Prostituzioa

Kaethe Butcherren marrazkia, detailea

Telefonoz hitz egitean,
beste aldean imajinatzen zaitut,
arkatza atzamar artean,
papera mahai gainean.
Zuriaren freskura
puta bat bailitzan bezala zirriborroz betetzen duzu.
Eta zure ahotsa
hari singleen bitartez iristen zait,
marrazkiz osaturiko puxika,
hondarra balitz bezala,
nigan gauzatzen eta sortzen den hitza.
Uneoro imajinatzen dut zure eskua,
eta uneoro pentsatzen dut baietz,
folioaren birjinitatea prostituitzearen arrazoia
bat eta bakarra dela:
bihotz arrosa eta hortera bat margotzea. 

Jasone Osoro

«Prostituzioa», jasoneosoro.com blogean