuke, zuk diozun bezala eztelakoan bainago. Miranderekiko auzia –eta biotzez damu dut neroni orretan parte izan naizela– artikuluaren gaiarengatik sortu zen, eta ez agintarien baizik irakurleen beldurrez.
Orrexegatik iruditu zitzaidan obe genduela juduekiko auzia alde bat uztea, orrelako ixtillurik gure artean aspaldian eztugulako. Geienok ezpaitakigu judua arpegiz zer dan ere. Eta azkeneko Egan-en ezta iñor gai orrezaz mintzatzen, ez alde ez kontra.
Igela-ren kontuetan, ordea, errudun naiz eta kupidarik gabe aitortzen dizut ene errua. Eztut neure iritzirik agertu, baiña, egia esan bear baldin badut, enau beldurrak orretara eragin, betiko astirik ezak baizik. Beste zenbait euskal-aldizkari ere eztitut aipatu, gonadunenak oek, eta orrexegatik beragatik izan da. Badakit bear bada, eta bear badarik gabe, Igela baiño gutxiago axola zitzaizkigun ainbat eta ainbat paper aipatu ditudala, baiña esku-artean daukadan papera aipatzen dut aurrenik eta gero besteak, presaka ezpanabil. Obendunago naiz agian orrexegatik beragatik, baiña orrela izan da eta eztut bestetara agertu nai.
Ni ere, mundu guztiak dakien bezala, enaiz elizgizonen aldeko amorratua: gure artean, ordea, euskal-saillean, aiek ditugu langillerik trebeenak, eta batez ere gazteak. Zuk diozun orrek (Regillaga ote da?) eztakizki zuk dakizkizun gauza asko, eta bere iritziak aldatuko lituzke bear bada, edo aberastu beintzat, besterik baleki. Nola edo ala, emengo zenbait gazteren artean dabillen giroa adierazten du eta orren berri jakitea komeni zaizu zuri ere, naiz eta aalegiñean giro ori deuseztatzeko jokatu. Nolanai ere, Parisko eta emengo giroa eztatoz bat orain.
Gaizki esanak barka itzazu eta nai duzun arte. Nik Egan-en aipatuko nituzke zuk Eguiateguyrengandik kopiatu dituzun itzak, zure baimenik baldin banu.
Biotzez,
Koldo Mitxelena»
(Koldo Mitxelenaren… op. cit. 161-162. orr.).
Hala ere, horren aurretik beste gutun bat idatzi dio Miranderi aurreko gutunari honek eman dion erantzuna eskertzeko. Oraingo honetan berehalakoan erantzun zion, 1963. urteko azaroaren 15ean:
«Adiskide maitea,
Banekien ene azken eskutitza mingarri izango zitzaizula: ala izan da, eta damu dut. Gero, Peillenena ere artu dut, eta zurearen ondoren arena idaztera noa.
Orrexegatik beragatik, esker geiago zor dizut igorri dizkidazun itz atsegiñengatik. Badakizu emen, beti bezala, esanera naukazula. Bestalde ere, munduak jira eta itzulinguru geiegi darabilzki eta egun elkarrengandik aldenduak dirudigunak, puntu onetan naiz aretan, biar ikusiko dugu, bear bada, ez goazela ain bide desberdiñetatik.
Krimi batzu zenbait egunen buruan bidaliko dizkizut. Obeki nago, zearo bizkortu ezpanaiz ere, eta aalegiñak egiten ari naiz galdu dudan astiaren atzetik.
Beti bezala, biotz-biotzez.
Koldo Mitxelena»
(ibid., 158. or.)
