Prostitutu batekin etxera etortzen zaizun iturginarekin zaudenean bezala pertsona batekin zaude eta bai prostitutuak bai iturginak, lan asko egiten dute
Zenbat urte dituzu eta zenbatekin hasi zinen prostitutuengana joaten?
Berrogeita bost urte ditut eta 2003an egon nintzen lehen aldiz gizon gazte batekin, harekin oheratzeko asmoz ordainduta.
Non egoten zara haiekin? Urtean zenbat aldiz?
Lehenbiziko aldia atzerrian izan zen, lana zela-eta hiriburu batean hainbat egun egin behar izan nuen batean. Harrez gero Euskal Herrian ere joan izan naiz mutiletan egitera, Donostian. Nik beti neure hotelean hartu ditut, edo beren etxebizitzetan bestela. Zenbat aldiz? Oso gutxitan, egia esan, neure e ezkontzakideak eta biok harreman sexualak normaltasun osoz izaten ditugulako. Bakarrik nagoenean joaten naiz haiengana, edo ohean betiko bikotekidea ez den norbaitekin egoteko gogoa izaten dudanean.
Zergatik joaten zara mutil bila, haiekin harremanak ordainduta izatera?
Niri asko gustatzen zaizkit 22-23 urtetik aurrerako mutilak eta gizon gazteak. Nik gero eta urte gehiago dudanez eta fisikoki ez naizenez bereziki erakargarria, horrelako mutil ederrekin egoteko aukera bakarra da niretzat. Gorputzez oso ederrak izateaz gain, nire adinekoak ez direnez gero, ez dituzte nire adineko lagunek izaten dituzten kontu berak mintzagai. Haiekin zintzoa eta atsegina bazara, berehala hartzen dizute konfiantza eta kontu kontari ibiltzen zaizkizu, irribarretsu. Hori batetik. Bestetik, aitortu behar dut haiekin «aita onarena» egitea gustatzen zaidala. Asko gustatzen zait nirekin lasai egon daitezkeela senti dezaten.
Zure ezkontideak badaki prostituzioa onesten duzula?
Bai, bai. Beti hitz egin dugu oso argi elkarrekin. Bai hark eta bai nik beste gizonezko batzuekin harreman sexualak ditugunean, osasunerako segurtasun neurriak hartuta egitea adostua dugu elkarrekin ibiltzen hasi ginenetik. Batzuetan gure ohean lagunak onartzen ditugu eta hirurok elkarrekin egoten gara.
Prostitutuekin hotelean edo haien etxebizitzan elkartzen zarela esan duzu. Zergatik?
Segurtasun handia ematen didalako. Kaleko mutilak ikusi izan ditut, eta beldur pixka bat ematen didatela onartu behar dut. Batzuek mozkor itxura izaten dute… Kalekoen artean jator askoak daude, jakina, baina, merkeagoak izan badaitezke ere, nik nahiago ditut, hotelera etortzen zaizkizunak. Batzuetan, etxe-jabe edo idazkari moduko batek antolatzen dizu harekiko hitzordua telefonoz eta seriotasun hori asko gustatzen zait. Hotel batean egoteak, gainera, segurtasuna bioi ematen digula pentsatzen dut: ni lasai egoten naiz inolako ustekaberik edo lapurretarik izateko beldurrik gabe, eta mutilek ere hoteletan hartzen dituzten gizonekin lasai egoteko aukera izango dutela pentsatzen dut. Eta haiek egoten diren etxebizitzetan berdin: aterpe batean egoteak beti ematen dizu segurtasuna. Kale gorrian horrelakorik ez duzula izango pentsatzen dut, nahiz eta inoiz ez dudan aproba egin. Dena den, badakit bezero batzuei hain zuzen ere kaleko zirrara edo segurtasunik eza gustatzen zaiela. Denetik dago, aizu.
Nola jartzen zara haiekin harremanetan? Nola adosten duzu topaketa?
Oso-oso erraza da. Nik beti egunkarietako iragarkien bidez deitzen diet telefonoz. Berehala erantzuten dute eta orduan elkartzeko ordua eta lekua adosten dira. Hotelera etortzen bazaizkizu, beren prezioaz gain, taxia ere ordaindu behar diezu. Haien etxeetara joaten bazara, aldiz, denbora bakarrik ordaindu beharko diezu. Zenbat kobratzen duten jakin nahi baduzu, niri ia denek ordu erdiko 50 euro kobratu didate, eta ordubeteko ehun. Gogoan dut baten tarifa pixka bat aldatu zela: 40 minutuko 50 euro, eta ordubeteko ehun. Badira 30 euro kobratzen dituzten mutilak, iragarkietan ikusita dakit, baina ez dira askotan agertzen eta ez dut haiekin egoteko egokierarik izan. Oro har kexati dabiltza mutilak tarifekin; azken urteetan prezioak ez dituztela igo esaten dute, eta nik egia dela uste dut, lehen aldian —duela jadanik sei urte, esan dudan bezala— eta gaur egun berdin-berdin ordaintzen dut.
