Norbere erriaren aurka jaikitzen danak bere izena ta bere odola gorrotatuz bukatzen du

Jon Etxaide, Euskal idazleak, gaur libururako Anton eta Ramon Egigurenek ateratako argazkia

Amayur!
Antzeskizuna iru egintzetan

 Orreaga’tar Mikel’i

        Zure oroiz, Orreaga’tar Mikel, argitaratzen det antzerti au, zuri «Amayur» edesti-liburua argitarazi zizun gogo sutsu berberak eraginda. Zure idaztia izan det nere argibide ta laguntzale; ar zazu bada, zerutik nere oroi opari au.

Zortzigarren agerraldia

(Mitxel, Jaime Belatz, Joanes, Joxe Migel eta Orbara kanonigoa)

Mitx.— Orra, zein datorkigun aldatzean gora.

Bel.— Joanes Orbara, kanonigo jauna!

Joa.— Ez al-zegon Baiona’n arestian?

Bel.— Bai, arritzen nau emen ikusteak. Onontzaldi degunean, etorri-bearra sortu zaio noski.

Orba.— (Gudari batek lagunduta sartzen da). Kaixo, Jaime ta lagunak!

Orok.— Agur, kanonigo jauna. (Jaime’k). Nola zaitugu emengo aldi?

Orba.— Zuek ikusi bearrak eta zuekin mintzatu naiak narakar. Baiona’tik, Aiñho barrena Amayur’era eldu naiz eta antxen esan didate Elizondo’ko «Mutuberri’n» zeundetela Mitxel’ekin egotera etorririk… A! Ez dute eize makala egin Olloki, Mauleon eta zure semearen artean! Aldatzen gora topatu ditut gaztelura zijoaztela.

Bel.— Matxin Urtsua edo emen esaten diotenez Otsua, ezagutzeko aukera izan dezu, beraz?

Jox. Mig.— (Itza janaz). Bai, otso lanetan ez-eze axeri kontutan ere ongi jakin-daki lotsagaldu orrek. Oraintsu iru illabete, jorraillaren bigarren amabostaldian edo sarturik giñan, ollategi osoa uztu ziguten bere mutillak. Lapur kiskillak! Oiek orrelakoak ba’dira, zer ikustekoak ote gera Gaztela’ko oien adizkideak datozenean?

Bel.— Ez nituzke Baztan’go lurretan ikusi nai. Aleginduko gera oiek garaitzen. (Orbara’ri). Urtsua ta biok alkar mintzatu al-zerate?

Orba.— Zure semeak aurkeztu dit emengo beaumontar taldearen buru-koxkorra. Ez dit agurrik egin ere, baña mingañari bere gustora eragin dio.

Mitx.— Zer esan dizu bada?

Orba.— Zure lengusuari auxe esan dio: «Au al-dezute alako entzuteko kanonigo erejea? Pisa’ko batzarrean alkartu ziran kardenalak Aita Santu aukeratu ba’lute, Iruña’n ipiñiko liguke onek Batikanoa».

Joa.— Aurrez-aurre alakorik esango zizun?

Orba.— Ni, alako irain zakarra entzunik txundituta gelditu naiz. Joanes zuen lengusuak, suminduta, ezpata atera ta guzti egin du ta tartean sartu ezpa’nintz bertan erdibituko lukela uste det.

Jox. Mig.— Orrek dauka mingaña, orrek. Beaumontar oiek Aita Santua ere elukete errespetuko Leirin’go kondearekin gaizki ba’letor.

Orba.— Azkenengo itzak gure erregearentzat izan ditu.

Joa.— Alakoxeak botako zitun.

Orba.— «Esaiozu Enrriketxo’ri naparrok eztegula errege prantxute bearrik. Errege bikaiña idoro degula España’ko partian eta ez dezala bururik nekatu Iruña’n nolatan sartuko». Ni ixildu natzaio. Zertan erantzun eriotzaren bildurrak eraginda orrelako gorroto itzak botatzen ditunari? Baño Joanes ezin ixildu, ta arek erantzun dio niketz: «Benazko naparrak Enrike zeukagu erregetzat. Zuek ez; naparrak izanik gaztelarrak berak baño okerragoak baitzerate. Aiek, auzoko zaizkien etsaien aurka borrokatzen dute. Zuek, zuen Amaren Aurka. Ai, Naparro maitea, —amaitu zun—, seme zintzoak erditu ustez, amaikatxo, suge erten zaizkizu!»