Benetan hunkigarria da Mitxelenaren gutun hau eta, horregatik argitaratua genuen, aurrekoarekin batera, Deabruaren Eskolan. Hala ere, Miranderi agertzen dion desioa, «Elkarrengandik aldenduak dirudigunak biar ikusiko dugu, bear bada, ez goazela ain bide desberdiñetatik», ez da guztiz beteko, Mirande minduta geratuko baita gertatutakoarengatik, 1964ko otsailaren 20an Andima Ibiñagabeitiari idazten dion gutunean ikusten den bezala:
«Ezin uka daiteke egillearen ideologia oinarrikoa marxistena dela [Federico Krutwig eta Vasconiaz ari da]. Nik ezin onar dezaket ideologia hori, Europatarra eta Europazalea naizen aldetik. Euskal abertzaletasunaren izenetan eskeintzen zaidanean ere, ez zait onargarriago iruditzen: eta haren aldetzalleak euskal nazionalistatzat beren buruak aurkezten ba itu ere, nik beste bezainbeste etsaitzat jo bearko ditut. Ez du horrek esan Rusoen kontra naizenik, ta ongi ulertzen dut minoria txikietako aktivistak Okzidenteaz etsiturik, Rusiari buruz inguratzea laguntza billa. Bretoinak gudu garaian Alemaniaren aldera inguratu ziran bezala, eta Euskaldunak Anglo-Saxonen aldera. Bainan marxismo utsa, Aleman judu batek asmatu sasi-philosopia, uste dut oso kaltegarri datekeala, guretzat. Ez dut miresten Krutwig liluratzen ba du Semitismuaren azken ekoizpen orrek, bera ere –dakizun bezala– arraza autetsi-ko seme baita parteka beintzat. Orrengatik ere, adiskide dut… bainan ez errikide, eta ez dut ziuri onartuko ark eni erakustea euskal abertzale izatea. (…)
Eganen ez dute ene idazki bat publikatu nai izan; poeta neo-hebreotar bati buruz egin nuen (Saul Txernikhovski), aren neurtitz batzuk ere itzuliz, poeta ori, judutar izanik ere europatar razistentzat ere goraipagarri baita: bera semita razista, eta bere arrazaren egiako tradizioa berriz idoro nai du, ghettoetako judukeria arbuiatuz. Mintzagai ori artu nuen azkenengo Eganen Anna Franck-en zozokeriak euskaraz eman zituztelakotz. Eta egunkari orren itzultzalleez ironeia piska batekin (bainan aierkunderik gabe) mintzo bainintzan, Eganeko zuzendariek erabaki dute euskaldun prosemiten eta antisemiten eztabaida (?) ortaz ez zutela geiago ezer entzun nai. Baina eztabaida ortan prosemitek azken itza bere…; zuzen den bezala, oraingo munduan. Nik erantzun diot Mitxelenari (ark baitzidan gauza orren berri eman) amor ematen nuela, bainan hori zela euskaltzale edo eskualzale-engandik jasango nuen azkeneko umillazioa, eta gaurgero ez nuela geiago ezer egingo euskaldungoan edo euskaltzalegoan. Ez dakit galtze aundia izango den euskal kulturarentzat… Dana dala, ene erabakia ongi pentsatu ondoan artu dut (azken urteotan beti beldur nintzan bein ortaratu bearko nintzala eta artan egongo naiz)» (Andima Ibiñagabeitiari gutuna, 1964/02/20. Jon Miranderen… op. cit. 226-227 orr.).
Erdiragarriak dira Miranderen hitzak eta sentitzen duen mina, eta min hori ez zaio sendatuko. Mirandek utzi egin zion euskaraz idazteari eta, bai, Jon, «galtze aundia» izan zen euskal kulturarentzat.
Saul Txernikovskyren erretratua
Koldo Mitxelena Javier de Aramburu kazetariarekin 1961ean. Argazkia Paco Mari, Marin Funtsa, Kutxateka
Andima Ibiñagabeitia
Mari Karmen Garmendiak eta Rudolf de Rijk Eganen argitaratutako «Anne Franck’en Egunkariko zatitxo bat»en hasiera
Jon Miranderen erretratua. Euskaltzaindiako Azkue Liburutegiko Artxibategia. Aurelia Arkotxaren «Euskaldun gorputz sendo eta bihotz ezti versus Euskaldun guduzale» artikulutik hartua
«Iudaica»: Aurrekariak
«Iudaica»ren inguruan sortu zen iskanbila eta Eganek argitaratzeari ezarri zion betoak badu aurrekaririk. 1960. urtean Mirandek bi polemika handi izango ditu antzeko gaiengatik.
Horietariko lehena, 1960. urteko Enbata aldizkariko 5. eta 6. aleetan argitaratu ziren «Race, peuple et nation» I eta II artikuluen harira izan zuena, «démocrates-chrétiens» edo «démochrétiens» gisa definitu zituen aldizkari hartako militante abertzaleekin (Txema Larrea, Miranderen lan kritikoak, Pamiela, Iruñea, 1985. 95-101 orr.). «Er devobis anmarvolobis…» artikuluari buruzko «Psikearen arkhetypen bila» analisian sakontzen dut, Aurelia Arkotxaren lanak lagun, orduko polemikan.
Bigarrena, urte berean, «Goncourt saria dela eta» Eganen argitaratu zuen artikuluagatik (Egan, 1960. urtea, maiatza-abendua, 3-4 zenbakiak). Urte hartan, Vintila Horia idazleari sari hori eman ostean kendu ziotelako bere iraganari buruz egin ziren hainbat salaketa dela medio. Mirandek horrela kontatzen du:
«Saria banatu eta bereala, André Wuirmser judu komunistak salatu zuen “L’Humanité” komunisten egunkarian Horia izugarrizko gaizkille bat zela: eskuindarra, eta, geiago dena, nazi-en adiskide izandakoa, eta, geiena dena —horresco referens, juduen etsaia. Gure intelektual ispiritu zabalok arritu ta txunditu: juduen zale ez izatea, nola al liteke? Bertan kontuak eskatu zizkioetan idazleari.
