Hemen, eztula egin behar da

2021-01-03

Pablo Uranga gasteiztar margolariak asko maite zuen Zarautz eta, ahal zuen guztietan, denbora piska bat hartzen zuen, margolari trepeta guztiak besapean, hemengo parajeak eta inguruko bazterrak margotzeko. Kuadro eder asko gelditu zaizkigu Zarautzi eta kostalde osoari —Getaria, Zumaia, Mutriku…— zion maitasun horren lekuko. 

Uda partean etortzen zen, alpargata zuriak oinetan, eta «lurrik zapalduko ez balu bezala aingeru modura ibiliz», Flores Kaperotxipi zarauztar margolariak grafiko asko esaten duen bezala. Urangak alpargata zuriak janzten zituenean, inoiz baino zoriontsuagoa egoten ornen zen margolaria, eta ateraldi eta boteprontoak ere oso bizi eta irrigarriak botatzen ornen zituen. Alpargata zuriak zituen hark, nonbait, uda zoriontsuaren seinale. 

Artista baten planta oso-osoa ornen zeukan; Parisko garai bateko bohemio baten itxura peto-petoa, bere txapela zabal, bizar sarrieta brusa morexkarekin. Ipuin kontalari trebea izaki, Flores Kaperotxipiri kontatu zion behin ondorengo pasadizo hau: 

«Behin herriko sendagilea apaizaren etxera joan zen. Apaiza zerbaitetara irtena ornen zela eta gure sendagileak itxoitea erabaki zuen. Denbora nolabait pasa behar eta, mahai gain batetik otoitz-liburu bat hartu eta hari begirada bat emanez arindu nahi izan zuen sendagileak itxoinaldia.

»Halako batean, ohar bat ikusi zuen, arkatzez idatzia, liburuaren orrialde batean: 

»Hemen, eztula egin behar da, zioen oharrak.

»Harritu egin zen sendagilea. Pasa zituen beste hogeitamar bat orrialde eta berriro ohar bera:

»Hemen, eztula egin behar da

»Arduratuta zertarako ote zen behin eta berriro agertzen zen ohar hura, egin zuen sendagileak eztula, eta zer uste duzue gertatu zela? Ba, berehala ate bat zabaldu, eta neskame bat agertu zela bertan, zahartua baina tente askoa, basokada bat ardorekin». 

Anjel Lertxundi

«Pablo Uranga eta Euskal Jaiak», Tresak eta kordelak (Jose Antonio Legorbururekin batera), Zarauzko Udala, 1993

Irudia: Aspaldiko euskal jai bateko argazkia

Beste eduki hauek ere zure gustukoak izan daitezke…