Mundua ezkontzaren barruan eusten dion eta abentura bat nahi duen gizonez beterik dago

Jess Gatfielden argazkia

Bi prostituta bezero batekin Bartzelonako izkin batean hizketan, 1951

Publizitatean 40 urte zituela esaten zuen, eta 45 edukiko zituen, gutxienez, baina ongi eramanda, tailerretik pasatutakoan egindakoaren laguntzarekin, probableki. Ebakera oneko janzki klasiko bat zeraman, eta Armani bat zintzilik lepotik, non desagertu baitziren eman berri nizkion 400 euroak, Bildosolarentzako kontu-gastuan ezin sartu nitzakeenak, ez zidalako fakturarik egingo, eta niri ez zitzaidalako inola ere burutik pasatuko fakturarik eskatzerik.

Nire apartamendu-hoteleko gelan geunden. Jakako botoiak askatu zituen, satinezko brusa argi bat agerian utziz, eta eroso jesarri zen, poltsa mahai gainean utziz eta hanka luzeak gurutzatuz. Edateko zerbait eskaini nion. Ura edango zuela esan zidan. Nik zerbeza bat hartu nuen.

Patxadatsua eta bere buruaz seguru ematen zuen.

Nik ongi prestatuta neukan gidoia, baina Charoren presentziak –Charo eduki behar zukeen gerra izena, horra– ez zuen bakarrizketaren garapena erraztuko. Hura han egoteak nire aktore-dohainak proban jarriko zituen: nabarituko zidan azentua, ahotsaren tonu-inflexio eta aho-korden bibrazio bakoitzak hark zuzen interpretatzen jakingo zuen datu bana emango zioten.

Joder, hala iruditu zitzaidan.

Bai, urduri nengoen

 —Beraz…

—… Pablo

Zergatik aukeratzen nituen beti izen apostolikoak sasitarako?

—Beraz, Pablo…

—Aurretik pixka bat hitz egin dezagun.

Begiratu zidan eta baietz egin zuen buruaz, oso logikoa iruditzen zitzaiola esan nahiko balu bezala.

—Hiri txiki batetik nator. Ezkonduta nago eta bi alaba dauzkat. Ongi moldatzen naiz emaztearekin… Hemen, ahotsak traizio egingo zidan beldur, duda egin nuen.

Charok begiradaz animatu ninduen aurrera egitera, ulerbera.

—… zera… baita sexualki ere, baina…

Charo ez zen metro laurogei zentimetrotik oso urruti ibiliko; takoirik gabeko mokasinak kendu zituen.

—Ez zaizu inporta, ezta?

Ezetz esan nion eta nire gidoiarekin segitu nuen.

Kontua zen, azaltzea luze joko zuen hainbat arrazoi zirela medio, nire bizitzaren une bateko krisi sentimental betean, esperientzia berri batzuk izatea erabaki nuela. Hasieran pentsatu nuela ezkontzatik kanpoko harreman bati hasiera ematea, baina aukera hori baztertu egin nuela; izan ere, horrelakoetan, hamarretik bederatzitan, harreman hori norberak aldez aurretik daukan harreman-sarean gauzatzen da, eta beraz, probabilitate handiak zeuden nire emazteak eta endredatuko nintzen emakumeak elkar ezagutzea, eta horrek ondorio txarrak baizik ez zituzkeen edukiko, bi batez ere: lehena, erruaren sentimendua handiagoa izatea, eta bigarrena, luzeegi gabe, mundu guztia jakinaren gainean egotea, ez zelako ahaztu behar, hasieran esan nuen moduan, nire hiria toki txikia zela. 

Beraz, aldeko eta aurkako gorabeherak kontuan hartu eta gero, profesional baten beharrean nengoela erabaki nuen. Eta hortik, gu biok han egotea.

Zertarako sartzen nion rollo hura? Nik dakit. Horrek norabait eramango gintuela suposatzen nuen, zer edo zertarako aukera emango zuela. Edonola ere, askoz gogorragoa iruditzen zitzaidan Arespakotxagaren argazkia atera eta, besterik gabe, ea ezagutzen zuen galdetzen hastea.

Charok ontzat eman bide zuen nire azalpena, antza zenez, brusako bi botoi askatu, eta bere gorputz handi eta proportzionatuaren arrazoi ezkutuak erdi erakusten hasi zelako. Hainbeste ziurtatzeko modurik ez zen, baina zirujauaren eskuetatik pasatu gabeak zirela iruditu zitzaidan, arrazoi ezkutu baino bistagarriok. Datu interesgarria iruditu zitzaidan.

—Egon, egon –esan nuen, esku bat altxatuz, eta denbora irabaziz–, deus baino lehen badira garbi eduki behar ditudan hiru gauza.

Alegia, nik ez nuen esperientziarik mundu horretan, eta beraz, guztiz beharrezkoa zitzaidan aldez aurretik hiru gauza argitzea: lehena, Charo bere kon- tura eta bere borondatez ari zen pertsona askea zela baieztatzea, ez inola ere hirugarren batek, proxeneta edo horrelakoren batek esplotatzen zuen erdi-jopu bat; bigarrena, osasun-berme guztiekin ari gintezkeela, alegia, ez nuela eramango etxera ordu hura madarikaraziko zidan ezer txarrik; hirugarrena, gure artekoak behar zuen diskrezio erabatekoaren kapa pean geratzen zela.