Horiak erantzun zuen egiaz eskuindarra zela; ez zuen ukatzen Alemanen aldeko artikulu bat edo beste eman zuenik Rumaniako kazetetan; nazional-sozialistetakoa izan zelako salakuntza, ordea, ez zuen onartzen: altzitik, Codreanu-ren “Burnizko Zaindari”-en politikaren kontrako gertatu zen, eta Alemanek berek bein giltzapean sartu zuten. Bestalde, haren aukeratzeak sortu zituen nahaspil ta iskanbillak zirela eta, Goncourt-saria ukatzen zuela zioen. Eta Goncourt-Akademiako burges onek, Wurmer baten alderdikide ta odolkideak ez sumindu naian, onartu dute ukatze hori: aurten ez da Goncourt-saririk izango» (Miranderen lan kritikoak, op. cit. 78 or.).
Miranderen idazkiak Iñaki Aginagaren erantzun haserrea izan zuen Eganen hurrengo alean argitaratu zen «Behar ginuen bakarra» artikuluan (Egan, 1961. urtea, urtarrila-ekaina, 1-2 zenbakia, 6-9. orr). Erantzuna, esan bezala, sumindua da baina, egia esan, era guztiz barregarrian hasten du Aginagak: «Jauna, zentzu-gabekoak munduan zear benatzen dituzularik Euskal-erriarentzat atxikia duzun saski joria ez dea oraindik akitua?», Mirandek berak egin zezakeen manera batean, kontrako norabidean. Hala ere, Aginagak gogor gaitzesten ditu Miranderen artikuluaren «aldekoikeria, ez-jakinak, xinplekeria eta “ez egiak” erokeria zahar baten agertze berriak ditugu: antisemitizgoaren, alegia».
Mirandek Aginagari erantzun egin zion «Ene artikulu baten “kritikaren” ondoren» idazkiarekin (Egan, 1962. urtea, urtarrila ekaina, 1-3 zka.), eta Aginagaren artikulua haserrea bazen, haserreagoa izan zen Miranderena. Hiraz eta korrika idatzi duela dirudi, baina Aginagaren artikuluaren alderdi guztiak sakon eta erradikalki erantzuteko borondate irmoarekin, sakon jorratzen baititu, bere ustez Eganek beharrezkoa lukeen kulturatik haratagoko auzi politiko bat jorratzeko Aginagaren hautua eta bere antisemitismoaren nondik norakoak. Ez naiz luzatuko, Miranderen erantzuna luzea baita eta, esan bezala, gai ugari jorratzen dituelako baina, bistan denez, Mirande, Aginaga, Eganeko arduradunak eta segur asko irakurle ugari asaldatuak utzi zituzten idazkiek.
Hori zen Eganeko kideek zuten bizipena 1964ko uda hasieran Mirandek Mitxelenari «Iudaica» bidali zionean. Aurretik ikusi dugu gerora Mirandek Andima Ibiñagabeitia lagunari aitortuko diona, gaia arrazoi hauengatik hautatu zuela: «Eganen ez dute ene idazki bat publikatu nai izan; poeta neo-hebreotar bati buruz egin nuen (Saul Txernikhovski), aren neurtitz batzuk ere itzuliz, poeta ori, judutar izanik ere europatar razistentzat ere goraipagarri baita: bera semita razista, eta bere arrazaren egiako tradizioa berriz idoro nai du, ghettoetako judukeria arbuiatuz. Mintzagai ori artu nuen azkenengo Eganen Anna Franck-en zozokeriak euskaraz eman zituztelakotz. Eta egunkari orren itzultzalleez ironeia piska batekin (bainan aierkunderik gabe) mintzo bainintzan, Eganeko zuzendariek erabaki dute euskaldun prosemiten eta antisemiten eztabaida (?) ortaz ez zutela geiago ezer entzun nai» (Andima Ibiñagabeitiari gutuna, 1964/02/20. Jon Miranderen… op. cit. 226-227 orr.).
Mirandek ondo dioenez, Mari Karmen Garmendia ormaiztegitarra eta Rudolf de Rijk hizkuntzalari eta euskaltzaleak «Anne Franck’en Egunkariko zatitxo bat» argitaratu zuten Eganen 1962. urtean (Egan 1962. urtea 4-6 zka. 237-245 orr.). Horri erantzun nahi zion, «Iudaica» artikuluak, horrekin batera Saul Txernikovskiren “Apoloren estatua baten aurrean” poemaren Miranderen itzulpena emanez. Hau da, Miranderi gustatzen ez zitzaion juduen aldeko ikuspegi kulturala kulturaren arma berekin erantzun nahi izan zuen, baina Eganen ez zuten horrela ulertu edo, ulertu arren, ez zuten horrek ekar zitzazkeen ondorioak beren gain hartu nahi izan.