Sexu-jardun desberdinak gauzatzeko prezio desberdinak jartzen dituzte?
Ez, nik ez dut inoiz horrelakorik entzun. Niri profesional pasiboak gustatzen zaizkit eta, horregatik, iragarkian «aktiboa eta pasiboa» jartzen duten horiei deitzen diet. Ez, nik beti ulertu dut prezioaren barruan dena sartzen dela, adostu den denboraren barruan. Inoiz ez dit mutil batek esan, adibidez, nik hura azpian hartzeagatik gehiago ordaindu behar diodanik. Gaizki irudituko litzaidake, gainera. Zuk kontuan izazu hainbeste denborarako «alokatu» duzula pertsona horren gorputza, bulego bateko langileak nagusiari adimena soldataren truke ordu batzuetan «alokatzen» dion bezala eta, beraz, eskatzen diozun zerbitzua eskaini behar dizula.
Baita sado-masokismoa bada ere?
Ez, gizona, orduan ez. Horretarako badaude leku jakinak. Sado-masokismo munduan nola dabiltzan ez dakit nik, baina dena adostua izango dutela pentsatzen dut, eta prezio jakin batzuk egongo direla.
Esaten duzuna entzunda, ez dirudi prostitutuekin inoiz arazorik izan duzunik.
Prostitutu batekin zaudenean, etxera etortzen zaizun iturginarekin zaudenean bezala, pertsona batekin zaude. Eta pertsona horiek, bai prostitutuak edo iturginak, lan asko egiten dute normalean. Orduan, batzuetan nekatuta egon daitezke, eta egun batean beste batean baino hobeto edo okerrago lan egin. Nik hori mutil hauengan ere ikusten dut. Egun batean hiru edo lau bezerorekin egon den mutilari ezin diozu eskatu, fresko dagoen bati bezala, ez dakit ba… adibidez, esnea isuri dezala, soil-soilik ikusi egin nahi duzulako. Haiek beren muga dute, denok bezala, eta berez muga zibilizatuetan nahi duzuna eskatzeko eskubidea duzun arren —horretarako ordaindu duzulako diru asko—, zuk zeuk ikusten duzu noiz zer eska diezaiokezun. Pertsonak oso esker onekoak gara ondo tratatzen gaituztenean, eta tratu ona mutil profesionalak ez du ahazten. Eta, alderantziz, hoteletan eta etxeetan dabiltzan mutilek ez dute arazorik nahi izaten, noski, eta nekez egingo dizute ezer txarrik.
Elkarrizketatu ditugun mutil guztiei fededunak diren galdetu diegu. Denek baietz esan digute. Zu ere hala zara?
Ez, ez, batere ez. Jendearen iritzia guztiz errespetagarria denez, neurea ere hala da eta, galdetu didazunez, esango dizut erljioa oso arriskutsua iruditzen zaidala. Jendeari, pertsonalki, on handia egin diezaioke sufrimendua eta behar gorriak dituenean, baina taldean eta gizartean historian sufrimendu gehien eragin duten arrazoietako bat izan da erlijioa. Nire ustez hilko ez bagina ez genuke erlijiorik izango. Gehienbat, heriotzak ematen digun beldurraren inguruko beharra dela uste dut. Nire iritzia da. Eta bai, aizu, egia da: mutil batek baino gehiagok esan izan dit Jainkoak «honetatik irteten lagunduko» diola; nik ez diet sufrimendurik eragin nahi, baina, orduan «honetan sartzen zergatik lagundu» dien galdetuko nieke gustura. Ez dut horrelakorik egiten, ordea.
Aurrerantzean prostituzioaren zerbitzuak erabiltzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai. Lehenago adierazi dut ni ez naizela ohiko bezeroa, baina, oso noizbehinka bada ere, mutilengana joatea gogoko dut. Egia esango dizut, diru gehiago banu, sarriago joango nintzateke. Gainera, zenbat eta urle gehiago izan, gehiago gustatzen zait 25 urte inguruko mutil horiekin egotea, begien alaigarri direlako eta bizipoz handia ematen didatelako euren gaztetasunarekin, edertasunarekin eta umore onarekin.
A.H., 45 urteko Gipuzkoako kostaldeko gizon ezkondu bisexuala
Aitor Aranak elkarrizketatua, Gizonezkoen arteko prostituzioa, Hiria, 2011