Charok bakarrik hirugarrenari heldu zion. 

—Nik nire diskrezioaz baizik ezin dut kontu egin. Beharbada luzeegi aritu nintzen. Charok modu aski bitxi batez begiratu zidan, goitik behera.

—Arraroa da –esan zuen.

Orain ni izan nintzen modu bitxi batez begiratu ziona.

—Arraroa? Zer da arraroa?

—Ez dirudizu polizia. Ipar aldeko azentua daukazu, gainera.

«Del norte», esan zuen. Nire esperientziaren arabera, esateko modu horrek, egoera batzuetan, sentsibilitateak ez mintzeko eufemismo baten antza dauka. Informazio modu baten berri zuela eta diplomatikoa zela, alegia.

—Bilbokoa naiz –gezurra aurretik, aspaldi norbaitek aholkatu zidan bezala. Ez al da, ba, euskal hiria? Euskarook eduki behar dugu hiria inbokatzeko eskubidea, hortaz, komeni denean.

Balioespen keinua egin zuen.

—Bilbo ez da hain hiri txikia, baina.

Eskumuturrez mugimendu bat eragin nion eskuari, futbolinean ariko banintz bezala.

—Ez pentsa.

—Kazetaria zara, beharbada?

Eskandalizatu egin nintzen.

—Polizia? Kazetaria? Ez bata eta ez bestea!

—Orduan zer zara? Perbertsio oso bakuna daukan norbait?

Hiri hartako prostituta guztiek perbertitutzat nindukaten, antza zenez. Edozein kasutan, nire gidoia pikutara zihoan. 

—Zergatik izan behar dut polizia, kazetaria edo perbertitua? Morroi arrunta naiz. Nire arrazoiak ere arruntak dira.

—Bai, hori egia da. Mundua ezkontzaren barruan eusten dion eta abentura bat nahi duen gizonez beterik dago. Niri esan. Ez dago hori baino fauna arruntagorik.

—Orduan? Zein da arazoa?

Charo brusako botoiak lotzen ari zen.

—Benetan fauna arrunt horretako alea bazina, titiak erakusten hasterako defentsa guztiak eroriko zitzaizkizula, eta aspaldi neukala zure zakila ahoko zuloan.

Orain zapatak janzten hasi zen.

—Itxaron, itxaron… Gelditu apur bat…

Serio eta tinko begiratu zidan.

—Gelditzea nahi duzu? Ongi da. Erantzun bi galdera hauei: nor zara? Zer nahi duzu?

Bi aldiz puta, arraioa.

Trakeskerian iritsita bazen ere, horixe zen espero nuen unea, inondik ere, hartara iristeko modua oso egokia ez bazen ere. Identifikatu egin nintzen, egiazko izena eta hainbat datu pertsonal emanez. Hasperen egin nuen eta Arespakotxaga zenaren erretratua erakutsi nion.

—Gizon honen familiaren abokatuen partetik ari naiz. Ezagutzen duzu?

Charo horrek demostratu berri zidan nirea baino antzerki hobearekin usatua zela, zertarako katramilatuko nintzen azalpen zentzubakoekin, ni noren izenean ari nintzen, eta beste.

Argazkiari begiratu zion.

Segurtasun airea ez zuen galdu. Baina hasieran erakutsitako patxadaren ordez, erne zegoen, barrutik alarmaren batek hots egin izan balio bezala.

—Nor da?

—Nor zen. Nou Barriseko edukiontzi batean topatu zuten, asko ez dela. Ezagutzen duzu?

Erronka eginez begiratu zidan. Bere baitara bildu zen, triku baten gisa.

—Ezagutu behar nuen, ala?

—Familiak zer gertatu zen jakin nahi du. Ni haien alde ari naiz. Hori da dena. Uler ezazu, arren.

Baina Charo mahai gaineko Armani poltsa hartu eta uhala lepo gainetik pasatzen ari zen; besaulkitik altxatu baino lehenagoko mugimendua, berau. Hitz egin zuenean, tonua segurtasunekoa ez ezik, duintasunekoa ere bazen.

—Denbora gehiago ordaindu duzu. Baina esango nuke ez duzula nire zerbitzurik nahi. Hala ez bada, eta oker banaiz, zuzendu nazazu. Bestela, banoa.

Laurehun euroak atera zituen poltsatxotik. Berrehun apartatu, eta gorde zituen ostera.

—Nire denborak prezio bat dauka.

Beste berrehunak mahai gainera bota zituen.

Ez nion ezer esan. Alde egin zuen, atzean lurrin goxo baten ukitu lauso bat airean utziz. 

 

Jon Alonso

Hiri hondakin solidoak, Txalaparta, 2015

Tura Satana Faster, Pussycat! Kill! Kill! filmean