Hala, 1964ko udan, Eganen baitan aurretik aldizkarian «Goncourt saria dela eta» artikuluak piztutako polemikaren antzeko bat berpiztuko ote zelako beldurrez, argitaratzearen edo ez argitaratzearen egokitasunaz eztabaidatu zuten, aldeko eta kontrako jarrerekin. Koldo Mitxelenak kontatzen duenez, «Entonces intervino, entre otros, un joven lingüista holandes, Rudolf de Rijk, a quien las ideas apuestas por Mirande le parecían una apología de actos criminales nazi-fascistas. Intenté defenderme alegando que, entre nosotros, el fascismo me parecía, entonces, mucho más ridículo que peligroso. Pero sus razones eran poderosas para uno que, como yo, se siente hombre antes que vasco y es, por encima de todo, antifascista (ya sé que esto, ahora, parece ridículo a nuestros maximalistas) y antitotalitario de toda la vida)» (Eugenio Ibarzabal, Koldo Mitxelena, Erein, Donostia, 1977. 159. or.).
Horrela hartu zen Miranderen artikulu hau ez argitaratzeko erabakia Eganen baitan. Koldo Mitxelenako artxibategian badaude Koldo Mitxelena eta Rudolf de Rijken arteko 18 gutun, baina hau idazteko garaian oraindik ez ditut kontsultatu gaiari buruz bestelako informaziorik ba ote duten aztertzeko, baina Koldo Mitxelenak gaiari buruz ematen duen informazioak koherentea dirudi eta ez dut uste gutunotan garrantzitsua den bestelako informaziorik egongo denik.
Ez nuke sartu nahi Eganek Miranderen artikulua ez argitaratzearen erabakian. Esan beharrik ez dago zentsuraren kontra nagoela eta, era berean, komunikabide bakoitzak bere ildo ideologikoa izatearen alde; egin nahi izan dudana zera da, Eganek hartu zuen erabakiaren testuingurua azaltzea, erabaki horrek izan zituen ondorio kaltegarriak izkutatu gabe. Koldo Mitxelena argia da Peilleni esaten dionean erabakia hartu zela «ez agintarien baizik irakurleen beldurrez». Nik, ustez espainiar demokrazia betean jaio eta hazia izan naizenak, nire bizitzan bi horien beldurrez hartu behar izan ditut horrelako erabaki batzuk, beraz, ez dut distantziak eta denborak ematen duen talaia honetatik kontatu dudanaz urrutiago joan nahi.
Zentsuraren gaia konplikatua da, kontu handiz aztertzekoa eta, beti bezala, gai honetan ere miragarria den Joxe Azurmendik Arestiri buruz idatzitakoek gai honen hausnarketarako ere balio digute: «zeharkako eta lerroarteko oposizio-lan nahitaez mugatu, bahetu, kalkulatu batean diharduen argitarapen-zuzendariari jesukristoren enbarazoak sor diezaizkioke edozein lankide tirtiriko, inadaptatu, irrespontsablek, edozein abenturari alai, astapotro, bufoik, edozein iraultzaile konpromezuetara etorri ezindakok, erresentituk, zirt edo zart beharrekok, edo bera martiriorako gertu dagoenek ere, edo bere haserre guztiz justu eta santua lumatik isuri gabe geratu ezin den edozein makabeok. Ekipoan bertan arramarrak eta axanpak horrelakoengatik, zeinek ez ditu ezagutu? Mundua hori da. (…)
Situazio zailak dira. Elkarren zentsura-modu batzu, denok edo gehienok ezagutu ditugu frankismoan eta onartu ere egin ditugu gehiegi penatu gabe. Orain egiterik ez daukaguna, nolanahi ere, da, “barne-zentsuratzaile” haiek Estatu-zentsuraren beso luzatua izan balira bezala ipini, “gaiztoak”, lankidearen edo idazlearen zanpatzaileak, azken finean idazleari non idatzi aseguratzen ziotenak berak ziren eta. Askotan erantzunkizunak, errespontsabilitateak “gaiztoa” izan beharra daukala, esan beharko dugu bestela. Denek sufritzen zuten egoera honetan Gabrielek inork baino problema gehiago izatea (eta sortzea) konprenigarri da, esan dugun haren sentsibilitateagatik. Baina “euskaldunek berek zentsuratu zuten” orokorki errepikatzeak, niretzat ez du situazio haien ezinbesteko anbiguotasun guztia errepikatu besterik egiten» (Joxe Azurmendi, «Aresti: sentsibilitate konkretu bat (aurre-ohar batzu eta hiru azterkizun)», Jakin, 1984, 36. zenbakia. 26. or.).