        Jo nuen goralde ta oraindik entzun bear izan nun ume zorikabe aren azkeneko ukoa: «Tamala gaztelarra jaio ez izatea, napar odola zeramakitala aitortzeak lotzatzen natxiok-eta».

Jox. Mig.— Ori ere esan al-du?

Mitx.— Arritzen al-zaitu, Joxe Migel? Norbere erriaren aurka jaikitzen danak bere izena ta bere odola gorrotatuz bukatzen du.

Bel.— Beaumont, Beaumont! Ire izena amaika bider madarikatua izan go dek gizaldi zear egiazko euskaldunen artean! (Ixilune luze bat darraikio ta ondoren berriz mintzatuko da Belatz baño abots ixilagoz). Eta Baiona aldetik itxaropenik ba’al-dezakegu?

Orba.— Mariskalaren semea gudariak biltzen ari da Baiona’n. Aurki bi milla ta bosteun gizon ongi eratuak izango ditu.

Bel.— Noiz da aurki ori?

Orba.— Bi illabete barru.

Bel.— Bi illabete, Orbara jauna? Eztakizu azkeneko berriak izan genitunean, oraindik amabostaldirik ez, españarrak Iruña’tik gora ekin ziotela? Onezkero Ultzama aldean dira. Laister jakingo degu. Ta Amayur’ko gazteluan bi illabete irauterik ba’degula uste al-dezu?

Orba.— Iraun egin bear da, Jaime, iraun. Lenago ezin omen liteke-ta.

Bel.— Erraza ba’litz! Españarrak lau saietsetatik minatuko dute gaztelua, ta ondakiñetan borrokatu bearko degu, ez aterpe, ez janari, ez sendakai ta deusik eztegula. Ta gudakiñak? Ori ere illabete baño len aituko zaigu. Ez, Orbara jauna, bi illabete ez dezakegu iraun.

Orba.— Guztiok il bear degula jakin da ere goazen barrura zalantzik gabe. Guk gordetzen ezpa’degu Naparroa’ren izen ona ainbeste loikeri artean, nork gorde bear du? Leirin’go kondea ta Matxin Urtsua bezela ainbeste beaumontar ikusirik gure Amaren izena loitzen, ez al-gaude beartuak Naparroa’ren seme zintzoak bizia ematera bere alde orrela bear ba’da? Jakin beza geroak, gure Erria’ri seme asko suge biurtu ba’zaizkio ere, bere izen garbia gordetzearren iltzen jakin duten seme zintzoak izan ditula.

Bel.— Baño zu ere gaztelura al-zuaz, Orbara jauna?

Orba.— Nere lekua zuena bezela antxen dago. Zuek izkilluz borrokatuko dezute. Nik, iltzear datzaten gudari gaixoai laguntza emanaz eta zaurituak sendatuz jardungo det.

Bel.— Ba’ditugu ordea apaiz gazteak orretarako zu bezelako kanonigo jaun batek bizia arriskatu gabe.

Orba.— Gure gudariak beren artean nakustelarik, kemen geiagoz borrokatuko dute. Argiro ikusiko baidute, napar-askatasunaren aldeko gudate au, gure etsaiak ukatuarren, zuzena ta Jaungoikoa’ren gogokoa dala ta gaztelarrak dirala soilki Jaungoikoa’ren lege kontra diardutenak.

Mitx.— (Biotz-ukituta). Kanonigo jauna, ekatzu bosteko ori! (Eskuak estututzen dituzten artean). Zu zera Euskalerri’ko semea! Zu napar gudaria!

 

Jon Etxaide

Uarrain, bere ohiko ezizenarekin, 1950 eta 1951 urte bitartean, Euzko-Gogoa aldizkariaren sei aleetan argitaratu zuen Amayur! antzerki lana

Amaiurko gazteluan egindako indusketak albo batetik