Mariarena pikuaren sublimazioa zen, eta halaxe izaten segi dezan desiatzen diot. Uler bedi haren izena ez zela Maria, baina haren alua jainkoaren amarenaren parekoa zen, horrelako amarik inoiz izan bada. Ezta Isla Correyeroren poema hura berarentzat egina izan balitz ere: «Mi coño es negro como carbón evaporado. Pero se vuelve azul a la luz de la tele y de la luna». Zera, «nire alua ikatz lurrundua bezain beltza da. Haatik azul bilakatzen da telearen eta ilargiaren argitan». Baina hori baino egokiago Correyeroren beste hau letorkioke Mariaren aluari: «móvil terciopelo azul», «ileguri azul higikorra». Aluko ileen guritasuna ikatz lurrunak edertua, horra Mariaren pikuaren sublimetasuna! Miren Agur Meaberen beste zera esatea, «nire platinozko sexuaren lurrin azukretua», hori ere ez zatekeen okerra Mariaren kasuan. Lurrunaren kointzidentziagatik ez ezik platinoak duen balioagatik, diot nik.
Mariak, bere ileguri azul higikorraz, ikatz lurrunduaz, platinozko lurrin azukretuaz gozatzeaz gainera ikasgai ederra erakutsi zidan. Gu biok elkarrena ahoan genuena izan zen.
«Cómemela como yo te la como a ti».
Gazteleraz tango edo boleroren baten hitzak ekartzen dizkit gogora, bestela Bibliako pasarte hura: «Maita ezazue elkar, Nik zuek maite zaituztedan bezala».
Edorta Jimenez
Stock 13. Txalaparta, 2009