Heldu gara: erankundearen ezkutaleko garrantzizkoenera, kuartel nagusira, Zubietaren babeslekura. Tarte laburretan hotza eta beroa dabilzkit gorputzean barrena.
Garajeko atea gure atzean itxitakoan, autotik irten da nire ondokoa.
«Ez al dago hemen Zubieta?», galdetu dut, ate atzean laguna espero bainuen eta, haren ordez, emakume bat aurreratu baitzaigu.
Hala ere, nire ondokoak ez du erantzun. Emakumearen besoetara jausi da —bera baino zaharragoa da; ia berrogei urte izango ditu—, eta barru-barrutik besarkatu du, aspalditik elkar ikusi ez eta huts eginiko txera guztiak berreskuratu behar balituzte bezala.
Agian, ez dute elkar ikusi aspalditik.
Atzeko eserlekutik bidaia poltsa jaso dut, autoko atea klik batez nire atzean itxi, baina Zubieta oraindik ez da agerian. Ustekabean hor dago, zutik, garajetik bizitegira daraman eskaileraren goialdean.
Segundo bat behar izan dut hura ezagutzeko. Egunkariko argazkietan ez bezalako itxura du. Haren aurpegiak, betiere meharra, nabarmen zaharragoa ematen du. Ilea horiz koloreztatua dauka.
«Tudo bem, cara?», agurra brasileraz egin du. «Eta? Oraindik ere lanean ari al haiz American Expressentzat?».
«Ez», erantzun dut, tonu laxo behartu berean saiatuz. «Gehienbat, merkantzia arriskutsuen garraioan ari nauk… Eta hi? Ile-apaindegiko modelo al habil orain?».
Raul Zelik
Lagun armatua, Edorta Matauko euskaratzaile, Txalaparta, 2009
