Nahiago dute ametsekin batera betiko desagertu amore eman baino
Haize bihurtu naiz. Nik zabaldu ditut Nafarroan barrena, Noaingo batailan bizitza galdu duten bost mila agramondarren herio garrasiak. Halaber, baita iparralderantz zihoazen eta Belaten gaztelarren segada batean erori diren Nafarroako armada garaituaren azken gudarienak ere. Eskerrak horietako berrehun inguruk, segada saihestuz, Amaiurko gazteluan lortu dutela babesa.
Garai zitalak gureak. Baztango haranak okupazio luze bezain mingarria jasango du bere erraietan. Gaztelarrak ez dira txantxetan ibiltzen. Errresistentzia sumatzen duten tokietan gupidarik gabe erantzun dute, eta familia osoak desegin dituzte, etxeak eta baserriak suntsitu, emakumeak bortxatu eta gizonezkoak zikiratu. Albako dukearen eta haren meneko Mirandako Kondearen agindupeko armada okupatzaileak ez du aurkarientzako errukirik.
Amaiurko gazteluaren irmotasunak setio luze batera behartuko dituen beldurrez, gaztelarren amorrua erretxin bihurtu da. Izan ere, lurralde menditsu, heze eta euritsu horretan, non armadurak, armak eta gainontzeko tresneria berehala herdoiltzen zaizkien setioak oso ankerrak izaten dira, bai setiatuarentzat zein setiatzaileentzat.
Hori guztia aski bada ere gaztelarren umorea lekaizteko, bertakoek hitz egiten duten hizkuntzak, gainera, bere onetik ateratzen ditu: ulertezina zaie eta izugarrizko gorrotoa hartu diote. Zin egin dute, bakea lortuz gero, mendi aldeko nafarrek, Gaztelako koroaren menpeko lurralde orrok lez, aurki ikasi beharko dutela kristau jatorren hizkuntza, Gaztelako hizkuntza garbia, hain zuzen. Izan ere, hori baita Jaungoikoaren borondatea ondo bete ahal izateko eta, Nebrija gramatikariak dioen bezala, Inperioaren itzala zabaltzeko modurik egokiena.
Bitartean, eskerrak gipuzkoar morroi leialei! Haiengatik dakite, nafar zital horiek zertaz mintzo diren, eta baita amaiurtarren aldeko sasiko lanak egiten dituztenen ezkutalekuak nola aurkitu ere. Gipuzkoarrak, nafarrak bezala, mendi aldean borrokatzeko apartak dira, sutsuak eta nekaezinak. Malkarretan gora eta behera, lohitan leporaino sartuz borrokatzerakoan, nabari zaie nahiz eta talde desberdinetan borrokatu, herri eta kasta berekoak direla. Anaia haserretuak, azken batean.
Amaiurko gaztelua, Nafarroako erresuma zaharreko lurralde horietan zutik dirauen gotorleku bakarra da. Defendatzaileek badakite Nafarroa Garaiko erresumaren azken hatsa direla. Eroriz gero, ez da aberri askerik izango, gaztelarren meneko lurraldea baizik. Horregatik, nahiago dute ametsekin batera betiko desagertu amore eman baino.
Dena den, Amaiurko suaren ilinti guztiak itzal ez daitezen, borrokaren lekuko bat bizirik irten dadila erabaki dute gazteluko gudalburuek. Garikoitz izan da aukeratua, Amaiur bertako seme bipila. Nafar seme zintzo eta leiala, gauza guztien gainetik. Hura da egokiena setioa saihestuz mendiz beste aldera igarotzeko. Gai da edozein zelatariren muturraren aurretik gaztelutik irteteko eta baita sartzeko ere. Inguruko mendiak eskuko ahurra bezala ezagutzen ditu, eta gainera, zango zaluez eta hats gaztez gau osoz korrika aritzeko azeria bezain arin eta isila da.
—Guardia burua! —ozen egin du oihu kapitainak.
—Zure esanetara, kapitain jauna.
—Ekar ezazu Garikoitz gaztea.
—Berehala.
Amen batean agertu da guardia-burua Garikoitzekin.
—Gazte, adi ezak esan behar diadana. Lehenago ala geroago, Amaiurko gazteluarenak egin dik, eta ez diagu luze iraungo. Gure zelatarien bidez jakin diagu, gaztelarren armadaren sail berriak, artilleria eta guzti, Belatetik gaindi datozela. Eta indar txikitzaile horri ezingo zioagu aurre egin. Gaztelu hau garai batekoa duk, antzinako erresuma babesteko egina, eta ez dik balio kanoien aurrean tinko irauteko. Nahikoa egin diagu orain arte goiari eustearekin. Eta ez diagu nahi gurea ezertan gera ez dadin. Hemen bizitakoak kanpoan ezagutuak izan daitezen nahi diagu. Hotz, hi haiz gure esperantza Nafarroa osoak eta mundu guztiak jakin dezan ez diagula etsi, hil arte borrokatu dugula. Gau beltzean hormetatik irristatu eta ilunpean babesturik, gaztelarren hesiak gaindituko dituk eta Donibane Garaziraino helduko haiz, Albreteko jaunari gutun hau emateko. Bertan adierazten zioagu berarekiko gure leialtasuna eta batez ere Nafarroarekikoa. Ez dadila fida Frantziako erresumaz, Gaztelakoa bezain maltzurra baita asmoz zein xedez. Batak zein besteak Nafarroaren galera nahi diate, gure lurraldea beren koroaren mendean gera dadin.
Joxe Iriarte, Bikila
«12. kilometroa» ipuina, Iraultzen maratoia, Txalaparta, 2002