Ez dirudi Euskaldunok ba dakigula zer izan behar den kritika
Miranden nazkatu zen euskaldunek hari egindako bazterketa, eraso eta zentsurez, baina uste dut euskaldunok diskutitzeko dugun maneraz ere aspertu zela, arrazoiarekin, gaineratu nuen. Esaten dute ideologia halitosia bezalakoa dela, besteenak molestatzen digula bakarrik. Hala, Miranderen ideologia hain jasanezin suertatzen zitzaien eta zaie hainbati ze edozein proportzioan eta alorrean salatzen dute, askotan Mirandek berak jarritako proportzio askoz handiagoan.
Zera esan nahi dut, Mirandek «Goncourt saria dela eta» eta «Iudaica» artikuluetan ez zuela sekula bistatik galdu Egan aldizkarian idazten ari zela eta, beraz, kulturaz aritu behar zela, literaturaz, zehazki. Ez zuen ukatzen bere ikuspegian bere ideologiak eragina zuenik, hori bakarrik ergelek egin ohi dute, objektibo izan nahirik inor baino sektarioen agertzen direnean. Horrela azaltzen du Mirandek «Ene artikulu baten “kritikaren” ondoren» idazkian:
«EGANen 1960-ko 3-6-garren numeroan artikulutxo bat ager erazi nuen urthe hartako Gongourt-sariaz. Gai hori hautatu nuen “euskalfrantzesa” izaki Frantziako literatura-alhorrean gerthatuak dohazkidalakotz. Bertzalde, EGAN literatura-aldizkari bat baita, iruditu zitzaidan egoki lizatekeala hor publikatzea, euskal-irakurle gehienek Frantziako kulturaz eta bizi intektualaz axol dutelakotz».
Aginagak ez zuen hori egin, Mirandek arrazoia dauka eta politikaz eta ideologiaz idatzi zuen Eganen, baina hain onartezin eta eskandalagarri zaizkio Miranderen ideiak ze deskalifikatu egiten ditu argudiorik gabe (ze argudio eman behar da Bigarren Mundu Gerraren ostean antisemitismoaren kontra egoteko?, uste zuen Aginagak… eta uste dute askok gaur egun ere). Mirandek horixe aurpegiratzen dio arrazoi osoz:
«Erran gabe doa, aburu pertsonal bat erakhusten eta hauzi batean pharte hartzen nuenaz geroz, ene artikuluaren kritika baten haiduru nintzala, alde ala kontra. Kontrako irizlariak bi gisatara oldartzen ahai zitzazkidan: edo nik erranak gezurrak zirela erakhutsiz; edo, egiak ba ziran ere, salhatzen nuen juduekiko alderdikoikeria gauza zuzen eta naturala zela frogatuz, nik bertzela uste ukhan arren» (ibid.).
Aginagari eta Eganeko zuzendaritzari onartezina zaie Miranderen ideologia, hainbeste ze den erabakirik ideologikoena hautatzen dute Egan den kultura aldizkarian horrelakorik agertu ez dadin: baina Mirande literaturaz ari da —ideologiarekin nahastua, ados—, haiek ez. Miranderi ez dio graziarik egiten «azkenengo Eganen Anna Franck-en zozokeriak euskaraz eman zituztelakotz», bere pentsakera antisemitagatik, ados, baina zer egiten du? «Poeta neo-hebreotar bati buruz egin nuen (Cha’ul Txernikhovski), aren neurtitz batzuk ere itzuliz, poeta ori, judutar izanik ere europatar razistentzat ere goraipagarri baita: bera semita razista, eta bere arrazaren egiako tradizioa berriz idoro nai du, ghettoetako judukeria arbuiatuz» (Andimari gutuna).
Literaturari literaturarekin aurre egiten dio, eta ez du ukatzen bere hautaketan ideologiak zerikusia baduela, baina berak argi dauka Mari Karmen Garmendiaren eta Rudolf de Rijken «Anne Franck’en Egunkariko zatitxo bat»en hautaketaren atzean ere, geroko eztabaidan de Rijkek berak argi uzten duenez eta, Eganeko zuzendaritzak ere arrazoi ideologikoengatik hautatzen du, «ez agintarien baizik irakurleen beldurrez», ados, baina hautatu egiten du: «Eganeko zuzendariek erabaki dute euskaldun prosemiten eta antisemiten eztabaida (?) ortaz ez zutela geiago ezer entzun nai. Baina eztabaida ortan prosemitek azken itza bere…; zuzen den bezala, oraingo munduan». Eta, hautaketaren ideologian gehiago sakondu gabe, bi hautagai hauetan, Eganek «literatura gutxien» duen aukera hautatu egiten du, politikoki.
