Portuondoko putak
Alde batetik bestera dabiltza, batela uhin
artean jitoan bezala.
Kai aldeko eta kale mendiko estrata
bezain estuetako
andereok lizunak dira, sabelpeko tatuaje
erdi ezkutua bezala.
Hara hor haien urbelar gorputzak bonbilla
gorrien azpian.
Horrenbeste sos izango da laudorioa,
erabilera eta laidoa.
Haien gorputz makillatuek ez dute baztertuko
ez beltza, ez kriminala, ez baboa.
Inork baino aisago ametituko dituzte gezurrak,
dirua hainbestean erosteko.
Andere alai tristeok esku, aho, gihar lezioak,
eranzte eta janzte lezioak,
etzun, malgutasun, erritmo, kexu lezioak
emanen dituzte,
ezpain pintatuak borobilduz: ‘Erdu, polit hori,
ez duzu nahi ene hagintxoen musua?’
Baina K ez dute putetxera sartzen uzten,
umeegia da:
‘Ba hemen geratuko naiz, moilako kalean,
asunekin, lasunekin
eta egunsentiari titiak edoskitzera geratzen den
jendearekin’.
Joseba Sarrionandia
«Portuondoko putak», Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995), edizio berritua, Elkar, 2013

