Hor dauzkagu, ez gaude bakarrik, ez gauzkate ahaztuta

Erregimen harekin ezinezkoa zen bizitzea. Indarkeria etengabea zen, goizetik gauera, pairaezina. Beraien kalkulua eta xedea zen, zalantzarik gabe, kolektiboa suntsitzea, birrintzea. Atsedenik gabe setiatzen gintuzten, sosegurako tartetxorik utzi gabe; txaboloan bezala galerian eta galerian bezala patioan edo jangelan. Jazarpena eta oldarra! Goizean jaiki orduko, leiho ondoan jarri beharko zenuen zutik, esku ahurrak aurrera begira, errekuentoa pasatzeko. Gosaria, bazkaria… hamar minututan; txaloa jotzen zutenean, dena bertan utzita jaiki. Galerian lagunekin hitz egitea debekatuta zegoen. Kartzeleroak txaloa jotzen zuenean jaitsi behar zenuen galeriatik patiora, txaloa jotzen zuenean egin behar zenuen hau edo hura. Beti bazen kartzeleroaren txaloren bat edozein aitzakiarekin. Jasanezina.

Herrerara iritsi nintzenerako, lagunak batzarrak egiten ari ziren egoera hari aurre egiteko moduren bat prestatu nahian. Ez zen gauza erraza, erabat setiatuta geundelako, kartzeleroak harro eta garaile ageri zirelako, itomena gainditu ezinik genbiltzalako, gose grebez izan ezik beste borroka eratan esperientziarik ez geneukalako, eta beste hainbat arrazoirengatik. Batzar ugari eta eztabaidak luzeak izan ziren. Txapeoa egitea erabaki genuen azkenean.

1984ko otsailean hasi genuen txapeoa, zenbat iraun zezakeen jakin gabe; hori ez zegoen asmatzerik. Txapeoari ekin genion goizean, egunero bezala, errekuentoa egiten hasi ziren kartzeleroak. Galeriako lehena zen nire txaboloa; neu kontatzen ninduten lehenengo, eta jarraian gainerakoak. Errekuentorako leiho ondoan zutik egon behar zenuen, esan dudanez. Goiz hartan ordea, ohean aurkitu ninduten, jaikitzeko asmorik gabe. Jaiki eta leihoaren ondoan jar nendila agindu zidan; nik ezetz, buruarekin egin nion ezetz. Ustekabe handia izango zen hura kartzeleroarentzat. Txalo jo eta hau, txalo jo eta hura, horrela ohituta zeuden; panpinak bezala erabiltzen gintuzten. Bat-batean goizeko errekuentoan ez nintzela jaikitzen eta kasurik egiteko asmorik ez neukala ikustea ezin izango zuen sinetsi. Nonbaitera joan eta zerbitzuburuarekin itzuli zen. Jaikitzeko agintzen aritu zitzaizkidan berriro, eta nik ezetz berriro. Eta beste ziegetako lagunek berdin.

Geure indarraren potentziala neurtzea izan zen; gure boterearen sentipena, Herrerako egoerarekiko erabaki ahalmena eta agintea geure eskuetara pasa izanaren sentipena. Kartzeleroen aurpegian ikus zenezakeen ezina, inpotentzia. Liberazioa izan zen.

Goiz huraxe izan zen, ziur aski, kartzelako egonaldian izan dudan goizik zoriontsuena.

Ohetik euren aginduz ez jaikitzea ekintza xumea dirudien arren, euren eskema guztiak apurtu genituen horrekin. Beraien aginte guztia, ahalmen eta botere osoa erori zen ekintza xume batekin. Aginte makila hautsi genien. Eta guretzat liberazioa izan zen haien agintea onartu beharrik ez izatea, haien kapritxozko gestuei jaramonik ez egitea. Ordura arteko tentsio guztia bat-batean hustu genuen. Geure indarraren potentziala neurtzea izan zen; gure boterearen sentipena, Herrerako egoerarekiko erabaki ahalmena eta agintea geure eskuetara pasa izanaren sentipena. Kartzeleroen aurpegian ikus zenezakeen ezina, inpotentzia. Liberazioa izan zen.

Lehen egunetan jarraitu egin zuten kartzeleroek goizetan eta euren orduetan ateak irekitzen eta errekuentoetarako zuti gintezen agintzen. Baina jaramonik ez genien egiten. Ordura arte guztiz debekatuta geneukan leihoetatik elkarrekin berriketan aritzea. Eta gu txaboloetako leihoetatik elkarrekin hitz egiten hasi ginen, alde batekoak bestekoei deika, txantxetan… Egun osoan txaboloan geunden; ez genuen errebistarik pasatzen, ez ginen jangelan jaikitzen, ez kristorik. Deus ez. Erabateko haustura. Komunikazioak, bisitak eta gainerakoak eten egin genituenez, ez zeukaten txantajerik egiteko erarik, zeri heldurik.

Euskal presoekin elkartasun martxa Herrera de la Manchan

Bisitarik ezin egin arren, astero etortzen ziren lagunak eta ahaideak. Leihoetatik ikusten genituen autobusetan joandakoak kanpoan, kartzelaren inguruan. Oihuka eta garrasika zerbait hitz egin ahal izaten genuen eurekin. Kontsignak aldarrikatu, halako edo horrelakorentzat agurrak bota… Bisitarik ez, eskutitzik ez… hunkigarria izaten zen astebururo etortzen zen jendea leihoetatik ikustea. «Hor daude», esaten zenion zeure buruari edo alboko lagunari; «hor dauzkagu, ez gaude bakarrik, ez gauzkate ahaztuta». Bizi izan ez duenak ezin irudika lezake zein mailataraino zaizun lagungarri animo emaileen atxikimendua. Ez dago hitzekin esaterik, ez dago ezagutu ez duenari bere osotasunean adierazteko modurik.

Lelo eta kontsigna haietako batzuk, manifestaldietan-eta oso ohikoak direnak, edonork aise ikasteko modukoak ziren, memorian itsaskorrak. Horrela bada, asteburuak joan eta asteburuak etorri denbora aurrera zihoala, hilabeteak ere joan ziren, negua eta udaberria igaro ziren, eta uda heldu; negu oso hotzak bezala, oso beroak dira udak Herreran, baina ilunabar freskagarriekin; uda hartako ilunabar beranduetan leihoetan egoten ginen elkarrekin berbetan; eta halako batean ohartu ginen, gure senideek oihukatzen zituzten leloak entzuten genituela kanpoan astegunetan ere. Ordu haietan ez zegoen han gure ahaide edo lagunik. Haurren oihuak ziren guk ordu haietan entzuten genituenak… Kartzeleroen umeak ziren! Presondegi inguruan bertan bizi ziren kartzeleroen umeak, ilunabarreko freskuran jolasean ibiltzen zirenak, korrika, ezkutuka, euskaldunon leloak errepikatzen:

 —Gora ETA militarra! —batek.

—Jo eta ke, irabazi arte! —besteak.

—Presoak kalera!

—Gora Euskadi askatuta!

Surrealista zen, kontuan hartuta haur haien gurasoak buruz buruko tirabiran ari zirela gurekin.

Hamar hilabete luzekoa izan zen txapeoa.

Jokin Urain

«Herrera de la Mancha», Gatibu sortu nintzen, Susa, 2000

Irudia: Herrera de la Manchako kartzelako galeria