«Bertzalde uste dut, hobeki erran: uste nuen, EGAN ezin daitekeala politika hutsezko tribuna bat izan (nik Goncourt-sariaz izkiriatu nuenak politikarekin zer-ikhusia ba zuen ere, oroz lehen literaturekiko hauzi bat zen), eta are gutiago eztabaida pertsonalen agertzeko lekhu bat. Phondu horri dagokionez, erran behar dut idietako eztabaidak hein batean gustatzen ba zaizkit eta preminazko edukiten ba ditut euskal kulturaren aberatsieraztekotz, eztabaida pertsonalak higuin ditudala, ene jitez. Ingelesek dioten bezala: No personal remarks, urrhezko arau bat dela deritzait gizarteko harremanetan» (Jon Mirande, «Ene artikulu baten…» op. cit.).
Gustatuko litzaidake esatea aurrera egin dugula euskaldunok horretan, baina benetan ez dut uste gehiegi aurre egin dugunik, oraindik, Mirandek esan bezala, idi deman jarraitzen dugu:
«Ez dirudi Euskaldunok ba dakigula zer izan behar den kritika. Gehienetan, zer nahi izkiriatzen ba du euskal-idazle batek, edo adiskideek bazterrik gabe laudatzen eta goraiphatzen dute, etsaiek aldiz urrikalmendurik gabe phorrokatzen dutela munta gutiko phondu batzuek gatik —hizkuntza dela, graphia dela, etc.— edo, usuago, gure idazlanek oiharzunik batere ez dute iratzartzen, nehork irakurri ez balitu bezala. Zorionezko da, kritikatzaile egiazko bat hatzeman duen idazlea, hori baitu bere langintzan aurrerapen egiteko bide bakharra…» (ibid.).
Amaitzeko
Amaitu aurretik, hiru-lau hausnarketa. Lehena, Israeleko diskurtso eta politika sionistak higuingarriak zaizkit, baina hortik aurrera aitor dut neuk ere antisemitismoaren gaiarekin Luis Buñuelek pentsatzen zuena pentsatzen dudala, hain zuzen ere Koldo Mitxelenak Peilleni laburbiltzen diona: «Geienok ezpaitakigu judua arpegiz zer dan ere».
Horrez gain, horrelakoetan tifossi agertzen den Mirande benetako ergelkeriak esatera hel daiteke: «hurrunago noa eta aithortzen dut enetako Alfred Rosenberg batek ere, gizon pentsatzaile eta idazle bezala, orainaldiko Sartre eta Sartretxoak oro bezainbat balio duela» (Jon Miranderen «Ene artikulu baten “kritikaren” ondoren» in Miranderen lan kritikoak, op. cit. 111. or.). Hau da, erridikulua izatera heltzen da Mirande bere gutunetan Krutwig judua dela eta ez delako kontuekin, eta ebidenteki judua den egile baten lana goraipatzen du zer-eta Hitlerren politika arrazialen teoriko handia izan zelako, agerikoa denean Rosenbergen teoria guzti horiek autogorroto sentimendu batetik eratorriak direla (eta norbaitek Ronsenbergen jatorri juduari buruzko informazio interesgarririk lortzen badu, pasa diezadala, Israelgo estatuaren politika kulturalak ederki izkutatuak baitauzka horri buruzko guztiak Sarean).
Hala ere, gai honi buruz ere «Miranderen Begiratu bat Francoren Espainiari» testuaren «Gure beldurren fantasma bat» analisian idatzi dudana berresten dut hemen: «Mirande nazia zen jeltzaleak kristauak diren bezala, inofentsiboki» eta, esaldi horri gaineratuko nioke, inofentsiboki eta kulturalki. Izan ere, ebidentea da gustatzen ez zaion juduen aldeko joerari ematen dion erantzun kulturala dela «Iudaica»; Adolf Eichmann aipatzen du, ohi duen probokazio –eta koherentzia– ahalmenaz, baina esateko hebreeraz bazekiela eta gogoratzeko txit demokrata den Israelek urkatu egin zuela eta, jarraian egiten duena zera da, poeta hebrear baten poema bat itzultzea… baina ze nazi mota da hori? Ba juduen kultura gorrotatzen duena, baina beren hizkuntza hitz egiten dituena eta, oroz gain kultura eta pertsonak maite dituena:
«Jonen ilobak gogoratzen dira aitaren heriotzatik landa bere diru kartera (musa) galdu zuela. Moltsa hori Seineko ur bazterrean aurkiturik Angelié familiari helarazi zioten, eta Boulevard Davoutera joan ziren eta han Jon depresio bizian Whisky botilen artean biluzik topatu zuten; leihoko balaustradatik soka bat zintzilik urka bilurra eginik. Guardiako medikua judua zenak harriduraz nazi liburuak eta hebreerazko franko baita hiztegi eta gramatika ikusi zituen. Gure sendagileak idazlearekin Angeliétarrek ulertzen ez zuten hebreeraz hitz egiten zuten. Handik egin batzuk, ospitaletik ateratzean mediku horri opari bat egin zion, baina sendagileak ez zuen zoritxarrez bere liburutegiak zerion arrazismoa sendatu» (Txomin Peillen Karrikaburu, Jon Mirande, olerkaria. Jon Mirande poète parisien, Euskaltzaindia, Bilbo, 2012. 26 or.).
