Sekulan ezagutzeko zoria izan dudan gizakirik inportanteena
Pragara duela hamabost bat urte joan nintzen azkenengoz, Carlos Fuentes eta Julio Cortazarrekin. Trenez bidaiatzen genuen Parisetik, hirurok solidarioak ginelako abioiekiko beldurrarekin, eta Alemanien gau banatua gurutzatzen genuen bitartean —beren erremolatxa ozeanoak, beren guztiaren fabrikak, beren gerra ankerrak eta maitasun itzelak— guztiari buruz hitz eginak ginen.
Lo egiteko garaian, Carlos Fuentesi bururatu zitzaion Cortazarri galdetzea nola, zein unetan eta noren ekimenez sartu zen pianoa jazz-orkestran. Galdera ustekabekoa zen eta data bat eta izen bat ezagutzea beste helbururik ez zeukan, baina erantzuna garagardo baso erraldoien eta saltxitxa eta patata izoztuen artean goizalbara arte luzatu zen katedra txundigarri bat izan zen. Hitzak primeran neurtzen zekien Cortazarrek birmoldatze historiko eta estetiko bat egin zigun sinistea zaila den jario eta soiltasun batekin, zeina, goizeko lehen argiekin batera, Thelonius Monken apologia homeriko batekin amaitu zen. Ez zuen soilik arrastatutako erreen organo baten ahots sakon batekin hitz egiten, nik inoiz ikusi ez bezalako adierazkortasuna zeukaten hezur handidun eskuekin ere hitz egiten zuen. Carlos Fuentesek eta biok sekulan ez genuen ahaztuko gau errepikaezin horren txundidura.
Hamabi urte geroago Julio Cortazar Managuako parke bateko jendetzarekin buruz buru ikusi nuen; arma bakarrak bere ahots ederra eta bere ipuinik zailenetako bat: desgrazian jausitako boxeolari baten historia, lunfardoz, Buenos Airesko bazter zuloen dialektoz kontatua, hainbeste tango gaitzustekoen bidez begiztatu izan ez bagenu beste mortal guztiontzat ulertezina; hala ere, huraxe izan zen Cortazarrek argiztatutako lorategi handian jendetzaren aurrean irakurtzeko hautatu zuena. Jendetza horretan denetarik zegoen: poeta kontsakratuetatik hasi, kargutik kandutako igeltseroekin jarraitu eta iraultzaren komandante eta haien kontrakoekin amaitzeko. Beste esperientzia liluragarri bat izan zen. Egiaz ipuinaren zentzua jarraitzea erraza ez zen arren, ezta lunfardoaren mordoiloan ohituta zeudenentzat ere, boxeolari gaixoak ringaren bakardadean jasotzen zituen kolpeak sentitzen genituen eta bere ilusio eta miseriarengatik negar egiteko gogoa ematen zuen, izan ere, Cortazarrek bere entzulegoarekin komunikazioa hain bihotzetik lortua zuen, ezen inori ez zion axola hitzok zer esan nahi zuten edo ez zuten esan nahi, ezpada jende osteak grazia-egoeran lebitatzen zirudiela mundu honetakoa ematen ez zuen ahots baten sorginkeriagatik.
Hainbeste hunkitu ninduten Cortazarren bi oroitzapen hauek hobekien definitzen zutenak ere badirela uste dut. Bere nortasunaren bi muturrak ziren. Pribatuan, Pragako trenean bezala, bere elokuentziagatik seduzitzea lortzen zuen, bere erudizio biziagatik, bere oroimen milimetrikoagatik, bere umore arriskutsuagatik, beste garai batzuetako zentzu positiboan intelektual handi bat bihurtu zuen guztiagatik. Publikoan, espektakulu bihurtzeari zion errezeloaren gainetik, entzulegoa liluratu egiten zuen aldi berean xamurra eta estrainioa zen naturaz gaindikotik zerbait zuen bere presentzia saihetsezinarekin. Bi kasuetan izan da sekulan ezagutzeko zoria izan dudan gizakirik inportanteena.
Gabriel Garcia Marquez, Mexiko DF, 199ko otsailaren 12an
Mikel Sotok euskaratua