Artikulu hau amaitzeko erarik onena iruditzen zait, hain zuzen ere Mirandek Eganeko irakurleei eskaini nahi izen hori eskaintzea, Saul Txernikhovskiren «Apoloren estatua baten aurrean» poema. Izan ere, Koldo Mitxelena Kulturuneak dituen irakurketa gida apartetan, badauka Jon Miranderi eskainitako bat, informazio eta material ugariren artean, bere itzulpenak ere badituena eta, hala, bada, berton dago Txernikhovskiren poemaren Miranderen bretoierazko bertsioa eta Luis Mari Mendizabalek ingelesetik euskaratutakoa.
Apoloren estatua baten aurrean
Zuregana nator, aspaldiko jainko ahaztua,
beste garai, bestelako egunetako jainkoa,
gizon sendoen ekaitzen menderatzaile,
gaztaro oparoko haien indarraren olatuen gidari
Belaunaldi ahaltsu eta erraldoi baten jainkoa,
Olinporen mugak euren indarrez konkistatu baitzituzten,
euren heroientzako egoitza, eta kopeta harroa
erramuzko koroez apaindu,
euren idoloen nagusi eta haiek bezalakoak baitziren,
munduaren gidarien batzarretan kide;
lurreko jainkoen belaunaldia, bizitzaren
Lurreko itsaso orroren urek
euren ardaila azkengabearekin,
ezingo lukete gure artean aharrausi dugun amildegia bete
oparotasunak hordirik, eta gaixoengandik
zein oinazetuen tributik urrun.
Gazteriaren jainko puru bikaina, ederrez betea,
eguzkiaren eta bizitzen egia ezkutuen menderatzaile
kantuen ñabardura preziatuezko hodeiak lagun,
melodiaren uhin desberdinen itsasoak lagun;
bizitzaren pozarena zara jainko, haren distira eta ondasunena,
haren indarren zein argi eta itzal erreserba ezkutuen jainkoa.
Zuregana nator, ezagutzen ote nauzu, baina?
Judua nauzu: aspaldiko arerio.
Zeruak berak eta lautada zabalek ezingo lukete,
luzatzearen luzatzez, nire aiten Torah
eta zure gurtzaileen kultua banatzen dituen leizea deuseztatu.
So egidazu; Bidea egina baitut
nire aurreko eta ostekoek baino haratago,
gizakiak, heriotza patu, galdu beharreko bidean.
horren kariaz nauzu itzultzen zaizkuzunen artean lehenengo;
herio oinazeak betiko gorroto nituen une batean,
ene arima biziak, lurrari atxikiz,
lotuta zeukaten kateak zartarazi zituen.
Zaharra da herria, zaharkituak haren jainkoak.
Indargetzen ari diren gizonen pasio zapalduak
mendeen kaiolatik bizitzara askatzen dira.
Jainkoaren argia nirea da, egiten du deiadar nire baitako hezur orok.
Jainkoaren eta bizitzaren argia.
Eta zuregana nator.
Zuregana nator, zure estatua aurrean belauniko,
zure irudia bizitzaren argitasunaren sinbolo;
lenaunika nauzu, burumakur, onaren eta sublimearen aurrean.
Burua makur nago bizitza, adore eta edertasunaren aurrean,
gorpuek eta giza hazi ustelak lapurturiko
gauza bikain guztien aurrean makur,
matxinatzen baitira Jainkoak emandako bizitzaren aurka,
Jainko Ahalguztiduna,
basamortu misteriotsuen jainkoa,
Kanaan zirimola batean konkistatu ondoren Bera
euren filakterioen uhalez atzeman zuten gizonen Jainkoa.
Saul Txernikhovski
2022ko abenduan
Iudaica: Au sujet d’un poème de Cha’ul Tchernikhovski
Adolf Eichmann savait l’hébreu, à ce que l’on dit. Pourquoi n’aurais-je pas le droit de l’apprendre, moi aussi ? Peut-être cela ne me gardera pas non plus d’être pendu un jour quelconque… Mais peu importe : Je crois fermement qu’aucun bien véritable ne vient de l’ignorance et qu’il est indispensable de connaître ceux contre lesquels on se bat. D’autre part, bien qu’ils soient si différents de nous, ce ne sont pas les Sémites qui sont haïssables en premier lieu ; les valets des Juifs je ne dis pas, qui ont rendu ces Sémites-là maîtres de l’Europe. Les Juifs n’ont fait que tirer avantage de la trahison ou de la sottise de certains Européens, ce qui était assez naturel. C’est pourquoi j’ai osé, après un peu d’hésitation, proposer aux lecteurs d’AR STOURMER une traduction à partir de l’oeuvre de l’écrivain israélite. Je demande humblement l’absolution à ceux qui n’auraient pas assez de sense of humor pour ne pas être choqué par mon article. N’importe comment, l’écrivain que je veux vous faire connaître n’est pas un juif comme les autres, comme vous le verrez. Le barde néo-hébréophone Cha’ul Tchernikhovski naquit en Ukraine en 1873 ou 1875. En plus de la médecine il étudia les langues classiques, et également un grand nombre des modernes. Après la première guerre mondiale il vécut en Allemagne avant de «monter» en Israël en 1931. Il y mourut, à Tel-Aviv, en 1943.
Mais Thernikhovski avait un comportement intellectuel très différent de ceux de son ethnie. Il n’est pas comme eux croyant en le Dieu unique d’Israël, le Yahweh rude, mais c’est la Nature et la Vie qu’il adore et qu’il chante lui par dessus tout. Comme Nietzsche il veut «rester fidèle à la Terre», délaissant ceux qui échafaudent des rêves sur un autre monde (die Hinterweltler), c’est à dire, dans son propre état, les étudiants sages et pales du Talmud. Il est si loin des valeurs traditionnelles des juifs qu’il semble souvent avoir abandonné le monothéisme étroit d’Israël pour devenir polythéïste. «Pour lui l’homme modèle n’est pas Elie le prophète, mais les prêtresses d’Astarte tuées par celui-ci» (Pnina Nave, dans Die neue hebräische Literatur) et l’un de ses recueils au nom évocateur Sonetot akum (Sonnets païens). Les disciples de Tchernikhovski sont, dans le pays d’Israël actuel, ceux que l’on nomme «Chanéens» ou «Jeunes Hébreux». Cette école d’écrivains et d’artistes refuse également le monothéisme des Sémites du désert er veut honorer et chanter les Baals et les Astartes des premiers habitants de Palestine. Cela pourra paraître étonnant, mais à ce point de vue, les Jeunes Hébreux ne sont pas aussi loin des néopaïens d’Europe, bien que ceux-ci aient la réputation d’être «anti-sémites” (il serait plus juste de dire : antijuifs), car il est vrai que s’attirent souvent ceux qui sont les plus éloignés les uns des autres. Et de plus, chaque pays, chaque ethnie, chaque homme qui reste fidèle à sa nature véritable peut gagner le respect de son ennemi.
D’autre part, bien que les Jeunes Hébreux se considèrent comme Sémites, et non pas comme Juifs, parce qu’ils reconnaissent clairement qu’ils ne sont pas Européens mais une ethnie du Proche Orient (le contraire de ce que ceux qui aiment les juifs cherc’hent à nous faire croire), alors qu’ils méprisent complètement le Judaïsme, qu’ils sont nés et ont grandi dans les ghettos d’Europe, cependant ce sont eux qui s’efforcent le plus pour faire connaître et aimer à leurs compatriotes les valeurs culturelles de l’Europe. Sur ce terrain-ci également Tchernikhovski leur montra le chemin puisqu’il ne chanta pas les Dieux et les Déesses de Chanaan seulement : il mit aussi entre les mains des lecteurs hébraïques le Kalevala, l’Illiade, l’Odyssée, l’épopée de Gilgamos, etc. Mais c’est par l’esprit de l’antique Grèce qu’il fut surtout inspiré, comme il arriva autrefois aux Juifs d’Alexandrie. Cependant il va plus loin qu’un Filon, par exemple parce qu’il ne cherche pas comme lui à retrouver les idées religieuses et morales d’Israël dans la philosophie des Gentils. Pour lui ce sont les Dieux de la Grèce qui sont les Dieux véritables, Apollon est le premier Dieu et le Dieu d’Israël n’en est qu’une copie, qui a été déformée et dénaturée ensuite par les Juifs, comme il apparaîtra de ce poème que j’ai choisi pour le traduire en breton.
Jon Mirande
«A-zivout ur varzhoneg gant Ch’aul Chernikhovski»,
Ar Stourmer, 1964. urtea, 7. zka. 13. or.
Padrig an Habaskek bretoieratik egindako itzulpena
Note du Padrig an Habask traducteur en français:
Je ne suis pas sur du terme exact en français correspondant à yuzevgarourien (juif + ceux qui aiment, sans doute un mot en -phile). J’ai écrit «ceux qui aiment les juifs».